literaturaren zubitegia

1.110 idazle / 5.303 idazlan
7.854 esteka / 6.572 kritika / 1.828 aipamen / 5.583 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Leire Vargas Nieto
Argia, 2026-02-11
[iturburua]
Irati Majuelo Itoiz:
«Emakume baten gorputza ikusgarria da espazio publikoan 'beste'-tzat hartzen delako»

Euskal literaturako bost hiri ibiltari aztertu zituen Irati Majuelo Itoizek (Iruñea, 1993) doktoretza-tesian. Pertsonaiak ez dira ausaz aukeratuak, ordea: emakumezkoak dira bostak, eta, beraz, haien gorputzek espazio publikoa hartzean pairatzen dituzten zapalkuntzei eta eragiten dituzten transgresioei behatzeko bide ematen dute haien istorioek. Ikerketa horretatik abiatutako ondorio zenbait jaso ditu Majuelok orain, Hiria gure oinetan (Lisipe, 2024) izeneko liburuan.

2023koa da liburuaren abiapuntu izan den zure tesia. Urte pare bat igaro dira dagoeneko. Atzera begira, zelakoa izan zen tesia egiteko prozesua? Eta liburuarena?

Esango nuke tesiak, orokorrean, gauza harrigarria direla. Nahiko prozesu bakartiak izan daitezke: zu eta zure ikergaia baino ez zaudete parez pare. Izan dezakezu jendea inguruan, baina denbora asko eman behar duzu zeure buruarekin, irakurtzen, pentsatzen, gauzei bueltak ematen… Nahiz eta ederra ere baden, denbora daukazulako horretarako —beka ematen badizute, jakina—, eta hori ez da pasatzen bizitzako momentu askotan.

Tesiak aukera ematen dizu oso barruraino sartzeko gauza konkretu batean, eta, agian, momentuan bertan, ez zara oso ongi konturatzen zertan ari zaren, zer egin duzun, noraino iritsi zaren... Askotan zure ingurukoek ez dakite zertan ari zaren ere, eta zuk ere ez dakizu oso ongi azaltzen. Niretzat, liburua egiteko prozesua izan da, horrekiko guztiarekiko distantzia bat jarrita eta askoz modu kontzienteagoan, esatea: “Hau egin dut, hau kontatu nahi dut”. Modu bat egin dudan guztia ingurukoekin konpartitzeko. Laburbilduta, ez dutelako zertan dena jakin! Baina ikus dezaten zertan aritu naizen, noraino iritsi naizen, zer ikasi dudan...

Espazio hitza izenburuan bertan ageri da, eta hura baliatzen duzu behin eta berriz. Zer desberdintasun dago espazioaren eta lekuaren artean?

Eztabaida sakona dago horren baitan, baina, oinarrian, esango nuke espazioa, termino bezala, abstraktuagoa dela; konplexuagoa, eta politikoagoa ere bai. Michel de Certeauk esaten du espazioa dela leku praktikatua. Horrek ulertzen laguntzen du: espazioa lekua da, baina inplikazio politiko batzuek zeharkatua, edo perspektiba edo begirada batek markatua. Literaturan ere, normalean, espazioa aztertzen da, ez tokia.

Flâneuse ere bada lanean zehar askotan agertzen den berba bat. Zeri egiten dio erreferentzia?

Liburuak hasiera batean egiten duen proposamena da irakurlea hiri ibiltari bihurtzea. Kontua da nolako ibiltaria izan ariketa hau egiterakoan. Flâneuse-a, azken finean, paseatzaile bat da, hiri-ibiltari bat, baina terminoa ez da asko erabili gure garaira arte: flâneur erabili da gehiago.

XIX. mendean sortu zen flâneur kontzeptua, eleberrigintza moderno eta urbanoarekin batera, dena aldatu zen momentu hartan. Hiria ulertzeko ditugun modu batzuk barnebiltzen ditu, eta praktika oso konkretu bati lotzen zaio: hirian zehar noraezean ibiltzea, patxadaz, anonimotasunaz baliatuz, behatzaile izanez.

