literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Hitzen uberan, 2014-06-06
[iturburua]
Iņigo Aranbarri:
«Idazlea nobelarekin dago zorretan, ez berreraikitze historikoarekin»

“Esteban Alberdi protagonistak lana galdu du, aldentzen ari zaio familia, eta durduzatuta dabil. Baina oraindik gehiago okertuko da bere egoera. Gau batean, kaskarrean kolpe handia hartuta aurkituko dute kale bazterrean. Eldarnio betean, denboraren putzuan barneratuko da, bi mende eta erdiko jauzian: Azkoitian ikusten du bere burua 1766ko apirilean, gariaren eta artoaren prezioa garestitu dutenean eta herritarrak matxinatu egin direnean. Krisia, langabezia, errebolta, errepresioa, hondamena dira kontakizunaren ardatzak, jirabiran mugitzen dituztenak iragana eta Etorkizuna”. Hori irakurri daiteke Apirila (Susa) nobelaren kontrazalean. Baina idazlea haratago doa: “Askotan dena plano sozial hutsean uzteko joera dugu, baina plano sozialak koste pertsonal ikaragarria dauka, maila intimoan eta afektiboan, eta hori ere nahi nuen azaldu”.

Liburua irakurri gabe, bi garai hain diferenteen artean parekotasunik irudikatzea kosta egiten da. Baina nobelan bi garaiak josi dituzu. Bazen eta bada horretarako heldulekurik. Hori izango zen zure buruhauste handiena ezta? Sinesgarritasun hori erdiestea.

Bi plano horiek (XVIII. mendekoa eta gaurkoa) desegitea zen helburua. Badakit oso zaila dela, planoetako bat oso markatua delako, XVIII. mendean kokatzen dena. Baina helburua da irakurleak pixkanaka pixkanaka bi istorioak urtzen ikustea, eta irakurleak pentsatzea: “pertsonaia bera da, bi garaitan bizi dena”. Helburu nagusia hori izan da.

Ez dakit esperimentutik zenbat daukan baina nire kezkarik handiena izan da ahots bakoitzari bere neurria ematea, istorioa batu dudan bezala batu ahal izateko. XVIII. mendeko pertsonaiek, esate baterako, ez dute orduan bezala hitz egiten. Gaur egunerako hurbiltasun hori lortzeko, hain zuzen.

Nobelarekin konturatuko gara miseria atenporala dela, jende xehearen drama bezala, ezta? Duela lau mendeko gose garaian edota gaurko krisi ekonomikoan, jende xehea dela beti puzzlearen pieza ahulena.

Hori da zubi nagusia. Bi istorioen artean badira nolabaiteko zubi batzuk eta zubi horien bitartez lortzen da identifikazio hori. Ez dira bakarrik pertsonaiak, badira beste detaile txiki asko. Istorio bera da baina beste ikuspegi batetik kontatuta. Azken batean dagoena da jolas bat, artifizio literario bat. Ez da oraingo Esteban Alberdi ametsetan ari dena, baizik eta XVIII. mendeko Esteban da eldarnio moduko batean gaur egunera datorrena. Tartean daude justizia eta errukiaren artekoa, handien larderia... Zubi asko daude bi istorioak batzeko.

 Akaso 1766ko matxinada hark okupatzen du espazio gehien, baina funtsean gaurko garaiaz ari zara.

Baten batek pentsa dezake bi istorioak ez daudela konpentsatuta, gaur egunekoa gutxiegi agertzen dela, baina nire asmoa ez zen konpentsazioa maila horretan egitea.

Ohituta gaude iraganekoa txuribeltzean irudikatzea, eta gaur egunekoa koloretan. Hemen alderantziz dago planteatuta. Gaur eguneko planoari buruz oso gutxi dakigu, pertsonaiei buruz oso gutxi dakigu, izenik ez da apenas agertzen, bere lagunenak... Gaur egunekoa nahiago izan dut jendearen gain utzi. Gutxi asko badakigu hori zer den-eta. Iraganean sartzen garenean ordea denak kolore gehiago hartzen du, detaile gehiago daude. Eta nobela amaieran, biak fusionatzen direnean, jendearen imaginarioan existitzen duen mundu batean sartzen da eta hor errezago egiten zaio irakurleari.

 Abandonoaren ideia landu zenuen Zamaontzia nobelan eta hemen ere ageri da. “Ez, ez da hori bakarrik. Arrazoi duzu. Lana galtzen duzu, eta duintasuna, eta maite izan zaituztenak, eta etxea, eta dena”. Esaldi hori dator Apirila nobelan. Hori da jende batek bizi duena egunotan.

