Solasean
Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) galera du hizpide eta ardatz Kristalezko begi bat (Susa) nobelan. Gaztetan galdutako begiaren hutsunea kristalezko begi batek bete duen moduan, bestelako galera mingarriek utzitako hutsunea literaturazko protesiaz betetzeko, bere burua, edo pertsonaia, biluztu du, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga malguarekin jokatuz.
Kristalezko begia izenburuan erabili duzu, baina izenburua baino askoz gehiago da. Zer dimentsio ditu?
Zenbait balio ditu kontakizunean: batetik, balio erreal bat, nire identitate-marka bat delako, falta zaidan begia ordezkatzen duen protesia; beste alde batetik, balio metaforikoa du, bizitzan izandako galeren edo erauzketen sinbolo gisa erabiltzen dudalako; eta azkenik, balio literarioa, literaturaren historian antzinatik eta sarritan agertzen den topiko bat delako, izan testu errealistetan, umorezkoetan nahiz lirikoetan.
Liburuan, kristalezko begia nire dibagazioen irradiazio-puntua da, narrazioa harilkatzen duen elementu errepikakorra: bertara jotzen dute edo handik abiatzen dira atal gehienak, lotura esplizitu edo inplizituagoen bidez.
Autoimitazioa kontzeptua erabili duzu kristalezko begia definitzeko. Zer esan nahi du horrek?
Autobiografiatik bereizteko erabili dut autoimitazio kontzeptua. Autobiografia curriculum vitaeren antzeko generoa da eta, normalean, ardatz kronologiko bati jarraituz antolatzen da. Kristalezko begi bat definitzeko, egokiagoa iruditzen zait autoimitazioa, abiapuntua esperientzia errealak izan arren, kontakizunean badirelako zati asmatuak ere. Errealitatearen mimesia da gakoa, ez errealitatearekiko leialtasuna. Bestela esanda, pertsonaia neu naiz, baina ez beti, eta ez naizenean, nire antza dauka, edo nire estiloan jokatzen du.
Hala esaten da azken orrietan, testuaren eta kristalezko protesiaren arteko konparazioa egiten denean: kristalezko begia ez da benetako begia, benetakoaren kopia errealista bat baizik. Antzera, liburua idaztea protesia fabrikatzearen pareko zerbait izan da. Beraz, artifizio literario bat eraiki dut, zeinaren zutarriak askotarikoak diren: bizi izandakoa, ustez bizi izandakoa, bizi nahi izandakoa, bizi gabekoa... “Paperezko ni” bat sortu da, nire niaren proiekzioen batura dena.
Begibidunak ia halabeharrez baina ez-eroso begiratu ohi dio begibakarrari. Irakurlearen ez-erosotasuna bilatu al duzu?
Ez espresuki, baina jakin dakit pasarte batzuek eragin dezaketela ezerosotasun hori, edo zirrara, lotsa, morboa, jakin-mina, baita errukia ere, edo hoztasuna, besterik gabe… irakurle bakoitzaren arabera. Erreakzio horiek mezua bereganatzen ari den hartzailearen erantzun naturalak iruditzen zaizkit.
Konplizitatea behintzat bilatu duzu. Irakurleari zuzenean hitz egiten diozu zenbaitetan. Zenbait atalen amaieran oharrak idatzi dizkiozu. Bukaeran azalpenak ematen dizkiozu. Irakurlea kontrolatu nahia al dago horren atzean?
Konplizitatea bai, bilatu dut, enpatia. Hasiera-hasieratik, koaderno intimo hori idazten hasten denerako, narratzaileak itun moduko bat proposatzen dio irakurleari: “zu” bati zuzentzen zaio. Identifikazioa posible den heinean, arreta eskatzen dio, azalpenak eskaintzen, galderak egiten, zalantzak aurkezten, baita justifikazioak ematen ere, beste aldeko entzule isilaren aurrejuzkuak eta kritikak sumatzen dituenean.
