literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Ariane Kamio
Gara, 2016-07-10
[iturburua]
Mikel Antza:
«Bizitza guztia daramat idazteari ihes eginez bezala»

Literaturaz hasi eta analisi soziopolitikoan jarraitu du Mikel Antzak (Donostia, 1961), militantzia eta letren soka ezin askatuan. Reau-ko espetxetik igorri ditu gogoeta zenbait, “Ametsak ere zain” (Susa) poema liburua aitzakia hartuta.

Aime Cesaire-ren “Cahier d’un retour au pays natal”-ek zure baitan lotsatuta zegoen ahotsa esnatu zuela esan izan duzu. Zein zentzutan? Ze ahotsez ari zara?

“Atzerri” eleberriaren oinarrian Ferdinand Celineren “Voyage au bout de la nuit” irakurketa egon bazen, oraingoan Aime Cesairek bultzatu zidan bizitzari begirada kritikoz begiratu eta sentitzen nuena transmititzera. Bere “Cahier d'un retour au pays natal” irakurri ahala urtetan pilatutako geruza uger eta herdoilak garbitzen zizkidan sentsazio euforikoa sentitu nuen.

Aime Cesaireren liburua errebelazio bat izan zen niretzat. Aurrena, jatorrizkoan irakurri nuen, eta ondoren Iñigo Aranbarrik Munduko Poesia Kaieretarako egindako itzulpenean, sentimendu bertsuak sortuz nigan. Jaioterrirako itzulerarekin hausnartzen hasi nintzen. Zer ote nuen esateko, zer esateko betebeharra nuen. Atzerriari buruz aritu ondoren, jaioterrirako itzulera garaia zela irudikatu nuen. Eta itzulerarako prestaketa horretan Euskal Herriak bizi duen gatazkari buruzko hausnarketa, kezka eta galderak ez ezik Mendebaldeko jendarteari buruzkoak ere sartu nituen bidaia-poltsan. Iruditzen zait, XXI. mendean ihesean dabilela Mendebaldeko gizakia deritzona, bere patu iluna ahantzaraziko dion edozeren bila, bizi dugun errealitateari buruz hausnarraraziko digunik ez dugula nahi... Bizitzari ihes eginez bizitzea bihurtu dugula arau.

Zure lehenengo poesia liburua da “Ametsak ere zain”. Hamar urtetan egindako lana. Ia zure espetxealdi osoa...

Poemak idatzi izan ditut kartzelaldi hasieratik ia, baina ez dut espetxealdi osoa poemak idazten igaro. Egoera berezietan eta une zehatz-zehatzetan idatzi ditut. Atxilotu nindutenez geroztik, idaztea izan dut maiz komunikatzeko modu bakarra. Etxartetik bueltan, han ikusi, entzun, hausnartu edo sentitutakoa hitzetan jartzea zeregin berezkoa izan zen bakartuta eduki ninduten lehen aldian. Gatibutzaren desolazioa azaltzeko, nire barnekoa islatzeko tresna izan dut poesia.

Erreka moldeko poema luzeak dira. Zergatik estilo hori?

Aime Cesairek du horretan ere ardura. Bere liburutik ez nuen jaso soilik gaia eta doinuarekiko askatasuna, erreka moldeko poema luzeak, murgildu eta eramaten duten horietakoak, idazten hasi eta emari horri aurretik idatzita nituen solte, zurtz eta biluzik zeuden aleak eransterakoan zentzu osoa hartzen zutela ikusi nuen.

Bestalde, poema erreka horiek askatasunaren metafora dira niretzat, arau eta neurriz betetako mundu honen baitan nire baitako musikari libre ateratzen utzi nion. Askatasun erabatekoa eman nion ere nire buruari handik eta hemendik poema eta kanten erreferentziak hartu eta sampleatzeko, gure herriaren iragan hurbilean, gure borrokaren musika banda osatu duten pasarteak hartuz eta moldatuz. Askotan teoria handiek bezainbeste edo gehiago lagundu diete kanta eta poemek Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokari. Jon Maiak maisuki islatu du hori berriki.

Maitasunaz ari zara. Zenbateraino biluztu da Mikel Antza liburu horrekin?

