Solasean
“Niretzat, idaztea eta bizitzea gauza bera da: ezin dut itxi idazlearen begia bizitzako ezein egoeratan”, hala aitortu digu Miren Agur Meabek. Helduentzako lehen nobela du Kristalezko begi bat (Susa, 2013) eta ez dio arriskuari muzin egin. Self-imitation delako estiloari heldu dio, eta une oro zalantza sortuko zaio irakurleari. Non da idazlearen eta pertsonaiaren arteko muga? Nor da haustura bati aurre egiten ari dena? Pertsonaia ala idazlea? Ala biak bat al dira? Zalantzak zalantza, biak onik aterako dira behintzat, ataka horretatik.
Berrogeita zortzi urte ditut, eta jendemodu gehienak bezala, hainbat galerari egin behar izan diot aurre. Horregatik ekin diot testu hau idazteari. Antonio Machadok zioen bezala, “Se canta lo que se pierde”.
Zerbait galtzen dugunean, hutsune hori bete, ordezkatu, gainditu edo ahaztea dagokigu. Batzuetan, denborak ematen dizkigu erantzunak, baina bitartean, galera horiei buruz idazteak haiek jasaten laguntzen digu. Hala ere, uste dut marka uzten diguten gertaera guztiek bultzatzen gaituztela sortzera: maitasunaren euforia bera ere izaten da idazteko pizgarria, adibidez.
Hasierako orrian galera transzendenteak aipatzen dira, baina baita garrantzi gabekoak ere, zerrendari umore-puntua mingotsa ematearren. Horrela, hasierako kutsu tragikoa gutxituz joango da liburuan aurrera egin ahala, bukaerako balantzea bat egin arte. Azken batean, gauza batzuk nahita galtzen ditugu, aldizka hau edo beste hautatu behar izaten baitugu gure nahien edo idealen arabera bizitzeko. Horregatik, atal batean, ematen dira “galdu” hitzaren adierak, apropos, kontzeptu hori zentzu zabalean ulertu ahal izateko.
Haatik, oraingoan ere paperek aterako naute gaitzetik. Maitasun galeraren ingurukoak eta begi galduaren gaineko aipuak harilkatzen dira zure kontakizunean. Elkar elikatuz, elkar proiektatuz. Akaso hori izango zen zailena, biak harilkatzea eta uztartzea, eta azken emaitza izan den magma moduko horrekin asmatzea?
Zailena, batetik, gogoetak zehaztasunez adieraztea izan da, adarkatu egiten korapilatu egiten direlako, eta hainbat ñabardura dituztelako. Eta bestetik, egitura asmatzea, hau da, nola txertatu begiari buruzko azalpenak eta istorioa, lotura hori justifikatzea. Baina begiari buruzko azalpenak ez daude maitasun galerari soilik lotuta; beste oroitzapen, egoera eta jazoera batzuen aurrerapena ere egiten dute. Adibidez, Enukleazioaren teknika atala, ondoren etorriko den disekzio psikologikoaren sarrera da; Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan atala amaren irudiaz mintzatzeko aitzakia da; Begia galtzeko arrazoiak atalak protagonistak perspektiba galtzeko duen arriskua iradokitzen digu; Monofltalmia eta eguneroko bizimodua atalak badu zerikusirik jarraian azalduko den emakume lanpetuaren egunerokotasunaz, eta abar
Historiako lehen begi artifizialak 4.800 urte ditu. Ahalegin bat egin duzu begi galduaren inguruko gai teknikoagoak edo tartekatzen. Zure esperientzia pertsonaletik abiatuta, tabuak apurtu nahian edo?
Begiaz hitz egitearen helburua ez zen tabuak apurtzea. Oro har, kristalezko begiek jakin-mina pizten diote jendeari —nola zaintzen edo gobernatzen diren—, eta alde horretatik amu ona iruditu zitzaidan, interesari eusteko. Azken atalean aitortzen dut garrantzia eman diodala, berez duena baino handiagoa, interes literarioak eraginda. Uste dut bizpahiru ataletatik behin begiari buruzko jakingarri kirurgikoak, terapeutikoak, psikologikoak, estetikoak edo sinbolikoak tartekatzeak erritmoa ematen diola kontakizunari, eta leit motiv objektibo horrek kontrapisua egiten diola argumentuaren intimismoari.
Ironia, umorea ere baliatu duzu. Desdramatizatzeko edo, oso baliogarriak.
Ironia aproposa da arazoen aurrean kokatzeko, zeure burua neurriz gain jipoitzen ez badu behintzat. Drama bati alderdi umoretsuak bilatzeak norberarenak baino arazo askozaz larriagoak badirela konturatzeko balio du.
Autoerretratu gisa definitu du argitaletxeak. Egin eta desegin arituko zinen idazketa prozesuan. Akaso gehiago da albo batean utzi duzuna?
