literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Iņigo Astiz
Berria, 2013-07-30
[iturburua]
Oier Guillan:
«Edertasunak ez du zertan izan atsegingarria»

Poesia idaztean antzerkirantz jotzen duela eta antzerkia idazten duenean poesiarantz lerratzen dela. Hori dio Oier Guillanek, eta argitaratu duen azken poema bilduma da horren erakusgarri: 'Elkartasun basatia'.

Ez du hitzez hitz hala esan, baina esan gabe doa: poesiarena da teatrorena beste Oier Guillan (Errenteria, 1975). Horregatik dabil etengabe singularretik pluralera eta pluraletik singularrera jauzika. Poeta izateaz gainera, Mikelazulo kultur elkarteko kide eta Metrokoadroka sormen laborategiko kide ere badelako. Eta zail egiten zaiolako bakarka idazten duen poeta eta taldean sortzen duen antzerkigilea bereiztea. Kezkatu egiten zuen lehen bikoiztasun horrek, baina orain onartu egin duela dio: “Antzerkian poesiara jotzen dut, eta kasik ekidinezina zait poesian antzerkira jotzea”. Hala jokatu du orain hilabete batzuk kaleratutako Elkartasun Basatia (Susa) poema bilduman, eta horregatik biek erantzuten dituzte galderak orain: liburua argitaratu zuen poetak eta hura taularatzen dabilen antzerkigileak. Oier Guillan bakarrak, alegia.

Lausoak dira antzerkiaren eta poesiaren arteko mugak zure lanean.

Oso pertsonala da nik poesiarekin eta teatroarekin dudan esperientzia. Maiz elkartzen zaizkit. Teatroan egin ditudan lanetan, adibidez, testuak idazterakoan ez dut jo narratibotik, performatibotik baizik. Beti saiatzen nintzen generoak bereizten, baina nire liburuetan ohartzen nintzen etengabea zela lanen arteko eragina, eta erlaxatzea erabaki nuen, azkenean. Batu egiten bazaizkit, batu egiten zaizkit eta kito. Horregatik diot liburu hau partitura bat dela. Teatroa ez dago bakarrik hitzetan, ez da garrantzitsua den gauza bakarra. Guk garrantzia ematen diogu beste elementuetatik egiten den testuaren interpretazioari, eta maiz beste elementu horien bitartez egindako lanetik ateratzen ditugu testuak ere. Aktoreak testua interpretatu egiten du, eta poesian, agian nahi gabe, baina hortik jo dut.

Azken poeman hau diozu: “Utopia hautatu dut lanbide”.

Nia hor ez da guztiz neurea. Liburuko azken atal horretan badago esaten denarekiko distantzia bat, ahotsa ez baita soilik nirea, pertsonaia batena ere bada. Pertsona bat eduki nuen gogoan hori idaztean: Jose Greciano. Gazte nintzela Sevillan ezagutu nuen La Jauria antzerki taldeko pailazoa zen. Taldeko burua. Niretzako sekulako bizi erreferentea izan zen, antzerkia bizitzeko moduagatik, bizirik irauteko moduagatik... Baina auto istripuz hil zen, eta horrek ikaragarri markatu ninduen. Oso pailazo ona zen, sekulako ideologia zeukan sormenarekiko, baina gazte hil zen, eta sentsazioa nuen inor ez zela enteratu. Izan zen oso heriotza iluna, bakartia, tristea. Poema idazten hastean, Bruselan nengoen, zirku eskola batean, eta nahasi zitzaizkidan lagunaren oroitzapenak hiri hartako sentsazioekin, eta hasi nintzen sormenaren eta antzerkiaren inguruan gogoeta egiten. Sentitu nuen porrot gozo bat, eta sentitu nuen pailazoaren ahotsean.

Sorkuntzari buruzko ideologia aipatu duzu. Uste dut horri buruzko gogoeta franko dagoela liburuan. Hau diozu, adibidez: “Edertasuna arriskutsua da”.

La Zaranda antzerki taldeko Eusebio Calonge antzerkigileari irakurri nion hori . “Edertasuna arriskutsua da itxaropena sortzen duelako”. Eta edertasunaren kontzeptu hori interesgarria iruditu zitzaigun, eta hortik abiatu gara Poza antzezlanean. Azken batean, edertasuna beti lotzen dugu gauza bigunekin, eta ematen du askotan edertasuna edertasunagatik egiten dela. Edo edertasuna aipatzean hori datorkigula burura. Baina edertasunak ez du zertan izan atsegingarria. Gauza itsusiak ederrak izan daitezke. Baina tasun itsusi bat denean ere, zerbait mugitzen dizunean, zerbait gertatzen da. Lortzen duzunean edertasuna transmititzea, lortu duzu neurri txiki batean publikoa mugiaraztea. Eta hori da arriskutsua dena. Horregatik dio Calongek edertasuna erasoa izatea dela, pertsonak barrutik mugitzen dituelako. Niri hori gertatzen zait askotan irakurle gisa, eta lagundu egiten dit. Edertasuna eragiteko tresna gisa ulertzen saiatu gara.

Horregatik liburuaren titulua: Elkartasun basatia?

Gure funtzionatzeko modu kolektiboarekin du lotura. Elkartasuna oso hitz erabilia da, baina lortzen badugu gure proiektuak egitea eta inguruko lagunen proiektuak egitea da elkartasun oso sakon bat daukagulako. Horri esker heldu gara enpresa edo talde egitura hertsirik gabe proiektu asko egitera. Eta, alde horretatik, basatia da elkartasun hori, benetan lortzen duzulako mugitzea, eta eragitea, neurri txikian, bada ere. Eta elkartasun basati horren ideia eraman daiteke egunerokotasunaren arlo askotara.

