literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Miel Anjel Elustondo
Argia, 2013-06-09
[iturburua]
Mikel Taberna:
«Zer kontatua da bat, nola kontatua bertzea, zeren bidez da hirugarrena»

“Guardia zibilen tiroek zauriturik” irakurri dugu liburuaren azalean, hiru mutil gazteren eta Alkasoroko benta izenburuaren eta egilearen izenaren azpian. Bizitza eta heriotza Bortzirietan duela berrogei urte, Beratik Lesakara, Etxalar, Arantza eta Igantzin. Hangoxe giza geografia baliatu du Mikel Tabernak (Alkaiaga, Lesaka, 1957) literatura egiteko, euskarari arnasa berria emateko.

Alkasoroko benta…

Jende gehienek jakinen dute zertsu kontatzen den liburuan. Zaila egiten zait aitzinetik erranak baino gehiago botatzea. 60ko eta 70eko hamarkadako kontuak aipatzen dira lan honetan.

Kontu batzuk.

Istorio mordoxka bat, ardatz baten inguruan bilduak. Ardatz hori, hain xuxen, pertsonaia bat da, mutil bat. bizitzan aitzina egiten du, eta bere ahotik kontatzen dizkigu ikusten dituenak, inguruan gertatzen direnak, eta berari gertatzen zaizkionak ere bai. Garai hartako zenbait informazio ere ematen zaigu, gauza jakinak, irakurleak bere burua koka dezan, jakin dezan, urte haietako berri. Horixe da Alkasoroko benta.

Hori, geografia jakin baten barnean.

Bortzerrietan, edo Seierrietan, Bidasoaldean, Euskal Herriko edozein herri ttikitan gerta zitekeena. Pertsonaia nagusia, behinik behin, horkoa da, nahiz eta bere hanat-honatak badituen, eta mugitzen den. Kontakizunen artean —dena fikzio izanagatik ere—, bi gertaera latz, mingarri, nobelan mugarri ditugunak. Bi gertaerak, hala ere, benetan gertatu ziren, baina nik haien bertsioa egin dut liburu honetan, kontakizunak eskatzen zuen edo niri iruditu zaidan maneran narrazioan txertatuak.

Horixe Alkasoro… zure mintzoan. Dena dela, irakurtzen hasi eta irakurlea lehenik kolpatzen duena: hizkera. Euskara estandar zelaitik urrun.

Zer kontatua da bat, nola kontatua bertzea, zeren bidez da hirugarrena. Hizkera, baliabide. Nik zer erran behar dut! Nik idatzi egiten dut, ez bertzerik, eta inori erakutsi aitzinetik neuk irakurtzen dut testua behin eta berriz, poliki eta mantso, eta beharria paratu ere bai, testuak zer musika duen antzemateko. Ongi dela iruditzen zaidanean, istorioa badoala, kontatu nahi dudana ongi kontatua dagoela, eta, bertzetik, kontatzeko manera ere landu dudala, ongi naiz.

Hizkera, idazteko manera.

Erreparatzen diot, dudarik gabe, hautatu egiten dut zein baliabide, zein hitz, zein erranera erabili…

Bazterreko hitzak, besteak beste.

Bazterrekoak edo, behinik behin, orain arte letra idatzien plazara agertzeko fortuna edo aukera izan ez duten hitz batzuk, erranerak, niri gustatuko litzaidakeen moduan. Gustura gelditzen naizenean amaitzen da nire lana. Nik uste idazle bakoitzak bere ahotsa bilatzen duela, baina, horretaz aparte, kasu honetan narratzaile izateko aukeratu dudan pertsonaiak bere solas moldea izatea eskatzen zidan. Kontalari horrek ez ezik, gainerako pertsonaiek ere bai, eta denentzat egokia izan zitekeena egiten saiatu naiz. Bertzela, gatzik duen ez duen, idazleak dituen erreferentziak baliatzen ditu, eta irakurleari dagokionean ere berdin, zein dituen erreferentziak, horren arabera etorriko da norberaren juzkua.

Idazlearen ahotsa aipatu duzu arestian. Zure Txokolatezko dinamita (Susa, 2001) hartako ahotsa aldatu da?

