Solasean
'Alkasoroko benta' eleberria kaleratu berri du Mikel Taberna idazleak. Istorio laburrez osaturiko nobela horrekin 1960ko eta 1970eko hamarkadetako garaiak letretara ekarri nahi izan ditu.
Bera eta Lesaka artean dago Alkasoro, eta han bizi eta heziko da Martin Irazoki. Gaztetxo horren bidez, 1960 eta 1970eko urteetako bizipenak gogora ekarri nahi izan ditu Mikel Tabernak (Bera, 1957). Istorio laburrez osaturiko eleberria da Alkasoroko benta (Susa), garai horretako gizartea islatzen duen margolana.
Eleberria istorio txikiek osatzen dute. Zergatik erabili duzu estilo hori?
Kontalariaren bilakaera pertsonala dugu eleberriaren ardatz, eta haren ahotik heldu zaizkigu bertze istorio txikiago horiek. Txikiagoak baina ez horregatik garrantzirik gabeak; niretzat ezinbertzeko osagai dira. Zineman egonen bagina, film bereko zati edo sekuentzia luzeak direla erranen genuke. Kapitulu bakoitza horrelako zerbait da, eta batetik hurrengora jauzi bat gertatzen da eta bertze pertsonaia batzuk agertzen zaizkigu euren goitibeheiti partikularrekin, baina narratzailea beti berbera da, eta horren ahotsak ohartarazten dio irakurleari istorioak jarraitzen duela. Bertzalde, egia da egitura horren ondorioz kapitulu batzuek nolabaiteko autonomia dutela eta ia ipuin modura ere irakur daitezkeela. Nolabait ere, badu matrioxka baten antza: nobela panpinarik handiena baldin bada, barrenean biltzen ditu hainbat panpina edo istorio tiki. Baina guztiak zerbaiten parte dira.
Txokolatezko dinamita ipuin sorta bat da. Eraginik izan du estiloan?
Hura bertze kontu bat zen. Hartan ere ipuin zenbaitek bazuten lotura haien artean, baina ez nuen nahi guztiekin batasun bat egitea. Kasu honetan, bai.
Alkasoro, Bortzirietako seigarren herria da, zuk asmatutakoa.
Egia errateko, kasualitatez sortu zen ipuin lehiaketa batera aurkeztu nintzelako, eta ez nuelako nire burua salatu nahi. Txokolatezko dinamita-ren garaian ohartu nintzen ongi baliatu nezakeela irakurlea geografia erreal batean —Bortziriak— kokatzeko. Toki asmatu batek nahi nuena egiteko aukera ematen zidan: bai lekua nire modura eraikitzeko, baita pertsonaiak eta gertaerak nik nahi nituenak izateko ere. Abantaila zen, eta gustura nago ustekabean neronek ere aurkitu dudan Alkasororekin.
Herria ez ezik, denetariko pertsonaiak asmatu dituzu.
Garai bateko mundua ekarri nahi nuen letretara, ikusarazi eta sentiarazi. Denboraren ordezkari izateko pertsonaia batzuk asmatu ditut. Alde batetik, bereziak dira, eta ezaugarri berezi batzuk dituzte. Estetikoki niretzat erakargarri edo deigarriak diren pertsonaiak marraztu ditut. Baina, aldi berean, ez nuen nahi bertzerik gabe deigarri edo bitxiak izatea. Erne dabilen irakurleak pertsonaia bakoitzaren baitan zerbait gehiago aurkituko du, niretzat interesgarria zen gai bat.
1960ko eta 1970eko urteetan narratzailearen adinekoa zinen. Badago loturarik zuen artean?