Lan egiteko moduari ere gogoeta franko eskaini diozu.

Urte asko eman ditut Mikelazulon lanean, eta hor egon garen askok badugu taldean eta kolektiboki sortzearen ideia komun bat. Urte asko eta askotako esperientziaren ondorioz sortutako gogoetak dira. Ez da bat-batean pentsatu dugun zer edo zer. Niri kosta egiten zait sorkuntza beste modu batera bizitzea. Uste dut idaztea badela norbanakoaren kontu bat, baina sorkuntza taldean ulertzen dut. Liburua aurkezterakoan, adibidez, berriro bakarrik topatu dut neure burua proiektu baten aurrean, eta ikaragarri kosta zait. Oso biluzik sentitzen nintzen.

Maskara asko dago liburuan.

Bai. Badago esaldi bat horrekin lotuta: “Maskara janzten dut biluzteko”. Oso filosofia merkea da hau esatea, baina esango dut: eguneroko bizitzan zer ez da maskara bat? Merkea, bai, baina era berean badu egia puntu bat. Bufoiaren teknika askotan erabili dugu, eta bufoiarena oso poetika ederra da. Egia zikina da harena, baina bere egia. Eta askotan jantzi behar dugu horrelako maskara bat benetan barruan duguna ateratzeko, zeren, bestela, zailago egiten zaigu. Askotan hori da teatroa, eta hori bufoia. Maskara bat janztea, baina benetan hitz egin nahi duzun horri buruz aritzeko.

Bufoiak dio poema: “Ez ezazu poesia idatzi/ ez badakizu justizia/ beste hitz batzuekin esaten”.

Esaldi arrandiatsuak botatzea da bufoiaren ezaugarrietariko bat. Eta bufoiaren elementuak izan ditut gogoan atal horretako poemak idazteko. Horregatik daude koroak, horregatik daude deformazioak, eta esaldi arranditsuak. Eta halako batekin hasten da saila. Horregatik azaltzen da “justizia” hitza. Eta era berean bada autoironia ariketa bat. Askotan kosta egiten zait poesian hitz arranditsuak ez erabiltzea, eta borroka hori nik uste idazle askok daukatela. Kontua ez da esatea maitasuna hau, ala askatasuna bestea, baizik eta zein den zure modua hori esateko. Bufoiak badu aukera halako esaldi arranditsuak esateko, baina hondoan nik neuk sentitzen dudana dago. Bufoiaren maskara jarri dut hori esateko, baina hori da nire borroka. “Ez ezazu poesia idatzi/ ez badakizu justizia/ beste hitz batzuekin esaten”. Maiz ez dut lortzen.

Beste esaldi bat: “Gutxiengoak boterea erdiesten duenean/ beste gutxiengo bat bilatu”.

Guk taldean egiten dugu lan, baina beti dago rol banaketa baten beharra. Beti dago norbait inpultsoa hartzen duena, edo aurpegia ematen duena. Baina, azkenean, rol horiek erlatibizatu egin behar ditu, eta ezin dira botere bilakatu. Ikasbide bat da hori onartzea, eta horrek dituen mugekin ez itsutzea. Urte askotako esperientziaren ondoren heldu gara horra, erorialdi askoren ondoren. Talde batean gauzak bultzatzeko gaitasuna duten pertsonek etengabe egon behar dute uko egiten botereari. Eta zeure burua etengabe boikotatzen duzunean, zaudenean galtzen etengabe, eta proposatzen duzun hori uzteko prest zaudenean adostasunik ez dagoelako, orduan, botere galera horren onarpenean dago niretzat kolektiboaren funtzionamendua. Eta mikromundu horretan gertatzen dena eraman daiteke gizartera ere. Alderdietara, gizarte antolakuntzara... Rol bat jokatzen duenak egiteko hori nahasten duenean boterearekin, dena doa pikutara.

Sorkuntzak balio dezake, beraz, munduan eragiteko? Zure beste esaldi bat: “Literatura izan dadin biharko historia”.

Literatura eta teatroaren inguruan egindako gogoeta bat da. Gezurrak deitzen den poema batekoa da esaldia, eta hori da galdera: gezurrak edo fikzioak sortzeak zertarako balio duen. Alde batetik bada sentsazioa poesia eta teatroaren bitartez idazten dugula sekula historia liburuetan idazten ez dena. Eta hor dagoela benetan gure memoria. Sentsazio horrek laguntzen du lanean, beti dugulako sentsazioa egiten dugunak ez duela ezertarako balio. Badu zerbait lasaigarria ideia horrek. Eta sorkuntza lanen bidez aurrekoek sentitu eta sinetsitakoa jasotzen dugun neurrian, pentsatu nuen ederra litzatekeela gezurrak esatea irakurleei, gure ondorengoek sinetsi dezaten kontatu bezalakoak ginela, posible zela kontatzen dugun bezalakoak izatea, nahiz eta benetan gu ez halakoak izan, nahiz eta gu ere desastre bat izan, gure aurreko gehienak bezala.

Sorkuntzak ez du ezertarako balio, beraz?

Sentsazio hori izaten dugu etengabe, baina lasaigarri zaigu beste ideia hori.

 

Bilaketa