Horrek gatazka sortu zion 1970eko hamarkadako kritika feministari: emakumeak izan daitezke halako paseatzaile? Eztabaida horretatik dator flâneuse terminoa, zeina saiatzen baita irudikatzen bestelako ibiltari mota bat, modu gatazkatsuagoan biziko duena hiria, baina berdin dena haren parte.

Bost euskal eleberri aztertu dituzu lanean zehar. Zelan egin duzu aukeraketa?

Gehiago izan da bilatzea hautatzea baino, ez baitaude hainbeste euskal eleberri emakumezko protagonistak dituztenak, hiria daukatenak kokaleku eta gai...

Behin bilatzen jarrita, ikusi nuen euskal eleberrigintzan, hiria agertzen hasten denean gai bezala, emakumezko protagonistak dituzten eleberriekin gertatzen dela, hain justu. Hori ez da batere ohikoa beste literatura batzuetan. Horregatik hautatu nituen Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako (Lur, 1969) eta Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox (Hordago, 1979), planteatzen dituzten gatazka ezinbestekoez gain.

Beste irakurgaiei dagokienez, bakoitzak gauza konkretu batzuen inguruan hitz egiteko bide ematen zidan: Sonia Gonzalezen Ugerra eta kedarra-k (Txalaparta, 2003) 1990-2000etako giro underground-a eta hor sortu zen estetika-molde konkretua; Uxue Alberdiren Jenisjoplin-ek (Susa, 2017) gaixotasunaren eta zaurgarritasunaren gaia. Irati Elorrietaren Neguko argiak (Pamiela, 2018), azkenik, azkenaldiko eleberria da, eta hiri kosmopolitagoetan gertatzen da, Euskal Herriarengandik desberdinak direnak.

Hiriari emakumeen ikuspegitik begiratzeak publikoaren eta pribatuaren arteko mugak lausotzen dituela azpimarratu duzu.

Lanaren muinetako bat da hori. Espazio publikoa eta pribatua bereiztea da modernitateak ekarri dizkigun dikotomietako bat, eta Mendebaldeko pentsamenduaren oinarrien parte. Teoria feministak egiten duena da pentsamendu hau ideologia dela azaldu. Izan ere, momentu konkretu batean sortzen da, kapitalismoaren sorrera eta garapenean, lanaren banaketa sexuala gertatzen denean, eta oso lotuta dago pentsamendu liberalari eta moral burgesari. Azken horrek agintzen zuenez, emakumeek etxean egon behar zuten batez ere, otzanak izan, neurritsuak... Eta pentsamendu horretatik eraikitakoa da dikotomia hori.

Kontua da, edonola ere, errealitatea konplexuagoa dela; hala zen garai hartan, eta gaur egun ere bai. Publiko-pribatu banaketak, adibidez, etxeko aingeruaren kontzeptua sorrarazi zuen: emakume perfektua, etxeko lan guztiak bikain egiten dituena, umeez arduratzen dena, ederra eta argala izango dena, senarrarentzat beti prest dagoena... Versus emakume horrek hori dena egiteko benetan egiten dituen mugimenduak: atera beharko du erosketak egitera, umeen bila joan... Betebeharrak egiteko bada ere, hirian zehar ibili beharko da, eta zeharkatuko du espazio publikoa modu batean edo bestean. Hortaz, errealitateak talka egiten du ideologiarekin.

Aurreikusten zenuen ondorioa zen?

