Solasean
Jose Luis Otamendik Kapital publikoa poesia liburua kaleratu berri du Susa argitaletxearekin eskutik. Errezitaldi txikiekin aurkezten jardun da azken hilabeteetan, mikrofonorik gabe gehienetan. Segur aski ez da liburu hau aurkezteko modu hobeagorik: ahots sendo bat irakurlearekin parez pare, gertutasun handiz eta modu zuzen batean hitz egiten duena, begietara begira. Azpeitian jarri dugu hitzordua.
Lehenengo inpresioa da Kapital publikoa titulu hotz samarra dela, lehen kolpean eman lezake tratatu baten aurrean gaudela, baina funtsean pertsonei buruz ari den liburu bat da ezta?
Bai, neurri handi batean bai. Izenburua kostata aurkitutakoa da, buelta dezente eman genizkion horra iristerako. Propio bilatutako kontraste joko bat dela uste dut: garbi neukana zen nik jendea sartu nahi nuela, baina ez nuen xaloegia ere izan nahi. Tituluarekin sortu nahi nuen halako erreakzio bat, ahal bazen behintzat. Izenburua poesiarako ez da beharbada ohikoena, ez da samurra, zuk esan duzun bezala hotz samarra gerta liteke, baina bi elementu garrantzitsu uztartzen ditu: batetik kapitala, eta bestetik publiko izate hori.
Aurkezpen eguneko hitzak dira hauek: “Denona dena da kapital publikoa, inork beretzat ez duena: gabiltzan kalea, arnasten dugun airea, mintzo garen hizkuntza, pertsonak, oroitzapenak, egunkaria, sentimenduak… Ukatu egiten zaigula sentitzen dugu hala ere, denona den hori”. Babestu behar da kapital publikoa, edo desjabetu eta okupatu egin behar da?
Joko anitza sortzen da hor, azken batean poesiarekin eta literaturarekin maiz darabilgun esanahiaren lausotasunak, anbiguotasun horrek ematen dizu zaku handi batean kokatzen ari zaren abantaila. Nik uste dut hitzen birdefinitze bat edo okupatze bat bindikatu behar dugula, hortaz ere kapitalak edo sistemak desjabetu egiten gaituelako, geure baitatik atera egiten gaitu eta behartzen digu aldiro edo ahal dugunero hitzen esanahia bindikatzea, askok nahiko genukeen edukietatik hustuta datorkigulako. Beraz badago lehia edo borroka bat hizkeraren jabetasuna bindikatzeko, jabetasun publikoa, izan ere hori ere jabetza materialekin gertatzen den bezala egon badago denontzako lain, baina hori ere esku gutxitan kontzentratua dago.
Hizkeren edo hitzen edo hizkuntzaren birbanatze bat erreibindikatu beharko litzatekeela pentsatzen dut batzuetan, ondasunen birbanatze bat erreibindikatzen den eran. Askotan esaten dugu oraintxe ia geratzen zaigun azken eremu librea hitzena da, oraindik desjabetu ez gaituzten eremu bakanetako bat hori da. Azkenean poesiak ematen digu nolabaiteko kutxa gotor izpiritualak sortzeko bide bat, erresistentzia kutxak garai zailetarako edo erorian gauden aldietarako. Ardura, indarra eta kemena emango diguten erresistentzia kutxak, arnasgune batzuk beti ere norberak hartu eta utzi ditzakeenak. Nik uste hori dela ahalegina, jendearen eskura jartzea zerbait baliagarri gerta dakiokeena une jakin batean.
Kapitala “jendeari dena ken liezaiokeena” da, baina baita ere “barru-barruan daramagun gaitz larri bat”. Gure kontraesan propioei buruz hitz egiten du horrek?
