Solasean
Existitzen ez den nobela bati buruzko nobela bat eraiki du Canok Silueta bere lan berrienean. 31 kritikariren ahotsez osatu du liburua, eta literaturari eta memoriari buruzko iritzi mordoxka bat jarri du jokoan.
“Izenburua nire alde hasi zen lanean”. Jolasa eta lurrerako hargunea. Bi elementu horien igurtzian koka daiteke Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975) estimatzen duen literatura. Silueta haren azken lana da horren erakusgarri: muinean du jolasa, nobela inexistente bati buruzko nobela bat baita; eta lurrerako hargune gisa, berriz, iragan hurbilaren memoria eskaini dio irakurleari. Forma etorri zitzaion lehena: liburu bat non ez dagoen libururik: hari buruz idatzitako kritikak baino ez. Eta handik urteetara heldu zitzaion hura martxan jartzeko behar zuen gaia: bahiketarena. “Hasi nintzen pentsatzen ea gurean badagoen bahiketa bati buruzko nobela gogoangarririk, ez nuen ikusten, eta orduan hasten zara pentsatzen: zergatik ez ditugu idatzi?”. Ordura arte “jostailu bat zenak kontrapisu bat” irabazi zuen hala —zehazki, ETAko hiru ekintzailek Roman izeneko enpresari bat (roman, frantsesez, eleberria, hain justu) bahitzen dute kritikariek iruzkintzen duten nobelan—, eta izenburua izan zen behar izan zuen azken bultzada: “Silueta, zuloa... hor bazen oihartzun polit bat, eta sentitu nuen pieza guztiak enkajatzen hasten zirela”.
Hamabi-hamabost urte badira liburuaren lehen ideia izan zenuenetik. Ohikoa da zure lan mahaian zenbait ideia egoste faseetan edukitzea?
Bai. Hor gauza izaten da ez dakizula zertan diren, egosten edo usteltzen. Baditut beste hiru bat proiektu hamar urte baino gehiago daramatzatenak hor, bi edo hiru gauza idatzi nahiko nituzkeenak inoiz, baina niretzako klabea momentua da. Batzuetan sentitzen duzu ez dela momentua, edo ez duzula indarrik, gaitasunik, edo ideia goizegi heldu dela. Noiz hasi gauza bat idazten, hainbat faktore daude hor. Ze idazten hasi eta sentitzea ez dela momentua, sentitzea istorioaren kontra ari zarela... Behin hasten zarenean, pixka bat surfean ari zarela sentitu behar duzu; bestela, hobe kirolez aldatu.
Eta nolakoa izan da idazketa, oraingo honetan?
Idazteko oso liburu gustagarria izan da. Nobela batean, gerta daiteke zerorren pertsonaiekin edo argumentuarekin nazkatzea —niri beti gertatzen zait gauzak luzatzen direnean—, baina oraingo honetan ez. Pertsonaiak kritikariak direnez, eta bakoitzarekin bi folioko ibilaldi labur bat egin dudanez, ez dut denborarik izan nazkatzeko; nazkatu orduko hurrengo ahotsa bilatu behar nuen, eta, ez pentsa, batzuetan pena ere eman dit kritikari batzuen ahotsean gehiago ez geratzeak.
Kuriositatez, zenbateraino idatzi duzu irakurtzen ez dugun nobela?
Ez dut idatzi. Liburu honi buruz asko hitz egin dut jende askorekin, eta hori esaten zidaten denek, lehenbizi idazteko bahitutakoaren istorioa —bi folioko ipuin bat edo—, hala kritikariek ertz ezberdinetatik begiratzeko gero horri. Hori zen liburua idazteko modu zentzuzkoa. Baina nik zentzugabea aukeratu nuen, noski, eta hori izan da nik neronek ez jakitea nobelaren argumentua zehazki zein zen, eta kritikari bakoitzaren mania, kontraesan eta ahotsetik joatea deskubritzen. Liburua bukatu baino bi aste lehenagora arte nik ez nekien bahitua hil egingo ote zuten, bahitzaileak haserretuko ote ziren, atxilotuko zituzten... Ez. Pixkanaka joan nintzen hori dena deskubritzen, eta joan nintzen kritikariei esker. Esoterikoa eman lezake, baina horrela izan da. Kritikarien begiradek idatzi dute liburua.