Handik honat gehiago dakit. Euskara erdi galdua ere eduki nuen gazte denboran, eta, gerora, ahantzia berreskuratu, gogora ekarri nuen berriz. Beti ari bainaiz ikasten. Urte dexente pasatu dira, eta ez dakit oraingo liburuan gehiago azpimarratu dudan tokiko hizkera. Nolanahi ere emaitzarekin pozik naiz, testuak nonahiko irakurlearentzat balio duela ikusirik. Hango irakurlea ere, Bortzerriak aldekoa, gogoan izan dut batzuetan. Nahi nuke bertako aunitz harroago egotea daukatenaz, nik haiengandik ikasi baitut! Hala ere, ikusten dut zenbaitek ez duela behar adina estimatzen zer altxor duten. Haiek burutan idatzi dut tarteka. Haiei ikasitako eta ebatsitako hitz eta erranerak baitira, bakarren bati erranen nioke: “Paperean ikusirik eder iruditzen zaik? Hirea duk! Hiregandik ikasi diat!”.

Itzultzaile izateak badu ikustekorik euskarari beste tornu bat eman nahiarekin?

Itzultzailea hizkuntzarekin ari da egunero lanean. Xehetasunei aunitz begiratzen diegu, behartuak gaude haiei erreparatzera, dena ongi jostera. Horregatik, idazteko tenorean ere zorrotz jokatzen dut nire buruarekin, hagitz mantso idazten dut. Kostatzen zait gustura gelditzea idatzi dudanarekin eta, neurri batean bada ere, lanbideak izanen du ikustekoa horretan.

Denbora, leku, zeru eta lurrak —Txirritaren legean—, 60ko eta 70eko hamarkada, Seierrieta, Martin Irazoki gaztea… Alkasoro duzu zure Macondo?

Horrelako zerbait erraten ahal da, nahi baduzu. Izanez ere, lehenagotik dator lurralde honek pertsonaia batzuen antzeztoki izateko balio zidala ohartzea, eta hautua kontzientea izan da liburu honetan. Herriaren sorrera, ordea, kasualitatea izan zen. Lurralde horretan kokatutako ipuin bat fikzionatu nuen behin, [Tene Mujika] lehiaketara aurkeztu —Bota xoxa zuen izena, gero Txokolatezko dinamitan agertu baitzen—, eta toki ezaguna jarri beharrean, Alkasoro jarri nuen. Txokolatezko… hartan konturatu nintzen irakurleari lagungarri zitzaiola, nontsu zebilen jakiten ahal zuela, eta niri ere Alkasorok kontatu nahi nituenak libreki kontatzeko bidea egiten zidala. Horrela etorri da Alkasoro nire kasuan.

Ipuin hartan jotako kolpeak irauten du zure lanetan, dela Txokolatezko dinamita hartan, dela Alkasoroko benta honetan.

Hainbertze ere ez dut idatzi eta, beharbada, horregatik irauten du orduko zera hark. Geografia berberak, alegia. Gauza jakin batzuek pizten didate idazteko gogoa, baditut hor “hazi” batzuk —anekdota bat, pasartea, pertsonaia…—, eta franko paraje horietan ditut ezagutuak, bizituak edo ikasiak. Abiapuntua izaten dut hori, hortik hasten naiz istorioa garatzen. Horregatik segitu dut liburu honetan ere lurralde hartan.

Istorioetan, bizitza da ageri. Bizitzarekin batera, Alkasoroko jendea gogor astintzen duen heriotza bortitza.

Baliteke heriotzak gehiegi iluntzea nobelaren tonua, ez dakit. Heriotza, nahi ez badugu ere, bizitzaren partea da. Presentzia handi xamarra du kontakizun honetan. Dena dela, bietarako iritziak heldu zaizkit; batzuei ez zaie iruditu tristeegia denik eta bertze batzuek, berriz, erraten didate: “Mikel, noiz idatzi behar duk zerbait alaiagoa?”. Iritziak dira, ez bertzerik. Ni ohartzen nintzen kontatzen ditudan gertaera bortitz horiek pisu handia izaten ahal zutela narrazioan, baina ez nuen nahi, espres, kasu horien nobela bakarrik izatea. Hori baino hagitzez gehiago izatea nahi nuen, eta horretan saiatu naiz, heriotza horien historia baino gehiago izan zedin eleberria. Istorio nagusiarekin batera, bazter istorioak ere ekarri ditut —nagusitik ateratzen diren adarrak balira bezala—; eta horiek ere niretzat hagitz inportanteak dira.

