literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Patxi Larrion / Imanol Ubeda
Hitzen uberan, 2013-05-24
[iturburua]
Mikel Taberna:
«Idazten hastean problemarik handiena izaten da ahots bat hautatzea»

Lehen kapituluko pertsonaiak hiru amuarrain daramatza. Neskatxa bati oparitu nahi dizkio, haren bihotza konkistatzeko. Azken kapituluan, hiru hegabera hilko dituzte. Eta nobelaren bitartez, hiru erailketa dira gogora ekarri nahi direnak. Pertsonaia istorio eta gertaera gehiagoz josia dago, ordea, Alkasoroko Benta. “Istorio latz horiek gainerakoekin batera ekarri nahi nituen, ez bainuen nobela mugatu nahi kasu horietara bakarrik”, adierazi digu Mikel Tabernak. Sorterrian, Seierrietan ikusi eta entzun dituen pasarteak dira nobela honetan jaso dituenak. Eta hizkera ere, paisaiaren parte da. “Eta hala behar zuela uste dut”, aitortu digu Tabernak, “kontalariaren eta gainerako pertsonaien ahotsak sinesgarriak izateko. Hizkeraren nolakotasuna funtsezko osagaia da, dudarik gabe”.

Lehen kapituluko pertsonaiak hiru amuarrain daramatza; neskatxa bati oparitu nahi dizkio, haren bihotza konkistatzeko. Azken kapituluko azken lerroetan, hiru hegabera hilko dituzte. Eta nobelaren bitartez, hiru erailketa dira gogora ekarri dituzunak. Lehen eta azken irudiak asko dute sinbolikotik, ezta?

Nobela idazten hasi nintzenean, ez nuen egitura jakin bat aurretik finkaturik. Ez neukan oso garbi nola bukatuko zen nobela. Ideia batzuk banituen baina lauso samarrak ziren. Egin ahala joan dira gauza asko etortzen, eta halaxe ailegatu dira pasarte horiek ere, zuk diozun funtzio hori betetzen dutenak, hiru heriotzak oroitaraztea. Orain, egia esateko, ahantzia dut noiz eta nola erabaki nuen hala izatea, baina, jakina, idazketan sartua zaudenean etengabe ari zara gisa horretako erabakiak hartzen.

Esan gabeko asko egon arren, ondo baino hobeto ulertzen da adierazi nahi duzuna. Elipsi ugari dago, bereziki, hilketa horien inguruan. Egin zitekeen kronika itxurako zerbait baina fikziora jo duzu. Beste emozio batzuk transmititzeko aukera ematen duelako fikzioak akaso?

Bai, bistan da ez nuela kronika egin nahi. Datuak eman besterik ez nuen egin beharko. Baina hori baino zerbait gehiago egin nahi nuen; istorio gustagarri bat sortu nahi nuen. Eta sentimenduen oinarrizko mailara joan, gertaeren atzean edo azpian dagoena eta protagonistek sentitu bide zutena irakurleari sentiarazteko.

Horretaz aparte, egon zitezkeen gogoeta batzuk heriotza horien inguruan, diskurtso bat, baina horrela izatea hautatu nuen. Ez nuen egi bat saldu nahi. Ikuspegi bat behar bada badago, eta kontalariaren ahotsa ez da batere inozoa, baina, gainera, istorio latz horiek gainerakoekin batera ekarri nahi nituen, ez bainuen nobela mugatu nahi kasu horietara bakarrik.

Lehen kapitulua, ‘Bordatxo’, ondoren etorriko den kontakizunetik aparte dagoen ipuina da (hirugarren pertsonan kontatua dago gainera). Denboran ere, lehenagokoa da kontatu diguzuna (“egunkarietan jaso ez zen erailketa bat”, adierazi zenuen Donostian, liburuaren aurkezpenean). Horrelakoak gogora ekartzea bada justizia egiteko modua, ezta?