Txomin Badiola artistak lanerako bere sistemaz hitz egiten duenean, esaten du ez duela jakiten zer egiten ari den, ez zaiola gustatzen egiten ari denarekiko kontrola izatea, hari buruzko diskurtso bat eraikitzeko grina hori. Eta pixka bat hala da niretzat ere. Liburu batean, gustatzen zait sentitzea ez dudala planifikazio xehe baten inguruko idazketa bat. Ez elikatzea kontrola, baizik eta ezezaguna zaizun hori, eta ikustea nondik hazten den.
Ez aspertzeko zu zeu ere.
Noski, behin idazten hasi zarenean, ideiak badatozkizu, baina esaten duzu: “Zertarako idatziko dut?”. Motibazio bat behar duzu, eta niretzat hori ideia bera baino zailagoa da ja.
Liburuko kritiken artean, bada bat Kritikaren laudorio izenekoa. Cahiers du cinema aldizkaria aipatzen da, kritikaren totem handietako bat, eta “postkritikaren” garaitzat jotzen da gaur egungoa. Posible da zinema munduan literaturarenean baino esanguratsuagoa izan izana kritika?
Zinemaren oihartzuna gizartean handiagoa izan den heinean, zinema kritikaren oihartzuna edo garapena handiagoa izan da, akaso. Sentitzen dudana da literatur kritika lotuago egon dela akademiari, eta zinemaren kritika ez hainbeste. Igual zinema unibertsitatera beranduago sartu delako, eta literatura, berriz, akademiatik gertuago egon delako hasieratik. Baina prentsako kritikari buruz ari bagara, niretzat tragikoa dena espazioa da. Espazio falta. Kritikari bati eskatzen zaizkio analitikarako gaitasuna, sintesirako gaitasuna, sedukziorako gaitasuna... eta hori 4.000 karakteretan egitea zaila da, baina ja 2.000 edo gutxiagotan egitea, ia ezinezkoa. Iruzkin bat egiten amaitzen duzu, edo idazleak prentsaurrekoan esandakoa gaizki errepikatzen. Kritikariarena ispilu joko bat da, oso lan konplikatua. Eta, gero, gaur dago sare sozialek egin dutena; uste dugu kritikatzen dugula, baina epaitu egiten dugu, pin-pan.
Liburuan 31 kritika bildu dituzu, euskarazko liburu batek inoiz izandako kritika kopururik handienari keinu eginez: Lauaxetaren Bide barrijak-i (1931). Gaztelaniaz idazten zituzten orduan, gizonezkoek, eta dezentez luzeagoak ziren denak.
Inbidia handia ematen dute arrazoi batengatik, eta da gauza bat eta kontrakoa esan ahal zutela kritika beraren barruan, baina arrazoituz. Hor konturatzen zara auzia ez dela gustatu zait-ez zait gustatu. Gaur egun badirudi dena horretara datorrela, eta kritika batean aldagai gehiago sartu beharko lirateke: interesatu zait edo ez, hemendik astebetera gogoratuko naiz edo ez, loa kendu dit edo ez... Asma dezagun beste kuestionario bat. Niri bizitzan gehien lagundu didan kritika izan da Isaac Rosa idazleak bidali zidana. Elkarrekin aurkeztu genituen berak El vano ayer —kristoren arrakasta izan zuen nobela— eta nik Beluna jazz-en itzulpena —niretzat ordurako ja zaharra zena—, eta email batean esan zidan: “Tu libro me ha gustado, pero no me ha interesado” [Zure liburua gustatu zait, baina ez zait interesatu]. Geroztik, noski, nahiago izan dut nire liburuak interesatzea, nahiz eta ez gustatu.
Zer eskatzen diozu kritika bati?
Kritika batek behar du ponderazioa, behar du izan ñabartzailea; baina, aldi berean, izan beharko luke pixka bat apasionatua. Ez? Onerako eta txarrerako. Kritika bat ona denean, kritikariak ezin dio pasioari eutsi. Nahiz eta bere lana eustea den, ezin du, nabaritzen zaio, eta hori da niri bereziki gustatzen zaidana: badagoela zerbait hor gainezka egiten diona, desarmatzen duena.