Tira, Mikel Antzaren biluzteak ez du garrantzirik; kontua litzateke zenbateraino biluztu duen Antzak Albisu liburu horrekin. Mikel Albisuk dituen kezka eta gogoeta asko agertzen dira bertan. Gaur egun, poema bidez baino ezin ditzaket azaldu hausnarketa eta sentimendu batzuk.

Une oro dut gogoan gatazka gogor bateko protagonista naizela. Nik soilik dakit nire baitakoa. Eta batzuek nahiko lukete egindakoaren damua ala berreste gotor bat. Gertatutakoa desgrazia bat izan da ikuspuntu askotatik; baina era berean, ezinbestekoa eta zoriontzekoa ere izan dela uste dut. Kontraesankorra da, eta nire ustez gure iragana horrela onartu behar dugu, guztion kontraesanekin, guztion egiekin. Gezurrik eta harrokeriarik gabe. Hemen denok egin dugu ahal izan duguna, eta norberak badaki zerk bultzatuta aritu den. Damua eta barkamena eskatzea bihurtu dira totem berriak, baina aurrera egiteko baino gauzak dauden daudenean uzteko erabiltzen diren amarruak iruditzen zaizkit.

Horrela diot liburuan: “Damua eta barkamena nahi al dituzue? Odol guztiarengatik, haienagatik eta gurearengatik? Geure pozengatik bezala, geure penengatik ere?”. Entzuten dudanean “hobe ez balitz gertatu”, gogoetatsu gelditzen naiz, zer da gertatu behar ez zuena? Noiztik? Iragana aldatzerik ez baitago. Ekidin daitekeen bakarra etorkizunean ez errepikatzea da.

“Intro”, “Bellum”, “Carcer”, “Mors”, “Invictus”, “De Profundis”. Klasikoak poema bakoitza izendatzeko.

Ohartu nintzen nire kezkek eta hausnarketek bazituztela gai nagusi batzuk eta infernurako eta heriotzarako bidaia baten moduan antolatu nituen: sarrera, gerra, kartzela, heriotza, garaitu gabea eta ihesa. Izenburuak latinez ezartzearen arrazoia Mandelak kartzelako une latzetan errezitatzen zuen “Invictus” poeman dago. Gainerako atalak ere latinez izendatzea bururatu zitzaidan. Lehen atalaren izenburuarekin Lou Reedi omenalditxoa egin nahi izan diot.

Barrura begira jarri zara? Kanpora botatzeko gogoeta bat da? Biak batera?

Barruan nago eta kanpora begira bizi naiz. Eta barrura begiratzen dudanean kanpokoa bilatzen dut. Kartzela murruen barnean bizi gara. Gizakiak eraikitako mundu itxi batean. Tarteka, ondo zaindutako ibilgailuan ateratzen gaituzte, epailearenera, ospitalera... Horietako irteera batean ikusi mundu hitsak abaildu ninduen. Negua zen eta elur zikinez estalita zeuden errepideak, auto-pilaketan harrapatutako gidariei begiratzen nien eta izugarrizko errukia sentitu nuen haien zorigaitzagatik. Kanpoko bizimodua ulergaitza egin zitzaidan. Ez nuen ulertzen nora zihoan jende hori guztia batetik bestera, bakoitza bere ibilgailuan isolatuta, amorratuta, triste. Natura hila begitandu zitzaidan hor kanpoan gizakiak sortutako antolaketa. Kartzela handia eta kartzela txikiarenaz gain, mundua bera xehatu eta galzorian jarri du gizakiak. Mundua, natura deseginez ez ote dion erronka egiten jainkoari, salba dezan, edota ez ote duen mendeku hartzen, jainkorik ez dagoelako.

Gizakiak, natura menperatu ondoren, sinistu nahi du berak kontrolpean ez duen indarren batek salbatuko duela hondamenditik. Lehengoan, kartzelan lehen aldiz 17 urterekin sartu zutenean heriotzara zigortutakoak ezagutu zituen preso zahar batek kartzela gaineko zeru laukituan agertu zen abioiari begira hasperen egin zuen esanez jadanik ez dagoela munduan ezkutatzeko herrialderik, ihes egiten duena harrapatu egiten dutela. Horixe da gizakiari gerta dakiokeen txarrena, esperantza galtzea. Eta hori ere adierazi nahi izan dut. Ametsak zain edukitzeak salbatzen gaituela etsipenetik eta gure kabuz aldatzen ez duguna aldatzera ez dela beste inor etorriko.