Bi gertaera erreal horiek, hasierako eta bukaerako arma bidezko hilketa horiek, nahita ekarriak daude. Nik Bordatxo diskotekako hura bizitu nuen. Gazte nintzen orduan, 19 urte nituen eta heriotza zentzugabeak izan ziren. Edozein izan zitekeen hildakoa. Urte haietan kalea gori zegoelako edo, diskotekako erailketa horiek izan zuten erantzuna. Bazegoen horrelako oldartze giro bat baina, hala ere, denborarekin erdi ahantziak izan dira. Jende xumea zen eta ez zuten izen bat, prentsan oihartzuna izateko modukoa.

Beste heriotza hura ere, liburuaren hasieran agertzen den Bordatxo kontrabandista gaztearena, hura orduan oharkabean pasa ez bazen ere, gerora denborak irentsi du. Bertako jendeak, adinekoek, badakite ordea, etaoraindik oroitzen dira. Baina Herriko Etxeko heriotza agirian istripuz hil zela jartzen du, ezbehar arrunta izan zela.

Esan bezala, nahita ekarri ditut, haiek oroitarazi eta jendeak jakin ditzala gertatu zirenak.

Kointzidentzia ere bada bi gertaeren artean. 50eko hamarkada amaierako mutil kontrabandista hura Bordatxo izeneko baserri batekoa zen. Eta 70ekoetan erail zituzten bi gazteak Bordatxo dantzalekuan hil zituzten. Horrek lotzen ditu bi gertaerak.

Aipatutakoez aparte, pertsonaia ugari dago nobelan. Beste garai baten oihartzuna dakartenak.

Mundu zaharrekoak edo diren pertsonaia horiek kolorea ematen diote nobelari, pertsonaia hautatuak dira. Akaso esajeratuak diren ezaugarri batzuk dituzte. Hala ere, ez dute kolorea bakarrik ekartzen, bertze arrazoi batzuengatik ere bereizi nituen. Pentsatzeko manera bat dakarte, primarioagoak dira. Komunikatzeko beste arau batzuk ziren ordukoak, ezintasuna gauzak azaltzeko edo esplikatzeko garaian… Hori erakutsi nahi nuen. Pertsonaia bereziak dira baina azpian badute ibai bat, Kirmen Uribek noizbait idatzi zuen bezala.

 

Ijitoak, buhameak, zingaroak

Txokolatezko dinamita (Susa, 2001) narrazio liburuan bezala, honakoan ere ijitoak ageri dira.

Interesatzen zaidan kontua da. Alkasoroko benta-n pista batzuk ematen ditut irakurlea pertsonaia batzuen nortasunaz ohartzeko. Ile moztaileak bi hankako eta lau hankako animaliei mozten die ilea, Konde du ezizena (eta hori ere ezaugarri bat da). Aipatzen du bere aitzinakoek bost mende daramatela bertan.

Amorrazio handia sentitzen dut buhame, zingaro edo ijitoengatik gure artean entzuten diren gaitzespen hitzekin. Uste dut ezjakintasun handia dagoela gai horri buruz, eta ezin dut jasan fobia hori. Aste Santuan Gotainen (Zuberoa) izan nintzen, Ederlezi pastoralean. Eta liluratuta geratu nintzen ikuskizunarekin eta plazaratu nahi izan zutenideiarekin. "Azken perediküan" honela kantatu zuten: "Euskaldünek ez günüke sekula behar ahatzi gure aria (leinua, arraza Zuberoan) beti dela besteen kürütxatzez hazi"; Eta "Azken kantorean" honako hau esan zuten: "Hi, tzigano, entzün ezak; gilikeautüko (kantatuko erromintxelaz) deiat; bidez bide hebentik harat; Honki jin hire etxerat".

 Desagertzear den mundu bat islatzeko aitzakia izan da nobela?

Gauza xume bat da nire nobela. Mundu hartako zati bat ekarri nahi izan dut lerrootara. Baserri giroa, konparazio batera, ez da ageri, edo gutxi ageri da. Baina egia da orduko pertsona batzuk eta jarrera batzuk gaur egun ez ditugula hainbeste ikusten.