Bi gauza daude hor, eta bat da jolasaren zentzua. Gure ekintzetan eta pentsamenduetan jolasa ez badago presente, arrisku handiagoa daukagu pertsona garratzak eta desorekatuak izateko. Horregatik da jolasa hain inportantea, hain serioa. Niri jolas bat proposatzen, edo jokoaren arauak aldatzen saiatzen diren proposamenak gustatzen zaizkit; hori da igual momentu honetan gehien interesatzen zaidana eta nahi adina topatzen ez dudana.
Irakurri berri dut Isabella Hammaden Enter Ghost, adibidez. Antzerki konpainia bati buruzkoa da, Hamlet egiten ari dena Palestinan—planteamenduagatik bakarrik, ezin zen liburu txarra izan—. Alde batetik, da gauza bat oso intelektuala, ze ari gara antzerki zuzendari eta aktore egolatra bati buruz, baina gero kontestua da dagoenik eta gordinena. Eta, hala ere, antzerkia egiten saiatzen dira. Eta hor daukazu artearen eta gaurkotasun gordinenaren arteko talka, hortik ematen duena arteak edo literaturak gaur daukan zentzuaren txispa, hotsa. Konbinazio horretaz ari naiz: jokoaren arauak, batetik, eta lurrerako hargunea, bestetik.
“Garai literalak” bizi ditugula salatzen du beste kritikarietako batek. Bat etorriko zara.
Bai. Duela 30 urte. ez zen existitzen keinu hau [kakotxen keinua egin du hatzekin], “ze [kakotxak] gustura [kakotxak] nagoen”. Lehenago, kontestuagatik, egoeragatik, interlokutoreak ulertzen zuen ironikoa zela, baina orain, badaezpada ere, hola [kakotxak] egiten dugu. Edo, okerragoa dena, gaizki ulertuak izango garen beldurrez, ez gara hortik abiatzen. Hor badago automutilazio moduko bat, iruditzen zait. Zer gerta ere, ez nadin zenbait putzutan sar, edo ez dezadan tonu bat erabil, edo ez dezaten narratzailea idazlearekin nahas, pertsonaia pertsonarekin nahas... badaezpada. Eta, hain zuzen ere, literaturaren funtziorik behinena da hori: putzuetan sartzea, nahastea.
Azken urteetako beste literatur joera aldaketa nabarmen gisa, “fikzio literarioaren higatzea” aipatzen da. Zu fikzioari estu lotutako idazlea izanda, zer mugimendu antzematen dituzu hor?
Gu hasi ginenean, literatura ez zen hainbeste lotzen errealismoaren isla zintzo eta durduzagarri horrekin, baina azken hamarkadetan errealismoarekiko lilura izugarri bat egon da —beharbada, azken urteotan, jiratzen hasi dena berriro, ez dakit—. Bai iruditzen zait fikzioa askotan nahastu izan dela irudimenarekin, edo fantasiarekin. Gezur bat da, asmatua da; beraz, fikzio bat da. Baina fikzioak baditu tresna batzuk errealitatea azaltzeko direnak, eta ez direnak irudimenaren haritik idazteko. Kazetaritzarekin ikusten da oso ondo: kazetari batek fikzioaren tresnak erabil ditzake: bukaera hasieran jarri suspensea sortzeko, adibidez, edo aukeratu zer utzi barruan eta zer kanpoan. Hori, nik begiratzen dudan moduan, fikzioko idazlearekin konpartitzen duen zerbait da. Baina oro har, imajinario popularrean, fikzioa gehiago lotzen da irudimenarekin, eta ez tresnekin. Gure elkarrizketa guztiak dira fikzioaren zenbait tresna erabiliz egindako ahalegin antzuak.
