literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Miel Anjel Elustondo
Berria, 2011-02-13
[iturburua]
Koldo Izagirre:
«Hizkuntza gatazkak sortu eta asmatuko dituzte beren demokratikotasun ezin moralagotik inposaketa indartzeko»

“Biharko” idatzi du 'Autopsiarako frogak', baina “orainaldirako alerta bat” izan dela uste du. Euskararen “heriotza naturalaren” teoria gezurtatzeko “frogak” bildu ditu.

Aurkezpena bera aski albiste izan zen, aurreko liburu Sua nahi, Mr. Churchill? eder hari ez baitzion horrelakorik egin. Menturaz horregatik ekarri zuen kazeta honek berak azalera Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak (Susa) aurkeztera bidean, behiala non edo non ahantzia zuen guardasolaren azpian. Aurkezpena egitea bera nobedade. “Bai, eta hitzaldi batzuetarako lotu naute. Baina ez dut kanpaina batean sartu nahi. Hobeto daukat nik galdera, erantzuna baino”. Beharrik, galderok erantzuteko uherrik ez du ukan, zorrotz eman ditu gure hizkuntzan aurkitu dituen artseniko aztarnak. Marjinazio baten historia, literatur saiakera eginik.

Autopsiarako frogak. Artseniko aztarnak gure hizkuntzan, horixe izenburua. Jo dezagun lehenengo hitz horretara. Adibidez, esana da: “Autopsia egingo diote zerk hil duen jakiteko”, “auzitegiko medikuak egingo du autopsia”… Euskararen gainean ari zara zure liburuan, ageriko denez. Euskara hila dela esan nahi duzu? Zu, idazle, auzitegiko medikuaren lanetan?

Ez, ni kazetari lanean jarri naiz: badakit zenbait asteren buruan euskara hilotz ageri litekeela, eta esplikazio gisa “naturak bere lana” egin duela esango digutela. Gezurra da, eta nik han-hemen zeuden froga batzuk bildu ditut liburu bakarrean, euskararen heriotza ezinbestekoa zela esango digutenei egia ezkutatzen ari zaizkigula aurpegiratu ahal izateko. Biharko idatzi dut liburua, baina orainaldirako alerta bat izan dela uste dut.

Frogak ekarri dituzu, eta gure hizkuntzaren inguruan —baina ez, soilik, euskararen inguruan—, egin diren diskurtso zahar eta berriak, joan deneko mendeetakoak eta gaur egun bertakoak ere, disekzionatuz. Lantegi horretan zer da behinen, eta zergatik: objektibotasuna, ala interpretazioa?

Interpretazioa, dudarik gabe. Areago, idazle batek eskaini lezakeen onena bere interpretazioa da. Garaien eta egoeren araberakoa izaten da objektibotasuna delako hori. Ekonomiaren eta historiaren ezagutza tekniko handirik ez badaukagu ere, idazleok eskubidea daukagu gure herriaren oroimen kolektiboaren eraikuntzan esku hartzeko. Eta gaia hizkuntza baldin bada, zuzenean ekiteko gogoa izan ohi dugu. Idazle baten liburua da, ez saiakera akademikoa.

Galdera dut nahitaezkoa, idazle batek gaztigatu ninduenetik. Zein izan duzu liburuaren asmo lehenengoa?

Barruan urtez urte metatzen ari zitzaidan sentimendu bat kanporatzea, idazteko premia handi bat fisikoki libratzea. Eta askolako euskalduna naizenez, partxoan jartzea sentimendu bera dutenekin: ezkortasun eta indignazio nahaste bat, geure burua behin eta berriz inkulpatzera gomitatzen gaituen euskokraziak sortutako nahigabea hitzaren bitartez uxatzea... Eta liburua eginez neure zalantzak azaltzea, neure memoria partikularra modu emangarrian antolatzea. Leihoa ireki eta gela haizeberritzea. Nik esango nuke liburuaren edukian ez ezik idazkeran bertan igarri litekeela hori guztia.

Bistan denez, idazleak idatzi du —ezinago bikain—, liburua. Akademikoak berehala jarriko lituzke koplak!

