literaturaren zubitegia

1.078 idazle / 5.182 idazlan
7.841 esteka / 6.430 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Iraitz Mateo
Gara, 2025-03-09
[iturburua]
Uxue Alberdi:
«Idazketa desiraren eta izuaren arteko borrokan jokatzen da»

Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) “Hetero” ipuin liburua plazaratu zuen udazkenean Susa argitaletxearekin. “Hautsi” eta “eutsi” aditzek irudikatu ditzakete ipuin bakoitzean sumatzen diren tentsioak, argiak eta ilunak. Idazleak berak esan bezala, askotan zapaldu gaituenak elikatu ere egin gaituelako.

Arkeologoaren lana ere egiten du maiz Uxue Alberdik, bere hitzetan linternari sakatu eta “pizten edo deitzen” dioten garai, leku, egoera, hizkera, korapilo horietan arakatu du, errealitatea deituriko anabasa horretan zer ikusten duen begiratu du, eta artefaktu literario bilakatu ondoren.

Udaberri giroz baina euria hasten zuen bazkaloste batez sartu ginen arkeologoen legez Tabakalerako kafetegiaren koba ilunera, eta bertan ahalegindu ginen “Hetero” (Susa, 2024) ipuin liburuaren atal ezberdinei linterna jarri eta arakatzen. Hitz zehatzak ekartzen ditu hizketaldira Alberdik, lasaitasunez hitz egiten du, baina asko esateko duenaren azkartasunez. Adibidez eta erreferentziaz bete ditu kazetariaren oharrak, berdin urruneko Raymod Carver, Alice Munro, Lucia Berlin, Leila Guerriero, zein gertuko Miren Amuriza, Danele Sarriugarte edo Nerea Ibarzabal ditu maisu-maistratzat. Zizel finarekin lan egiten du, burutik bezainbat gorputzetik, bere hitzetan literaturak, “hasteko eta behin, idazlea bera piztu eta kitzikatu” behar baitu.

Hasi gaitezen azaletik. Hitz bakarra eta zuzena: Hetero. Zergatik hitzaren aukeraketa?

Aurretik beste izenburu posible batzuk pentsatu genituen, ipuinetakoren baten titulua, baina “politegiak” ziren, ez zuten jasotzen ipuin batzuek daukaten indarra eta mina. Beste tonu bat ere bazegoen liburuan, hain izenburu polit edo poetikorako.

Banaka joan naiz ipuinak Leire Lopez editorearekin lantzen eta editatzen. ‘Badakit, oso heteroa da hau ere’, esan nion hirugarren aldiz, eta etxera bueltan, pentsatu nuen: eta hau bada ipuinak niri esaten ari zaizkidana? Barruak eskatu ahala joan naiz ipuinak idazten, ez da gai baten inguruan planifikatutako liburu bat, zeharkatu edo inpaktatu nauten bizipenetatik abiatutako testuak dira. Ohartu nintzen idazteko beharra sortzen zidaten korapilo horietako askok bazutela nolabaiteko lotura heteroarauarekin. Baina, aldi berean, beldurra ere ematen zidan tituluak; batetik, asko hitz egin beharko nuelako hartaz eta, bestetik, saiakera bat aurkezten ari nintzela eman zezakeelako, eta, ez, nik proposamen literario bat egin nahi nuen. Izenburu “enpotratzaile” samarra iruditzen zitzaidan, irakurlea paretaren kontra jartzen duena eta esaten ziona ‘irakurri hemendik’.

Horiek ziren kontra nituen argumentuak. Baina beste titulu bat jarri izan bagenio, orokorkeriak esango lirateke: harremanei edo botereari buruzko liburu bat dela, esaterako. Baina zer harreman? Ze botere? Jakina, hau bezain heteroak diren liburuz beteta dagoela mundua, baina, unibertsaltzat hartzen da mundu heteroa, eta ez da dagoen mundu bakarra. Liburuko bikote harremanak heteroak dira, baina baita lan, familia edo militantzia harremanak ere. Iruditu zitzaidan hor bazegoela biltzen zituen zerbait, eta izan zitekeela izenburu deigarria.

Gehienetan emakumeak dira protagonistak. Baina ez dira heteroarauak zapaltzen dituen subjektu soilak, aktibo ere badira.

Bizitzan zerbait ikasten ari baldin banaiz, txanpon bakarra garela da; gutako bakoitzarengan dagoela argia eta itzala, bakoitzarengan min emateko eta min hartzeko gaitasuna eta posibilitatea. Horrek ez du esan nahi egiturazko zapalkuntzarik ez dagoenik. Saiatu naiz ipuinetan biak batera islatzen, egiturazko menderakuntzak eta haren barruko posizioak. Inor ez da zapaltzaile hutsa eta zapaldu hutsa. Pertsonaiez edo pertsonez hitz egiten baldin badugu, pertsona bera, aldi berean, izan daiteke zapaldua eta zapaltzailea, edo une batean izan daiteke zapaltzailea eta handik gutxira zapaldua.