Ze hori da bestea, komunikatzen dugula uste dugu, baina ni konbentzituta nago hau dena gaizki-ulertu handi bat dela. Irakatsi digute hitzak komunikatzeko direla, eta gero eta zalantza gehiago dauzkat. Hitzak negozioak egiteko erabiltzen dira, jendea engainatzeko... baina komunikatzeko? Komunikatzen dugunaren eta ulertzen dugunaren artean dagoen aldea handia da. Etimologia aztertzen duzunean ere konturatzen zara: hitzek hartzen duten zentzua gaizki-ulertu baten ondorio da. Harremanak sortzen diren momentuak gaizki-ulertu baten ondorio dira. Estatuen sorrerak gaizki-ulertuen akumulazio bat dira. Gaizki-ulertua da munduaren ardatza. Eta kritika guztiak ere gaizki-ulertu txikiak dira. Idatzi uste duguna ere, geure buruarekin gatazkan dagoen gaizki-ulertu baten ondorio grafikoa da.
Zer egin dezake hor fikzioak?
Fikzioa da egia gogoratzeko daukagun hala moduzko modua. Gauzak diren bezala ezin dira gogoratu, detaile guztiekin. Fikzioaren tresnetako bat da, ahanzturarekin batera, selekzioa egitea, sintesia; hitzen bitartez, ordena ustezko bat jartzea gauzei, eta, modu horretan, gertatu zaiguna gogoangarri bihurtzea, zentzu literalean. Baina hor, uste dut, apendize erauzi ezinezkoa da gaizki-ulertua. Ze ezin gara izan hain handiusteak pentsatzeko gai garenik kondentsazio ariketa hori egiteko etengabe. Kontatzeko hamar urte barru zer izan ginen duela hamar urte. Hori ezin da egin fikziorik —eta ahanzturarik— gabe. Eta, hala ere, horretan saiatzea da gure lana, eta hori da ederra. Horrek ez dauka preziorik.
Iragan hurbilaz ere egiten dute gogoeta kritikariek, ikuspuntu ugaritatik. Hala dio batek: “Emak bakia, zakuten manatu. Eman dugu. Ez doakigu ongi, alta”. Zer inpresio duzu bakegintza garaiotan idazten ari den edo ez den literaturaz?
Sinetsarazi ziguten —eta beharbada, neurri batean, egia da— euskal idazleon zereginetako bat gatazkaren gure interpretazioa ematea zela —nik horri ordu dezente eman dizkiot—. Baina horren adierazpide formala ezin da izan batzorde parlamentario, komisio edo bestelako diskurtso ofizialen sendotze adar bat. Hasieran esaten nuen jokoaren arauekin du zerikusia. Uste dut guri hor ausartago jokatzea dagokigula, espekulatiboago, eta, hain zuzen ere, ez epaileak, ez notarioak, ez politikariak, ez kazetariak iristerik ez duen lekuetara iristen saiatzea dela gure lana. Horrek esan nahi du profanatzaileak izatea ere badagokigula, neurri batean, eta, beharbada, ez dugula aski profanatu, gure historia gertukoa eta gure geografia mugatua hertsagarriak direlako eta izan direlako.
Niretzat oso sintomatikoa izan da, adibidez, Imanoli buruz idatzi [Fakirraren ahotsa-n] edo Lasa eta Zabalari buruz idatzi [Twist-en] —Josu Landak esaten du bi horiek eta honek trilogia bat osatzen dutela— eta literatur txokoetan beti galdetzea: “Hitz egin duzu familiarekin?”. Noski, nik ezin dut hain itsatsita idatzi. Nobela baten zeregina horren gainetik pixka bat planeatzea da. Minaren irradiazioak edo zenbait erru sentipen kolektibo edo indibidualen irradiazioak eragin dio literaturari ere, eta idazleari guztiz aske jokatzeko tresna batzuk uzkurtu dizkio beharbada. Nire ustez, irudimen handiagoa txertatu behar da; beharbada, belaunaldi gazteagokoentzat errazagoa izango da hori.
Esan duzu alde horretatik idatzi ez denaz hitz egiteko aitzakia bat ere badela Silueta.
Bai. Gonbidapen bat da idatzi ez ditugun liburu horiei buruz pentsatzeko eta hitz egiteko; idatzi ez ditugunak, dela talentu faltagatik, ausardia faltagatik, irudimen faltagatik. Igual horrek bai, horrek zerikusia dauka sentitu ditugun uzkurdura edo loturekin.