Beti ere idazteko era metamorfikoa da nirea; hau da, behin eta berriz berridazten dut, tokiz aldatzen ditut pasarteak, hitzak ordezkatzen ditut, soberakinak kentzen ditut... Ez dut puntu eta kito egiten idatzitakoari neure baitako doinua hartzen ez diodan arte.
Liburu honen kasuan, hainbat egileri hartutako esaldiak nituen, azkenean baztertu ditudanak tinkotasuna ez galtzearren.
Work in progress baten aurrean gaudela adierazi zenuen prentsaurrekoan. Sormen prozesua ere hala izan al da orduan: eguneroko batean bezala, egunez egun idatzi ahala, hari ezberdinei helduz joan zara nobela garatzen?
Egunerokoaren itxura dauka, eta bada, neurri batean, baina ez osotara. Idaztea prozesu korapilatsua izan da, hausnarketa batek oroitzapen bati egiten ziolako tira, oroitzapenak deskribapen bati, deskribapenak pasadizo bati, eta abar, hasieran aurreikusten ez nituen kontuak ere sartzeraino, haurtzarokoak, adibidez. Egin ahala egin dut. Horregatik work in progress formatua, aribidean edo arian arian eginez doan lanaren itxura. Horrek, eta lehenengo pertsonaren erabilerak, egiantz handia ematen diote testuari.
Errealitatea eta fikzioa uztartu dituzu nobela honetan. Miren Agur Meabe pertsonaren ingurukoak kontatuko zaizkigu, baina Miren Agur Meabe idazlea dago guztiaren gainetik. Ispilu-joko horretan, ez duzu bertigorik sentitu? Idazketa prozesuan, dena bertan behera uzteko tentaziorik izan alegia...
Une batzuetan zalantza egiten nuen kontatzen ari nintzenaren zentzuaz, baina kontatu nahiak berak egiten zidan tira. Ohartzen nintzen liburuak bazituela arriskuak, halako aitorpen intimoen aurrean irakurleen erreakzioa zein izango ote zen kalkulatu ezinagatik. Halakoetan, esaten nuen: “Erronka hau jarri diot neure buruari, eta bete egingo dut, argitaratu edo ez. Pertsona epaitu edo ez, hauxe da nire proposamen literarioa. Eta zera lortu behar dut idazkeraren bidez: idazlearen ofizioa bistaratzea, pertsonaiaren gorabeherak direnak direla”.
Zure niaren proiekziotik, paperezko ni bat sortu duzu, eta autoimitazioa edo self-imitation generoan garatu duzu. Autofikzioaren pareko estiloa da azken batean, ezta? Nobela honen egiantzak baduela fikziotik, baduela errealitatetik.
Ez da kontakizun autobiografikoa erabat. Autobiografia curriculum vitaeren antzeko generoa da, non kohesioa eta zehaztasuna funtsezkoak diren norberaren bizitza idazteko orduan, eta ardatz kronologiko bati jarraituz antolatzen da. Kristalezko begi bat definitzeko, egokiagoa da autoimitazio edo self-imitation kontzeptua; alegia, abiapuntua esperientzia errealak izan arren, kontakizuna itxuratu eta moldatu egiten da, eta baita ere asmatu, simulatu... Errealitatearen mimesia da gakoa, ez errealitatearekiko leialtasuna. Laburrean esateko, pertsonaia ni naiz, baina ez naiz beti, eta ez naizenean, nire antza dauka.
Kontaeraren amaieran esaten da: “Nire beste ni bat sortuz joan da hemen…”. Alegia, idazlea testuaren produktua da, testua idazlearen produktua den bezala. Eta esaten da, baita ere, kristalezko begia ez dela benetako begia, benetakoaren kopia errealista bat baizik. Esan nahi dut artifizio literario bat eraiki dudala, zeinaren zutarriak askotarikoak diren: bizi izandakoa, ustez bizi izandakoa, bizi nahi izandakoa, bizi gabekoa, eta beste zenbait esperientzia, benetakoak nahiz alegiazkoak. “Paperezko ni” hori, hezur-haragizkotik aparte, nire niaren proiekzioen batura da.
Oharrak sartu dituzu. Garatzeko: a) Harremanaren hierarkiaz zehatzago hitz egin (…) b) Haustera bultzatu nauten beste arrazoiak aipatu Eta azalpena ere ematen duzu amaieran. J.M. Coetzeeren Uda nobelatik kopiatu dut oin-oharrak eta erabakitzeke geratu diren aztergaiak esplizituki adierazita uzteko ideia. Metaliteratura ukitua du eta ez bakarrik pasarte honek. Ez dakit zure ibilbidean ezaugarri bat izan den hau ala berria den metaliteraturarako joera?
