Solasean
Sei ipuin topatuko dituzue Arrate Mardarasen Pendrive (Susa) liburuan. Sei ipuin amodiozko. Baina pendrive honek bestelako idatziak ere jasotzen ditu bere baitan. Eta Arrate Mardarasek denak ipini nahi izan ditu agerian. Testu solte horietako batean irakurriko dugu: lehenaldira begiratu behar da, ordea, oraina ulertu eta ezagutu nahi bada; era berean amorante maitatuena legez zaindu behar da oraina, etorkizunik nahi badugu. Esaldi honek laburbiltzen du akaso liburuaren tesia. Bat dator idazlea: "geure bizitzei begira, eta kolektibo moduan ere bai. Eta horretaz gain literaturari ere keinuak egiten zaizkio, literaturarako atxekimendua erakutsi nahian. Literatura asmatzea da, ametsa da, esperantza", halaxe aitortu digu Abadiñoko idazleak.
Okelarrea ilargi betean ipuinaren oharrean konturatuko gara gu ere: “ez dut inoiz irakurri kobazuloetan kokatutako maitasun ipuinik”. Haitzuloen garaian ere maiteminez larrituko zen norbait, ezta?
Ba, hori pentsatuz egin nuen ipuina. Aizkora, aiztoa, aitzurra eta holako hitzek, adibidez, erakusten dute Harri Arokoak direla. Haitz da lehen elementua. Haitz eta beste zerbaitekin egindako hitzak dira. Burmuin haiek oso ondo arrazonatzen zuten. Noski, hizkuntza izateak jada: pertsona garatuak zirela esaten du, gaur egungoak bezalakoak, baina baliabide murritzekin bizi ziren. Barandiaranek ere orduko burezurrak eta gureak oso antzekoak direla esaten zuen, horregatik euskalduna cromagnon gizakiaren gaur egungo bertsioa litzateke. Askotan ikusi dugu telebistan oraindik paleolitoan bizi diren herrietako lagunak, eta kasu batzuetan inoiz zibilizazioarekin harremanak izan gabeak, zein ondo moldatzen diren bizimodu berrietara ondo tratatuak direnean.
Gainera, antolatuta bizi ziren, Izturitzeko kobazuloa, esate baterako, leinuak edo taldeak batzeko erabili zuten sasoi batean. Nola ez ziren, ba, maiteminduko?, eta maitasunak dakartzan sufrikarioak ere biziko zituzten.
Ihes dabilenak maitasuna behar du lagun ipuinaren oharra ere argigarri da oso: “ipuin hauen helburua ez baita ipuin historikoak izatea, historiako aro zehatzetan gertatutako maitasun istorioak izatea baino”. Alegia, maitasun ipuinak direla hauek. Hain azalpen zuzena nekez topatuko dugu euskal letretan, ez al zaizu iruditzen? Bestelako zamak daramatzalako euskal idazleak akaso?
Zergatik Veleian kokatutako eleberri bat historikoa da eta Guda zibilean kokatutakoa ez? Urruntasun kontua da? Sinesgarritasun kontua ere badela esaten dute. Nik aro ezberdinetan kokatu nahi izan nituen pertsonaiak, lehen galdetu didazunaren harira, gizakia deno maitasuna dagoelako. Hori uste dudalako ez zitzaidan Haize Okelarrea ilargi beteaneko protagonistaren egoera imajinatzea batere kostatu, ukitu erromantiko eta guzti. Nahiz eta ipuinean ez den bere buruaz beste egitera heltzen, uste bainuen bazegoela orduan erraz batean bizitza galtzeko aukera norbere buruaren aurka egin gabe ere. Heriotzera arte heltzea Erromantizismo garaian modan egon zen arren, ez zen ezer berria izan. Egia da, bestalde, ipuinetan, orokorrean, datu historiko asko agertzen dela, baina, Burdinazko besoan, adibidez, gutxi.
Burdinazko besoa Nafarroako erresumaren garaian kokatzen da. Emakume bat bahituko dute Jaun Ontzaluk eta Johangok. Ipuin denetan, berdin dio zein garai izan, sufrikarioaren pisua emakumeak darama. Garaia dena izanik ere. Haitzuloetakoa izan edo gaur gaurkoa izan. Hori ez da sobera aldatu, ezta?