Lehen pertsonan mintzatzen zarenean, azpimarratuz, gainera, zeure buruaz ari zarela, aukera bi dituzu: edo autozentsurarantz jo, edo aitorpen erradikalerantz. “Zu” bati zuzentzeak, apelazio hurbilak, lagundu egin dit adierazteko askatasuna berresten, intimitatea partekatzeko tonua ematen zidan. Irakurle eroapentsua edo neure parean dagoen persona bat irudikatu izan ez banu, oin-ohar guztiak, adibidez, kendu egingo nituzkeen.
Hala ere, irakurlearen ulerkortasun hori ez zitzaidan nahitaezkoa egin une batetik aurrera. Behin biluzteko urratsa emanda, ondorio guztiekin izan behar.
Errealitatearen eta fikzioaren arteko banalerroa lausoa da liburuan. Autoerretratua, Adin arriskutsuaz edo Ispilua atalek oso autobiografikoak dirudite, esaterako. Pertsonaiak Miren Agur Meabe bera dela sinetsarazten die irakurleei. Eta amaieran bat-batean irakurlea zalantzan jartzen du. Zer da hori? Irakurlearekin jokatzeko modu bat? Ala zeure burua babestekoa?
Irakurlearekin jolasteko asmorik ez neukan, baina bai, bukatzerakoan igarri nuen halako obligazio bat irakurleari abisua emateko, kontatutakoa ez dela ehuneko ehunean kontatu bezala. Esaterako, hausnarketa batzuk kontestualizatzeko, eszenatokiak eskaini beharra neukan. Ez dago leku-denbora-ekintzen batasun erabatekorik. Baina hori ez dago kontraesanean esandakoaren zintzotasunarekin.
Irakurleari galdetzen diodanean ea hitzez hitz sinetsiko duen kontatutako guztia, hauxe adierazi nahi dut: zeuk ipini behar duzu errealitatearen eta fizkioaren arteko banalerroa, nahi duzun tokian, eta egiten ez baduzu ere, ez du axola.
Liburuaren sarreran bada Coeetzeren esaldi bat: “Eta denok bagara fikzioen sortzaileak? Eta denok asmatzen badugu gure bizitzaren historia?”. Ideia hori da funtsa: pasadizo arrunt bat emaitza literario bihur daiteke; eta gainera, probablea da geure bizitza kontatzean bertsio libreak egitea, nahita edo nahiezta.
“Adibide barregarria naiz bipiltasunari dagokionez. Oraingoan, euskal poesiaren larrosa ez doa urrunago igeri. Txistua jo diezaiotela merezi du”. Hainbatetan zeure buruari/pertsonaiari egurra ematen diozu, autokritika gogorra egiten. Kritikaren beldur ala kritika eske?
Pertsonaia bere burua aztertzen ari da etengabe, aldikada txarra pasatzen ari delako. Nolabait, ispiluari begira dago, bai bere izatea onartzeko, bai hortik sorkuntzara jauzi egiteko. Ekintza paraleloak dira: testua idazlearen produktua den bezala, idazlea ere testuaren produktua da. Beste behin ere mugez, ajeez, ezintasunez eta zailtasunez ohartuta, irribarre mingotsa egiten dio bere buruari. Esaldi hori ironiaren adibide bat da. Beste momentu bat aipatzearren, Meibik —poeta denez gero— bere buruaz bertsotan hitz egiten duenekoa.
Zeure burua biluztu duzu. Eta jendeak biluztasuna bakarrik ikusten badu, biluzteko moduari erreparatu gabe? Pertsona ikusten badu idazlea ahaztuta?
Izan ere, biluzketak izaten du arrisku-puntua, iruzur-puntuarekin batera. Idazleak top less egin du batzuetan; fotoglamour besteetan (aldizkari espezifikoetan kolorezko laino artean eta dekoratu tematiko batekin egin ohi dena), eta larrugorri huts ere geratzen da batzuetan, biluzi frontal eta integrala. Zein da biluztearen xedea? Kasu honetan, bizitza pribatu arrunt bat —beste askorenaren antzekoa izan litekeena— balorizatzea, literatura eginez.