Koplak jarri ditut liburuan, bai. Izan ere, ez bainaiz ez akademikoa ez euskaltzaina! Pose bat eginez esango nizuke liburuaren berrehun eta gehiago orrialdeak aitzakia izan direla dozena kopla hori argitaratzeko... Baina poserik hartu gabe esango dizut kopla horiek lehenagokoak direla liburua bera baino, kopletan neuzkala bilduak sentimenduak eta ideiak ere. Hustu behar batean nengoenez, barruko mindura poema labur horietan islatu behar izan nuen trenean, itxaron-gelan... Gehiago dauzkat, jakina.

Egizu kontu tarteak ere bereziak dira zeharo...

Papera gillotinatzen duten enpresa batean lan egiten duen lagunak Pense que... izeneko liburua ekarri zidan, oso polita, Marie-Noelle Perriau-ren fotomontaiak eta Zirek kurdu erbesteratuaren testuak, frantsesez. “Egizu kontu ez dakizula zein hizkuntzatan egiten duzun amets... Egizu kontu zure amak ez zuela hitzik ikasi nahi izan zure herriko hizkuntza ofizialean...”. Horrelakoak. Hartan inspiratu naizela esatea gutxi da. Gehiago jakin nahi duenak www.penseque.com helbidean dauka informazioa. Liburua zoragarria da, opari ederra irakurtzeko astirik ez daukanarentzako ere. Ez dakit nola heldu zen Beterriko gillotina batera... Zirek dohakabeak jakingo balu!

Euskararen gizarte historiatik asko du liburuak…

Euskararen iraupena erresistentzia luze eta miresgarri baten ondorioa izan da eta izango da. Gure klase politiko nagusiak albora bota du euskara, ez zaio interesatzen kultura egiteko eta unibertsaltasuna hedatzeko tresna bezala. Euskararen historia marjinazio baten historia da. Eta politikoki eragin beharko dute euskaldunek, nik ez dakit nola baina, marjinazio horretatik ateratzeko. Euskarak ez du aurrera egingo munduko idazlerik onenak, munduko kantaririk onenak eta munduko bertsolaririk onenak edukita.

Konstantea da hizkuntza “txikiak” —“gutxituak” diote orain—, baztertzeko, babesgabe uzteko, hiltzen uzteko —edo heriotzara eramateko—, saio eta ahaleginak gure historian. Oraindik orain irakurria, Frantziak erabaki du euskarak ez duela babesik behar. Unescok esan beharrik ez dugu gure ekialdean euskara joana dela ikusteko… Autopsiarako froga gehiago ematen ari zaizkizun jakin nahi nuke, edo zein interpretazio ematen diezun albisteoi…

Izugarria da, Frantziak Ben Ali hogeitaka urtez mantendu du Tunisian botereko, aliatu zintzoa izan du, diktadore zikin bat zela jakinik. Matxinada hasi zelarik, gure Alliot-Mariek jendarmeriaren savoir faire delakoa eskaini zion zalaparta “inor hil behar izan gabe” itotzeko... Orain, ehunka hildakoren odoletan tunisiarrek diktadorea bota dutelarik, Frantziako politikariak, intelektualak eta politologoak —ez den-denak, noski—, Ben Ali kondenatu eta demokraziari buruzko lezioak ari zaizkio ematen Tunisiako herriari, gauzak nola “ez diren” egin behar... Estatalistek, alegia, demokraziaren monopolioa daukatenek euskararekiko duten jarrera bera da: ezikusi egin, bazterketaren aliatu izan, eta hitza hartzen baldin badugu “kontuz!”.

Euskara ez beste hizkuntza zenbaiten kasuak, eta zantzuak ere ekarri dituzu paperera. Horra galegoa, katalana, okzitaniera, bretoia, galesa… Noiznahi eta beti, hizkuntza txikiak nagusiaren zapatapean?

Bai, euskarari “terrorismoa” txertatzen zaio. Baina zer terrorismo dago Galizian? Eta Okzitanian? Eta Katalunian? Hala ere, gure aurka erabiltzen dituzten argudio eta bazterketa berberak aplikatzen dizkiete... Carlos V.ak XVI. mendean kitxua baztertzeko erabili zuen argudio berbera erabili zuen Carlos III.ak XVIIIgarrenean nahualt-a azpiratzeko, eta honenak hartu zituen Unamunok euskara zokoratzeko XX. mende hasieran, eta Unamunok esana errepikatu zuen Cesar Vidal iritzigileak urbi et orbi orain urte batzuk, XXI.ean... Handiak uste du txikia ez dela unibertsala. Uste horren atzean, estatu-nazioaren mitoa dago batzuetan, besteetan inperialismo hutsa. Suntsitu egin behar dituzte kultura eta hizkuntza murriztu guztiak, kolokan jartzen dugulako handien unibertsaltasunaren mitoa. Polita izango litzateke historia konparatu bat egitea, adibidez, bretoiera eta euskara hartuta. Demokrazia franko-espainiarraren historia bat izango litzateke funtsean, hagitz interesgarria.