“Hau al da egin behar dudana? Poemak idatzi alde batera utziz...”. Kezka, ezinegona eragin dizu inoiz espetxean idazteak?

Ez. Nire kontraesana da. Idaztea da ororen gainetik egitea maite dudana. Baina bizitza guztia daramat idazteari ihes eginez beza la, sorkuntzaren unea atzeratzeko aitzakia bila. Une bakoitzean nire ustez zegokidana egin dut, eta horrek literaturatik urruntzea ekarri dit. Ez dut uste jadanik gai izango nintzatekeenik literatura idatziz bizitzeko. Baina ezingo nuke ere literatura idatzi gabe bizi. Ez dut nire konpromiso militantearen eta literaturaren arteko auzia askatzea lortu.

Labirintoko irteera marrazteko gai zara letrekin?

Ez dago labirintorik, guk eraikitzen dugunaz gain. Ez dago beraz labirintoko irteerarik guk asmatzen dugunaz gain. Guztion artean eraiki dugun labirinto horren irteera aurkitzea ere ekintza kolektiboa da. Eta zer legoke labirintoaren irteeran? Nik ez dut sinesten badagoenik paradisurik gizakiaren zain, ez zerukorik ez lurrekorik. Ez dut uste ere gizakiak inoiz “paradisua” edo egoera ideal eta perfekturik ezagutu duenik ezta ezagutuko duenik ere. Paradisua eguneroko bizitzan dago, eguneroko ahaleginean, bizitzaren ederrean, elkarlaguntzan, ekimen bat egiteko bat egitean, munduko bidegabekeriari aurre egitean. Hitzak, hausnarketen gauzatze eta islatze diren heinean lagungarri baino ezin dira izan borroka horretan.

Ez da beti literatura ihesaldi edo ihesbide. “Generoz aldatuta ere ez dut lortzen kartzelatik irtetea. Iheserako nahi nukeen literaturak bertara nakar behin eta berriro”.

Azkenean, norberak ongien ezagutzen duenaz idazten baitu. Bestelako gai batzuei buruz idazteko dokumentazio lan handia egin beharko nuke. Eta, honezkero, iruditzen zait ezinduta nagoela hor kanpoko eguneroko bizitzari buruz idazteko, nolabaiteko literatura errealista egiteko.

Kartzelak erabateko etena ekartzen du eta kartzelan naukaten hamabi urteotan kon turatu naiz nola aldatu den kanpokoa. Iragan mendean aldaketa handiak gertatu ziren, baina mende honetako lehen urteetan gertatu direnek eguneroko bizimoduan eta jendearen harremantzeko moduan izan dituztenekin alderatzekorik ez dutelakoan nago. Ikusten dut, adibidez, kartzelara ekarri berriek nolako lotura duten mugikorrekin, beren gorputzaren eta izaeraren luzapen fisikoa bailitzan. Kanpoko munduaz idaztea baino errazagoa litzaidake zientzia-fikzioa idaztea, eta hori ere mundua suntsibidean jarri ondorengo Erdi Aroko mundu distopiko bat irudikatuz izan beharko luke. Whatsapp, Twitter, Facebook, eta horiek guztiak Iruña-Veleiako ostraketako idazkunak bezain arrotz zaizkit.

Zertarako idatzi?

Norbaitek irakurtzeko. Edo Beckettek zioen moduan, arnasa hartzeko. Azkenaldian itolarria sentitzen dut.

Iraganarekiko kritika eta iraganarekiko samina bateragarriak al dira?

Arazoa ez da kritika eta samina bateratzea, baizik eta gertatutakoaren arrazoiak ulertzea eta kausa horiek gaindibidean jartzea. Saminean eta kritikan oinarritzen den inongo programak ez du aurrerabiderik izango. Gainera, horretan ari direnek badakite. Eztabaida politikoa infantilizazio maila harrigarrira eraman dela ikusten dudanean harritu eta tristetu egiten naiz: “gaizki egin dut” eta “ez dut berriro egingo”. Hemen, mundu guztiak pentsatzen du egin behar zuena egin zuela. Akatsak egin dituenak, akats horiek justifikatu egiten ditu, baldin eta damutzen ez bada, noski. Besterik da, sortzen saiatzen ari garen baldintza berrietan, lehenago agertu ez zitezkeen hurkoarenganako samin eta dolu zintzoak agertzeko aukera egon daitekeela. Tamalez, iruditzen zait 90eko hamarraldian euskal jendartea zatitzeko erabili zen “demócratas y violentos”-en bertsio berritu bat bizitzen ari garela. 36ko Gerraren ostean, garaileek bakarrik ohoratu ahal izan zituzten beren hildakoak. Galtzaileak oraindik bide bazterretako zuloetatik ateratzen ari dira fusilatutakoen hezurdurak. Valle de los Caídosera eraman zituzten Errepublikaren eta Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu ziren askoren hezurdurak ere, nahas-mahas.

