literaturaren zubitegia

1.115 idazle / 5.318 idazlan
7.854 esteka / 6.605 kritika / 1.828 aipamen / 5.585 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Aritz Gorrotxategi
KMK-Poesialeku, 2026-03-18
[iturburua]
Hasier Larretxea:
«Euskaraz argitaratu ditudan poesia liburuen artean honako hau da muin edo hezurrera doana»

Hasier Larretxearekin (Arraioz, 1982) aritu gara solasean Guztia urruntzea da poema-liburuaz (Susa, 2025).

Ibilbide ez ohikoa egin duzu, euskara zein gaztelera tartekatuz. 2001ean Iruñea hiriko lehen poesia saria eskuratu zuen Eguraldi lainotsua hartatik, iaz kaleratutako Guztia urruntzea da artekoa, oraingoz. Zer esango lioke orduko Hasierrek gaurkoari, eta zer gaurkoak orduko hari? Ispiluan begiratuta, elkar ezagutuko al zenukete?

Egia erran, ez nuke erranen pertsona bera garenik. Urteek, zorionez, begirada zabalerazteaz gain, heldutasun eta sosegu haundixeago batetik begiratzen diot orduko “h”-rik gabeko Asier hari, eta harik eta gehiago, produktibitatearen katea 2024ko azaroan puskatzea lortu nuen ondotik. 15 urtez, osasun mentalaren arloan gizarte hezitzaile eta langile moduan, etxez-etxeko atentzioan garatzen nuen lan komunitarioa krisi pertsonal baten ondorioz gibelean utzi nuen, eta horri esker, barne bidaia sakon bat egiteko aukera izan dut. Nahitanahiez egindako prozesu pertsonalarengatik, gainera, gehiago urrundu naiz izan nintzen pertsona hartatik. Errutinaren dinamika aldarazi eta zugandik espero den horretandik urruntzen zarenean, iragan batean normaltasun batekin bizi zenituenak bertze prisma batekin ikusten dituzu, ezinbertzean.

Zure ibilbide ez ohikoa aipatu dut arestian. Badago beste berezitasun bat. Zure ia liburu guztiak argitaletxe ezberdinetan kaleratu dituzu. Euskaraz, Alberdanian, Ereinen, Pamielan, Balea Zurian edota Susan argitaratu duzu. Zerbait bilatua izan da edo horrela egokitu da?

Liburu bakoitzak hartuko zuen etxe desberdin bat bilatzea izan da xedea, nolabait. Aitor dut, eta euskaraz poesia argitaratzeak dituen zailtasun eta erronkak kontuan hartuta, nire aldetik hautu bat izan dela, eta argitaletxearen arabera, bidaia ere desberdina izan da. Hori bizi nahi nuen. Hermetikotasun batetik atera. Liburua lantzeko prozesua, komunikazioa, lan egiteko moduak, dena baita desberdina. Guzti hau erranda, poz-pozik nago azken liburua Susan argitaratu izanagatik.

Liburura etorrita, zure ibilbidean ohikoa den bezala, paisaiak leku berezia hartzen du. Paisaia ez da atrezzo edo agertoki hutsa, gure memoriaren zatiez elikatzen den izaki bizidun bat baizik.

Hala da, bai. Niretzat paisaia ez da gehigarri hutsala. Izatean, esentzian, lainopeko memorian daramadan mapa bat da. Kartografia intimoa da niretzat paisaia. Eta paisaiaren argi-ilunak. Niri, gainera, bertze hainbat sortzaileei bezalaxe, naturak buruan bueltaka darabilkidan galdera, irudi edo errepikapenei erantzuteko modu bat da, elementu horiei esker, forma bat eman eta solasean jartzeko aukera ematen dit. Bizitzarekin mintzatzekoa. Barne mundua eta kanpoko mundua kosmos bat da. Bat gara. Azkenean, sinbiosi horretan gaude, gara, idazten dugu, arnas-hartzen dugu, usaintzen eta sentitzen dugu. Erran bezala kanpoko geografia barnekoarekin uztartzen den haurtzaroko bidegurutze horretan abiarazten da Guztia urruntzea da.

Urrundu egin zinen aspaldi Euskal Herritik, eta Madrilen ematen duzu denbora asko. Baina zure azken lanetan, eta Guztia urruntzea dan bereziki, badirudi itzulerako bidea hasi duzula, zauriak ixten hasi direla edo zure iraganarekin bakeak egiten ari zarela. Nor garen, nondik gatozen, zer izan nahi dugun benetan, zerk konfiguratzen gaituen… Sorterria tentsioz betetako lehergailua izan daiteke. Baina poema batean diozun bezala, “izan ginen horretan guztian amarratzerik ez badugu nola estutuko dugu hurrengo korapiloa?”. Kontraesan horrek bizi gaitu.