Hori asko interesatzen zitzaidan, hasteko, nire buruaren errebisio bat egiteko. Ikusteko feminista eta hetero modura nik nola eusten diodan kritikatzen dudan sistemari; nondik eta nola elikatu dudan, hainbat harremanetan, nik neuk kritikatzen dudan hori.

Horregatik ez ditut jarri pertsonaiak feminista eredugarriaren lekuan, gizaki kontraesankorrak jarri ditut egoera jakinetan mugitzen. “Hautsi” eta “eutsi” aditzek ezaugarritu dezakete liburua. Pertsonaiek marko bat edo lotzen dituen zerbait hautsi nahi dute, baina, aldi berean, eutsi egiten diote, beldurra ematen die erabat hausteak. Indar kontserbadorerik ez balego, inongo penarik gabe hautsiko lukete.

Haustearen eta eustearen sentsazioaren adibidea izan daiteke “Gizakiaren adin guztiak”?

Bai, adibidez. Zahartzen ari den aitaren eta bere seme alaben arteko igeriketa lasterketa bat antolatzen du familia batek; ikusten da semea atzean geratzen dela, alaba irabazten doa eta azken momentuan aurreratzen dio aitak; eta alabak izugarrizko lasaitua hartzen du aitak oraindik irabazten diolako. Uste dut hori, maitasunetik, aitarekin harreman on samarra duen edonork uler dezakeela. Poz hori aita oraindik sendo eta indartsu dagoelako, eusten dion figura hori delako oraindik. Hamasei urte nituenean aitonari pultsuan irabazi nionean sentitu nuenarekin lotzen dut, zerbait hautsi zitzaidan barruan, eta berari ere bai. Ez zidan irabazten utzi, nik irabazi nion, eta horrek behera botatzen du zure aurreko pieza bat.

Horrek bi gauza esan nahi ditu: batetik, zu hazten eta indartzen ari zarela, leku garrantzitsuago bat hartzen ari zarela munduan. Eta bi, zure aurretik egon ziren horiek badoazela, laster ez direla egongo, bizitzari bakarrik aurre egin beharko diozula.

Hautsi eta eutsi hori ipuin batean baino gehiagotan errepikatzen da. Igeriketa lasterketa horrek uste dut sinbolo bezala funtzionatzen duela: nola antolatzen dugun jokoa aitak irabazten jarrai dezan, nola egiten duen hori gutako bakoitzak, zer indar iraultzaile eta kontserbadore dauden gutako bakoitzaren baitan. Eguneroko gauza txikietan zein iraultza handietan gertatzen den zerbait dela uste dut: nahi dugu aurretik ezarri eta topatu dugun markoa aldatu, hautsi, eraldatu… baina gure baitan daude indar kontserbadoreak ere. Zergatik? Marko zahar horretan egin garelako, eta marko zahar horretan ikasi dugulako pentsatzen, maitatzen, loturak dauzkagulako marko hori eman digutenekin. Askotan, zapaldu gaituenak elikatu ere egin gaitu; elikadura emozional hori lehen aipaturiko txanpon horretan ematen da, bere ilunekin eta argiekin. Hori da gizakia, gauza terrible bat gara, eta aldi berean gauza oso konplexua eta ederra.

Begi bat ageri da azalean. Nola topo egin zuen zure begiradarekin?

Oso elegantea iruditu zitzaidan, eta errealista, baina ez erreala. Begi baten argazkiarekin egindako margolan bat da, Alain Urrutiak begi diferenteen pintura txiki mordo bat jarri zituen erakusketa batean, eta begirada posible askoren arteko bat da hau. Idaztea hori dela uste dut: gure begiradari eta ahotsari toki bat egitea, ez errealitatea errepresentatzen duelako, baizik munduari zure filtroa jartzen diolako, zure hitzekin esatera ausartzea delako.

Joko bat da; irakurleak begi bat ikusten du, behatxulo bat ematen du, norbait zelatan egongo balitz bezala; baina irakurlearen begia ere begi horri zelatan ari da, eta uste dut badela irakurlea interpelatzeko modu bat: ‘begi hau nonbaitera begira dago eta gauza batzuk ikusi ditu, baina orain zu ari zara begiari begira, eta zu ere zure motxilarekin ari zara hau dena ikusten eta epaitzen’.

Heteroarauari lotuta, urrezko markoa gustatzen zitzaidan, heteroaraua badelako erregimen politiko, ekonomiko, psikologiko bat normaren barruan kokatzen zaituena. Antzerki pribilegiatu bat. Eta hori beti da errazagoa normatik kanpoan egotea baino, baina, aldi berean, urrezko kaiola bat da. Azalean iltze bat ere badago, ez ditugu ikusten eskua eta mailua, baina norbaitek iltzatu du marko hori.

