Solasean
11 urte pasa dira Libreta horiko poemak (Susa, 2003) liburua plazaratu zuenetik. Poesia zaleen artean, bere oihartzuna izan zuen liburu hark. 11 urte eta gero iritsi da Pako Aristiren poema liburu berria: Urari ostutako poemak (Susa). Urrestillako idazlearen ustez, "ezer egin gabe egoten ikasi behar du idazleak. Baten batek esan zuen ezer egin gabe egotea ez dela problema. Problema dela ezer egin gabe egotea kulpable sentitu gabe. Baina poesian eta beste genero batzuetan, itxaroten jakin behar da. Ideiak etorri egiten dira zuregana, zu modu egokian bazaude ideia horien zain".
“Paisaia honetan hostogabetzen da nire bizitza”, hori diozu Udaztena poeman. Poeta ere bere udazkenera iritsi al da?
Urteak betetzea ez da gauza gratuito bat. Adin bakoitzak ekartzen du bere esanahia. Gaztetan hilezkor sentitzen zara, baina urteak betetzen hasi eta konturatzen hasiko zara zure lagun batzuk hiltzen hasi direla, zure senideak hiltzen hasi direla, zure adineko jende bat dagoeneko hil egin dela… Ahuldade hori deskubritzen duzu. Eta bukaera bat duela bizitzak. Eta bukaera hori, logikaz, gero eta hurbilago dagoela.
Dudarik gabe, honek pertsona guztiei eragiten die. Batzuk adierazi egiten dute eta, beste batzuk, kezka hori barruan gordetzen dute. Poesia idazteko garaian, gogoeta hori egitea oso motibagarria da: nola ari naiz ni aldatzen, nola ari den jendea aldatzen, lehen gauza batzuk genituen gustuko eta orain beste batzuk… Ondorioa zein da? Poema batean esaten dut. Denbora pasatzen dela uste dugu baina, berez, gu gara denboran zehar pasatzen garenak. Jorge Oteizak esan zuen hau dena askoz hobeto: “las palabras se ríen de nosotros, por que saben que nos sobrevivirán”. Hizkuntzak bizirik iraungo du, gu hiltzen garenean ere. Hori da. Beraz, denbora da dihoana? Ez. Gu goaz denboran zehar.
Irakurleak atzera begira ipini zarela ondorioztatu dezake. “Emakume asko izan da nire bizitzan”diozu Maitasuna zelakoan poeman. “Asko desiratu izan dut laudatua izatea, loriatua”, Aske izatearen ikara poeman. Iraganean ari zara.
Errepasoa egitea ezinbestekoa izaten da. Nik joera hori beti izan dut, 17 urterekin, 20 urterekin ere bai…Baina ez da errepasoa egiten soilik. Poema batzuetan zalantza hau planteatzen da: bizitza noiz hasten da benetan? Jaiotzen garenean hasten da edo jaio aurretik jada baginen beste norbaitzuk, aurreko beste bizitza batzuetan? Hau al da ezagutzen duguna edo aurretik izan al ginen?
Hnuy illa nyha majah yahoo (poemak 1985-1995, Elkar) liburuan, Joseba Sarrionandiak bi poema oso adierazgarriak dauzka. Poema erregresiboak dira biak. Batean aipatzen du Leizarragarekin (Beskoitze, 1506 - Bastida, 1601) aurkitu dela eta harekin egon dela hizketan. Eta beste poeman bidaia astral baten kronika egiten du. Durangoko bere etxera iristen da, aita esnatzen da, ama esnatzen da…. Bera ere han dago, Durangoko etxean, baina fantasma bat da. Besarkatuko lituzkeela dio poeman, baina ezin duela.
Denboraren mugatzat aurkezten zaigun gure bizitzaz landa, beste existentzia batzuk posible al dira? Ala ez? Gai hori ere planteatu nahi nuen poema hauen bitartez. Iraganari buruzko poema batean esaten dut, “ni jaio nintzen 100 urte nituela jada”. Muga hauste hori ere bilatu dut. Ez bakarrik atzera begira jartzea eta errepaso bat egitea. Bestela nahikoa pobrea iruditzen zait atzera begirako ariketa hori; ez dakit zein ekarpen egin liezaiokeen irakurleari nire haurtzarora jotzeak.