Iruditzen zait telebistak dezente aldatu duela jendearen izaera. Estereotipatuago gaude orain. Galbahe hori pasa gabeko jendea zegoen orduan, oso ezaugarri markatuak zituztenak. Alkasoron daude pertsonaiak, baina garai hartako edozein herritan egon zitezkeela uste dut.

Aurreko udazkenean, baserrian bizi den osabarekin hizketan izan nintzen, eta kontu zaharrak kontatu zizkidan. “Gure gazte denboran baziren pertsonaje batzuk!” esan zidan, eta hainbat aipatu zizkidan.

Herrian hasi eta bukatu egiten zen mundua eta bakoitzak bere rola hartzen zuen, edo ematen zioten. Eta xelebre mordoxka izaten zen. Baina ez ziren telebistan edo pantailan ikasitako portaerak. Garai hartako jendeak beste erreferentzia batzuk zituen, guretzat akaso bitxiak direnak. Atzetik zerbait dakarten pertsonaiak dira, eta nobelan ez dira esplikatzen baina aditzera ematen dira.

 

Felliniren ‘Amarcord’ gogoan

Izan ere, istorio txiki asko josi dituzu nobela honetan. Pertsonaia asko daude. Mundu bat iradokitzen da…

Nire lan hau egiteko denboran, besteak beste, gogoan eduki dut luzaro Federico Felliniren Amarcord (1973) pelikula. Diotenez, film horrek zuzendariaren haurtzaroko eta gaztaroko mundua erakusten du. Lau urtarotan egituraturik dago, eta pertsonaia asko plazaratzen dira, bakoitzak bere istorioa duela. Eta badira oso gertaera gogorrak, Mussoliniren garaia da, gertaera benetan latzak direnak, baina bizitzaz ari da eta biziaren indarra ere agertzen du. Nik nobelan antzeko zerbait egin nahi nuen, izpiritu edo ideia hori ekarri nahi nuen. Irakurle batzuek aipatu didate heriotza asko dagoela nire nobelan, baina ni saiatu naiz bizitzaren beste aurpegia ere islatzen, argitasun hori, bizi nahiaren grina.

Baliatu duzun tonuarengatik lortzen da argitasun hori islatzea. Dena den, memoria ariketa ere bada istorio hauek guztiak jasotzea. Sorterritik aparte bizitzeak areagotu al dizu gaztaroa gogora ekartzeko grina?

Memoria ariketa da, bai, neurri batean.  Martin Irazoki bat sortu dut eta nik ibilitako bideetara eraman dut, aspaldiko urteetara,  nire geografiara... Ez dakit, oso partikularra da nire kasua. 17 urterekin etorri nintzen Iruñera estudiatzera, eta orain 55 urte ditut baina hala ere han dut burua, sorterrian.

“Haurtzaroa da aberri bakarra”.

Bai, baliteke, haurtzaroa eta gaztaroa. Hizkuntzaren kontua ere hor dago; beste arrazoi bat gehiago nik sorterrira hainbeste begiratzeko. Ni Iruñera etorri nintzenean euskara galtzen ari nintzen. Ulertzen nuen baina ez nintzen hitz egiteko gauza. Hemen hasi nintzen berreskuratzen, eta oraindik ikasten ari naiz. Zoragarria izan zen garai hura. Nire erreferentziak Seierrietakoak dira eta, hizkuntza dela medio, hara franko begiratzen dut.

Hortaz, protagonistak bezalaxe, zuk ere Arturo Campionen ikasi zenuen, Iruñeko Konpainia kalean.

Hori ere agertzen da, bai. Mikel Bujanda nuen irakasle. Etorri nintzenean irakaslerik ez zen eta irakasle izan behar nuela erran zidaten. Joxe Manuel Alemanek, Sagrarioren anaiak hain zuzen. “Baina ni ez naiz gauza hitz egiteko!”, esan nien. Ikasturte bat egin nuen Bujandarekin eta hurrengo urtean hasi nintzen nekiena irakasten. Egia esan, oso ongi pasatzen genuen. Urte zoragarriak izan ziren.