Duela urte batzuk hasi nuen itzulerako bidea, nahiz eta zuk hain ongi adierazi moduan, honakoa den hori isladatzen duen lehen liburua. Erranen nuke, gainera, gurasoekin batera eskaini emanaldi performatibo horietan zerbait puskatu zela nire baitan, edo zerbaitek durunda egin zuela. Distantzia hor zegoen, haundia, eta bizitzak Madrilera eraman ninduenez, hor erroitze haundia sentitu nuen sorterriaren eta nire artean. Arras ongi etorri zitzaidan dolu hura, gero, aldaketa hortatik bizi, sentitu eta idazteko. Iraganeko maskara horiek idazle bezala ere erauzi ditudalakoan nabil, eta horrek on egin dio nire poesiari. Lehen lanbroa zegoen tokian, orain argi izpi batek zeharkatzen du laino hori. Iraganeko artifizioaren tokian, esentziek hartu dute tokia. Hizkuntza hainbertze tenkatzearen poderioz, poemaren oreka baten soka hausteko aukera gehiago daude. Orain, patxada eta goxotasunez korapiloak egin eta desegiten nabil, talkarik gabe, prezisio haundiagoarekin.

Liburuan pisu berezia dute haurtzaroak, zure baitako ahots kolektiboek, partekatutako esperientziek, garaiko debekuek… Ondo iltzatuta geratzen zaizkigu haurtzaroko kontuak, eta gurekin daramatzagu nahi baino sarriagotan.

Sentitzen dut haurtzaroak eta garai haietan bizitutakoek zeharkatzen nautela. Kontzientziarik ez nueneko haiek dira aski zirraragarriak, bizitza deskubritzen abiarazten ginen haiek, hain justu. Gainera, ez genuen heldutasunaren konbentzioen berririk, eta gustora ibiltzen ginen, libre, laisterka, herrian goiti eta beheiti, hainbat erantzun, lelo, errepikapen, isiltasun, ulertu gabe. Segur aski, denborarekin, ez ditugu galdera guzti haiendako erantzunik kausitu, baina bederen, zenbait gauza ulertzeko aukera izan dugu. Liburu honetan, eta oharkabean badago komunitate baten ahotsa, nahiz eta hasiera baten nirea izan. Isiltasuna puskatu eta solasean hasi garen heinean, azkenean, hainbat bizipen eta esperientzia bertsuak izan dira. Haurtzaroan eta katolizismo hertsi baten ondorioz, hainbat debeku eta hori baino gehiago gogoan dut: beldurraren doktrina. Eta horrek pisu haundia izan du urteak geroago. Isiltasunak ere zeharkatuak izan gara. Ezin zenuen marra zuzenetik atera. Horrek ondorioak zituen. Txutxumutxuak eta seinalamendua. Eta hortik ateratzen zarenean, orduan bai, zure baitako kateak puskatzen dituzunaren sentsazioa duzu. Niri, Madrilek eman zidan. Zalantzarik gabe, distantziak.

“Historiari goroldioa hasi zitzaion” diozu poemetako baten hasieran. Gauza estatikoa eta mugiezina bihur daiteke historia, baina zeure baitako zuhaitzek hazten eta garatzen jarraitu dute. “Talkan aurkitzen gara” diozu poemetako batean. Mugimendua gara, isurian goaz.

Badaude haurtzaro eta gaztaro hartatik nire iruditerian mantentzen ditudan zenbait irudi, literatura landu ahal izateko baliagarriak suertatzen zaizkidanak. Eta horien artean, goroldioarena. Gozoa da ukimenari dagokionez, eta niretzat mugimendurik gabeko guzti horri islatzen du. Goroldioa, maskara baten gisan irudikatu dut. Goroldioarekin batera, herdoilaren kontzeptua ere presente dago. “Inoiz ez dugu/jakin zer egin/herdoilarekin” bertsoekin ixten da liburuko bigarren poema. Genealogiaren pisuari egiten dio, bertzeak bertze, erreferentzia. Talka horri esker, bertzalde, egiten du liburuak aitzina eta haurtzaroa gibelean uzten doan heinean eta bigarren atalean sartu ahala, bete-betean indar zentrifugo desberdinekin moldatu beharrari ekiten dio liburuak “Korapilatutako hariak” atalean.

Iraganarekin egindako konfrontazio horrekin, alde positibora jo duzu, bizitzak eskaintzen dituen irakaspenetara. Esaterako: “Erorketek zutitu ginela oroitarazten digute”, “Minak egin gaitu” edota “Lurrik ospelenetan ere beti loratzen da zerbait”. Urratzen gaituenak osatzen al gaitu?

Bai eta ez. Auzi konplexua delakoan nago. Halaber, urratzen gaituen edo kontra sentitu dugun horrek gure baitakoekin konektatzera edo horiek arakatu eta deskubritzera eraman gaitzaketela uste dut. Nahiz eta pertsona onbera izan, eta alderdi sentikorrago hori amaren aldetik jaso dudan, beti izan dut aitaren argitasun pixka bat edo determinazio hori, funtsezkoa dena, aitzinera pausoak eman ahal izateko babesten edo laguntzen ez zaituen ingurune batean, gehiago. Bizitzaren energia ilun eta txarrei begiratzea baino, argitasunerantz lerratzea da funtsa. Iluntasunetik urrun egotea eta gure baitakoak zaintzen jakitea. Erorketez eginak gaude. Zuloez. Galdutakoez. Sufritutakoez. Baina baita deskubrimentuz, ospakizunez eta maitasunez ere. Irria eta poza aldarrikatu eta trebatu behar direlakoan nago.