Errebelde zaharraren baladak poemari berriz, epitafio itxura hartu diogu.
Benito Lertxundirengan pentsatuz idatzi nuen poema hori, berak esaten dituen gauza batzuen harira. Berari eman nion poema eta “ni ez nauk hau, eh?” erantzun zidan. Poema horretan ez zuen bere burua errekonozitu. “Ni ez naiz hor agertzen den pertsona perfektua”, esanez bezala.
Benito Lertxundirentzat idatzi zenuen orduan.
Bai, eta berari eman nion, baina arbuiatu egin zuen. Poemak instrukzio liburu baten moduan funtzionatzen duela iruditzen zait.
Irratian elkarrizketatu zidatenean, juxtu poema horretako parrafo bat irakurri nuen (Justizia defendatu dut / boteretsuaren aurka indarra erabiliz / ahularentzat gozotasuna opari). Bezperan, Urkullu lehendakariak errieta egin ziolako sindikalista bati, “hau al da zure lanpostua?” edo antzeko zerbait ihardetsiz. Poema horretan diot boterearekin izan behar dela indartsu, eta azpikoekin amultsu. Indarra baduzu erakutsi goikoari. Behekoa astintzea erraza da.
Izpiritualtasuna nabarmen ageri da Monasterioaz ari garela, Abiatzeko orduan edota Bidaiaren trenpuan poemetan. Aurrez ere, budisten eta sufien eragina aipatu izan duzu.
Azken bolada honetan asko irakurri dut Anthony de Mello, Jiddu Krishnamurti, Sidartha… Eta beste idazle askok ere jaso dute ekialdeko literaturaren eragina.
Ekialdeko doktrina ere irakurri dut, filosofia batez ere. Bizitza hobeto interpretatzen dutelako, hemengo kultura judeo-kristauak baino, hemengo kultura hiperkapitalista honek baino.
Bidaia hitza maiz ageri da zure poema hauetan. Milaka bider ikararik gabe / egin dudan bidaia honetarako prestatzen ari naiz nire monasterioan / beti ezberdina baita / zeure baitara burutzen duzun / bidaia bakar hori / etxerako itzulera betirakoa…
Asko bidaiatu dut eta trenean asko ibili naiz…
Trenarena ere bada errepikatzen duzun irudia. Bakardadea konpartitzeko toki ederra da trena. Aldameneko elkarrizketak entzuteko ere. Eta oso literarioa da, bestalde.
Beti izan da! Zenbat nobela, zenbat poema idatziko ziren trenean girotuta… Nik Galizian dut bikotea. Eta gehienetan trenean joan izan naiz hura ikustera. Zilbor-heste bat izan da trena niretzat, nolabait esatearren.
Bikotea bisitatzera ninderamana eta berriro etxera bueltan ekartzen ninduena. Joan etorrian, konfusioa izan dut batzuetan: “nire etxea non dago? Han dago edo hemen dago?”, “nongoa naiz ni?”.
Ez hemen, ez han; askotan gustura treneko bidaia horretan sentitzen nintzen. Hamar orduko bidaiak dira, bertan gosaltzen duzu, bertan bazkaltzen duzu, denbora horretan liburu bat irakurtzen duzu… Askotan, habitat horretan sentitu naiz ondoen.
Tren-aldaketarik egin beharko duzu hemendik Galiziara, ezta?
Orain ez. Orain Zumarragan igo eta Santiago de Compostelan jaisten zara, eta ez da tren-aldaketarik egin behar.
Nik egin ditudan bidaietan asko irakurri dut, eta idatzi ere asko idatzi dut trenean. Apunte asko hartu ditut. Bidaia niretzat ez da autoa edo motoa, trena da niretzat bidaia.
Gainera, kariñoan bilduta dagoen bidaia da trenarena. Ez nindoan lanera, ez nindoan Eusko Jaurlaritzaren bilera batera, maitea ikustera nindoan. Trenak afektibitate hori dauka niretzat. Trenaren leit-motiv-a hori da.
