Solasean
Susa argitaletxearen eskutik atera berri du bere azken poema-liburua Hasier Larretxea (1982) idazle nafartarrak.
Urruntze hori emozionala da?
Urruntzea kapa askotakoa da liburu honetan. Geografikoa, bai —aspaldi bizi naiz Madrilen, sorlekutik aski urruti—, baina batez ere emozionala eta sinbolikoa. Izan ginen pertsona hartatik urruntzea, gertatu zenarekin batere distantzia hartu gabe genituen begiradetatik urruntzea, eta paradoxikoki, distantzia horri esker, sorterrira eta haurtzarora itzultzeko bidea kausitzea. Esan nezake liburuaren bidaia honakoa dela: haurtzaroan markatutakoa, helduaroan korapilo bilakatua, eta orain, urteen joanarekin, korapilo horiek askatzen edo bederen ulertzen saiatzea.
Anbibalentziak badaude; emozio ilunak eta mingarriak batetik, itxaropentsuak eta ederrak bestetik. Dolu edo erresistentziarako liburua da?
Biak, ezinbertzean. Eta hori da, hain zuzen, liburuaren tonua ulertzeko gakoa, nire ustez. Dolurik gabe ez dago itzulerarik posible, eta erresistentziarik gabe ez dago dolurik osatzerik. Lehen ataleko poemetan minak, debekuak eta isiltasunak agertzen dira; bigarrenean korapiloen indarrak, leinuaren pisuak, askatu ezinezkoak; eta hirugarrenean, aldiz, galderak hasten dira lekua hartzen, eta galdera horiek beraiek dira zauria irekita eta arnasten mantentzen dutenak. “Lurrik ospelenean ere beti loratzen da zerbait”, diot poema batean, eta hori da nire abiapuntua: iluntasunari begiratu, baina argira lerratu. Dolua, beraz, bai, baina dolua bizi-keinu gisa, ez kondena gisa.
Garena ezabatzeraino bizi gara? Ahanztura da patua?
Galdera ederra eta gogorra da. Liburuan diot, “atzentzea bertze koordenatu batetik oroitzea da”. Hor sinesten dut. Memoria ez da artxibo zehatza; memoria etengabe berridazten den mapa bat da, eta gauza batzuk lurrundu egiten zaizkigu beste batzuei tokia egin diezaieten. Ez dugu dena ezabatzen, baina ezta dena gordetzen ere; gabeziek seinalatzen digute zer izan zen garrantzitsua. Bizi gara, beraz, geure burua etengabe galtzen eta berreraikitzen.
Hurrengo bertso hauek oso ondo laburbiltzen dute liburuaren norabidea: “Badira berriz / zeharkatuko ez ditugun bideak, / harresi bilakatutako haurtzaroko itzuliak / ohartu gabe / jarraitu gaituzten esku, begirada, keinuak (...)”.
Bai, poema horrek hagitz ondo biltzen du liburuaren bihotzean dabilen tentsioa: zer eraman dugun guregan ohartu gabe, eta zer utzi dugun bidean atzera. Haurtzaroko keinu askok, esku askok, begirada askok markatu gaituzte, baina ez ditugu beti antzeman; harresi bilakatu zaizkigu nahi gabe. Eta poema horrek gero galdetzen du “bilakatuko ote gara, gu ere bai, oraino ezezagunak zaizkigun dimentsio horietako xuxurlen mugimendu?”. Ardatz etikoa da: ondorengoengan ere zer eragiten ari garen, gehienetan oharkabean. Herentziaren karga aitortzea da, eta aldi berean, kate hori non eta nola eteten den galdetzea.
38 testu dira guztira, poema labur zein luzeak. Laburrenen artean, baten bat hitz bakarrekoa ere. Estiloari dagokionez oso dinamikoa, beraz...
