literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Hitzen uberan, 2015-05-15
[iturburua]
Gaizka Zabarte:
«Idealizatzen da iragana, kasu batzuetan oraina; geroa idealizatzea absurdoa da»

Pertsonaien arteko hurbiltzeak eta urruntzeak, amodio-desamodio kontuak, bakardadea, gorrotoa, mendekua, botere harremanak eremu diferenteetan... Gaizka Zabartek ibilera desegoki batzuen kontakizuna egin du bere nobela berrian. “Baina batez ere, presenteenak mendekua eta amodioa-desamodioa dira. Nahiz eta elementu gehiago ere gurutzatzen diren, bizitzan ohikoak diren elementuak”. Esandakoa. Jende desegokia (Susa), nobela egokian.

80ko airea dakar Jende desegokia (Susa) nobelak. Badira orduko hainbat zertzelada.

Seguraski adinari zor zaion kontu bat da. Pertsonaiek eurek duten adina kontuan hartuta ere, 80ko hamarkada bizi izan zuten batzuk agertzen dira.

Irrati libreak, orduko Tu-Tuá adizkaria... 80etako oihartzun otxenteroa sumatzen da hainbat pasarteetan.

Bai, baina kontua da ezarrita dagoen termino bat dela hori, eta horren atzean adiera bat bi edo hamar egongo dira. Eta etiketa gisa ezarrita dagoenez, erabili egin da eta erabili daiteke.

Noventeroa ez dut uste erabiltzen hasi garenik oraindik. Denbora kontua da.

Oso idealizatuta dugun garaia da 80ko hamarkadakoa.

Edozein iraganarekin dago idealizatzeko arriskua. Izan ere, idealizatzen da iragana, eta beste kasu batzuetan oraina. Geroa idealizatzea nahikoa absurdoa da. Nobela honetan badago idealizaziorantz irrist egiteko arriskuren bat, baina uste dut pertsonen benetako ezaugarriez osatuta daudela liburuko pertsonaiak, eta horien jarduerak ez du idealizaziorantz jotzen.

Etiketa kontuez ari garela —kazetariok asko maite ditugu etiketak—, liburuaren kontrazalak dio komedia zorrotz bat dela Jende desegokia (Susa). "Komedia bat da, baina ez nobela komikoa", zure editoreak prentsaurrekoan esana. Absurdutik ere badu.

Badu absurdutik, badu sufrimendutik, eta baita dramatik ere. Ironia eta umorea erabiltzen dira, baina nondik begiratzen den. Umorea edo ironia gauzak arintzeko teknika bezala ikusten baduzu, tira. Niri ironiak balio dit gauzak zorrotzago aztertzeko, angelu ezberdin bat gehitzeko.

Komediaren kontuarentzat ere balio dezake otxentero etiketari buruz esan dudanak. Terminoa beti mugatzailea da. Eta ezin zara hor eroso sentitu. Neurri batean, eztabaidak edo iruzkinak horretara eraman ditzake. Komedia den edo ez den eztabaidatzera.

Liburuaren kontrazalak honako hau dio: "umore onez dabiltzanentzat bakarrik da gomendagarria liburu hau".

Hori are okerrago! Kar, kar, kar. Ostia txarrez irakurtzeko modukoa ere bada nobela hau.

Bi ildo nagusi daude nobelan. Peter Zuazok Desegokituen Elkarteko lehendakariaren gonbitea jaso du. Hori izango litzateke lehena. Eta bigarrena, elkartearen beraren sorrera.

Hori da. Absurdurantz jotzen du, asmo zirikatzaile batekin. Desegokien edo desegokituen inguruko jardunaldiak egitea absurdoa al da? Batzuentzat izango da, besteentzat ez.