Bai, harrapatuta gauzka neurri batean. Kapital publikoa da baina liburu hau salgai dago, merkatuan dago. Badaude publiko egiteko beste bide batzuk ere, sarea hor dago, errezitaldiak hor daude… geure kontraesanekin gutxieneko koherentzia ahalegin baten baitan sartuko litzateke poesia jendaurrean emate hori, esatea “publiko egin beharko dugu ondare txiki hau”. Gu geu ere munstroaren parte gara eta maiz elkarrekin lehian jartzen gara, bizi garen joko eremu honetan ia-ia ezinbesteko bihurtzen delako askotan elkarren kontra lehiatzea aliatu behar genukeenok; gaitz honen sintoma edo sindromeetako bat da.
Oroimena ere bada kapital horren parte. “Memoria” du izenburu lehenbiziko poemak. Memoria, berez ekintza fisikoa dirudiena, manipulatzen eta erabiltzen den zerbait bilakatzen da. Historia liburuak edo transmisio modu mediatikoenak gure esku ez daudenean, literaturak bete dezake funtziotxo bat?
Onartuta gure memoria oso selektiboa dela, badakit asko banalizatzea dela baina, nik ia dena ekar nezake borroka parametro batzuetara. Memoria ere geurea bindikatu behar dugu, selektiboa dela eta justizia egitea memoria norberarena denean ezinezkoa dela onartuta. Geure memoriaren defentsa egitea iruditzen zait bide egokiena, noizbait memoria adostu batera iritsiko bagara.
Publikoa den horri buruz hitz egiteko testu intimo eta poetikoak daude liburuan, eta era berean politikoak. Hizkiei begiratuta, gertu dauden bi hitz dira “poetikoa” eta “politikoa”. Zer du liburuak poetikotik, zer politikotik?
Zaila egiten zait bereizten… politikoa esaten dugunean jendarteaz ari gara, neurri batean jendarteari begira egina dago liburua, baina jendartearen oinarrizko unitatea norbera dela, gizabanakoa dela onartuta. Poesiak behartzen zaitu neurri batean zeure baitan iragaztera kanpotik dituzun estimuluak eta pentsamenduak eta bizikizunak, eta zeure galbahe horretatik pasa eta atzera berriz jendarteari eskaintzen diozu. Poesia eta politika nahaste horretatik etor daitekeen arrisku bat panfletoan edo errazkerian erortzea da. Nola ekidin hori? Ez da erraza, azkenean arriskatu beharra dago…
Badira tresnak ustez objektibotasuna neurtzen dutenak, metroa edo pisua adibidez, baina tartean pentsamendua, sentimendua, jendarteko harremanetarako bideak daudenean ez dago neurgailu zehatzik. Proselitismoan erortzeak ematen dit niri beldur handia, ahalegintzen naiz hori ekiditen eta era berean oso testu politikoak egiten.
Atzera botatzen dituzu testu asko zentzu horretan?
Nik uste dut baietz, testuak, zatiak, irudiak… ondo lagunduta ere egon naiz edizio lanetan, eta eskerrak horri. Baina bai, errazkerian, oportunismoan erotzeak ematen dit beldurra. Kausa baten alde jarri nahi izatea izan daiteke arriskuetako bat. Poetikotasunari begira ordea, zein da gure kausa? Sentimendua, arrazoia eta musika, hau da, edertasuna. Konbinazio bihurri samar bat da, baina ustez argi printza baten bila egiten duzun bide bat da poema bakoitza. Borroka horretan sartzen gara, zahartu, bizi eta higatu. Nik uste dut hor dagoela poetika eta politikaren arteko pelea. Jabetuko zara neuk ere ez dauzkadala oso garbi gauza asko, eta hor gabiltza lokatz arte horretan, alde batera edo bestera irristatzen, baina beti ere argitasun pixka bat bilatu nahian. Azken batean zeure burua eta kanpoko mundua hobeto ulertzeko.
