Solasean
'Azalaren kodea' poema liburuko emakumea sumatzen hasitako kezkak eta beldurrak oinaze bilakatu zaizkio, hamar urte geroago, 'Bitsa eskuetan'-ekoari. Izen bera dute biek, hala ere.
Bi aitortza aipagarri jaso ditu Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) oso denbora gutxian: batetik, Mila magnolia lore haur literaturako narrazioa (Mensajero, 2010) IBBY International Board on Books of Young People nazioarteko elkartearen Ohorezko Zerrendan sartu dute; bestetik, Bitsa eskuetan poema liburuak (Susa, 2010) Espainiako Kritikaren Saria irabazi du euskarazko poesiaren arloan. Bi aitortzak “esker onez eta pozik” baina “orekaz” jaso ditu egileak. “Lehen, horrelako sariak irabaztean, haur eta gazte literaturako Euskadi saria adibidez, jauzika eta aldarrika hasteko gogoa izaten nuen; oraingo hauek, aldiz, poz neurtuagoz jaso ditut. Baina pozgarriak dira, dudarik gabe, nire obrak irabazitako sariak direlako azken batean”.
Sei hilabete dira Bitsa eskuetan aurkeztu zenuenetik. Sariaz aparte, zer moduzko harrera izaten ari da?
Pozik nago. Jakinda poesia liburu batek ez duela inoiz izaten harrera ikaragarririk, uste dut liburuak nahiko harrera zabala izan duela, eta irakurle talde eta solasaldietan liburuari buruzko iritzi onak jaso ditut oro har.
Nolakoa izan da Azalaren kodea argitaratu eta Bitsa eskuetan amaitutzat eman arteko prozesua?
Liburu bat amaitzen duzunean, ez diozu bat-batean poesia idazteari uzten, beste gauza batzuk idazteko. Normalean, jarraitu egiten duzu poesia egiten, bizi dituzun gaien inguruan berbetan jarraitzeko. Azalaren kodea argitaratu eta gero hainbat poema idatzi nituen. Handik lasterrera, 2002an, ama hil zen, eta orduan gai horren inguruko doluzko poema batzuk idatzi nituen. Jabetu nintzen horretan jartzen nintzen bakoitzean behin eta berriro ari nintzela neure zaurietan zirika edo miazka, batera edo bestera. Orduan nahita aldendu nintzen poesiaren erregistro hain lirikotik, eta haur literaturan babestu nintzen. Orduan etorri ziren Joanes eta Bioletaren bihotza, Nola zuzendu andereño gaizto bat?, Etxe bitan bizi naiz, eta zer?… haurrentzako liburuak. Gero, azken hiru edo lau urteetan, berriro sentitu dut neure barne bizitzari buruz neure buruarekin hitz egiteko premia, eta hori poesiaren bidez egiten dut normalean, poesiak beti lagundu izan didalako neure burua hobeto ulertzen edo barruan daukadan korapiloa garbiago ikusten.
Liburuaren atal bakoitzak aro bateko poemak jasotzen ditu.
Bitsa eskuetan-en 2001 eta 2002ko poemei, emakumearen autodefinizioari buruzkoei, jarraipen bat eman nien, baina beste parametro emozional eta sentimental batzuetatik, azken urteetan bizi izan dudan parametroetatik. Bigarren parteko poemak amaren heriotzari buruzkoak dira. Eta hirugarren ataleko poemak dira independenteenak. Ez dute zerikusirik besteekin. Askoz berriagoak dira. Zati berriena da.
Zertan bereizten dira Bitsa eskuetan-eko parametroak Azalaren kodea-koetatik?
Hain bizimodu ordenatua ez daukan emakume baten parametroak dira Bitsa eskuetan-ekoak. Heldutasun batera iritsitako emakume baten tokitik idatzitako poemak dira. Amaren heriotzak umezurztasun batean utzi ninduen, munduaren zati bat hil zitzaidalako sentsazioarekin. Baina hori baino zabalagoa den porrot sentimental bat dago liburuaren atzean. Trantsizio aldi batean, gauza askoren amaierak batu ziren, eta dena batzen denean ez zaude ondo inon eta lurra dardaraka sentitzen duzu. Horren aurrean, poesia idaztea neure buruari babes bat emateko modu bat zen; eta benetan adieraztea eguneroko bizimoduan adieraztea zaila egiten zitzaidan barne gatazka bat.