Eta horren guztiaren argazki bat da azala.

Bai, eta idazketa prozesuarekin zerikusi handia dauka begi erreal horrek niretzat. Azkenean, idazle guztiok idazten dugu gure memoriatik, zaurietatik edo egitura psikologiko jakin batetik. Baina gero elaborazio lan handi bat dago. Nire kasuan, hiru urtean aritu naiz zortzi ipuin hauek idazten. Lan handia izan da esperientzia errealitate literario bilakatzea. Zenbait idazleren lanak eremu biografikora eramateko joera handia dago, baina hori erredukzionista eta sinplifikatzailea da, eta, aldi berean, errealitate literario hori ukatzea da. Nire kasuan, idazketa esperientziaren eta amaierako testuaren artean dagoen hori guztia da, eta hor mila erabaki, hainbat berrirakurketa, proba daude, eraikuntza bat dago artefaktu bat sortzeko.

Ipuinak idatzi dituzu, zortzi; hamar urte pasatu dira zure azken ipuin liburutik. Eroso sentitzen zara formatu horretan?

Nik idatzi ditudan generoen artean zailena ipuina da, teknikoena. Aldi berean, asko gozatzen dut ipuinak irakurtzen, eta, batez ere, berrirakurtzen. Zortzi idatzi ditut, baina ehunka irakurri. Asko gustatzen zait hamabost orrialde dituen zerbait irakurtzea eta bertan kondentsatuta aurkitzea bizialdi oso bat, edota egoera jakin bat irakurtzea bizitza osoan inpaktatuko duena. Ipuin batean antzeman ahal izatea iragan oso bat edo pertsonaien psikologia konplexua. Hori xehetasunen, egituraren, musikalitatearen edo dialogoen bidez lortzea magia iruditzen zait. Neurri handi batean, xehetasun esanguratsuetan dago sinesgarritasunaren gakoa.

Niretzat oso garrantzitsuak dira oharrak. Idazketa-aurre horretan, idazten ari naizela ohartu ere egin gabe, zerbaitengatik, gai batek, garai batek, egoera batek, jende batek atentzioa ematen dit eta hasten naiz, nolabait, erregistratzen hor gertatzen ari dena. Sentitzen dut dei egiten didala, zerbait mugitzen didala, garrantzitsua dela, deskubritu behar dudan zerbait badagoela hor, eta oharrak hartzen hasten naiz. Ipuin bakoitzarentzat mundu bat sortu behar duzu, eta, bat bukatu eta bestea hasteko atsedena behar izan dut.

Kontamoldeari dagokionez, bakoitzak oso soineko ezberdina du. Nola landu dituzu egitura ezberdinak?

Batez ere berrirakurketak eman dit bakoitzarekin asmatzeko bidea. Bi ipuin dialogatu daude esaterako, biak oso ezberdinak. Bata antzerki testu forman eta bestea Whatsappeko elkarrizketa forman. Bi ipuin dialogatuetarako bidea Truman Capotek ireki zidan, “Kameleoientzako musika”-ko ereduekin. Teatro testuaren forma erabiltzen du, baina ez oholtzaratzeko, ez dago teatrorako egina; forma hori hartzen du berak nahi duena egiteko; hibridaje horiek berari segika egin nituen.

Saiatu naiz niri maisu-maistrak iruditzen zaizkidan horiengandik ikasten. “Gizakiaren adin guztiak” ipuinean saiatu nintzen -”distantziak distantzia denbora guztian, e?”, dio irriz-, Carverren eran-edo idazten. Beti aipatzen diren showing eta teeling tekniken artean showing-ari eusten, hau da, ez kontatzen, baizik erakusten. Esaldi laburren bitartez kontakizun bisual bat egin nahi nuen, azalpenik gabea; eta bakoitzak bere modura irakur zezala.

Biolentzia batzuk izendatu dituzu. Lehenago ere egin duzu horrelakorik. Baina bertigorik sumatzen duzu inprentarako garaian?

Uste dut idazten ari naizen bitartean beti dagoela bataila bat, beti dago borroka bat, desiraren eta izuaren artekoa, horretan jokatzen da idazketa.

Leila Guerrierori entzun nion: “Querer escribir es querer meterse en problemas, y la manera en la que cada una sale de esos problemas es el estilo”. Uste dut idaztea arazoetan sartzea dela, hasteko eta behin, norbere arazo propioetan sartzea delako, ebatzi gabeko korapiloetan, gure ur zikinetan eta lasai utzi ez gaituzten egoeretan. Ariketa konprometitua dela uste dut, eta, aldi berean, badagoela beti esatera bultzatzen gaituen bulkada bat, baita etengabe kuestionatzen gaituen galga bat ere. Eta gu gara askotan epaile zorrotzenak: zergatik, zertarako, nori?