Baina nobela hau ez da bakarrik argazki sozial baten bueltan eginiko nobela. Psikologikoa ere bada. Pertsonaien psikologia oso inportantea da nobela honetan. Esteban eta Teresa pertsonaien arteko psikologia, eta baita errepresioan parte hartzen dutenen jauntxoena ere. Bakoitzak bere izaera psikologikoa dauka. Alde batetik soziala izan daiteke, baina psikologikoak sozialaren adina garrantzia dauka.

Askotan eraman nahi izan dugu borroka soziala arlo sozial hutsera. Baina horrek koste psikologiko eta pertsonal handiak dauzka. Lanik gabe geratzen den pertsona batek ez badu gutxieneko bat, gutxieneko afektibo bat, inguru bat... Eta ez bada pixka bat fuertea, behera doa arlo guztietan. Galdu dezake lana, familia, etxea... Galdu dezake dena. Abandonoaren sentsazioa hor dago. Askotan dena plano sozial hutsean uzteko joera dugu, baina plano sozialak koste pertsonal ikaragarria dauka, maila intimoan eta afektiboan, eta hori ere nahi nuen azaldu.

 

“Sorlekuari zor nion nobela bat”

Inguruan gertatzen denari erantzun behar dio idazleak. Antzekorik esan duzu egunotan. Eta zuk krisi ekonomikoari heldu diozu. Urruti joan gabe, zure inguru hurbilaz mintzo zara nobelan.

Denean ari da gogor jotzen, baina gure inguruan Azkoitia-Azpeitia horretan fabrika txiki asko eta handi batzuk ere erori dira. Kalean egon da horren agerpen nabarmena. Horrek dena zikintzen du, lagun artekoa, kaleko giroa... Dena. Eta nahi nuen hori nobelara ekarri. Hain gertu bizi den egoera bat da, gogoeta bat merezi zuela. Eta matxinadarekin akordatu nintzen. Bi istorioen artean paralelismo dezente daudenez, nobela hau egitea erabaki nuen. Gaia beti hor egon da. Ez da oso jakina. Ez dut uste gure inguruan jendeak XVIII. mendeko matxinadaren berririk duenik.

Neurri batean, zure sorlekuari eginiko nobela ere bada Apirila. Garai bateko zein egungo sorlekuari.

Bai, hala da. Bada sorlekuari zor nion nobela bat. Nik uste dut istorio hori kontatu beharra zegoela eta aitzakia hau aproposa izan da matxinadaren gaia ateratzeko.

 

XVIII. mendeko zapatistak

Matxinada honen xehetasunak Tolosako Artxiboan topatu zenituen. Zer izan zen lehenago: dokumentazio lana eta nobelaren idazketa? Ala biak batera joan dira?

Matxinadarena hor egon da beti. Gaztetik eduki dudan ‘artxibo’ bat izan da. Ramon Etxezarreta Azpeitian zinegotzi zen garaian, kultura arloan zer egin zitekeen aztertzeko bilera bat deitu zuen. 16 edo 17 urte izango genituen orduan eta gogoan daukat Etxezarretak esan zuela interesgarria izango zela matxinada aztertzea, lan hori egin gabe zegoelako.

Gerora, Jose Luis Otamendirekin batera egindako Loiolarik ez balitz liburuan, Azpeitia eta Azkoitiko literatura alderdi soziologikotik aztertu genuen. Atal bat eskaini genion matxinadari. Ildefonso Gurrutxaga idazle eta historialaria hasi zen gai hau astintzen. Gerra garaian fiskala izan zen, lehen Jaurlaritzan. Gero erbestean bizi behar izan zuen. Banuen laino bat baino zehaztu nahi nuen. David Zapiainek zabaldu zidan neurri batean Tolosako Artxiboko atea, non begiratu behar nuen esan zidan eta horrela hasi nintzen Artxibora joaten. Eskuetan izan ditut orduko paperak, eta handik atera ditut deklarazioak eta berregin ahal izan dut matxinada. Berez ederra zen matxinadaren historia, eta pentsatu nuen matxinada amets moduan sartzea nobelan.

Zapatismoarekin antzik duela esan zenuen liburu aurkezpenean. “Txikitu egingo dituzte eta behar bada ez dakite”. Xalotasun horrek batzen ditu 1766ko matxinoak eta zapatistak?