Aitor dut hor Susako editoreek erantzukizun handia dutela. Liburua soiltzen joan ginen, geruzak kentzen, soberako belar txarrak kentzen. Lehengo poesia liburuetan bertso-lerro luzeagoak erabili izan ditut; honakoan, aldiz, lerro labur eta biziagoa bilatu dut, eta bide horretan ageri da poemen luzera-aniztasuna ere: hitz bakarreko bertso-lerroek beren bakardadea behar zuten poema baten erdian, eta beste batzuek aldiz arnasa luzeagoa eskatzen zuten. Erritmoaren auzia da, baina estetikatik harago doana: liburu honetan poesiaren bidez etxera itzultzen ari naizen heinean, sotiltasuna eta zehaztasuna behar nituen. Hizkuntza tenkatu, baina hautsi gabe. Zerrenda-itxurako poemek, hitz bakarreko lerroek eta unitate gisa funtzionatzen duten poema luzeagoek elkar elikatzen dute.
Korapilatutako hariak izenburuak Joseba Sarrionandiaren Ariane poeman pentsatzera eraman nau.
Eskertzen dut irakurketa hori. Sarrionandiaren Hariak hor dago, oihartzun gisa, dudarik gabe, nahiz eta ni ez nintzen abiatu Sarrionandiaren poeman pentsatuz. Baina euskal poesiagintzan hari-irudia dabilenean, Sarrionandiaren oihartzuna ekiditea ez da erraza, eta agian ez du zentzurik ere ekitea. Niretzat Korapilatutako hariak bertze gauza bat ere bada, ordea: hari fisikoa, soka, gerizpean dauden estekak, askatzen ez ditugun nudoak. Atal horretako poema zentralenak —“korapilo batek bertze bat dakar hari eginda”— erritmo zentrifugoa du, errepikapenak, espazio gabeziak. Hor erran nahi nuen korapiloek egin gaituztela: leinuz, mamuz, salbatzailez, heroiez. Eta era berean, korapiloek elkarrekin mantentzen gaituztela; horiek askatzeak askatasuna ekarriko liguke, baina baita lotura galera ere.
Erosoago zaude euskaraz idazten? Zerk eramaten zaitu hizkuntza bat edo bestea erabakitzera idazterakoan?
Bi hizkuntzak nireak ditut, baina sentitzeko eta sortzeko bide desberdinak dira. Ez dut hizkuntza bat hautatzen liburu bakoitzaren hasieran, hizkuntzak berak hautatzen nau gaiaren arabera. Liburu honetan, esate baterako, sorterria, haurtzaroa eta familia-ondarea ardatz nagusiak izanik, euskara -eta Baztango nafarrera, zehazkiagoezinbertzeko egin zait: hor bizi dira hitzak beren ehuneko ehunean. Klorodun itzalak atala euskaraz baino ezin nezakeen idatzi, oroimen hori euskaraz bizi izan dudalako. Aldiz, beste liburu batzuetan, Madrilen idatzitakoetan edo bertze gai batzuk lantzen ditudanean, gaztelania zait hizkuntza erosoagoa edo egokiagoa. Hizkuntzaren auzia, niretzat, ez da hautu intelektuala, ozeanoan zein urtetan eta zein tenperaturatan murgiltzen zaren bezalakoxea baizik.
Nola idazten du Hasier Larretxeak? Nolakoa izan zen liburu honen idazkera prozesua?
Hainbat urtez landutako liburua da hau. Bertsoak biltzen eta zizelkatzen aritu naiz, batere presarik gabe, eta bidean asko izan dira atera ditudan poemak, baita beste batzuei tokia egin diezaieten ezabatu ditudan irudi eta lerroak ere. Liburuaren parte handi bat 2024an gertatu zen prozesu pertsonal handi baten ondotik landu eta hauspotu zen: hamabost urtez osasun mentalaren arloan komunitatelanean jardun ondotik, errutina horretatik eta produktibitatearen katetik atera nintzenean. Distantzia hori funtsezkoa izan da. Idazteko, naturarekin eta paisaiarekin solasean jartzea behar dut, eta horregatik liburu honetan paisaia ez da agertoki hutsa, kartografia intimoa baizik. Beste alde batetik, Susako lantaldearen lana azpimarratu nahi dut: editoreekin batera hasi nintzen geruzak kentzen, lerroak fintzen, soberakoa kentzen. Liburu hau patxadaz idatzia da, talkarik gabe, zehaztasun gehiagorekin. Eta horregatik diot -eta hau ez da esajerazio bat- euskaraz argitaratu ditudan poesia liburuen artean honako hau dela muin edo hezurrera doana.