Biktimen afera hor dago.

80 urte beranduago, ordukoak oraindik argitu gabe daudenean, “biktima” izendapenaren labelaren enkante nahiko tristea ikusten ari gara. Kapitalismoak guztia neurtu eta salneurria jartzeko duen berezko joera horri neurgarria ez den eremuan sartzen utzi zaio. Ez zait iruditzen konpentsazio ekonomikoa denik beren hurkoa galdu dutenek behar dutena. Biktimak sailkatu eta ordain ekonomikoaren desberdintasunekin batzuk beste batzuk baino “biktimago” bihurtzen ditu errelato ofizialak. Azalpen arrazionalak eman behar dira gertatutakoaz. Irudi luke ETA desegitea eskatzen dutenek, hain zuzen ere, gertatu denari buruzko azalpen horiek entzuteari egin nahi diotela itzuri, beraiek ere eman behar dituztenak ez ematearren.

Beste asko eta asko bezala gure aita ere torturatu zuen Meliton Manzanas “biktima” bat da ere (eta, agian, gure aita ere onartuko dute biktimen zerrendan. Eta nik ez nuke nahi egunen batean biei batera egin diezaieten omenaldirik eraikitzen ari diren edo garen Valle de los Caídos berri eta birtual horretan). Bitartean, garondoan bertatik bertara emandako tiroz Guardia Zibilak fusilatutako Lutxi Urigoitiaren oroimena gordetzen duten herritarren borondatea kartzela mehatxupean bihurritzen darraite.

Irakurketa kritikoak behar dira?

Nik ez dut uste merezi duenik Espainiako Estatuari egindakoaren “irakurketa kritikoa” egin dezala eskatzea; alferrikakoa litzateke gainera, begira, oraindik Gernikako bonbardaketagatik barkamena eskatu ez badute… Espainiako Estatuko agintariek jakingo dute zer egin behar duten. Aldiz, ETAk eta ezker abertzaleak egindakoari buruzko azalpen zabala eta zehatza zor dio Euskal Herriari, eta dagokionean, nola ez, bere ekinbidearen ondorioz kaltetuak izan direnei. Hori egiteko baldintzak sortzen ez diren bitartean bakeaz eta bizikidetzaz hitz egitea ariketa borondatetsua izango da, baina ez da izango gertatutakoa gainditu eta irabazle eta garaiturik gabeko jendarte adiskidetsuago batean bizitzeko modua.

Arnaldo Otegiren askatasunaren biharamunean bakea berriz sartu zen denon belarrietara. Zu, odolaz ari zara, oraindik apenas heltzera ausartzen ez garen gaiaz.

Zentzuzko gauzak eta indar handiz esan ditu Arnaldo Otegik kartzelatik atera denez geroztik. Aurreko galderaren erantzunarekin lotuz, Reauko kartzela urrun honetatik, iruditzen zait ez dela “odolaz” hitz egin nahi, oso gai minbera baita. Ez dut uste ausardia kontua denik. Estatuek eta bere alde aritu direnek ETAk borroka armatua utziz geroztiko jokabidearen arabera ulertzen dena da ez dutela iragana argitu nahi. “Argitu gabeko ekintzez” mintzo direnean mendeku bila dabiltza, gatazka gainditzeko oztopo berriak jartzen dihardute.

Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu garenok eragindako kalteak eta minak egiletza ezagun eta aldarrikatua du, eta gainera, ongi garesti ordaindu dute ekintzak bere gain hartu dituen antolakunde horretako kideek. Preso bat kaleratzearen pozak min ematen die batzuei, ez dute pentsatzen beren estatuak ezarritako zigorra bete eta askatasunerako eskubidea duenik, eta bera maite dutenei poz eta zorion hori agertzea debekatzen diete. Atzerako ispilu deformatu batekin aurrera egiten saiatzen daramatzagu azken urteak, eta horrela ez dago aurrerabidea aurkitzeko modurik. Horregatik, “Bellum” atalean, aipatzen ditut Vic eta Lliça d'Amunt. Euskal jendarteak lortu beharko luke, estatuen borondate ezaren gainetik bada ere, azken mende erdian gertatutakoaren argipena egitea; gaur egun zinez zaila gertatzen ari dena, oraindik ere ardura indibidualarekin epaitu nahi delako ardura kolektiboa izan zena, eta ardura kolektiboa diodanean ez naiz ari jendarteko alderdi zehatz bati buruz, jendarte osoaz baizik.

Idaztea jolastea da, idaztea askatzea da. Minik eman dizu inoiz buruak askatu duen hori irakurtzeak?

Ez.

Zenbat filtro jartzen dizkiozu zure buruari?

Segur aski mordo bat.

Espetxetik jaso duzun onena da literatura berreskuratzea?

Espetxeak ez dit ezer onik eman. Espetxeak bizia ez beste dena kendu dit, alegia askatasuna. Espetxea ez da, hala ere, nire bizitzan etenaldi bat. Espetxea, lehenago atzerria edo sasiko bizimodua bezala, nire bizitzako baldintzapen bat bezala hartzen dut. Literaturari dagokionez, bizitzan bezala espetxean ere aurrera egiteko baliabidea izateaz gainera, espetxeak berak jartzen dizkidan mugei aurre egiteko erabili ditudan borroka-tresnen arteko beste bat izan da. Bortxa ez beste baliabide guztiak erabili ditut espetxean bizirauteko, gose eta egarri grebak, itxialdiak, plantoak, borondatezko zigor-ziegaratzeak, zigor-ziegatik irteteari uko egitea, gutunak eta propaganda, afixekin ibili, elkarretaratzeak, ikasketak burutzea jarritako oztopo guztien gainetik, oihu bidez, ziega batetik bestera komunikatzea, irrintzi eginez eraikin batetik bestera, ispilua erabili dut, orrietan idatzitako alfabetoa hizkiz hizki mezuak josteko... eta literatura. Berriro ere argitaratzeak aspaldiko ezagunekin eta ezagutzen ez ninduen jendearekin komunikatzea ahalbidetu dit.

Eta espetxetik kanpo, zer?

Espetxean denbora puxka bat eman duenari hor kanpoko bizimoduak beldur pixka bat ere ematen dio. Hor kanpokoa kartzela erraldoi gisa ikustera ere iritsi naiz: “Aurkitu dugu gotorlekua eta ez dakigu nola egin hemendik irteteko; nora irten ordea? Eta zertarako ikasi dugunez geroztik hor kanpoko errealitatea hemen barrukoaren ispilatzea besterik ez dela?”. Ez ote gara denok kartzela handi batean bizi, dena arau eta betebehar? Ez al dugu gure ingurunea hil? Galdera horien erantzuna aurkitzeko irrika bezatua daukat. Liburuaren amaieran “De profundis” atalean zain ditugun amets horien bila abiatzen garela irudikatu nahi izan nuen. Josu Landak, Itziar Castrillok eta Gotzon Barandiaranek liburua oinarritzat hartuta apailatutako errezitaldia amaitzeko atal hori bals moduan moldatu zuten. Kartzelatik ateratzea jaiotza berri bat bezala irudikatzen dut, alegia, berriro oinez ibiltzen ikasi beharko dudala iruditzen zait.

Zentzu literarioan, beldurrik bai?

Ez dakit zer idatziko dudan, proiektu mordoxka badut hasita, “Intro” ataleko “hau al da egin behar dudana?” galdera existentzialaren lelopean bazterrean utzita. Badakit badagoela zertaz idatzi beharko nukeen iritzi sendoa duen jendea, eta alde horretatik seguru dezepzionatuko nituzkeela. Beste auzia astiarena da. Aurkituko ote dut hor kanpoan idazteko tarterik? Seguruenera, kanpoan ere kezka berarekin jarraituko dut egin behar dudanaren inguruan!

Askatasunetik...

Dena! Beti!

 

Bilaketa