Ihes dabilenak maitasuna behar du lagun ipuinean izan ezik, bai. Baina azken batean homosexualitatea ere, historian zehar sasoi batzuetan beste batzuetan baino hobeto egon bada ere, oro har zapaldua izan da. Edozein modutan, emakume borrokalariak, euren eskubideen alde egin dutenak, bizi guztian egon direla uste dut nik. Modu batean edo bestean, esparru handietan edo txikietan, baina betidanik; guk ere adimena baitaukagu, eta egoera batzuk onartu beharra besterik ez bazaigu geratzen ere, horrek ez du esan nahi ez garela ohartzen. Azken ideia hori nabarmendu nahi izan dut narraziootan.
“Sorginik ez dagoela, eta bai inbidiak eta gorrotoak, eta erresumen arteko borroka latzak, inoren lurraldeak eta aberastasunak izateko gutiziarengatik sortzen direnak”, hala dio Lotu gintueneko gerrikoak ipuineko protagonistak. Sorginekiko bestelako irudia islatu nahi izan duzu ipuin honen bitartez. Eman izan zaizkigun klitxeetatik haratago doana.
Bai, azkenaldian sorginak idealizatzeko joera dagoela uste dut, emakume ezin hobeak, gure ohiturak eta arbasoen kultura temati gorde dituzten Mari jainkosaren laguntzaileak, edota emagin finak bezala ikusten dira. Nik uste dut, erlijioak pagotxa zirela konturatu ziren gizonezko boteretsuen biktimak izan zirela, eta Europa guztian zehar persegituak izan zirela. Gehienak emakumeak izan ziren, baina gizon asko ere zigortu zituzten, hereje guztiak, desberdin pentsatzen zuten guztiak. Horri guztiari erantsi behar zaizkio inbidiak eta mendeku grinak sortu zituzten sarraskiak.
“Baño zu emakumea zea” botako dio 36ko gerratik ihesi erbestean denak bere maitea izandakoari. Nola zuen izena? ipuinean berriz ere, liburuko hainbat konstante ageri dira: maitasun harreman bat, gatazka, ihesa...
Tonu bertsua dute, bai. Ez ditut bizimodu errazak aukeratu, bizitza, izatez, ez da erraza gehienontzat, ez lehen ez orain. Zoriontasunaren tarta zati txikietan banatuta dago, ez dakit denontzat dagoen ere. Baina gerta daiteke, bizimodu erraza izan eta tarta zatirik ez heltzea; eta gatazketan eta ihesean ibili eta aldika gozotasuna iristea. Ez, ez dira ipuin alaiak. Umore ukitua Sindak egiten du, eta fikziozko idazlearen jokorako joerak, ez da ahaztu behar bera ere ihesean dabilela.
Azken ipuinean, Ginebra erreginaren itzulera izenekoan, keinu egin diozu Joseba Sarrionandiaren Narrazioak liburuari. Keinu bat baino zerbait gehiago da, ezta? Eta liburu hau ere berari eta, orohar, Pott Bandari eskainia dago. Zenbat du keinu horrek mirespenetik eta zenbat aitorpenetik?
Mirespenetik asko. Txomin Agirrek, edo Kixotek umetan idazle izateko gogoa eragin zidaten, Pott bandak asmo hura indartu egin zidan gaztetan, baina era berean hegalak ebaki, errespetua sorrarazi zidan. Nagusitan beste gauza batzuetan ibili naiz; orain hamar bat urte edo, sortzaile moduan ikusi nuen berriro neure burua, aukerak nituela ikusi nuen, baina pixka bat gehiago itxaron behar izan dut, astia izan arte eta seguruago sentitu arte.
Arbasoei ere eskaini diet liburua, eurek, ondo ala txarto lehenaldia egin zuten, guretzat zen etorkizuna lortzeko borrokatu ziren, horregatik memoria bat zor zaie. Arbaso horietako batzuk oraindik hemen daude. Jendeari bizirik dagoela eskertu behar zaio ahal bada, ez gerorako utzi, zeren “gero” hori “inoiz ez” bihur daiteke, ez dakigu-eta zer gertatuko zaion edo zaigun bihar bertan ere.