Gupidagabe zigortzen dituzu hizkuntzaren komunitatetik kanpo euskarari egi(te)n zaizkion erasoak, baina hein berean zafratzen dituzu euskaldun —eta abertzale, gehienetan—, motzepelak, hitza zure zakutik maileguan hartuz…

Barka ezazu, nik ez dut inor zafratzen, ez dut inor zigortzen. Jokabide batzuk azaldu ditut, garden samar. Guztiok ezagutzen ditugu, baina idatzita irakurtzeak halako ikara bat ematen duela dirudi, idatziak indar hori dauka. Bitxia da, eta adierazgarria ere bai: elkarrizketa pare bat egin didate, eta bietan galdetu didate liburua gaztelaniaz publikatuko ote “nukeen”. Zer gertatzen zaigu? Beldur al gara gauzak esateko? Eskandalua ote da euskaldunok geure hizkuntzari esker gutaz eta auzoaz pentsatzen eta sentitzen duguna adieraztea?

Hileta jo duzu, baina kanpainak ari dira han eta hemen: “Nik ere euskaraz”, dio han. “Nahi baduzu, euskaraz”, ostera, hemen. “Euskaraz eta kitto”-k, eibartarraren bandoak, ez du balio…

Barka ezazu berriz, nik ez dut inolako hiletarik jo. Nire iritzian, pozoitze prozesu baten buruan hilko da euskara, eta pozoia txertatua da kanpotik eta barrutik. Kanpainak ondo daude, beharrezkoak dira, baina otoitzaren antzeko zerbait egiten zaizkit: kontzientziaren lasaigarriak bihur litezke, erabaki praktiko eta erradikalak ez hartzeko aitzakia. Politikak manifestaldiak behar ditu, baina politika manifestaldiak baino sakonagoko lana da.

Baina elebitasunaren inguruko diskurtsoak ere ez du balio, zure liburuan behin eta berriz eta askotan ageri diren testuetan irakurri dugunez…

Detaile bat, egoera adierazteko balio duena. Eusko Jaurlaritzak abiatu zuen tabakismoaren aurkako kanpaina bat aspaldi samar: Sin malos humos, eta euskaraz, Ke gabe irribarrez. Hor ikusten da garbiki euskarak ez daukala autonomiarik, eta erdaraz pentsatutakoaren ondoan ahal duen moduan azaltzeko dagoela. Adierazkortasuna, gaztelaniari ematen zaio. Gero esango digute, gainera, euskarak ez daukala adierazkortasun hori, gaztelania gai balitz bezala “Ez erre zeure burua”, edo “Errekeriarik ez”, eman dezagun, euskararen maila berean adierazteko. Barka luzatua. Orain, tabernetan eta erretzea debekatu dutenean, Jaurlaritzak poster bat zabaldu du areto guztietan hamar urte geroago...

“Ke gabe irribarrez”…

Ez, hobetu egin dute: Sin malos humos, Ke gabe hobe. Bizi dugun elebitasun honek euskararen menpekotasuna sekulakotzen du. Eta hori, inoiz baino teknikari gehiago eta gaiago dauzkan unean. Euskararen lan-indar handi hori marjinatua dago, gaztelaniaren mende jarria. Zuk uste duzu gure itzultzaile funtzionarioak ez direla gauza euskarari adierazkortasuna emateko? Lan bikaina egin zezaketenak, gaztelaniaz sortutako prosa teknokratiko txarra euskaratzeari daude emanak. Labur: euskara koofiziala da, baina gaztelaniaren subordinatua izatekotan. Euskaraz sortzea, gaztelania marjinatzea da. Adibide hau elebitasunaren esparru guztietara zabal liteke. Etxepare institutuak hitzarmena sinatu du Cervantes institutuarekin: euskara gaztelaniaren eskutik mundura. Milaka adibide dauzkagu.

