Solasean
Fikziozko liburu batetik abiatutako 31 kritika jasotzen ditu Harkaitz Canoren Silueta eleberriak (Susa, 2025). Literaturatik abiatuta, hamaika gai ukitzen ditu; besteak beste, hizkuntza, feminismoa eta gatazka armatua. Idazleak eta biok Donostian jarri dugu hitzordua, eta, gida-orri itxirik gabe, gai batetik bestera aritu gara, literaturak jasotzen dituen errealitateez eta errealitatean gordetako literaturaz.
Berria-ko elkarrizketan aipatu zenuen bazeneramatzala urte batzuk liburuaren kontzeptua buruan. Zergatik ekin diozu orain?
Kapritxo formal bezala sortu zen, baina gai egokia behar nuen horri heltzeko, eta urteak joan ziren bahiketaren kontua bururatu arte. Batetik, amorragarria iruditzen zitzaidalako gatazkaren gaira bueltatzea, nahiz eta behin eta berriz egin hala. Baina, bestalde, oso pertinentea zen, bahitua egongo zena, kasu horretan, nobela izango zelako. Ja ez zen estilo-ariketa hutsa, baizik eta harago zihoan zerbait.
Hirugarren akuilua izan zen izenburua topatzea. Zuloaren ifrentzua da silueta: hitzak bere barruan darama zuloa. Hiru erpin horiek ikusi nituenean, esan nuen: orain bai.
Bahiketaren gaia aukeratu duzu ez dagoelako hura lantzen duen pisuzko libururik euskal literaturan.
Liburu honen hazia da idatzi ez ditudan, edo ez ditugun, edo idatzi ezin diren liburu horien gainean aritzea. Esan dezagun zeintzuk diren idatzi ez ditugun, idatzi ezin ditugun liburuok; eta, behintzat, hari bezala utz ditzagun, norbaitek inoiz horiek idazteko indarra balu ere.
Zein izan da ariketa: halako zerbait idatziko balitz, euskal gizarteak erantzungo lukeen modua imajinatzea, edo gure gizartearen alderdi zenbait desberdin irudikatzeko lizentzia hartzea?
Badago, alde batetik, memoria-ariketa bat, zentzu batean, badaudelako urteetan heldu edo bururatu zaizkidan kritiken zatiak. Eta, bestetik, jolas ere egin dut: aurresaten saiatu naiz, beste zenbait gauza idatzi banitu, zer erantzun legokeen euskal kulturaren jendartean. Euskal hizkuntzatik aldenduta ere, kritika bat baitago liburua gaztelaniara itzuli ondoren egiten dena, kasu. Erantzunean sakondu nahi izan dut.
Horrez gain, lizentzia handiena da kritika kopurua eta haien luzera. Estepan Urkiaga Lauaxeta-ri 31 kritika egin zizkioten, baina azken urteetan oso arraroa da edozein liburuk, arrakastatsua edo polemikoa izanagatik, bost edo sei kritika baino gehiago izatea. Eta, gero, niretzat tragikoa da oso laburrak direla. Hasieran saiatu nintzen gauza errealista bat egiten, kritiken luzera estandarra hartuta, eta ezinezkoa zitzaidan ariketa egitea. Hori urteekin gertatu den zerbait da: Lauaxetaren garaian kritikak askoz ere luzeagoak ziren, eta horrek ahalmentzen zuen gauza bat eta kontrakoa esan ahal izatea kritika beraren barruan. Gaur egun, berriz, sintesi-ariketa izugarria dira.
Horri tiraka, identifikatu duzu kritikaren funtzioa definitzeko alderdi edo gakorik?
Ez daukat definizio hertsirik. Oso ariketa zaila iruditzen zait, baina bai iruditzen zait kritikariak bere herrenak erakutsi behar dituela, eta ez ezkutatu. Horrez gain, estimatzen dut kritikariak denboran irautea, irakurle bezala harremana garatu ahal izateko harekin, urteetan eta norbere herrenak eta gustuak erakutsita. Subjektibitate horri denboran eutsiko zaion promesan, nolabait. Baina hori ere gutxitan gertatzen da.