Zenbat du Martin Irazokik Mikel Tabernatik?

Martin Irazoki nire sorkaria da, fikzioa, baina betikoa: zer idatzi? Dakiguna. Nola ikasten den? Bizituta, adituta, ebatsita… Hortik abiatu naiz. Martin Irazokik nire urteak bizitu ditu, baina bere maneran. Nik ibilitako bideak ibili ditu, bai, baina hortik goiti fikzioa sortzen da, istorio eder gustagarria idatzi nahi dugulako, irakurleari balioko diotenak kontatu nahi ditugulako. Aldi berean, gai zenbait plazara atera nahi izaten ditugu, norberaren bizitzan gertatzen ez diren asko eta asko. Bat edo bertze norberari gertatuak, baina horiek pasarte ttikiak dira beti.

70eko hamarkadan, Francoren heriotza 1975ean, diktadorearen osteko garaia gero, aldaketa politikoa… Eltzetzuen begiradapean beti. Hortxe beti guardia inzibilak.

Guri tokatzen zaigun bizialdian, gehiegizkoa ere bada haien presentzia. Hor egon dira eta daude beti. Eltzetzuen gaineko hainbertze kontu aditu diegu gure zaharrei, eta guri ere hala tokatu zaigu. Bagenekien hor zeudela, ez ziren ustekabean agertzen, edo ez ziguten ustekaberik ematen, bagenekielako noiznahi eta nonahi ager zitezkeela. Batzuetan libratzen ginen —gehienetan, nahi baduzu—, baina bertze batzuetan —zoritxarrez—, ondorio latzak uzten zituzten. Eltzetzuak ez dira, segur aski, Bortzerrietako —edo Seierrietako— ezaugarria, baina, han, muga bertan dagoela, arrunt markatua da haien presentzia.

Hor dago Endarlatsa…

Zenbat istorio Endarlatsan!

Hortxe Mikel Zabaltzaren gorpua ageri…

Bai. Zenbat bizitu dugun, zenbat etorri zaigun, edo zenbatekin egin dugun topo. Zenbat heriotza izan dugun hain hurbil!

Non da orduko Seierrieta, mundu hura?

Zerbait gelditzen da, baina aunitz aldatu da. Geratuko dira mundu horren zati batzuk, horren puska batzuk, baina fuerte aldatu da. Mundua ziztu bizian aldatzen doa, baina, hala ere, gauza batzuek guk uste baino gehiago irauten dute. Marra lodienak, nik uste, galduxeak daude. Erraten dute telebista eta eskola izan direla, bertzeak bertze, aldaketa ekarri dutenak. Gure pentsatzeko, bizitzeko eta harremanetarako manerak, bi horiek aldatu dute, dexente. Iruditzen zait.

Orduan Alkasoron zena, hirian da egun, eta hiritik ari da mundu joan hura kontatzen.

Nire kasuan horrela da. Buruan da. Haurtzaroa, erraten dute, eta gaztaroa… bizitutako tokiak… Horrek arrasto sakona uzten duela gure baitan. Distantziak ere ez dira izugarriak, eta hara begira bizi dira ni bezalako aunitz. Harrigarria da Iruñerria nola husten den asteburuetan, zenbat jende joaten den bueltan jaioterrira. Iruñean egonagatik, ez dakit arraso laketu dugun ziutatean. Uste dut oraindik ezetz.

Bortzirietan zen William A. Douglass antropologoa 60ko hamarkadaren hasieran. Etxalarren. Exodoa zen gizarte haren ezaugarri.

Gerra ondoren, herria uzten zuenak —herria gogoan izanagatik ere— aukera gutiago zuen automobila har eta bueltan joateko. Jendeak ez zuen automobilik! Hirira etortzen zena ia-ia kondenatua zen ziutatean bizitzera, nahiz burua eduki herrian.