Bada talka bat beste batzuek ere ikertu dutena. Lanean hasi nintzenean, urbanista feministen lanak irakurtzeari ekin nion. Haiek arreta handia jartzen dute eguneroko mugimenduetan, hiria eraikita dagoen modua eta haren gainean egiten dugun erabilera ulertzeko. Hala, ikusten dute askoz bideratuago dagoela mugimenduak autoz egitera, adibidez, eta ez gure eguneroko beharrak erraztera: aitona medikuarenera laguntzea, umeekin jolasean ibiltzea, erosketak egitea... Eta nik ere errealitate horrekin egin nuen topo Zergatik panpox irakurtzerakoan, besteak beste.

Eta egon da gehiago harritu zaituen ondoriorik?

Esaterako, laguntasunaren gaia ez da hasiera batean topatzea espero nuen zerbait, eta liburu batean baino gehiagotan ageri da: Ugerra eta kedarra-n, Neguko argiak-en eta Jenisjoplin-en, batez ere. Teorian ere agertu zitzaidan, eta harritu ninduen, ez nuelako pentsatua hortik bazegoela bide bat plazererako, emakumeek hiria haiena egiteko... Baina egia da, pentsatzen jarrita, badela, ez? Nerabetako oroitzapenetara joanda, kasu, edo kanpora joaten zarenean zer estrategia baliatzen duzun kontuan izanda, laguntasuna bada oinarri sendo bat hiria deskubritzeko.

Hainbat atal utzi dituzu kanpoan tesitik liburura egitean. Horien artean, bada bereziki aipagarria iruditzen zaizunik?

Atal batzuk kanpoan utzi ditut, batez ere, ez zutelako bat egiten liburu honen helburuarekin. Adibidez, Neguko argiak liburuak aukera eman dit aztertzeko globalizazioak markatutako mundua, eta hiri-molde modernotik aldentzen den hiri mota, zer mugitzen den hor, nola bizi den... Tesiak aztertutako liburu bakoitzari atal bat eskaintzen zion eta, beraz, askoz gehiago sakondu nuen bakoitzaren askotariko alderdietan. Liburua, berriz, gaitik gaira doan ibilaldia denez, orokorragoa da.

Arreta eman dit, liburuan zehar, gorputzaren eta ikusgarritasunaren arteko tira-birak: izan ere, emakumeen eta ertzeko identitateen ikusgarritasuna aldarrikatzen dugu, baina, hain zuzen, haien zapalkuntza lehenengo eta behin haien gorputza ikusten delako datorrela dirudi. Gizonen gorputza, aldiz, ez da ikusten.

Paradoxa bat da. Azken finean, espazio publikoan emakume baten gorputza agerikoa da, begiratua da, gorputz desiragarri edo gorputz mehatxagarri bezala ikusten da, beste-tzat hartzen delako. Horrek egiten du ikusgarri eta ondorioz, epaigarri, zigorgarri... Baina, era berean, ikusezina da norbanako bezala. Bi plano horiek bereizten dira.

Horrekin lotuta dago anonimo izateko aukera nork daukan, anonimo izateko nor izan behar baitzara lehenengo. Pertsonaia hauen kasuan, hori ezinezkoa da. Gizonezkoekin, kontrakoa da, haien gorputzak orokorrean ez baitu gatazkarik sortzen, ez delako bestea baizik eta neutroa; ez bada azal kolore konkretu bat daukala, edo bestelako ezaugarri jakinak.

Gaiz aldatuta, Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zenituen Gasteizen, baina literaturatik eta antropologiatik edaten duen lana egiten amaitu duzu.

Halako lan batean eta, orokorrean, literaturari buruz ikertzerakoan, beste jakintza-alor batzuekin jarri behar zara harremanean, ezinbestean edan behar duzu horietatik. Hori da irakurketa aberasten duena, gauza batzuetan literatur teoria hutsetik aldentzea. Hala ere, argi daukat ez naizela urbanista, ez antropologoa, ez soziologoa... Eta batzuetan erreparoa ematen du, ez zabiltzalako oso lur egonkorretan, eta horrek zalantza asko sortzen ditu. Baina uste dut beharrezkoa dela.