Duela zortzi urte plazaratu zenuen aurreko liburua, Erlojuen mekanika. Esango nuke bertako poema batzuen tonua eta jarrera hartzen dutela bertako testuek, estetika aldetik: jarrera sozial argi bat, hizkera garbia… “Mundua” bezalako poemak datozkit gogora, edo Erlojuen mekanikako azken ataleko batzuk. Badago liburu hartako poema batzuetako tonu bat, hemen garatu egin dena?
Bai, nik uste dut baietz. Ni neu ere jabetu naiz, kanpotik begiratzeko distantzia hartu dudanean, zorra nabaria dela. Azken batean bizi garen garaiaren arabera esateko era aldatuko zaizu pixka bat, baina ez hainbeste ere. Forma aldetik ez dut uste muturreko aldaketarik dagoenik aurreko liburutik hona. Nik beharbada esango nuke, -akaso ilusio bat edo neure buruari kontatzen diodan alegia bat besterik ez da izango-, trinkotasun bat edo batasun modu bat akaso nabarmenagoa dela liburu honetan Erlojuen mekanikan baino, baina ez nago seguru.
Neuk bai eduki dut inpresio hori, eta neure buruari galdetu izan diot: nola lortzen da trinkotasun hori, liburua idazterakoan poemen gai-ardatza oso argi edukita, edo agian idazteko bulkada batek izan duen oihartzun luzea besterik ez da…
Nik askotan aipatzen dut, nik idatzi idazten dudala ahal dudana, nik nekez gidatu ohi dut nire jardun poetikoa norabide batean edo bestean. Ez dakit osmosia den, edo inguruak eragiten dizkidan esan beharrekoak, baina metatzen joaten naiz materiala, gerora azken fase batean modu trinkoagoan lantzen dudana.
Urte hauetan oso sarri idatzi izan dut, egunero ia; ez poemak, testutxoak, zirriborroak eta abar. Horrek dakarrena da material asko metatzen zaidala. Gero iristen da garbiketa eta iragazte lan handi bat ekartzen didan momentu bat, hor hasten da neurri batean liburua egiteko intentzioa. Ikusi ze joeratako poemak nagusitzen zaizkidan, zeintzuk diren gaiak… metatutako material horretan hasten zara ezpal batzuk eta zain batzuk ateratzen. Badago aurrera egiteko zerbait, aurretik egin dituzun lanekiko? Badago hemen interesa izan dezakeen zeozer, ikusita dagoen panorama? Gaur egun egiten den poesia ikusita gauza oso interesgarriak daudela esango nuke, nire iritzirako maila handikak, orduan esaten duzu “hemen berriz belarriak erakustea merezi al du”? Hori egin beharreko gogoeta bat da, etengabe seguru asko denok egiten duguna.
Nik ez dut batere garbi izan aurrez orain bizi dugun une sozioekonomiko eta politikoari buruz liburu bat idatziko dudanik. Nahi gabe ere gai horiek ateratzen zaizkit, baina trinkotze lana intentsoagoa da liburuaren prozesuaren azken boladan. Liburu honi begira azken hiru oporraldiak hartu ditut serio antzean lan egiteko.
Harrigarria egiten zait prozesua nolakoa izan den entzutea, zortzi urte testuak idazten, azken hiru urteak trinkotzen… harrigarria diot, liburua irakurtzerakoan gaurkotasun handiko sentipenak agertzen direla iruditu zaidalako, askok identifikatua ikusi dezakegun egonezin bat, egun bizi dugun egoeragatik… agian ataskatuak egon gara zortzi urtez, halako momentutasuna izateko testuek?
Liburu baten idazketaren amaieran tranpa asko dago, azken uneko pultsio horren indarrak asko baldintzatzen du emaitza, mezuen eta formen arazte ahalegin bat dagoelako. Liburu hau 2014an aterako da, nahiz eta zazpi-zortzi urteko lana dagoen hor. Liburuaren azken fasean galdetzen duzu, gaur egungo nire kezkei begira eta inguruak nolabait zehazten didanari begira eta nik egin dezakedan ekarpenari begira, nondik jo behar dut? Nik uste dut azken kolpe horretan inportantea den ahalegin bat egoten dela.