Gaur egungo ikuspegitik begiratuta, XVIII. mendeko zapatista batzuk izan ziren Azkoitiko eta Azpeitiko matxinoak. Ez zuten aurreko sistema goitik behera irauli nahi zuen iraultza sozial bat proposatzen, duintasunaren aldeko matxinada izan zen. “Gu ez tratatu horrela, guk ere baditugu gure eskubideak”, esatera zetozen. Hainbat eskakizun zituzten, salneurriei eta neurriei dagokionez, garia neurtzeko neurriei dagokionez. Baina matxinada aurrera doan neurrian, beste faktore batzuk agertzen hasten dira pixkanaka pixkanaka. Adibidez, Narrosek deklaratzen du nola kalean gelditu ziola batek eta esan ziola lur sail handiak banatu egin behar zirela, asanbladak egin behar zirela kalean, pertsona bat boto bat behar zuela izan...

Horren atzean bestelako kontuak aurreikusi daitezke.

XX. mendean garatuko diren kezka asko daude hor, justizia, lur banaketa... Azkoitia eta Azpeitikoa oso azkar zapaldu zen eta anekdota moduan geratu da. Baina gaur egungo ikuspegitik begiratuta, oso xaloak izan ziren. Ez ziren konturatu sinatu eta irabazi zuten hori berehala galduko zutenik. Donostiatik milizia armatuak iritsi zirenean egun batean atxilotu zituzten ehunka lagun. Autodefentsarik ez zen egon.

 

“Bi pertsonaien arteko kontrakotasunarekin jokatu nahi nuen”

Hainbat pertsonaia agertzen dira, baina bi dira nagusitzen direnak. Esteban Alberdi bizarginak, bere ofizioarengatik, badu jauntxoekin harreman zuzenik. Zalantza batean agertuko da matxinatuen egitasmoen aurrean. Onbera agertuko da agintari klasearen aurrean. Teresak, bere emazteak, beste rol bat jokatzen du. “Zure izainak baino okerragoak, Esteban. Peñafloridako kondea bera eta dira gure izainak”.

Hori da jokoa. Era honetako nobela bat planteatzen duzunean arriskua dago dikotomiara jo eta manikeismoan erortzeko. Interesatzen zitzaidan bietara fokatzen zuen kamara pertsonaia batean kokatzea. XVIII. mendean bizarginak erdi praktikateak ziren, haginak ateratzen zituzten, izainekin odola atera... Medikuek egiten ez zituzten gauzak egiten zituzten. Gaixotasunak odola ateratzen sendatzen zirela pentsatzen zen garai hartan. Eta odolusteak egiten zituzten, batez ere izainekin edo ebakiak egiten. Osasunaz arduratzen ari zirenekin harremana zuten, eta Peñafloridako kondea eta beste hainbat hasiak ziren ordurako inokulazioarekin pentsatzen (gaur egungo txertoa). Bizargina, hortaz, zubi lana egingo zuen pertsonaia izan zitekeela pentsatu nuen.

Teresa berriz, kontrastean ageri da. Bikote barruan, lurrari lotuago edo ageri da.

Emakumeek partehartze zuzena izan zuten. Artxiboko agirietan ere hala agertzen al da?

Etxeko ekonomiaz eta umeez arduratzen ziren. Garaiko egitura ondoen kontrolatzen zutenak emakumeak ziren. Nobelako bikote harreman horretan emakumea askoz gogorragoa da. Zeren gizonari — rol horretan jartzekotan gaur egungo funtzionario batekin parekatu beharko genuke—, goikoek sinestarazten diote beretakoa izan daitekeela. Eta emakumea da behetik tiraka ari zaiona gizonari. “Ez zara sekula beretakoa izango, nola sinestu dezakezu hori. Zurekin ari dira jolasean, nahi dutenean erabiliko zaituzte eta nahi dutenean bazterrean utziko zaituzte”.

Bi pertsonaien arteko kontrakotasun horrekin jokatu nahi nuen.

XVIII mendeko bizarginak, egungo ikasketa jendea. Zubi lana egiten dutenen funtzioa. “Jendea kaleratu eta eskola-lagunak jo. Horretarako joan zineten unibertsitatera?” botako dio Estebanek bere lagun bati.

Lehen azaldu duguna. Funtzionario bat izan daiteke, edo horrelakoren bat. Guk hori oso ondo ezagutu dugu, ezta? Gurekin ibili direnak, halako batean ez dakit zer direla sinestu dute edo sinestarazi diete. Eta bere betiko girotik, bere ingurunetik urruntzen ikusi ditugu. Hor beste kontu bat gurutzatzen da. Gaur egungo Esteban erori honek gertuago sentitzen du bere buruaz beste egin duen greziar bat.