Bestelako testuak ere tartekatu dituzu liburuan. Horietako batean irakurri dugu: “lehenaldira begiratu behar da, ordea, oraina ulertu eta ezagutu nahi bada; era berean amorante maitatuena legez zaindu behar da oraina, etorkizunik nahi badugu”. Esaldi honek laburbiltzen du akaso liburuaren arima edo asmoa?
Bai, hori da tesia. Geure bizitzei begira, eta kolektibo moduan ere bai. Eta horretaz gain literaturari ere keinuak egiten zaizkio, literaturarako atxekimendua erakutsi nahian. Literatura asmatzea da, ametsa da, esperantza.
Eta tartekatutako testu horietan Sindaren berri izango dugu, estilo oso berezian. Ez dirudi hala ere, funtzio loteslea duenik. Ala bai? “Adarra jotzeko” besterik ez bada?
Sinda magiarekin lotuta dago, heriotzarekin lotuta, adar jotze edo jokoarekin ere bai, metaliteraturarekin, eta pendrivearekin. Era berean idazlearen laguntzailea da, baina baita ere txotxongiloa. Zer dira ba pertsonaiak? Idazlearen menpe daude. Gertaerak benetakoak izan ala ez. Ezkutuan dagoen idazlea, ni neu kasu honetan, Sinda eta fikziozko idazleaz baliatzen da irakurlearen arreta eta konplizidadea lortze aldera. Pertsonaia sakon, eta era berean sinpatikoa egin nahi izan dut. Eta beraren bitartez tesia helarazi edo sugeritu.
Zentzu horretan, Pendrive liburuaren arkitektura ez da ohikoa narrazio edo ipuin liburu batean. Ipuinak idatzi ondoren heldu zenion liburuaren hezurdurari ala idatzi ahala osatzen joan zara liburuaren hezurdura?
Lehena Ginebrerena izan zen. Josebari Moroak gara behelaino artean saiakeragatik saria eman ziotenean egin nuen, ernegualdi batean. Saria emateak harritu egin ninduen, baina behin emanda hautsak hala arrotzen ibiltzeak ernegatu egin ninduen. Eta bere Ginebra erregina erbestean irakurri nuen beste behin, hain da ederra… Orduan otu zitzaidan beste bertsio bat merezi zuela, eta eskuetan nuenari egin nion, hortik pertsonaiek beste bertsio bat merezi duten/ dugun ideia. Euskal gatazkak ez ditu 50 urte, mendeak ditu, memoria bat dago hor, pendrive bat, baina oraindik ez dugu guztiz arakatu. Horregatik aro desberdinetako istorioak idazteko ideia. Baina oraina behar nuen, Ginebra etorkizunari begira zegoelako, eta oraina Sinda da. Sinda eta pendriveari buruzko hipotesiak. Hortik tiratuz jarraitu nuen, baina zeintzuk izango ziren beste ipuinen garaiak erabakita nuen jadanik.
Historiako hainbat garai dira ipuinen eskenatoki. Eskenatoki baino zerbait gehiago ere badira hautatutako garaiak. Badago garaian garaiko zertzelada batzuk helarazteko intentzio bat. Historian gehiago erreparatzeko aldarrikapen bat ere agian?
Bai, lehen aipatu duzun bezala “lehenaldira begiratu behar da, ordea, oraina ulertu eta ezagutu nahi bada” azaltzen da Etorkizuna atalean. Sorpresa handiak har ditzakegu historian pixka bat arakatuz, gaur egungo jarrera edo egoerak ulertzen lagun gaitzaketenak. Baina historia askorentzat ipuin sorta bat baino ez da, pelikulak egiteko baino balio ez duena. Kontuan izan behar dugu, halaber, Euskal Herrian dibulgazio handirik ez dela egiten, interesengatik, edo ezjakintasunagatik.
Zer dago oraintxe bertan Arrate Mardarasen pendrivean? Beste pendrive batean topatutako narrazio gehiago akaso? Ala nobela baterako lehen zirriborroa agian? Historiarekin lotuta dagoen saiakeraren bat igual?
Gustatzen zait beste pendrive baten ideia, baina nobelaren erronkak erakartzen nau gehiago. Ez dakit, thriller bat, agian.