Gai potoloak, hitz handiak daude liburuan baina era berean, hirugarren atalean adibidez, oso pertsonaren neurrira ekarriak, eguneroko kontuekin lotuak. Zer nolako garrantzia du zuretzat pertsonaren neurrira ekartze horrek?
Neurri batean da erlatibizatzea hitz hanpatuen pisua eta azkenean zeure soinetik ematea, zeure gorputzaren neurrira eta zeure mugen baitara ekartzen saiatzea. Jakinik zein txikiak garen, ihes egitea pontifikatzeari edo egiaren jabe izateari. Askotan baieztapen larriak dira, baina nik uste dut sarri konbinatzen dudala hori eguneroko gauza txikiekin, esaldirik lapidarioena nor bere gorputzaren eta ajeekin lotuta azalduko da. Ez da oso metodo kontzientea baina konturatzen naiz bi joera horiek askotan bat egiten dutela, nahasten ditudalako neurri batean logikoa izan daitekeen gogoeta eta arrazoiketa espresionismoaren edo surrealismoaren ekarpenak ematen duen fugarekin. Azkenean literaturak salbatzen du —salbatzekotan- mezu poetiko bat. Beti dago marra gorriaren beldurra, poesiaren mugatik ari naiz pasatzen? Diskurtso politikora pasatzen ari naiz? Nik uste dut hor apustu estetikoak salbatzen duela egoera, baina hori iritzi bat da.
Oso presente daude hildakoak liburuan, “Biziak eta hilak” poeman adibidez:
hildako guztien ondoan maite zaitut:
eta urteak eta hilak metatzen goazen eran
ez dakit nola kabitzen garen hainbeste jende
ohe bakarrean
Zer nolako harremana dago hildakoekin liburuan?
Poema horretan bada ironia puntu bat, gure diskurtso handinahi eta hanpatu eta solemne hori askotan puskatzen da gure etxeko neurrira ekartzen dugunean. Bien arteko joko hori gustatzen zait, iruditzen zait lagundu dezakeela mezua gertuagoko egiten. Helbururik izatekotan hori da: ari gara beti eremu komun bat edo kapital publiko bat bilatzen, ez dut esango ispilu bat baino bai bakarren bati sentiaraztea bera ere hemen dagoela, edo jende asko izan gintezkeela hemen testu batzuetan elkar topa dezakegunak. Nik uste dut izatekotan munduarekin bat egiteko aldarrikapen bat dagoela liburuan, edo jendearekin galtzeko aldarrikapen bat neurri batean, eta bizi garen une honetan onik iristeko eta zutik eusteko nahi bat.
Memoria aipatu dugu, baina bada etorkizunarekiko kezka bat ere, jarrera hartze bat nahiz eta ez jakin zer ekarriko duen, “Hautua” poeman bezala.
Nik uste dut baietz, hautua edo “Iritsiko da eguna” poema beste era batera akaso. Liburua egituratzeko garaian ahalegin bat egin bagenuen izan zen gaur egun non gauden eta nondik gatozen islatzea. Lehenengo atalak beharbada horretaz dihardu, bigarrenean poema batean esaten da: eta noizbait garaipena iristen bada hurrengo egunean zer egingo dugu?
Momentu batean himnoen beharra badaukagu, edo aldarri handiosoen beharra badaukagu, baina gero elkarrekin ibili behar dugu egunerokoan. Asteburu eta opor garairako estrategiak behar ditugu baina premia handiagoa daukagu astegun buruzuri eta negu beltzeko egunetarako, ezta? Baliteke tokatzea noizbait egun handi bat bizitzea, zori hori izatea gerta litekeen gauza da, baina egun txikietan behar dugu tinkatu eta zurkaitzak ezarri jendea duin bizi dadin.