Alkasoro… irakurtzen hasi eta narrazio bilduma zelakoan nintzen. Ondoren jakin dut nobela zela eskuartean nuena.

Ez diot horri garrantzirik ematen. Ez naiz hori eztabaidatzera sartuko. Kontakizun guztiak zerbaiten parte zirela banekien, hala izatea erabaki nuen. Beharbada, nire lan egiteko maneragatik, zatika idatzi dut testua, eta gero osoa egituratzen joan naiz. Konparazio batera, badu zinema egiteko manerarekin antza: sekuentzia bat hemen, bertze bat han… eta josten joan. Nik uste badela loturarik osotasunean, baina adituek erran beharko dute nobela den, ez den. Horri ez diot garrantzirik ematen.

Galdera bat hondarreko, enkas: Zein da kuestioa, egoeraren egoera, liburu honen xedea?

Lehenbiziko galderan saiatu naiz erantzuten! Kuestioa zen jendeak gustura irakurriko lukeen zerbait idaztea. Gustuko zerbait. Horretarako zer? Nik mundu hura ekarri nahi nuen liburu honetara, pertsonaia haiek eta haien azpian zeuden gaiak. Horiek interesatzen zitzaizkidan, liburua patxadan irakurriko zuenak mundu hartan zegoenaz pentsa zezan, eta goza zedila, kontatzeko manerarekin, narrazioarekin, hizkerarekin… Etsenplu eta erreferentzia gisara, nahiz bertze batzuk ere aipatzen ahalko nituzkeen, erranen dizut Federico Fellinik bere Amarcord zoragarrian lortzen duenaren moduko zerbait egiten saiatu nahi nuela: herri koxkor bat irudikatu, jende-komunitate baten berri eman elkarri loturiko istorioak erakutsiz, kameraren fokuak orain pertsonaia bat eta gero bertze bat harrapatzen duela; eta pertsonaien nahiz haien goitibeheitien bidez kezka batzuk plazaratu, inportatzen zaizkidanak. Horien artean, gure historia hurbileko zenbait gertakizun, erdi ahantziak edo isilaraziak zeudenak.
 

Freskura

“Oraindik ez du argitu, baina buruz daki non finkatu behar duen hanka, eta kontent heldu da bidexkan barna, saltoka. Esku baten zakoteari kontzen dio, barrenean ekarki duena ez galtzeko. Bakarrik da, gaueko lana egin ondotik lagun bakoitzak bere aldera jo duelako. Alemanak mugatik desagertu zirenetik aisaxeago dabiltza. Bidean pixka bat entretenitu da. Hiru amuarrain ttiki ebatsi dizkio, bat-banaka, Larun aldetik heldu den erreka jostariari…”. Horrela idazten du Mikel Tabernak, euskara estandar fosilizatuari freskotasuna, idatziari ahozkoaren bizitasuna dakarzkiola hastetik buru. Alkasoro… narrazio bilduma izan, nobela izan —eta nori ardura dio kontuak—, irakurtzen ahal dugu atalka, irakurtzen ahal dugu osorik. Gozatu nahi den irakurleak badu non goza, eta gehiago goza nahi denak, badu Txokolatezko dinamita hura arrairakurtzeko argudio. “Hagitz mantso” idazten duela dio Tabernak. Onik idaztekotan, ezin bestela. Alkasoro… da froga.

 

Hizkera gozagarri

“Nork bere aukera egiten du, eta garrantzi handiagoa edo ttikiagoa ematen dio bere euskarari. Alkasoro-n, pertsonaiaren eta gertaeren nongotasunagatik, badago tokiko hizkera bat. Banuen kezka horrek onarpen zabala izanen ote zuen, inorentzat traba gertatuko ote zen. Banuen duda, edo zalantza punttu bat. Baina ohartu naiz ez dela eragozpenik izan. Alderantziz, iritziak etorri zaizkit, hainbat irakurlerenak, erranez hagitz gustura irakurri dutela liburua, hizkera ez dutela traba izan, gustura eta aisa irakurri dutela, gozatu egin dutela horretan”.

 

Bilaketa