Gaurko sasoia merkatu hutsaren menpekotzat jotzen du zenbait kritikarik liburuan; iruzkintzen ari diren nobelan, ordea, ideal politikoak daude jokoan. Ez al dago tentsio bat hor ere? Iragan hurbileko giro baten eta hark utzitako ajeen artean?
Hor bada niretzat gauza interesgarri bat ikertzeko, eta da ze modu erredukzionistan, paternalistan eta estereotipatuan kontatu den utopia. Iruditzen zait mundua apurtxo bat bere ardatzetik mugitzen saiatzearen utopia hori —belaunaldi ezberdinetan errepikatzen dena, horri aurre egiteko moduekin, motibazioekin, kontraesanekin…— klixe negatibo erraz bat bihurtu dela, sinplifikazio handi bat gertatu dela, eta, hain justu, literaturak aukera izugarri bat duela hor.
Zine politikoa, demagun. Zine politikoa da guk 13 urterekin ikusten genuena, Rambo 1, Rambo 2, Rambo 3, Rocky 1, Rocky 2, Rocky 3. Hori baino gauza politikoagorik ez dut ikusi nik geroztik. Ken Loach? Ken Loach errealista da, baina benetan politikoa, Rambo! Baina ez, politikoa Ken Loachekin lotzen dugu, eta hari ezartzen dizkiogun parametro moralak oso estuak dira. Ken Loachek hartzen badu libertatea errealitatearekiko eta despegatzen bada pixka bat, berehala etorriko zaizkio esanez, “tzist, ez jolastu horrekin”. A, baina besteak jolastu daitezke, ez? Horretara noa. Nik ere jolastu nahi dut. Niri ez eskatu batzorde parlamentario bati eskatuko zeniokeena; ni idazle bat naiz.
Liburuko azken testua ez da kritika bat, Silueta-ri buruzko kongresu batean norbaitek irakurtzen duen idatzi bat baizik.
Bai. Alemaniako Konstantza hiria aipatzen da, eta Konstantza existitu zen. Twist-en haritik, euskal espedizio moduko bat joan ginen hara, negua zen, eta, bat-batean, han zaude, testuinguru akademiko batean, literatur irakaslez inguratuta. Baina zu sortzailea zara eta zure funtzioak hor izan behar du deserosotasun apur bat sortzea. Egun hartan, baina, funtzio hori ez nuen nik bete, baizik eta Juan Aranzadi historialariak. Eta esan zuen liburuan jarri dudana. Denak ari ziren berradiskidetzea gora, erreparazioa behera, eta bai, beharrezkoa da, pauso handiak eman ditugu, ados. Baina nire lana ez da hori. Idazle batek pentsatzen badu hori dela bere lan behinena, nire ustez, aski ari da urruntzen literaturatik. Nola zen Aranzadirena? [Liburua hartu eta irakurri egin du:] “Errazagoa da ahaztea barkatzea baino. […] Nik ez dut nahi berradiskidetzerik, elkarri bizitza ezinezkoa ez egitearekin konformatzen naiz”. Hori niretzat da munduaren gaizki-ulertuari maskara kentzea. Zintzoa izatea. Hemen denok denon lagun irribarretsu izan beharrik ere ez daukagu, ez da inoiz horrela izan.
Ze beste gauza bat zera da: gizartearen funtsa gatazka da. Guk gatazka hitza lotzen dugu euskal gatazkarekin, eta euskal gatazka lotzen dugu lotzen dugunarekin, baina gizartearen dinamika bera da gatazka, eta gatazkarik gabe ez dago gizarterik, eta ez dago gidoirik, ez libururik, ez pelikularik: ez dago ezer. Besterik da gatazka hori nola artikulatzen den. Eta orain badauzkagu beste gatazka batzuk; lehenagokoak eta berriak: denak. Hizkuntzarekin daukagu sekulako gatazka, adibidez. Segur aski, konponezina. Eta, hala ere, artikulatu behar da zerbait, mekanismo bat, jokoaren arauak birdiseinatu behar dira. Irudimen pixka batekin, asko eskatzea ez bada.