Baina abiapuntua hauxe zen: gure espezieak bizirauteko behar duen guztia bermatu eta gero, hortik aurrera egiten dena absurdoa izango da norbaitentzat. Bizirauteko egiten den guztia ez da inorentzat sekula absurdua izango, zeren bizirautea bizilegea da. Baina hortik kanpo egiten dena, ba agian bai. Eta nobelako protagonistek antolatzen duten jardunaldia, edota antolatzeko duten modua, denborapasa txepel gisa har daiteke, denborapasa erradikal baten moduan...

Desegokituen Elkartea jardunaldi batzuk antolatzera doa, eta balizko egitarauak berak baino, garrantzia gehiago du tokiak. Bilboko Martzanan daude pote batzuk hartzen. Koadrila bitxi horretan batu direnek ez dute oso argi zer egin nahi duten, eta zertarako. Baina jardunaldiak non egingo dituzten, hori berehala erabakiko dute.

Lehenbizi eztabaida emango da (80ko hamarkadan Bilbon jazo zen ekintza politiko-artistiko baten inguruan). Kattalinek planteatuko du ekintza horren inguruan topaketak batzuk egitea.

Baina Martzanan batuko den koadrila horretan, inork ez du oso argi zertarako egin nahi dituzten topaketa horiek. Horrelako jardunaldiak prestatzeko garaian, antolaketa lanak modu konbentzional batean ulertzen dituen bakarra Aretxabaleta da. Besteek mila interes dituzte. Aretxabaletak berriz antolatzaile sena du.

Odile Moresek ere badu antolatzaile sena. Baina akaso gehiago du itxurakeriatik bere jarrerak. Lehenbizi toki eder bat, toki cool bat hautatuko du, eta gero gerokoak.

Hori da, toki cool bat. Seguraski mahaikideei adarra jotzeko egingo du. Baina hala da, horrela planteatuko du nolabait: "Muelle4n egiten bada, ondo egingo da".

Absurdoarena horregatik planteatzen da akaso, edonork pentsa dezakeelako: “elkartzen dira bost tipo taberna batean, hasten dira hitz egiten, badago bertan antolatzaile sena duen bat, topaketak egitea planteatzen du eta topaketak antolatzen hasten dira”.

Errepasatuko bagenitu Euskaldunan edo Kursaalen egin diren topaketak, zelan egin diren, non sortuak izan diren... Bada Desegokituen Elkartearenak baino askoz duintasun baxuagokoak izango dira asko eta asko.

Pertsonaia-nobela bat da hau. Denak daude elkartearen bueltan, baina interes ezberdinak dituzte denek.

Gehienen kasuan, gehiago izango dira bizirautearen inguruko interesak. Sexua izan daiteke batzuentzat, une horretan bakardadeari aurre egitea beste batentzat... Bizirautearen eremuan sartzen diren interesak. Premia horiek dituztelako une horretan. Biziraute hutsetik haratago egiten den oro, ordea, entretenimendu edo libertimendu gisa uler daiteke.

Egiten den guztiari ematen zaio gorputz teoriko bat, justifikazio bat, helburu batzuk ezartzen zaizkio... Baina hemen ez dago ezer argi. Taberna batean kasualki elkartutako batzuk abiatzen dute eztabaida bat eta seguraski desegokiena izango da jardunaldiak eurak egitea.

Nobelaren amaieran, abiadura hartzen du irakurketak. Tentsioa gorenera iristen da trama. Peter Zuazoren hitzaldian ematen dira jardunaldien egokitasunari edo desegokitasunari buruzko gako asko.

Jardunaldiak hasten direnean, pertsonaia denak batuko dira eskenatoki berdinean. Antzezlan batean bezala, aktore denak batera ageri dira une berean, toki berean. Eta horrek emango dio abiadura eta ekarriko du tramaren burutzea, burutzen den moduan.

Jardunaldien ondoren, pertsonaiak ez dira nobela hasieran zirenak izango.

Gehienetan hala gertatuko da, ezta? Antzezlanetan, nobeletan... Pertsonaia batzuk jokoan jartzen dituzun momentuan, haien artean interakzioa sortzen den unean, hasierako momentutik amaierara pertsonaiak aldatu egiten dira. Lehengoan jarraitzea ezinezkoa litzateke. Bizitzan ezinezkoa da, eta nobelan ere bai.

