literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Hitzen uberan, 2015-06-26
[iturburua]
Koldo Izagirre:
«Erronka handiena idazkera edo estilo bat asmatzea da»

Lorea Gernika, Andrazko bat (Susa) nobelan “ageri diren pasarte asko prentsarako txatalak bezala pentsatuak neuzkan, astean behineko kolaborazio bat egiteko”. Berria egunkariak egin zion enkargu bati esker hasi zen Koldo Izagirre Lorea Gernika pertsonaiaren ingurukoak idazten. “Idazten jarri eta luzera gabe, pertsonaia nagusitu zitzaion anekdotari. Gero eta garapen handiagoa eskatu zidan andrazko honek. Ezinezkoa egin zitzaidan prentsak derrigor behar duen karaktere kopuru zehatz eta murritzera mugatzea. Hala ere, trinko idazten dudala esango didate”. Ezerezean geratu zen kolaborazioa. Baina txatal horiekin eta ondoren idatzi zituen beste pasarte gehiagorekin ondu du Lorea Gernika, Andrazko bat nobela.

Lorea Gernika. Pertsonaiaren izena bezain garrantzitsua da izenondokoa: Andrazko bat. Askoren artean, bat. Arrunta, nolabait esatearren. Egunerokotasunari aurre egiten nahikoa lan duena. Horretan ere, gehientsuenak bezala. Zentzu horretan, edozein izan daiteke eta edonon aurki daiteke Lorea Gernika, ezta?

Bai, pertsona arrunta dela esan genezake nobela osatzen duten atalak banaka hartuz gero. Baina zaila izango da horiek denak pertsona berari gertatzea. Horrek bihurtzen du nobelako: arazo bihurtzen zaizkio topaketak, hizketak, detaileak, eguneroko gertatu arruntak. Eta berak nahi gabe.

Lorea Gernikaren irudia, azalekoa, pertsona heldu batena da. Ez da kronologikoki halaxe agertzen, baina liburuan Lorea nerabea Lorea gaztea Lorea alargundu berria eta Lorea amona agertuko zaizkigu. Denak dira Lorea Gernika pertsonaiaren parte. Xalo agertuko da, noiznahi hauskor. Bere ateraldi batzuk ordea, barrea eragingo diote irakurleari. Ez da umore “zuria”, ordea.

Horretan asko laguntzen diogu ingurukoek batzuetan, hiper-interpretatu egiten dugulako bere esana. "Etorriko naiz bihar" esaten du xalo, zuk diozun bezala, hautestontziaren aurrean zalantza sortu zaiolako botoa nori eman. Hori entzunda, demokrazia plaza agerian egin behar dela uste dugu ari dela aldarrikatzen gure Lorea Gernika. Despiste bat izan du, baina zer edo zer asmatu du, berak uste ez duen tekla jo du…

Helburu jakinik ez du izango hasiera batean, baina egoera ezberdinei aurre eginez, Lorea Gernikaren nortasuna ezagutzen joango gara. Lorea bera, bere identitatea osatzen joan den neurri berean, akaso? Edo azken hori esatea, gehiegitxo esatea al da?

Ez, ez, nik esango nuke horrelaxe gertatzen dela. Pixkanaka, oharkabean bezala, bere burua eraikitzen du. Ibilbide iniziatiko bat egin duen andrazkoa da, urtetsua izatea. Gaztetan egin ez zuena egin du. Eta, agian, berak uste ez bezalakoa bihurtu da. Horretan dabil, gauza gehiegi isiltzen ditu oraindik, nire iritziz, zeharo bestelakotu dela esateko.

Nobela batean, trama eraikitzea bezain garrantzitsua da pertsonaiak eraikitzea. Jokalekua ere funtsezkoa da. Kasu honetan, egoera eta kokalekua etengabe aldatzen dira. Atal bakoitza da fikzio bat. Eta ez dago trama zehatzik. Edo bai. Pertsonaia bera da trama, ezta?

Bai, pertsonaiak eraman nau batetik bestera… Pertsonaiak jasaten dituen egunerokotasunak pertsonaia nagusi desberdinekin narratu izan banitu, bestelako batasun bat beharko zuen nobela izateko. Idazten hasi eta oharkabean pertsonaia nagusitu zitzaidan, jakin-mina sortu zidan, nolakoa zen gaztetan, nola iritsi den orain dena izatera… Eta horrela, ildo mehe baina ohargarri batzuen bitartez, trama biografikoak eta ez hain biografikoak sorrarazi dizkit.

Prentsarako zutabe baten protagonista izateko jaio omen zen Lorea Gernika, andrazko bat. Baina nonbait, zutabe batek ezartzen dituen mugak gainditu zituen pertsonaiak. Idazleari nagusitu egin al zitzaion pertsonaia? Horren ondorioz, Lorearen abenturak alboratzeko tentaziorik izan al zenuen inoiz? Eta nobelara egokitzeak, zertan baldintzatu du hasierako egitasmoa?