 

‘Bentatik nator, bentara noa’

Benta bateko seme zara, hala ulertu genuen liburuaren aurkezpen ekitaldian.

Liburuko bentaren oso antzekoa zen nire jaiotetxea, aldi berean denda eta ostatua ere bai. Gizonak, emakumeak, zaharrak, gazteak… adin guztietakoak etortzen ziren, eta beti irekita egoten zen. Denetik saltzen zen, jatekoak, jantziak, aspirinak, aziendentzako gauzak… Eta taberna ere bazen.

Garai haietan, beste mundu batzuetarako leiho bakarrenetakoa izango zen benta, ezta? Soziologikoki ere, plaza egokiagorik ez zen izango.

Bai, kontuan hartu garai hartan emakumeak ez zirela tabernan sartzen, baina gurea bezalakoetara bai, denda ere bazirelako. Eta saltzaileak eta biajanteak ere etortzen ziren. Zein inportanteak izan diren horrelako herrietan! Pello Lizarraldek badu biajante bat Larrepetit (Erein, 2002) nobelan. Oso inportanteak ziren herri ttikietan. Munduan gertatzen zenaren berri haiek ematen zuten.

Non dira gaur egun garai hartako bentak?

Orain asko aldatu da dena.

Funtzio hori zerk bete dezake orain, herriko elkarteak?

Orain ez dakit, herri txikietan elkarteek akaso betetzen dute funtzio hori. Ez da gauza bera, baina baliteke hala izatea.

Gizon, emakume, haur, gazte, boteredun, nekazari xehe... Denak handik igarotzen ziren aldetik, literarioki ere joko handia ematen du bentak, ezta?

Bai, bentaja hori izan dut. Nik hori ezagutu dut eta lagungarri egin zait. Auzoko bilerak ere bertan egiten ziren, auzolanetarako eta Herriko Etxearekin sortzen ziren problemei buruz hitz egiteko eta abar.

Hori entzunda, nostalgiatik idatzia dagoela pentsa dezake baten batek.

Ez bereziki, baina nik zer dakit! Litekeena da, urteekin joandako denboraren nostalgia izatea. Aspaldi ere, orain baino urte gutxiago nituenean gauza horiek kontatzeko gogoa izaten nuen. Nire motiboak dira, bizitutakoa, ikasitakoa… eta horretan oinarritzen naiz.

Gustuko dut oroitze lan horretan aritzea eta zaharren istorioak entzutea. Bakoitza bere eroak bizi du; hori da nire “arkanbele kanta”, nobelako pertsonaia batek esanen lukeen bezala.  Baina ez dakit bereziki nostalgikoa naizen.

Bertzalde, Koldo Izagirrek aspaldiko elkarrizketa batean zioen errealitateari heltzen diola helduleku gisa, gero fikzioa sortzeko. Nik ere halatsu. Hazi batzuk geratzen zaizkizu barruan, izan daiteke pertsona bat, pasadizo bat edo leku bat. Hortik abiatzen naiz frankotan. Niri zerbaitek eragin badit, ea besteei zerbait eragiteko kapaz naizen.

 

“Edozeini suertatu ahal zitzaion”

Eroritakoak Tturko, Gabika, Mikel Taberna edo Seierrietako beste gazte batzuk izan zitezkeen. Obsesio hori izan al da liburu hau idaztera bultzatu zaituena?

Ez da obsesio bat baina Bordatxo dantzalekuan hildakoak hurbil sentitu nituen. Nire adin berekoak ziren. Gu bezala herri txiki bateko gazte batzuk ziren, dibertitzeko Bordatxo diskotekara joanak zirenak. Pertsonaia batek modu gordinean aipatzen duen bezala, “edozeini suertatu ahal zitzaion” eta hala da. Edozein izan gintezkeen, bai. Identifikatua sentitu nintzen hildako haiekin.

Horregatik hautatu zenuen lehen pertsonan idaztea.