Guztietan Roman izango da ezberdinena. Berak ere ez daki elkarteko kide den edo ez.

Eta ezinbesteko pertsonaia da, nik uste. Antagonista argiena da. Besteak ere badira antagonistak, baina Roman beste inguru sozial batekoa da, beste maila sozio-ekonomiko batetik dator eta une txar bat pasatzen ari da. Une txar horrek eramango du Martzana ingurura, berea ez den ingurune batera.

Emazteak utzi berri, norabiderik gabe dabil, burua jaten. Oso ondo bizi zen, emazteak utzi zuen arte. Bizitza-maila itzela zuen. Gizarte honek jar zitzakeen espektatiba guztiak beteak zituen eta hor primeran sentitzen zen.

Elementu burges atzerakoi bat da inguru progre batean, eta bere lekutik eta bere hausnarketen bitartez, bere ikusmoldea emango du. Talka egingo du beste pertsonaien ikuspegiarekin: beti zerbait aldatu nahian, guztiaren kontra… Romanen ikuspegi burges hori ezinbestekoa da nobelan.

Halabeharrez erretiroa hartuta edo, Peter Zuazo mundutik aparte bizi da, anakoreta baten gisan. Badu iragan bat. Eta laster edo berandu, iragana beti itzultzen da. Berari ere bueltan etorriko zaizkio gazteetako kontuak, besteak beste, oihartzun gutxi izan zuten literatur lanak.

Gaztetan idatzi zituen poemak aurrean jartzen dizkiotenean, ez dago batere harro. Mundutik aparte bizi da, munduak horra eraman duelako. Nolabait esatearren. Denborarekin bakardadea gainditu egingo du, eta horrela bizitzera hobetsita guztiz, elkarrizketa arruntetik haratagoko edozerk nekea eragiten dio.

Guztiz aldenduta dago (bizitza publikotik) eta hara non gonbidapen bat jasoko duen. Gonbidapenak jakinmina eragingo dio. Eta bestetik, bere egorako ere elikagaia izango da gonbidatua izatea. Peter Zuazorentzat edota edonorentzat.

Jardunaldietan partehartzeko gonbiteari bai edo ez erantzun. Zalantza handiak ditu Peter Zuazok. Ez daki zer egin.

Bere jakinminen artean dago elkartea bera zer izan daitekeen ezagutzea, eta batez ere, zergatik gonbidatu ote duten partehartzera. Aspaldian bi liburu plazaratu zituen Zuazok, baina ale gutxi saldu ziren. Aspaldiko kontuak dira horiek. Nola da posible?

Kontua da honek guztiak atzera egin beharrean aurrera eragiten diola, bereziki Odile Mores Desegokituen Elkarteko lehendakariarekin izandako enkontruak. Emakume honek erakarpen bat sortzen dio Peter Zuazori. Erakarpen hori ezabatzeko bereak eta bi egingo ditu, baina ezinezkoa egingo zaio.

Iraganean idatzitako bi liburuak etorriko zaizkio bueltan. Postariaren mendekua da liburuetako bat. Lan horren bitartez, Peter Zuazok literatura baliatu zuen mendekua gauzatzeko.

Berak oso ondo identifikatzen du bere desgraziaren jatorria; bere lantokiko nagusiaren jokabide zapaltzailea.

Mendekuak paper garrantzitsua dauka nobela honetan. Gizateriaren historian present egon den osagaia da. Gaur egunera arte.

Lehen justizia mendeku hutsa zen, baina justizia deitzen zitzaion. Egun justiziaren bitartez bideratzen da mendekua. Nobelan esaten da une batean, “mendekua da justiziaren ama”. Horrek ez du esan nahi, halabeharrez, leku guztietan eta gaur egun justizia mendekua baino ez denik. Baina mendekutik abiatzen da.