“Poesiak maite nauela dirudi”, esaten duzu liburuaren amaieran.
Ez neuk idatzitako poesiak bakarrik. Baita besteen poemak irakurtzen ditudanean ere. Unerik txarrenetan, mundua amaitzera doala sentitzen duzunean, lurrak oinen azpian dardara egiten dizunean, poesiak eta adiskideek eusten dizute. Liburua aurkeztean esan nuen bezala, bizitzak kendu egin behar izan dit, poesiak emateko. Minetik atera dut gaia.
Horretarako kemena behar da, poesiaren indarrean sinetsi behar da.
Boligrafoa hartzeak ere min ematen dizu batzuetan. Kostatu egiten zaizu. Baina hartzen duzunean, mesede egiten dizu. Nahiz eta minak berdintsu iraun, ezerezetik sortu duzu, zerbait zehatza. Testu bat, non zeure burua islatuta ikusten duzun bere handitasunean eta txikitasunean, bere humanitatean azken batean. Horrek sendagarri edo botika baten moduan funtzionatzen du. Autokontsolazioaren funtzioa izan du, neurri batean, neure kasuan. Batez ere beste poeta batzuen liburuak irakurri, eta hain ondo islatuta ikusten dudanean euren berbetan zer garen geu. Horrek ematen zidan halako inspirazio tanta bat, gero nik hortik idazten jarraitzeko. Azken batean, hori guztia bihurtzen da halako ziklo gratifikante bat. Minaren gozotan, nahi baduzu, baina laguntzen dizu.
Atzean min handiagoa duenez, Azalaren kodea baino gogorrago da Bitsa eskuetan.
Nik uste dut baietz. Azalaren kodea-n dagoen emakumea beste emakume bat da. Ni neu naiz, baina han iradokitzen diren sufrimendu hastapenak horixe baino ez dira: hastapenak. Eta nahiz eta orduan oso pisutsuak iruditu, eta malenkonia eta erresumina egon, eta zaputzaldiak —Azalaren kodea ez baita liburu erosoa, han ere badago argi-ilunak dituen mundu gatazkatsu bat—, nik uste dut hau, Bitsa eskuetan, haren garapena eta amaiera dela neurri batean. Orduan hastapen ziren oinazeak gauzatu egin dira bizitza errealean, eta gero poetikoki liburu berrian islatu da hori.
Mina poesia bihurtu duzu beraz.
Nik badakit niri gertatutakoak ez direla apartekoak, nireak baino askoz drama handiagoak daudela. Baina nik pentsatzen dut idatzi behar dudala inork irakurriko ez balu legez, baina ahalik eta pretentsio artistikorik handienarekin. Ahalik eta zintzoen idatzi, baina ahalik eta hoberen; neure burua zentsuratu gabe, baina aldi berean artea egiteko. Jendeak esaten didanean “zeure ama da, baina neure ama ikusi dut” edo “negar egin dut” —jende askok esan dit—, hori niretzat nahikoa da. Konexio hori eta zerbait aportatzea. Horrekin nahikoa.
Zertan ari zara orain?
Liburua amaitzeak ez du esan nahi poesia alde batera utziko duzunik. Bitsa eskuetan liburuan hainbat poetika edo adierazmolde diferente daude, taxuketaren aldetik edo. Badira prosazko poemak, puntuazio bakoak, poema narratiboagoak… Liburua amaitu eta gero, halako bulkada bat izan dut poema esperimentalagoak idazteko. Zerbait egin dut bide horretan. Baina aldi berean uste dut badagokidala umeentzako poesia idaztea ere. Gutxi irakurtzen da, eta nik haurrentzako liburuetan, disimuluarekin eta trikimailuen bitartez, beti sartu izan dut poesia.
Beste hamar urte igaroko dira helduentzako hurrengo poema liburua kaleratzen duzunerako?