Bizi gara garai batean non oso kaxoi zurrunetan sartzen ditugun jakintza-arloak. Zalantzazkoa da horren zentzua, errealitatea ez delako horrelakoa, eta interesgarriagoa delako, hain zuzen, arloen arteko loturak ikustea.

Egunero hasten delako-ren azterketan sakontzean, aipatzen da orain arte liburuaren gainean egindako analisi gehienek Berritsuari egozten diotela liburuan “mundu modernoko arazoak” sartzea, eta albo batera uzten dituztela Gisèlek emakume moduan dituen bizipenak. Pentsatzen dut akademian nagusi den marko matxista ondorio izango dela. Zelan ikusten duzu arlo hori gaur egun?

Uste dut nabaritzen dela liburu horren inguruan eginda dauden irakurketak duela hainbat urte egindakoak direla. Garai batean lan handia egin zen euskal literaturaren kritikan eta historian nolabaiteko oinarri batzuk jartzeko. Prekaritate handiko unea zen, eta egin gabe zegoen dena. Horrek badu balioa, baina iruditzen zait hor utzi direla gauza batzuk, eta badituztela beren ajeak, pasa delako denbora bat. Orduan, gaur egunetik, ez genuke beldurrik izan behar irakurketa berriak sortzeko, horrela egiten delako literatura baten historia.

Eleberriotako protagonisten artean, badira batzuk nolabait errebelatzen zaizkionak hiriak (eta, modu orokorragoan, gizarteak) haiengandik espero duenari, baina, haien istorioek aurrera egin ahala, ondorio negatiboak pairatzen dituzte eta behartuak daude arauari men egitera. Zentzu horretan, esango zenuke literatur lan hauek eraldatzaileak direla, edo, transgresioaren osteko zigorra adierazten dutenez, jarraitzen dutela arauari men egiteko ohartarazpena transmititzen?

Hori gertatzen da Ugerra eta kedarra eta Jenisjoplin-en kasuan. Edonola ere, liburu horiek transgresio bat proposatzen duten bezala, uste dut besteek ere egiten dutela nolabait.

Liburu guztiek badute politikotik; ez nik ikertu ditudanek bakarrik, guztiek orokorrean. Baina, askotan, hori markatzen duena irakurlea da, irakurtzeko modua. Egunero hasten delako atera zenean, egongo zen jendea abortuaren kontra egongo zena, eta irakurriko zuena liburua konektatuz medikuekin, epaileekin, eta protagonista erabat okertuta zebilela pentsatuta. Irakurleak asko eragiten du hor. Idazleak egiten duena da gai batzuk agertu edo ez agertu.

Hau da, nobela bat ez dela preskriptiboa.

Hori da. Ez zait iruditzen eleberri bat eraldatzailea denik bakarrik proposatzen dituenean beste bizimodu mota batzuk edo arauei kontra egiteko moduak. Niretzat interesgarriagoa da arau horiek edo bizimolde horiek sortzen dituzten tentsioak agertzea. Eta, gero, irakurleak egin dezala ariketa, bizi izan ditzala gatazka eta kontraesana.

Emakumetzat ditugun protagonistak dituzte aztertutako liburuek. Hala ere, aipatzen duzu badela genero-zapalkuntza modu desberdinean eta, agian, are bortitzagoan bizi dezakeenik; gorputz kuirrak eta sexu-langileenak, kasu. Literaturak eman dezake bide horretarako ere? Etorkizuneko aztergaitzat har liteke?

Uste dut baietz. Liburuan aipatzen da eleberriotako protagonistak emakumeak direla, eta emakumeen inguruan hitz egiten da batez ere, baina halako bizipenak beste identitate batzuenak ere badira, eta, kasu askotan, gainera, areagotuta eta modu bortitzagoan bizi dituzte. Beraz, uste dut badela gai interesgarri bat aztertzeko. Gure literaturaren kasuan, agian lehenengo falta dena da istorio horiek idaztea bera.

 

Bilaketa