Biluztasuna nola interpretatuko zuen irakurleak, exhibizionismo komertziala ikusiko ote zuen, edo egilea ezagutzeak traba egingo ote zion istorioa sinesteko, eta horrelako kezkak izan nituen, neurri batean. Zalantzak zalantza, garbi neukan nire literatur proposamenaren muina zintzotasuna eta errealismoa zirela.
Testu hau “kristalezko ispilu bat” da, “markoa patchwork estilora egina”. Azalduko al zenuke zergatik?
“Kristalezko ispilua” diot nitasunaren literatura dela adierazteko, norbera islatzen duena; eta patchwork estiloa, atalka egindako lana dela dela azpimarratzeko. Izan ere, nobela deitu badiogu ere, testu hau koaderno edo eguneroko pribatuaren generoan koka daiteke, eta horiek ere zatika osatzen dira, pasadizoak, gogoetak eta iritziak arian-arian idatziz, egitura narratibo sendo baten premiarik gabe.
Antzera, patchwork teknika oihal zati solteak jostean datza osotasun harmoniko bat lortze aldera (bide batez esanda, txatalak aprobetxatzea edo berziklatzea ere izaten du helburu). Ideia horrek lotura zuzena dauka beste atal batean bizitzari buruz esaten denarekin: “Collage bat dira dagozkigun gertaerak, osatzen den heinean zentzuz betetzen den historia orokor baten atalak: zatiak josi ahala grazia hartuz doan soineko bat da bizitza”. Testua bezala, work in progress eran ematen da eta. Beste une batean ere, protagonistak gurasoen etxean bere antzinako argazkiak topatzen dituenean, “organismo biografiko baten zelula solteak” direla esaten du. Mosaikoaren kontzeptua da idazlanari dagokiona, ez nobela-nobelarena.
Begiaren inguruko kontuak deskribatzeko tonu zientifikoena, aseptikoena erabili duzu. Galera eta min fisikoak idaztea bestelakoak adieraztea baino errazagoa al da?
Askoz errazagoa. Gogoetak, inpresioak, usteak, pentsamenduak eta abar zehaztasunez azaltzea guztiz astuna eta korapilotsua egin zait. Kontu abstraktuek hainbat ñabardura izaten dituzte, eta hitzak ia ezgauza dira batzuetan horiek deskribatzeko.
Hainbat idazleren eta musikariren aipuz eta erreferentziaz beteta dago nobela. Zergatik?
Eduki metaliterario handiko liburua da. Esaldi horiek zerikusi zuzena dute pertsonaiaren premiekin eta ziurtasun-nahiarekin. Autoritate-argudioak dira, nolabait, bere iritziak bermatzeko. Sarritan, inoren esaldiek ematen digute argitasuna gure bizitzaren edota gure ekintzen zergatiak geure buruari azaltzeko. Badute abantaila bat: idazle jantziaren itxura ematen dizutela… Eta desabantailak ere badituzte, zure mediokritatea nabarmentzen baitute.
“Eta galdu-irabazien balantzea egiterakoan, ezin baieztatu begi batek ments duena besteak jasotzen duenik, ez ikusmenean, ez distiran”. Baina zuk galerei eta horiek eragindako minari etekina atera diezu, literarioa behintzat.
Horixe zen helburua. Zentzu horretan, liburuak izan du, batetik, alde terapeutikoa, nahiz eta gutxi gustatzen zaidan termino hori, badirudielako asmo artistikoa deskarga emozionalaren azpitik geratzen dela. Bestetik, prozesu aberasgarria izan da, idazkera trebatzeko balio izan didana. Literatur proposamen serioa egin nahi izan dut; bestela ez nien garratzirik emango planteamenduari, egiturari edota hizkuntzaren erabilerari.
“Ez dakit nora eramango nauen 2011ko irailaren 9an hasitako esperimentu honek”. Orain ba al dakizu?
Neure buruari jarritako erronka bete nuen. Lan nekagarri bezain aberasgarria izan da, eta pozik nago harrera zabala eta beroa izan duelako, orohar. Laster, gaztelaniaz paratzeari ekingo diot, datorren urtean argitaratzeko. Ondoren zer etorriko den ez dakit. Emango dit bizitzak zertaz idatzi, orain arte bezala.