Azkenik, literatur-lana garaian kokatzeko ere eskatzen diot. Ez da bakarrik literaturaz asko dakien norbait literatur-lan baten autopsia bat egiten aritzea, baizik eta liburu horren pertinentzia: nola lotzen den gaur egungo gizartean eta kulturan dauden beste diziplinekin eta gertatzen ari diren gauzekin.
Euskal Herrian nahiko urriak dira kritika eta elkarrizketa literariorako espazioak. Zer arrisku ikusten diozu horri?
Pena ematen dit ez egoteak elkartruke gehiago. Ez daukagu tradizio dialektologiko hori literaturaren gainean luze eta lasai hitz egiteko. Hor dagoen arriskua da epaitzea, eta epaia nahastea kritikarekin. Eta ez da gauza bera. Oso erraz despatxatzen ditugu gauzak. Nik uste dut hor sartu behar direla beste aldagai batzuk: gustatzeaz gain, sortu dizun interesa, adibidez.
Zinemaldian urtero egiten dut ariketa hori: neure buruari galdetzen diot aurreko urtean ikusitako 30 pelikuletatik zenbat oroitzen ditudan. Normalean, oso gutxi izaten dira. Horren arrazoia ere bada gauzak ikusten edo irakurtzen ditugula eta gero ez diegula barneratzeko denborarik eskaintzen. Ez dugu konpartitzen ikusi dugunak eragin digunaren zirrara, edo nazka, edo haserrea, horien zergatia, ea hori konpartitua den edo ez den… Kritikak horretarako ere balio du: espiritu kritikoa garatzeko, izan dadin bizitzako erreminta bat.
Eta aldarrikatzeko arteari eskatzen dioguna ez dela soilik denbora-pasa, ez?
Bai. Oraingo telesailak, adibidez, pentsatuta daude adikzioa sortzeko, jakina, baina baita azkar ahantz ditzagun ere. Amua daukate, baina, horrez gain, inofentsiboak izatearen segurtasuna ere bai. Izan ere, behin zerbait inofentsiboa ikusi duzularik, prest zaude hurrengo amuari heltzeko. Aldiz, benetan barruak mugitu badizkizu, pentsatu egin behar duzu jasotako horri buruz. Eta hori gaur egungo streaming etengabeari ez zaio errentagarria. Beharbada, kritika ere bada filtro bat gauzak moteltzeko. Kritikarik ez badago, gauzak azkarregi doaz.
Eta elkarrizketa-falta horri aurre egiteko, zer modu bururatzen zaizkizu?
Uste dut aprobetxatu behar direla dauden foroak, eta berriak sortu. Espazioak badaude, gertu gaude elkarrengandik.
Hori dugu ederra, baina baita arriskua ere, ezta? Ez baita erraza horrela iritzia ematea.
Bai, gure kasuan, gertuegi gaude pertsona guztiengandik kritikarako. Horrek zerikusia dauka denborarekin, estentsioarekin eta aditzeko gaitasunarekin. Oso bortitza denean iritzi bat, zintzotasun mota hori baino, hobea da lanari denbora bat eskaintzea, eta angelu ezberdinetatik begiratzea. Izan ere, hamarretik zortzitan, irakurri duzun liburua ez zen une horretan behar zenuena. Oso zaila da bete-betean asmatzea. Hori horrela izaki, zeure buruari galdetu behar diozu liburu horrek zer ekarri dizun, zergatik ez zen momentua, momentua ez izateak zer esan nahi duen zure momentuari buruz… Hainbat irakurketa atera daitezke, ez direnak esatea: “Kriptikoa da, irakurrezina. Hobe zenuke…”. Egin behar ez den zerbait da juzgatu eta aholkuak eman liburuarekin izan duzun talkari buruz hausnartu aurretik. Irakurle klubetan nik uste horretaz asko ikasten dutela, besteei entzute hutsez.