Ez nuen oso argi izan hori hasiera-hasieratik, baina gero laster horrela izatea erabaki nuen. Funtsezko erabakia izan zen, kontakizunari bete-betean eragiten diolako. Anjel Lertxundiri aspaldi entzun nion bezala, edozein gauza idazten hastean problemarik handiena izaten dela ahots bat hautatzea eta ahots horrekin gustura geratzea. Honetan ere, hortik jo nuen eta iruditu zitzaidan egokiena izan zitekeela.

 

“Hainbat hitzi plazara ateratzeko aukera eman diet”

Istorioak ez ezik, Seierrietako hizkera jasotzeko ahalegina egin duzu.

Hizkera zaindua dago eta hautatuak daude hainbat hitz eta esamolde. Euskaldun guztiek irakurtzeko moduko lan bat nahi nuen egin, irakurlearentzat traba ez izatea hizkera, baina, aldi berean, sartu ditut zenbait forma ez dutenak euskara estandarrean plazaratzeko fortuna izan orain arte. Horiek bi aukera dituzte: hiztegietan bildu daitezke edo bizia ematen ahal zaie testuen bitartez. Belaunaldi belaunaldi aldatuz doa hizkera, estandarizatzen doa. Ohartzen naiz badagoela galera bat baina ez dut horregatik negar egiten, ez zait ikaragarria iruditzen. Halabeharrez gertatuko dela bestela ere, galdu eta irabazi egiten dela; hala ere, hitz eta erranera batzuei plaza zabalera ateratzeko aukera eman nahi izan diet.

Nobelatu duzun paisaiaren parte ere bada hizkera.

Eta hala behar zuela uste dut, kontalariaren eta gainerako pertsonaien ahotsak sinesgarriak izateko. Hizkeraren nolakotasuna funtsezko osagaia da, dudarik gabe.

 

“Kontrastea interesgarria iruditzen zait”

Liburuko azken sekuentzian, hegaberak odoletan ageri dira belaze batean. Ikurrina bat margotu nahi izan duzu?

Ez nahita, baina baliteke nire subkontzienteak ekarria izatea. Egia da gaia puri-purian zegoela urte haietan. Oraindik legeztatu gabe zegoela, ‘Berriak’ aldizkariarekin ikurrinaren poster moduko bat banatu zuten. Inpresioa egin zidan horrek.

36ko gerra ere aipatzen da liburuan...

Martin Irazoki protagonistaren aita erreketeekin edo frankistekin joan zen gerrara. Baina ez du asko kontatzen gerrari buruz, eztul bat du etengabe, trabatua geratuko zaio. Auskalo eraman egin ote zuten edo joan ote zen bere kabuz. Hori behar bada ez dugu gehiegi aipatu gure literaturan. Euskaldun aunitz joan ziren, baina hara joan zirenak, joan egin ziren edo eraman egin zituzten? Jon Alonsoren Hodei berdeak (Susa, 2003) aipatu daiteke akaso kasu hau gurean jorratu den adibideetako bat bezala.

Bi esaldirekin gauza asko esango ditu Martin Irazokiren aitak. “Si yo estuve cuatro años sirviendo a la causa”, eta segidan “dena gezurra da!” botako du.

Hala da, hori dio eta lotsatu egiten da. Auskalo pertsonaia hori bezalakoek zer dakarten barrenean inoiz kanporatu gabe; zer sentitzen duten gerora. Interesgarria egiten zait hori aztertzea. Bertzalde, kontrastea ere interesgarria iruditzen zait: aitak gerran parte hartu, eta seme-alabak antifrankistak ditu; gure harremanen konplexutasuna... Guardia zibilekin ere bada antzekorik. Nahita ekarria dago nobela honetara “eltzetzu” baten semea, futbolaria, Martin Irazoki protagonistaren ezaguna dena. Guardia Zibilen belaunaldi bat nahiko errotua egon zen Seierrietan. Bertako emakumeekin ezkondu ziren batzuk eta euren seme-alabak oso integratuak daude, eta euskaraz egiten dute. Askok ez luke sinetsiko. 70etako urte haietan hasi ziren gauzak aldatzen.

 Txokolatezko dinamita (Susa, 2001) narrazio liburuaren eta Alkasoroko benta (Susa, 2013) nobelaren artean badira loturak.