Harrapatu egin ninduen, idaztera behartu ninduen. Era obsesibo samarrean gainera. Ni horretan tematu nintzen, idazten, apunteak garatzen, aberasten… Lorea Gernika idaztea plazer bat izan da, ez nau aspertu batere. Beraz, nik idatzi eta idatzi egin nuen, nobela bat edo zer egin behar nuen kontuan hartu gabe. Bost axola zer aterako zen. Gustura ari nintzen eta kito. Ez dut ezertara egokitu behar izan, ez nuen "nobela bat idatziko dut" erabaki idazten hasteko. Eta, bestalde, ez dut horrela funtzionatzen. Nobela dela erabaki zuen Gorka Arresek, eta ni haren esanetara.

Ez zekienaren jabe egin da. Hori da bere abentura. Antzekorik adierazi zenuen liburuaren aurkezpen ekitaldian. Anekdotek ordea, zer pentsatua emango diote irakurleari. Belaunaldi talkaz (pizzeriako pasartea), biloba-guraso-aiton amonen harremanaz, adinduekiko dugun joeraz (liburutegiko pasartea), demokraziaz (Lapikoa atalean)...

Umorearen esparru horretan mugitu naiz, xalotasun faltsua da batzuetan, irriz estalitako kritika bestetan. Eta malenkonia edonon. Lorea Gernika medium bat da, kontaktua sortzen du azpian egon litekeen bigarren errealitatearekin.

Kapitulu/atal bakoitzak izaera propioa du. Estilo, molde eta hizkera ugarikoak dira 53 atalak. Lekuek, edota jokalekuek, funtzio garrantzitsua betetzen dute nobela honetan. Erronka handienetakoa izango zen: tokian tokiko ukitu horiekin, Lorea berbera islatzea, ezta?

Erronka handiena, egia esan, idazkera edo estilo bat asmatzea izan da, idazlea ez nagusitzea. Lorea Gernika, andrazko bat-eko testuak ez dauka zer ikusirik, maila horretan, orain arte idatzi dudanarekin. Hori zor nion pertsonaiari, bera izatea bideratzaile, eta kontaera egoki bat behar zuela iruditu zitzaidan. Ni ez naizen beste narratzaile bat aritu da Lorea Gernikarenak kontari. Gero, tokian tokiko ukitu horiek, oso pertsonaiarenak dira: batetik bestera alde egiten du, berritasun bila seguruenik. Logikoa da bertakoa egiten saiatzea, edo tokian tokiko hizkeratik hartzea.

“Euskal Herriko hondartza luzeenean, oinak busti eta burua erne, pentsamenduan sartzen ahal da. Baina ez da dauka gogoan atxikitzea merezi duen ideiarik”. Ibilera horiek dira irakurriko ditugun lehenak. Bilakaera bat sumatuko dugu nobelaren akaberan. Pentsamendua azkazaletan duela, Amaia Ezpeldoi etorriko zaio burura: “Ikasi dut, Amaia, ikasi dut: perfekziora ergeltzen gara azkazalak mozten ditugun aldi bakoitz”. Pertsonaiaren bilakaeran, pisua izango dute Ezpeldoi detektibearen agerpenek.

Amaia Ezpeldoi da Lorea Gernikak behar zuen laguna: aurkari dialektikoa, zeharbideko laguntzailea. Hiru bat aldiz egiten dute topo, eta galderekin erantzuten die Lorea Gernikaren galderei hiruretan. Funtsezkoak dira galdera horiek Lorea Gernikaren pentsamenduaren bilakaeran, bai. Detektibeak asko daki gizarte honetako katramilez, eta emakumezkoak bakarrik jakin dezakeen sakontasunez.

Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoik dirudiena baino paper garrantzitsuago du nobelan. “Ez duzu uste atsoen artean ere badela otsorik franko?”, ironiaz botako dio Amaiak Loreari, artean ezagutu berri. Eta aurrerago, zer pentsatua emango dio ateraldiak Loreari, “atsoon artean badagoz otsoak... Baita behar be!”. Zuk esana da, literaturan objektu izatetik, subjektu izatera pasa dela emakumea. Alor horretan, aurrekaritzat har daiteke Itxaro Borda-Amaia Ezpeldoi binomioa?

Binomio hori indar handikoa da dudarik gabe. Gure literaturan emakumeak izan dituen rolak aztertuko dira halako batean, eta areago nabarmenduko da Itxaro Borda idazlearen eta Amaia Ezpeldoi pertsonaiaren garrantzia. Baina lehen oihua Amaia Lasak jaurti zuen 1971ean, laster mende erdi: "a e i o u berri bat esan nahi nuke". Orduan azaldu zen lehen aldiz emakumea bere buruaren jabe izateko borrokan. Eta bakardade beldurgarrian.

 

Bilaketa