Beste poema batean, berriz, honela diozu: “Desafinatzea gure ukapenik handiena izan da”. Azaldu ahal diguzu zehatzago irudi horren nondik norakoa?

Karkarkar… Ama ez da sobera ona izan mezetan kantatzen. Eta hortik dator nire anaiaren eta nire broma. Gerora, nik, nahiz eta musika izugarri maite eta badudan honen inguruko jakintza, ez dut kantatzeko inongo abileziarik. Zerbait kantatzen hasten naiz eta, amak bezala, desafinatzen dut. Horrez gain, amari kostatu zaio barnetik kantatzea. Esentziatik. Sentitu izan duenetik. Urteekin, gainera, herrian eratutako elizkizunen inguruko dinamiketatik urrun sentitu da, zorionez. Fedearen edo esentziazko espiritualtasun bat lantzetik baino, handinahien pasarela bat zen. Hortik abiatu naiz ni, baina bertso-lerro horrek bertze irakurketa batzuk izan ditzake edo izan beharko lituzke. Desafinatzeak espero den horretatik ateratzen gaitu, nire ustez.

Izenari eta hizkuntzari garrantzi handia ematen diozu. Mimoz eta tentu handiz aukeratu dituzu liburuko hitzak. Hitz horien atzean badago aspaldiko zerbait. Metafora gisa sortu ziren hitz eta kontzeptu asko, istorioz eta mitoz josita daude.

Mila esker, Aritz! Lehenago zamatuegiak zeuden bertso-lerro horien tokian, saiatu naiz belar txarrak kentzen eta hitzen soro edo lorategi hau ahalik eta gehien zaintzen. Badago sinbolismoa, badago esentzia. Euskaraz argitaratu ditudan poesia liburuen artean honako hau da muin edo hezurrera doana. Saiatzen naiz inguruko elementuekin solasean jartzen eta hor, tentsioa, edertasuna, finitotasuna, dudak azalerazten, forma ematen. Espero dut irakurleek zuk diozun guzti horiekin bat egitea!

“Zerbait eraldatzea ez da hura birrindu nahi izatea”, diozu poema baten amaieran. Aldaketak, urtaroak bezala, mantso datoz gehienetan. Gaztetan, akaso, presaka gabiltza, eta birrintzera jotzen dugu gehiago. Baina patxadaz begiratzen eta gauzei neurria hartzen ere ikasi behar da. Denboraren joanak eta bizi-esperientziak ere laguntzen dute horretan.

Guztiz. Guzti horren emaitza da honakoa, egia erran. Talkaren tokian, ulermena dago orain. Tentsioa zegoen eremuan, zabaltasuna. Azken finean proiektatzen dugun guzti hori ere bagara. Justuki, hortaz Miren Asiain Lora margolariaren azal zoragarriak isladatzen du hain ongi liburua. Bertan, argi-islada bat ikus dezakegu eskuin aldean, eta loredun irudiz osatutako kortina ezkerrekoan. Haurtzaroko indar eta inozentzia haundia du liburu honek. Guzti horiekin konektatzen saiatu nintzen. Nerabezaroak dena ilundu eta aldarazi baino lehenagokoekin.

Egitura aldetik, zure aurreko lanetan bertso-lerro luzeagoak erabili izan dituzu; honako honetan, berriz, lerro laburragoa eta biziagoa bilatu duzu. Aldaketa horretan badago, akaso, alderdi estetikoaz harago doan zerbait…

Aitor dut hor Susa argitaletxeko editoreek badutela horretan erantzunkizuna. Joan ginen liburua soiltzen, liburuari geruzak kentzen eta beharrezkoa ez zena alde batera uzten. Adierazi nahi nuen guztia liburuaren baitan dago, baina bertso-lerroen eraikuntza aunitz fintzen joan gara, argitaratutako liburuaren emaitzera iristeraino. Eta zuk ongi aski dozun gisan, ez da auzi estetikoa bakarrik, azken finean, eta erran bezala poesiaren bidez etxera itzultzen naizen liburu honek sotiltasun horretatik behar zuen. Eta biziki maite dut, bertzalde, arras gustoko dudan galderez osatutako poema horrekin liburua ixtea, azken finean, “Sua itzaltzen bada”, azken atalean, haurtzaroa eta korapiloak iragan ondotik, sorterrirainoko bidea egiten baitut. Nire irudikoz euskaraz idatzi poemarik gogoangarri edo finenak liburu honetan biltzen joan naiz.

 

Bilaketa