Liburuko kritika asko jakintza-erakustaldiak dira batez ere. Arriskutsua iruditzen zaizu literatura intelektualismoarekin lotzea nahitaez?
Batetik, bai. Eta, bestetik, eta hori kritikari batek ere esaten du: gaur egun edozeri deitzen diogu intelektualitate. Bi esaldi subordinatu idaztea eta Foucault aipatzea ja intelektualitatea da. Intelektualitatearen langa jaitsi ote dugun susmoa [barre egin du]. Giza biziraupen-senaz aparteko edozein ezinegon intelektualtzat jotzen dugun garai batean gaude, akaso? Horrek kezkatzen nau. Gauza abstraktuak azaltzeko sofistikazio-maila bat behar da, eta zuk baino askoz hobeto azaldu duten horien laguntza. Nik behar dut, behintzat. Hor tentuz ibiltzea komeni da. Beste gauza bat da jendea uxatzea zure ustezko jakintza horren alarde batekin.
Aldebiko kontua da, aipu pare bat sartzen badituzu leporatzen dizutelako egindakoa ez izatea irisgarria jende batentzat. Baina hori infantilizatzailea ere izan daiteke, ez?
Hori da. Nik gerra handia daukat, bereziki, ez ulertzearen kontuarekin, ez ulertzearen paralisiaren kontra. Txikitatik erakutsi behar zaie umeei ez ulertzea kitzikagarria dela. Ez ulertzea da ulertzen hasteko lehenbiziko pausoa; beraz, goza dezagun ez ulertuta. Eta, gero, iritsiko gara ulertzera, edo ez, eta alde egingo dugu. Baina zer da orain ulertzen duguna? Garai batean ulertzen ez genuena.
Badaude kritika batzuk fikziozko liburuaren irakurketa politikoa egiten dutenak, eta beste batzuk horixe bera egitea leporatzen dietenak beste kritikei. Non dago oreka liburu batek errealitatea islatzen duen moduaren eta haren balio literarioaren artean? Literaturaren irakurketa feminista edo irakurketa materialista egitean, literaturaz ari gara, edo errealitateaz?
Niri iruditzen zait inportantea dela literaturaren autonomiaz hitz egitea. Istorioak kontatzeko gaude hemen, eta horrek esan nahi du historia ofizialarekin bat egiten ez duten gauzen kontrapisua ere bagarela nolabait. Eta politikak badu zerbait orokortzailea ezin dena literaturarekin bateratu. Philip Rothek zioen bezala, politikak orokortzea eskatzen du: gobernatu behar da denentzat, denentzat hitz egin… Eta idazlea, kontrara, ñabartzaile sutsua da, xehetasunetan galtzea da bere arloa. Ez hiztegietan, ez sumarioetan, ez egunkarietan, ez, agian, argazkietan ere ez dauden xehetasunez arduratu behar luke idazleak, edo hor daukat nik, behintzat, motibaziorik handiena idazten saiatzeko.
Hala, politikatik, zuzentasun politikotik, edo memoriaren zaintzatik, eskatzen zaionean idazle bati kontuz ibiltzeko, ni hor errebelatzen naiz. Irekitzen zaidalako gu bion artean dagoen amildegi hori, eta nik diot: “Zuk zurea egin ahalik eta ondoen, baina ez eskatu niri zure eraikuntza ideologikoari baliozkoa izango zaion ezer idaztea”. Eta badut sentsazioa joko horretan erori garela hainbat belaunalditako idazleok euskal gatazkari dagokionez. Esatea zeregin morala daukagula Euskal Herriarekin eta euskal gatazkarekin, kontatzearekin, biktimekin… Uler dezaket eskaera hori, baina ez dut uste niri dagokidanik. Hor badut borroka bat. Literaturaren balioa baitago ideologikoki arrotzak izan daitezkeen ariketa espekulatiboak egitean, edo konpondu gabe dauden arazoei soluzio bat ematen saiatzean, baina ez errezeta baten modura. Batzuetan ispiluarena egin dezakezu, baina beste batzuetan egiten duzuna da justu kontrakoa: erabat desiragarria ez den zerbaiten garapena proposatu, ikusteko horren emaitza zein litzatekeen, edo irakurlearen baitan zer nahasmen eragin dezakeen.