Urari ostutako poemak dira eta oraindik ez diogu itsasoari heldu. Itsasoa ere oso literarioa da. Ederra, misteriotsua, baina krudela ere izan daiteke.
Itsasoaren mugimendua hipnotikoa da, sua bezala. Itsasoa hain da hipnotikoa, itsaso ondoan bizi den jendeak ez dakiela itsasotik aparte bizitzen. Beti dabiltza itsasoan sartu irtenean, beti daude adi, eta behar dute itsasoaren haize hori, paisaia hori…
Gainera, oso giro berezia sortzen da itsasoaren inguruko herri batean, eta bereziki Getaria bezalako herri txiki batean. Mikroklima baten moduan mantendu da, bere ezaugarri tradizionalekin. Ez duelako lekurik hazteko, besteak beste. Getarian dauden baporeak txikiak dira, ez doaz Indikora atunetara. Hemen inguruan dabiltza, gehienez Irlandara edo Galiziara doaz atun bila. Xarma hori gorde du Getariak.
Gainontzean, itsasoa oso sakona da, pentsamendu sakon batzuk berpizten dituena.
Eta bestelakoa dela paisaia itsas ertzean.
Nik mendiaren estatikotasun hori bizi izan dut Azpeitian. Mendi artean bizi zarenean oso bisio laburra duzu. Gauza espazial bat da. Kostaldean zerua ez dago goran, begi aurrean duzu, eta begietatik sartzen zaizu barrura.
Eta poema hauek ekarri dizkizu.
Ez dit ezer ekarri, baina nire baitan zeuden gaiak astindu ditu. Niri pentsatzen lagundu dit itsasoak. Efekto hori eragin dit itsasoak, bai.
Aurreko udan, Getarian zehar paseo bat eman ondoren, Ketarri tabernara joaten nintzen. Liburuak edukitzen zituzten eta kafe garaian Thomas Tranströmmer poetaren Bizientzat eta hilentzat (Elkar, 2011) liburua leitzen egoten nintzen, egunero ordu erdiz edo. Otsaileko ekaitzak izan zirenean, itsasoa sartu egin zen tabernan eta eraman egin zituen liburu denak. Eta horregatik, txantxetan edo diot Tranströmmer leitzen ikasi nuela poesia idazten.
Garai eta toki jakin batean idatzita dauden arren, nahikoa atenporalak dira poema asko. Beste itsas ertze batean idatzitakoak ere izan zitezkeen. Baina badira biolentziari buruzko hausnarketa batzuk, eta horiek dira akaso liburu hau hemengo egiten dutenak. Ni, Rosa Ugartemendia Sarobe, Telegrama bat…
Beste lurralde bateko preso baten istorioa izan zitekeen Rosa Ugartemendiarena. Borroka armatua egin duen jende asko dago munduan zehar, espetxean segitzen dutenak ere asko dira. Eta horien ezaugarriak antzekoak dira. Parot doktrinaren ondoren atera ziren preso batzuk, urte asko pasa ondoren, propina eta guzti kunplitu ondoren. Horietako batzuekin izan nintzen, jakin nahi nuen zer psikologia zuten, eta horien barruan zer zegoen. Eta denetarik topatu nuen. Baina poeman jasotzen dudan nortasun hori, askorengan sumatu nuen kasuistika izan zen. Argazki-robot gisa balio dezake, beraz, poema honek.
Baina ez da bakarrik espetxean egon den baten ikuspegia jasotzen. Biolentziari buruzko gogoeta bat planteatu nahi nuen. Zer da biolentzia? Zeri deitzen diogu biolentzia? Espetxeko urteak kenduta, Bin Laden hil zuten marine horietako baten poema izan zitekeen. Hamabost marine joan ziren hara, Bin Laden eta beste hamabost pertsona hil zituzten gau hartan, eta AEBra itzuli ziren gero. Hamabost pertsona asesinatu ondoren Europa guztiak txalo jo zien. Obama zorindu egin zuten. Hori ez da biolentzia? Ez, Estatu batek enkargatu duelako. ETArena bai, biolentzia zen, ez zuelako Estatu baten legitimitatea atzean. Baina hildakoak berdin hiltzen dira. Hil dena, berdin hil da. ETAren mende edo marine horien mende. Hildakoak benetan hiltzen dira, baten batek esaten zuen bezala. Aldatzen dena da biolentziaren atzean dagoen legitimitatea. Legitimoa denean, biolentzia justizia da, ez zaio biolentzia deitzen, indarraren erabileraz mintzo dira. Ba poema honekin gogoeta hori planteatu nahi nuen. Egin aldaketa, Rosa Ugartemendiaren tokian jarri marine baten izena. Espetxeko pasadizoa kentzen baduzu, berdin funtzionatu dezake.