Eleberria 1950ean hasten da eta 1976an amaitzen da, eta ni 1957an jaioa naiz. Nik bizitako denbora da, eta, dudarik gabe, idazten dugunok dugun guztiaz baliatzen gara: badaude oroitzapenak, bizipenak, bertzeei ikasitakoak, ebatsitakoak... Kontua da errealitatea bera ez errepikatzea, baizik eta kontatu nahi dituzun gauzak kontatzea. Istorio eder batzuk izatea, ongi idatzitakoak, irakurlea gustura uzteko modukoak.
Baina eleberrian pasarte oso gogorrak ageri dira. Salaketaren bat egin nahi zenuen?
Bereziki, nobelaren hasieran eta bukaeran badira bi pasarte bortitzak direnak, eragindako heriotza mingarri eta zentzugabe batzuk. Horiek fikziozko bertsioak dira, baina egiazki gertatu ziren bi kasutan oinarrituak daude. Nahita ekarri ditut, ezagutzen ez zutenei ezagutarazi nahi nielako, eta ezagutu zutenei oroitarazi. 1976ko gertaera hark bereziki jo eta hunkitu ninduen, biktimak nire adineko jendea zirelako, herritar xumeak, eta heriotzarekin topatzeko suerte txarra izan zutelako.
Pasarte goxoak ere badira.
Bizitzak gazi-gozoak ditu. Ahalik eta naturalen saiatu naiz kontatzen jendarte batean gertatzen diren istorio horiek: heriotza bezala, sexu grina, amodioa, desamodioa, eta bertzelako kontu batzuk agertzen dira. Horiek eleberrian txertaturik daude bizitzaren parte direlako.
Marrazten ez dakizunez, hitzekin koadro bat egiten saiatu zara.
Iruditzen zait idazleek istorioak hitzez kontatzen ditugula, zinemagileek irudien bidez, eta, zenbaitetan, pintoreek beren pinturen bidez. Koadroarena Harkaitz Canok aipatu zuen; nobela irakurtzean horma-irudi handi bat ekarri zion gogora, Diego Rivera pintore mexikarrarena.
Gizarte aldaketa bat irudikatzen du eleberriak.
Hego Euskal Herrian aldaketa giro handia zegoen. Egia da Bortziriak eta nik kontatzen dudan mundu hori mugatik hurbil dagoela ere, eta mugaren bertze aldean, Iparraldean, bertzelako errealitate bat zuten. Alde handia zegoen, batez ere adierazpen mota guztiekin. Pertsonaiak horiek denak bizi ditu. Batetik, herriko bizitza ezagutzen du, eta mendeetako tradizioa dakarren pertsona bat. Bertzalde, muga gurutzatzen du eta bertze gauza batzuk ikusten ditu, edo Iruñera etorriko da eta gatazka giro batekin topo eginen du, bertze ideia batzuekin.
Bortzirietako euskara erabili duzu.
Iruditzen zait kontalaria bertakoa denez, egoki eta zentzuzkoa dela, nolabait, bertako gazte baten hitz egiteko molde hori islatzea. Erabili dudan hizkera paisaiaren osagai egokia da kontatu nahi nuena kontatzeko: toki hori, jende hori, garai hori eta hizkera hori. Dena dela, beti kontuan hartu dut idatzitakoa euskaldun guztiek arazorik gabe irakurtzea eta konprenitzea. Hautatu ditudan hitz edo erranera franko nahita hautatu ditut; haietako batzuk ia-ia lehenbiziko aldiz edo hagitz gutxitan agertu dira euskal letretan. Horiei ere bizitzeko aukera bat eman nahi nien plazara aterata.
Creative Commons lizentzia erabili duzu.
Argitaletxearen proposamena izan da, eta ontzat hartu dut. Haientzat normala da hori hala izatea. Azken finean, lana zabaltzeko eta ezagutarazteko ahalik eta trabarik gutxien jartzea da haien asmoa, eta ados nago.
Baduzu asmorik proiektu gehiago egiteko?
Idazten segitzea dut buruan, orain arte ibili naizen bezala, eta ibiliz ilusionatuko nauen bertze proiekturen bat aurkitzea.