Oso bitxia da urteetan zehar nola aldatzen den halako lanen interpretazioa. Liburu eskandaloso edo debekatuak zirenak kaltegabe bihurtzen dira, eta kaltegabeak zirenek zalantzan jartzen dute egungo status quo-a. Horretarako, banaketa bat behar da. Batez ere, hegemonikoak diren zenbait diskurtsoren eta sormenaren artean. Sormenak deserosoa izan behar du.
Horri tiraka, badago kritika bat leporatzen diona fikziozko Silueta-ri bahiketa bat tortura hutsa izan daitekeenik zalantzan jartzea. Literaturak moraltasunarekin bat egin behar du, edo onar diezaiokegu hura zalantzan jartzea?
Niretzat interesgarriena da badagoela une bat non errealitatea literaturaren moduan portatzen hasten den. Esaterako, bahiketen kasuan: gogoratzen naiz 1990eko hamarkadan Julio Iglesias Zamora denbora pila bat egon zela bahitua, eta, askatu zutenean, prentsaurrekoa eman zuela. Eta bertan galdetu zion kazetari batek: ondo eman dizute jaten? Eta berak erantzun: “Apur bat fribolizatzea zilegi bazait, euskaldunon artean gaizki jatea delitua litzateke”. Nik hura ikusi nuenean, esan nuen: “Bahitu honek merezi luke, gutxienez, ipuin on bat”. Pertsona bat, egoera lazgarrienetik irten berri, gai dena ironia erabiltzeko eta espero izatekoa ez zen diskurtso bat eraikitzeko! Hori ez da bahitu batek esan behar duela irakatsi zaiguna; are, bahitu batek ezin du hori esan. Baina esan egin zuen, eta ez nobela batean, baizik eta errealitatean. Horiek dira errealitatea eta literatura elkarrekin dantzan jartzen dituzten uneak. Halako ñabardura txikietatik tiraka, idazleak atera dezake urrea. Eta urre horretan badago ondorio moralik? Bai, badago. Baina ni ez naiz ondorio moraletik abiatu; alderantziz da.
Liburuan agertzen den beste gai bat da, nolabait izendatzearren, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren isla nobelan. Orain arte, fikziozko Euskal Herri batean aritu gara batez ere, non elkarrizketa guztiak gertatzen ziren euskaraz. Azken urteetan, ordea, hori urratzen joan dela esan liteke. Zer deritzozu horri?
Nik uste literaturak dena behar duela. Behar du idealizazioa eta jokatzea inperio soberano bat bagina bezala, euskaraz idaztea austro-hungariar inperioan alemanek idazten zuten bezala, eta kontrakoa ere bai. Nire kasuan, hala ere, egia da hizkuntza askotan bihurtzen zaidala tramaren parte. Hizkuntza bat jakitea edo ez jakitea ez da hautu ideologiko edo politiko bat, baizik eta zerbait eragina daukana gertatzen diren gauzetan. Eta uste dut hori gure bereizgarrietako bat dela: gure hizkuntza kontatu nahi ditugun tramen korapiloa da.
Amaitzeko, kritiketako batek badio “idazle batek galdekatu behar dio bere buruari zoin diren bere obsesioneak”. Zein da zurea?
Denboraren igaroa. Horixe da dagoen gai bakarra.