Hitz franko ederrak entzunak ditugu oraindik orain Gasteizko legebiltzarreko erakusketa baten karietara. Euskara beti da “estimagarri, funtsezko, garrantzizko, ondare, historiko…”. Alabaina, inoiz ere ez “bizia, erabiltzekoa”. Arantza Quirogarenak, eta besterenak, entzun eta burlaka ari zaizkigula irudi du…

Museo bat eskaintzen digute, eta neurri batean museoko biztanleak gara. Venerables tradiciones eta sano regionalismo haien aldaerak dira euskara “guztion ondarea” delako hauek. Euskaltzaindian mintzatu zen Basagoiti. Ona omen, espainiar integristak euskaraz arduratzea. Ez naiz diplomazian aditua, auskalo. Baina Basagoitik esan zuena izan zen ez zuela permitituko euskara erreklutarako erabiltzea. Euskara despolitizatu egin behar da... Bitartean, Cebrian akademikoa Latinoamerikan dabil “gaztelania da guztiok batzen gaituena” esanez senidetasuna saltzen, “guztion aberria”, horrelakoak, Endesa latinamerikarren ondasunez jabetzen den bitartean. Gaztelaniaren unibertsala lapurreta globalean Espainiari dagokionaren estaldura da.

Azak ontzeko, EAEko lehendakariak esanak ditugu, baina berdin alda genitzakeen hona Jaurlaritzako Kultura sailburuaren hitzak, gaurkoak eta biharkoak. Lehendakaria, esanez biolentziaren amaierarekin libre izango dela euskara. ETAren armak mutu dira. Salbu da euskara… Bestetik, estatuaren aparatu bortitzak ez dira inoiz isilduko. Biolentzia gabeko egoerarik, ez aldirik, ez da inoiz izango. Galdua da euskara…

ETArik ez egoteak, edo babes politikorik gabeko ETA azkendu bat egoteak arazoak ekarriko dizkio estatuaren estrategia klasikoari. Orduan ETAren ordezko bat bilatu beharko du. Nola aurkitu dute islamismoa gaitz guztien ama, behialako komunismoaren ordezko? Bada, terrorismoaren ordezko euskara hartuko dute, euskararen inposaketa, elebakarrera itzuli nahi dugun kabernikolak, hizkuntzaren diktadura, gaztelaniaganako gorrotoa... Hizkuntza gatazkak sortu eta asmatuko dituzte beren demokratikotasun ezin moralagotik inposaketa indartzeko.

Aurkezpenean esan zenuenez, idazlea gero eta behartuago egongo da hizkuntzaren inguruan jardutera… Harrigarria da zenbat eta zenbat albiste —eta albisteek bere baitan dakarten diskurtsoa da pozoi—, sortzen ari den gure hedabideetan euskararen inguruan…

Atertuko ez duen erasoa da, beti bestek markatutako dinamika horretan gabiltza, kontra-argudiotan, erantzunetan... Lopez lehendakariak uste du, edo hala interesatu zaio adieraztea, euskara “oraindik” terrorismoarekin lotua dagoela. Zer gertatuko litzateke euskal politikari batek gaztelania torturak “lotua” daukala esango balu? Nolako espantuak orduan, nolako baieztapen biribilak hizkuntza ororen duintasunaren alde! Oso ongi dakite zertan ari diren, kategorizatu egiten dute: euskara zikindu egin du minoria kriminal batek... beraz gaztelania neutroa da, garbia, komunikazio tresna demokratikoa. Euskararen alde ari omen diren guztietan, gaztelaniaren alde ari dira. Lopez sozialistak, egia esan, Aceves eskuindarrak Egunkaria ixteko erabili zuen diskurtso beraren bertsio bat egin du: euskara liberatu egin behar da... euskararen diktaduratik.

Horra euskara, hilotz, azkenean hila. Inori —izan euskalduna edo, berdin, gaztelania hiztuna—, ardura dio?

Mundua negar batean, La patria sufre. Eta biharamunean, azken omenaldia: Por fin, un vasquismo sin complejos, “Gu” egunkarian.

Hilotza mahai-gainean, hileta jo dute. Zein jende ikusi duzu zeremoniara bidean?

Hiltzaileak eta beren kolabo guztiak, Bernat Etxepareren liburua besapean.

 

Bilaketa