Orotara, eduki metaliterario handiko liburua da hau. Hainbat esaldi biribil ageri dira, magnetikoak, beste idazle askori hartuak, hitzez hitz nahiz parafraseaturik. Batzuek begiari egiten diote erreferentzia, bortxaz galdutako adibideen erakusle (Castelao, Malaparte, Izagirre, Winterson…); beste batzuek pertsonaiaren burutazioekin dute lotura, haren premiekin eta ziurtasun-nahiarekin. Gizakiok geure ideiak eratu beharra dugu maitasunari buruz, adiskidetasunari buruz, askatasunari buruz... aldi berean abstraktuak eta konkretuak diren kontzeptu horiei buruz, guztiz garrantzizkoak ditugulako geure bizitzaren noranzkoa bideratzeko.
Hemen, agian, nabarmenagoa da, koaderno pribatuaren moldeari esker, baina poesia idaztean ere egiten da metaliteratura, beste idazle batzuen esaldiek puntua ematen digutenean geureak sortzeko.
Zintzotasuna maiz aipatu duzu prentsaurrekoan. Biluztasun hori azken batean, literatur esparruan baliatu nahi izan duzula pizgarri moduan. Zuk zure bizitzan literatura egin duzun bezala, literaturak ere zu egin zaituelako.
Idaztean, neure buruarekiko komunikazioaren bila, zintzoa izaten ahalegintzen naiz. Liburu hau nire hautuen isla da, neure bizi-arrastoen ispilua. Bada atal bat liburuan, One star, baratzea eta idazkuntza konparatzen dituena. Niretzat, idaztea eta bizitzea gauza bera da: ezin dut itxi idazlearen begia bizitzako ezein egoeratan.
Pertsonaia noraezean dago, uste baino hauskorragoa dela jabetuko da. Baina bada bilakaerarik, azken parrafo gogoangarrian itxaropentsu ageri da, argi izpi bat barruan sentituko balu bezala.
Emakume hori sufritzen dago hasieran, baina ez dago noraezean, burujabetza du begi-bistan. Idatzi ahala hartuko du sosegua: bere burua aztertuz, iraganaz hausnartuz, erabaki berriak hartuz, eta abar, bilakaera izango du. Maitasuna nahi eta behar duen arren, galdu-irabazien balantzea egin eta oreka lortuko du.
Hitzez hitz sinetsiko al duzu kontatu dizudan guztia? Galderarekin harrituko da irakurleren bat akaso. Baina igual errekerimendutik baino, galdera horrek gehiago du abisutik edo defentsatik ezta?
Liburuaren hasieran Coetzeeren esaldi bat agertzen da: “Eta denok bagara fikzioen sortzaileak? Eta denok asmatzen badugu gure bizitzaren historia?” Ideia hori da funtsa: batetik, pasadizo arrunt bat, edonorenarena izan litekeena, emaitza literario bihurtzeko proposamena egiten du; eta gainera, bakoitzak geure buruari geure bizitza kontatzean bertsio libreak egiteko aukera ematen duelako.
Azkenik, lotu egin behar da liburuaren hasieran datorren aipuarekin. Yourcenarrek dio: “Begia ez da meatzari bat, ez urpekari bat, dio Virgina Woolfek, ezta altxor ezkutuen bilatzaile bat ere. Begiak emeki flotatzen du ibaiaren mende”. Esaldi horrekin ados nago, partez. Ados, begia ibaiarekin batera joan doalako: gizakiok aldatuz goaz bizi ahala. Baina izan, begia bai da aztertzailea (meatzari eta urpekari), autobehaketarako tresna, eta halaxe betetzen du bere eginkizuna: izatea arakatzea eta oroimena berreskuratzea (zentzu horretan, topatuko ditu altxorrak iraganean). Gure nortasuna berreraikitzen dugu iraganeko “nia” berreskuratzean eginiko akatsei esker ere, baina horrek ez du deusezten testuan norbera izatea.
Amorruaz eta harropuzkeriaz
Elkarrizketa amaitu aurretik, galdetegian atera ez diren hainbat kontu nabarmendu nahi izan ditu idazleak. Amorrua da bat, harropuzkeria bestea. Miren Agur Meabek zehaztu digunez, amorruarena ageri da “aitarekiko pasadizoa kontatzen denean, tradizioz emakumeek debekatuta izan dutelako haserrea adieraztea. Eta harropuzkeriarena ere aipatuko nuke. Une batean, protagonistak esaten du, berdin zait nitaz eta idazten ari naizen honetaz egiten ari zaren edozein juzku. Ematen du ez zaiola axola irakurlearen iritzia. Esaldi hori lurraldetasun-keinua da, une horretan pertsonaia egiten ari den diskurtsoa defendatzeko neurri bat, hesi bat jarri nahia askatasunez adierazten jarraitzeko”.