Nikkos Kokkinias delakoarekin bada horrelako identifikazio bat.

Identifikazio ia obsesibo bat, bai. Bada horrelako loturarik bien artean.

 

Izenak, ordukoak

Pertsonaia nagusienak ez, baina gainontzekoak benetazkoak dira, ezta? Tolosako Artxiboetako paperetan jasotako berberak.

Pentsatu nuen historiaren pasarte hura kontatzeko alperrik zela fikziozko izenak asmatzea, errealitatearen pisua hain nabarmena denean. Pentsatu nuen era berean, justiziazkoa izango zela. Giza duintasunarengatik, giza kondiozioarengatik merezi zuela izen horiek ateratzea. Hala uste dut.

Askotan historialariek zer gertatu den kontatzen dute. Literaturaren funtzioa izan daiteke historiaren letra txiki hori ateratzea. Eta zera pentsatu nuen: nobela bat denez, atera ditzagun beren izen abizenak. Funtzionatzen dute fikzioan, baina kasu honetan errealak dira. Azkoitian eta Azpeitian matxinadaren buru izan zirenen izenak dira nobelan agertzen direnak.

Artea, kultura, natur zientziak, industria, politika... sustatzen lan handia egin zuten orduko ilustratzaileek, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kideek. Baina era berean, katolikoak ziren. “Ez duzu uste Jainkoak mundu zoragarria utzi digula?”. Hori galdetuko dio Peñafloridako kondeak Esteban Alberdiri.

Zientzia aldetik, kezka bat zuten gizartea hobetzeko. Hor ez dago zalantzarik. Hemengo oligarkia, hemengo jauntxoak frantsestuak ziren baina katolikoak ziren. Geroago emango den Frantziako Iraultzako asko ez bezala, hauek oso elizkoiak ziren eta familia handietako jendea zegoen jesuitetan sartua.

Nahi izan dut beste alde hori kontatu. Peñaflorida kondea euskal antzerkiaren aitzindaki dela esaten da. El borracho burlado antzezlanean, bertso batzuk daude euskaraz baina obra berez gazteleraz dago idatzia. Baina niri inporta zaidana da El borracho burlado-n zer gertatzen den. Oso klasista da antzezlana, bere garaiko obra asko bezalaxe. Aberats jendeak herri xeheari egiten dio barre. Gizon bat mozkortuko da eta mozkorraldian markesa dela pentsatuko du. Gaia da beste guztiek nola egiten dioten barre.

Ez da XVIII. mendeko antzerkigintzaren azterketa ideologikorik egin, edota XIX. zein XX. mendeko antzerkigintzarena. Faltan botatzen dut hori. Gero nola iritsi gara Txomin del Regatora? Nola iritsi gara Vaya Semanitara? Nola iritsi gara 8 Apellidos Vascos-era? Hor badaude topiko batzuk funtzionatu dutenak. Eta nobelan hori zalantzan jartzen da.

 

“Idazlea nobelarekin dago zorretan”

Matxinada hartako kontu deigarri asko daude. Ezezagunak zaizkigunak. Apirila nobela idazten ari zinen bitartean, ez duzu kronika bat idazteko tentazioa izan?

Hori akaso historialari batek egin beharko luke.

Loiolako ofizialek uko egin zioten matxinatuen aurka jazartzeari, soldaduak herri xehearekin batera lerratzeko arriskua zegoen...

Gehiena hor kontatuta dago. Hizkuntza aldetik, nik batuan idatzi dut juxtu horregatik, nobela bat nahi nuelako egin. Bi planoen uztarketan, gaur egungo pertsonaia batekin identifikatu nahi badut, pertsonaia horrengana hurbildu beharko dut eta gaur egunean egongo balira bezalaxe hitz egin behar dute nobelan.

XVIII. mendeaz ematen diren datuak ere gutxi dira. Idazleak arrisku batzuk hartzen ditu, azken batean, irakurleak zenbat daki XVIII. mendeaz, eta orduko pertsonaia historikoez —Peñafloridako kondea eta gainontzekoak— ? Hor beti hartzen dituzu arriskuak. Gutxieneko batzuk ematen dira, kontakizuna jarraitu ahal izateko, baina gehiegi errekargatu gabe garai hura.

Nobelak bere erritmoa mantendu behar duelako.

Hori da. Bere erritmoa, bere errejistroa eta bere hizkera du nobelak. Zu nobelarekin zaude zorretan, ez berreraikitze historikoarekin. Nobelaren mekanikari tira egin behar diozu.

 

Bilaketa