Bai, Sadaba izeneko pertsonaia bat agertzen da, Pedro Lizaso alkate izan zena ere... Hari finak dira baina agertzen dira. Irakurleak nahi badu topatuko ditu. Ez da ezinbestekoa hura irakurtzea hau ulertzeko. Baina nahita egina dago, akaso Alkasoroko benta-ri entitate gehiago emateko. Lehenagotik datorrela nobela hau, eta pertsonaia batzuk han ere badirela.

 

Sexua, hiria…

Desioa, sexua da nobelako beste hari garrantzitsu bat.

Bizitzaren parte ezinbestekoa da. Eta gazte baten bizigarrietako bat, ezta? Badira begiradak, hurbiltze batzuk, harreman batzuk… Segur aski, kapitulu guztietan badira horrelako zipriztinak. Horregatik aipatzen nuen lehen: nahiz eta heriotza asko egon, nobela osoan bizia ere agertu nahi nuen, eta bizi-grina.

Hiria ere ageri da nobela honetan. 16 orrialde aski dituzu orduko Iruñea deskribatzeko. 

Kapitulu horretan mutil txulapaindarraren aurkezpena egin nahi nuen eta garai hartako denbora eta paisaia ekarri behar nituen, kontakizuna kokatzeko. Informazio gehiegi emateak beldurra ematen zidan, hotza geratu zitekeelako, kronika hutsa izan eta narrazioa desitxuratu. Opus, Alde Zaharra, greba giroa… jaso ditut, eta orduko pertsonaia batzuk ere, baina nobelaren harian natural txertatzen saiatu naiz, gaiak eskatzen zuen neurrian.

Denbora asko eskatu al dizu nobela hau idazteak?

Beti nabil idazten, baina zaila da esaten zenbat behar izan dudan. Txokolatezko dinamita (Susa, 2001) argitaratu ondoren, gazteentzako narrazio bat idatzi nuen. Aspaldi ez nuela libururik argitaratzen. Nobela honetarako materiala banuen baina ez nekien oso ondo nola egituratu nezakeen material hori guztia. Eta erabaki nuenetik, urte pare bat edo igaro dira, zaila egiten zait zehaztea. Asko egin eta desegin dut. Susakoei esker, Patxi Larrion eta Gorka Arreseri esker, epeak ipini eta eskean izan ditut, eta horri esker atera da.

Seierriei begira idazten jarraituko duzu?

Ez dakit, auskalo. Neronek ere ez dakit.

Baina idazten ari zara orain.

Momentu honetan ez, gauza bat eta beste, oso nahasia nabilelako. Baina beti aritzen naiz idazten. Lanetik aparte, nire denborapasa nire afizioa idaztea da. Ea aurkitzen dudan ilusionatuko nauen beste proiekturen bat, baina hain mantso idazten dut eta hain motela naiz.

“Idazlearen lana irakurlearen gosea aseko duen zerbait ederra egitea da”. Hori esan zenuen liburuaren aurkezpenean.  Zein liburu aipatuko zeniguke?

Ez naiz irakurle ikaragarria, baina beti ari naiz zerbait irakurtzen. Saiatzen naiz euskaraz ari diren idazle guztien lanak irakurtzen, eta euskarara ekartzen direnak ere bai, baina ez naiz ailegatzen; mantso irakurtzen dut, ahalik eta gehiena gozatzen saiatuz. Bukatu berria dut Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Susa 2013); gustura irakurri dut; ona iruditu zait, kontatzen duena eta nola kontatzen duen. Eta Jon Alonsoren Zintzoen saldoan (Txalaparta 2012) nobelarekin hasia naiz orain, gure sukaldari ospetsuen santutegietan zer dagoen jakin nahian; dena dela, aldi berean ari naiz tarteka Castillo Suarezen Urtebetetze festa (Elkar) eta Patziku Perurenaren Saski bete intxaur (Alberdania) irakurtzen; horiekin ere hagitz une atseginak pasatzen ari naiz eta ikasten ere bai.

 

Bilaketa