Lehen aipatu duzu poesiaren musika, eta gogora etorri zait aspaldiko Literatura Eskola bat zeinean zure lana aztertu zen, bertan komentatu zen zure poesiaguntzaren ezaugarrietako bat zela barne erritmoaren garrantzia, testu errimatuak izan ez arren. Poemak luzatzen joan dira hasierako liburu batzuetatik, baina iruditzen zait jarraitzen duela egoten erritmo hori… kontziente zara, lantzen duzun zerbait da?
Nik uste dut gaztetan aurreneko liburuetan neurri estuagoko bertso lerroak nagusi nituen garaian… ez dakit obsesioa ote zen, baino bai asko begiratzen niola musikaltasun horri. Gerora beste kadentzia bateko testuak nagusitzen joan dira, bertso lerro luzeagokoak, baina begiratzen diot bai erritmoari beti. Hori bai, ez dakit zabarrago bihurtu naizen edo errazago ateratzen zaidan, baina irakurtzeko direnean poemei aldaketatxoren bat edo beste egin behar izaten diot, medioa ere diferente ikusten dudalako.
Pentsatzen dut poesia musikaltasun moduren bat gabe dezente kamusten dela. Ikusten ditut erritmo diferenteak poema baten garapenean ere, batzuetan jazzistiko samarra ez ote den bururatzen zait, baina horren alde sinetsi nahi dut badagoela erritmoaren kezka bat. Pentsatzen dut nahiko naturala ere badela, poesian ari garenok nahi gabe ere begiratzen dugun zerbait dela.
Nolako esperientzia izan da orain arte egindako errezitaldi sortarena?
Ona, gustura nago. Nik uste dut oro har nire poesia idazteko eran aldaketa handi samarra ekarri didala jendaurrean errezitatzeak. Betidanik gustatu izan zait jendaurrean irakurtzea poemak, baina modu sistematiko samar batean bolada batean dezente ibili ginen Iñigo Aranbarri, Koldo Izagirre…. elkarrekin saio dezente egin genituen bolada batean eta nik uste dut horrek eman zidala tankera bateko poemak beste modu batez idazteko bidea, uko egin gabe exijentziari, maila estetikoa gutxitu gabe, baina ulergarritasunari eta jendearengana iristeko erraztasunari erreparatuz propio. Horretarako errepikapenak, hitz jokoak, kontrasteak, enumerazioak erabiltzea, erritmo bat eta kadentzia bat bilatuz. Nik uste dut erraztu egin didatela bidea jendaurreko saioek, onura besterik ez diet ikusten. Orain arte liburu hau dela eta eman ditudan errezitaldietan gustura nago, ez dira izan ekitaldi masiboak zorionez…
Koldo Izagirrek Parisen bizi naiz liburuarekin egin zuen bezala ibili zarete idazle gehiago ere mikrorik gabe, musikari, irudi edo bestelakoen laguntzarik gabe… emanaldi soilak izan dira, jendearekiko harreman gertuan, agian inoiz baino biluziago…
Bai, beste gauza askotan bezala -ez da Koldo bakarrik baina- Koldo bide erakusle izan da honetan ere. Tamainak ere ahalbidetzen du, jende gutxi dagoenean; nik ikusten diot arriskua gogortxo egiteko entzuleari, baina jasotzen ari naizen iritziek esaten didate, batzuek behintzat, estimatzen dutela gertutasun hori, eta hori nahiko ordain bada niretzat.
Amaitzeko, “Pentsatzen dut idazle naizen aldetik nire aldiaren testigantza poetikoa” esan zenuen aurkezpenean. Hori da idazleak ahal duena, hori izan daiteke bere ardura?
Bizi garen garaiko seme alabak gara eta egiten duguna egiten dugula ere horren testigantza lagatzea dagokigu, egin dezakegun ekarpenik probetxugarriena da. Bakarrean eramateko ardura handia da baina abantaila badauka, publiko egiten duzunean konpartitu egiten duzulako ardura hori, eta askatu esan dezagun. Horrek errazten dizu munduan leku bat bilatzeko lana.