Nagusiaren kontra antolatu zitekeen ekintza kolektibo bat, huelga baten bitartez adibidez, baina Peter Zuazok mendeku pertsonalizatua hautatzen du. Eta mendeku hori bideratzen du literaturaren bitartez. Literatura arma hilgarri bat bihurtu nahian.

Bere fantasietan irudikatu egiten du nola akabatu dezakeen bere nagusia, burutik mila modu pasatzen zaizkio, baina Zuazok aurreikusten du gizarteak faktura handiegia pasako diola seguruenik, eta erabakitzen du arriskuak gutxienera jaitsi eta, parametro horietan, mendeku ahalik eta handiena hartu. Literatura baliatuz.

Jardunaldi batzuk antolatzeko, gutxienik, Odile Mores eta Aretxabaleta bezalako bi pertsona behar dira.

80ko hamarkadan, biak irrati libre batean ibili ziren. Artexabaleta antolatzaile lanetan ibili da aurretik, eta adinarekin ez du sena hori galdu. Bera gauza da enkontru kasual batetik abiatuta, jardunaldi batzuk antolatzeko. Aretxabaletaren moduko asko ezagutu ditugu hemen. Kasu honetan ere, funtsezkoa da, jardunaldiei gorputza ematen dielako. Baita ildo bat ere, ezker ikuspegi klasiko batetik edo.

Odile Moresek, bestetik, badu pisua elkartearen barruan. Gauza da aurpegia emateko, jardunaldietako aurkezpenak egiteko… Peter Zuazorekin lotura berak egingo du, eta bera izango da Zuazo jardunaldietara eramango duena, nahikoa modu limurtzailean eraman ere.

Eta jardunaldietan, entzuleei Zuazok botako die enbidoa: “ez dakit zergatik nagoen hemen. Zuek esan beharko didazue zergatik etorri zareten hona”. Esfingea-k, ikusleen artean den entzuleak emango dio oreka solasaldiari.

Norbaitek esan zidan edozein hitzaldietan beti egon daitekeela Esfingeren bat. Horrelako bilkura batean askotan izan ohi da antzekorik, solasadia erabat baldintzatu dezakeena.

Onerako edo txarrerako.

Hori da. Honek estu hartzen ditu hizlariak. Peter Zuazo, eta baita aurreko egunetako beste hizlariak ere.

Baina esaten duenak bezain beste definitzen du bere egoteko moduak. Hiru egun darama mostradorean, ardo kopa eskuan, eta ez da mugitu ere egiten.

Kargu hartzeko dagoela dirudi.

Gainera ez da gauza besteak bezala jezarrita egoteko. Akaso Peter Zuazoren antza izan dezake. Jendearengatik urrun egoteko joera du nonbait.

80ko hamarkadaz hizketan hasi gara. Eta halaxe bukatuko dugu elkarrizketa. Ekintza artistiko-politiko bat emango da jardunaldietan zehar. Eliza jopuntuan izango duen ekintza. 80etan maiz eman zirenen parekoa. Kezka bihurtuko da antolatzaile gehienentzat, eta zarata horrek ez die lasaitasunik ekarriko.

Elkarteko kideetako batek, gazteenak, hitza eta ekintza lotzeko joera du. Koherentziaren izenean edo. Hitzetik haratago joatea planteatzen duenean, ez du inolako babesik lortuko. Ezkertiarrenak direnei zentzuzkoa iruditzen zaie planteamendua, ezin dute kontrakorik esan, baina ez daude halako saltsatan sartzeko prest.

Desegokitasunaren inguruko jardunaldien abiapuntua hori da azken batean: 80ko hamarkadan Bilboko eliza batean jazo zen gertaera bati buruz hasten dira hizketan, norbaitek ‘desegoki’ izenondoa ipiniko dio gertaerari, eta horrek desegokitasunaz hausnartzera eramango ditu beste guztiak.

 

Bilaketa