Ni oso makala naiz idazten. Ariketa formal modura hartuz gero —eta aldi berean poemen sinbolismoa eta esanahia gordeta—, neure buruari esango banio poema batzuk idazteko hizkuntzaren mugak bortxatuz, kapaz izango nintzateke akaso aldikada batean emaitza oparo samarra lortzeko. Baina asko kezkatzen nau ez bakarrik nire progresio literarioak, baita irakurlearekiko komunikazioak ere. Eta ariketa formal horiek niretzat balekoak izan arren ez nuke galdu nahi irakurlearengandik beti jaso dudan konplizitatea. Ni zerbaitegatik zoriontsu baldin banaiz, irakurle majoak dauzkadalako da. Hor dago nire esker ona eta nire motibazioa. Ni oso maitatua sentitzen naiz. Ez dut batzuentzat baino izango ez den birgeria bat egin nahi. Nire idazkerak beste estadio horretan trebatzeko eskatzen dit, hizkuntzaren mugetan, lan interdiziplinarretan, beste teknika batzuekiko harremanetan, pinturarekin edo lotuagoak… Baina hain garrantzitsua eta estimagarria da niretzat irakurlearen feedback hori…
Bidegurutze moduko batean zaude, beraz.
Ikusiko dugu zer egiten dudan edo noraino heltzen naizen. Pozik nago nahiko denbora laburrean jauzi bat egin dudalako. Ez jauzi kualitatibo bat, baina jauzi bat. Idazteko beste molde bat. Eta argi dago hori ez datorrela Espiritu Santuaren inspiraziotik. Eragin handia du irakurtzen duzunak, edo errezitaldi batean entzun eta txundituta uzten zaituen testu horrek… Nahi barik ere, horrek pistak ematen dizkizu eta beste leku batzuetara eramaten zaitu.
Poesiaren bidez adierazten du ondoen Miren Agur Meabek bere barruan egosten dena. Baina, horretaz gain, bide joria egiten ari da haur eta gazte literaturan. Iaz argitaratu zituen hiru liburuek frogatzen dute hori, baita aurreko lan batzuek eskoletan urterik urte duten arrakastak ere.
Zer bilatzen duzu haur eta gazte literaturaren esparruan?
Haur literatura ihesbide bat izan da, alde batetik, poesia idatzi ezinik izan naizen garaietako ihesbidea. Baina, bestetik, semearekin eta haren bilakaerarekin batera garatu den zeregin bat ere izan da. Horretaz gain, duela gutxi arte izan dudan lanbideak ere [Giltza argitaletxean egin du lan] lagundu izan dit haur literaturaren giro hori neureganatzen. Idazten jarraitzen baldin badut, nire bizipenekin zerikusirik duten gauzei buruz idatziko dut beti. Ezinezkoa zait neure bizipenei lotu gabe idaztea. Badakit literatura fikzioa dela, baina idazten dudanak nire bizipenekin zerikusirik ez baldin badu, ez dut neuk sinesten eta ezin dut aurrera jarraitu. Batzuetan pentsatzen dut ederra litzatekeela nirekin zerikusirik ez duten bi pertsonaia sortu eta haien istorioak asmatzea, baina niretzat ezinezkoa da.
Haur eta gazte literaturako hiru liburua argitaratu zenituen iaz. Horietako batek —Zazpi orduak—, munduaren ikuspegi oso bat jasotzen du, ipuinen bidez.
Liburu kolektibo batetik sortu zen. Herri ipuinen kutsuko ipuin garaikideak eskatu zizkiguten Elkarretik, eta, enkargu hartarako ipuinak umeen gustuko zirela ikusita, halako gehiago idaztea erabaki nuen. Gero eta gai gehiagoren inguruko ipuinak behar zirela iruditu zitzaidan, eta azkenean Bitsa eskuetan-ekin batera amaitu nuen liburu horren idazketa. Erregistro ezberdinetan idatziak izan arren, badaude zubiak bi liburuen artean. Nire poesia irakurtzen ez duen jende askok liburu honen bidez deskubritu nauela uste dut. Kontatu didate amona batek 20 urteko bilobari eskatu ziola liburuko ipuinak irakurtzeko, eta amona irakurketa horien zain egoten zela. Hori ikaragarria da! Ez zen hori nire asmoa, baina ate bat izan da beste irakurle batzuengana iristeko.
Errepidea eta Mila magnolia lore narrazioetan gai gogorrak jorratu dituzu, haur eta gazte literaturan ez oso ohikoak.
Batzuetan beldurra ematen du gaur egun haur literatura idazten dugunok —eta neure burua ere sartzen dut joera horretan— zein pertsonaia eredugarriak egiten ditugun, nolako babeskerietan murgiltzen garen. Baina bi liburu horietan bestelako jokabide bat izatea bilatu dut, nahiz eta horietan ere badauden elementu fantastikoak eta gozoak.