Poema batzuk oso narratiboak dira. Tarik Chaoufiren iragarritako tristura, Egiaren bila, Gerezien bristada edota Emile Griffith-en bi oinazeak.
Poesia narratiboa asko gustatu izan zait beti, eta hemendik kanpo asko idazten da. Thomas Tranströmmer bera ere oso narratiboa da. Eta nobel saria jaso duten azken poetak ere narratiboak dira, Octavio Paz, Wislawa Szymborska, Seamus Heaney…
Beste hizkuntzetan, lirikotasunetik alde egiteko saltoa eman du poesiak baina gurean kosta egiten ari da, eta ez dut ulertzen zergatik den horrela. Lirikotasunean mantentzeko dagoen joera horrekin, beste literaturetan ematen ari den bilakaeraren aurka goaz hemen. Historiaren kontra goaz. Gainera, ez da ondo onartzen edo ez da ondo baloratzen narratiboa izatea. Poesiaren aurkako joeratzat hartzen da.
Gauza hauek guztiak jakinda ere, nik apropos egin dut. Aukera estetiko gisa planteatzen dut. Zeren bada poesia narratiboa antiestetikoa dela pentsatzen duenik. Eta ez da horrela, beste estetika bat da poesia narratiboak dakarrena, diferentea.
Hemengo poemetan paisaia asko, gogoeta asko, metafisika asko ageri da baina pertsonaia gutxi.
Urari ostutako poemak liburuaren aitzakian, errezitaldi batzuk ematekoa zara. Beste batzuetan, Mikel Markez eta Jexuxmai Lopetegi musikariekin aritu izan zara, baina orain zu bakarrik arituko zara.
Musika eta fokoak desagertu egin dira, eta ni neu bakarrik azalduko naiz jendaurrean. Gorka Arreseren aholku bat izan zen hori. Elementu askorekin ibili gara orain arte, musikariak, diapositibak… Eta azkenerako, parafernalia horrek hitza eta poeta irentsi ditu. Musikari batekin zaudenean, musikoak irabazten du beti. Bere gitarrarekin abestu ondoren, gero poeta hasten da leitzen, eta orduan poesia jaitsi egiten da.
Bakarrik aritzen zarenean, indar gehiago hartzen du zure irakurketak, zure begiradak, zure gestualitateak, zure ahotsaren entonazioak, zure arnasak, zure irakurtzeko abiadak…Antzerkira hurbiltzen da asko. Antzezpen baten modukoa da, eta jendearekin elkar-eragin behar duzu.
Azaroaren 7an Euskararen isobarak (Erein) liburua aurkeztu zenuen. Saiakera honen abiapuntua beste bat izan zela zioen Ereinek. Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak (Susa) hain zuzen.
Liburu hura asko gustatu zitzaidan eta garrantzitsua iruditu zitzaidan. Euskararen isobarak du izenburu nireak, eta azpititulua hauxe du: 16 gezur handi eta koda bat. Euskararen historiaren azterketa politiko eta geopolitiko bat egin dut, eta 1.000 urteotan zein traba izan dituen aztertu dut. Modu arinean. Ibilbide horretan, gure diskurtsoan dauden 16 gezur detektatu ditut, gure hizkuntzaren aurkakoak direnak, euskararen normalizazioa oztopatzera datozenak. Horiek desaktibatzen saiatu naiz, datuak eta informazioa eskainiz.
Nire saiakera guztiak bezala, idazkera periodistiko batekin egina dago. Ni ez naiz saio-egile unibertsitarioa. Nire saioak kazetaritza idazkeran eginak dira.