Uste dut beldur eta bulkada horien atzean zer dagoen deskubritzeko idazten dugula. Liburu batek asko irakasten dizu egiten ari zaren bitartean, eta baita publikatu ostean ere. Bidaia bat da, ikerketa oso intimo bat, publikoki baldintzatua. Niri gustatzen zaidan literatura erantzun zehatzik ez daukana da, sarritan deserosoa, baina, aldi berean, apasionantea.

Niretzat, idazlearen lana ez da zerbait dekoratiboa, izan daiteke entretenimenduzkoa, eta izan behar du batzuetan, baina niretzat murgiltze ariketa bat da, giza kondizioan murgiltzea da, lehen esandako material inflamable horrekin lan egitea.

Murgiltze ariketa aipatu duzu, baina irakurlea hor dago eta murgiltze publiko bat ere bada batzuetan. “Irla” izeneko ipuinean esaterako, UA inizialak ditu pertsonaia batek. Zuretzat biluzte bat ere izan da?

Ez dakit kasu horretan neure burua babestuago legokeen inizialak kenduta, uste dut ondorioak berberak liratekeela. “Irla” da autofikziora hurbiltzen den ipuin bakarra, autofikzioak definizioz behar du idazlearen izen-abizenak agertzea testuan. Hortik aurrerako paktua da nik jolas egin dezakedala horrekin, eta zuk, irakurle moduan, ez dakizula zenbat jarri dudan nire errealitatetik eta zenbat ari naizen fikzionatzen.

Inizialak jartzea irakurleari esan gabe esateko modu bat zen: ‘nik ez nuen fikzio hau asmatzeko beharrik, esperientzia bat bizi izan nuen niri arrasto hau utzi didana’. Kasu honetan, biko memoria-ariketa batetik abiatzen da. Orain dela 18 urte Kubara egindako bidaia bat nirekin konpartitu zuen gizon batekin egin nuen memoria ariketa, eta grabazio horren gainean lan egin nuen; ondoren, berarekin hitzartu nuen testua.

Arriskua aipatzen zenidan, eta bai, ondorioak izan ditu. Liburu honen inguruan zarata egon da, eta nik testuen ardura hartzen dut, beren azertu eta hutsekin. Gero, bakoitzak hartu beharko du liburu honen edo nire kontra egin eta esandakoen ardura.

Isiltasuna aspaldidanik dago presente zure lanetan, honetan ere sumatzen dela esango nuke.

Ipuinaren sekretuetako bat da isiltasuna, ipuinaren funtsa da esaten ez dena. Esan dut nire hitzen arduradun egiten naizela, baina gutako bakoitza da bere hitzen eta bere isiltasunen arduradun. Nahiz eta egia den, lehen aipatutako egiturazko botere sistema horietan, gorputz batzuek askoz presio handiagoa jasaten dutela isiltzeko. Uste dut ipuinetan ere ikusten dela hori. Bakoitzak sistemari edo heteroarauari eusteko dauzkan moduetan badaude esaten ditugunak eta esaten ez ditugunak ere. Isiltasun mota ezberdinak ere badaude, gai oso interesgarri eta potoloa da.

Garai ezberdinetan kokatu dituzu ipuinak, memoria ariketak ere aipatu ditugu, eta Miren Amurizari entzun nion, bere eleberri berriaz (“Pleibak”, Susa) ari zela, iragana gaur egungo ikuspegitik ezin dela epaitu, baina gaur egunetik begirada kritiko batekin begiratu ahal zaiola.

Idazlea bizi da, bizi da eta idazlea da, baina horrek ez du esan nahi bizi ahala erregistratzen duenik esperientzia. Zerbaitek inpaktua eragin badio, eta marka hori harengan geratzen bada, idazlea itzuli egiten da egoera horietara. Uste dut literatura badela geure zaurietatik behin eta berriz pasatzeko modu bat.

Ezin da memoriarik gabe idatzi, fikzio futuristak ere memoriatik idatzita daude, gorputz baten memoriatik. Nire kasuan, iraganari kritikoki begiratzeko baino, esango nuke literarioki begiratzeko idazten dudala. Niretzat literarioki begiratzeak esan nahi du beldurrik gabe begiratzea. Niretzat ipuina inbestigazio eremu bat da, eta ni horra sartzen naiz nire buruarengan gustatzen zaizkidan eta gustatzen ez zaizkidan gauza guztiekin, ikusteko gai naizen eta ez naizen guztiarekin, ulertzen dudanarekin eta ulertzen ez dudanarekin… Ipuin hauek tentsio horretan sortuta daude, indar kontrajarrien artean daude pertsonaiak. Literatura, niretzat, pertzepzio korporala, intelektuala eta sentsitiboa esplorazio literario baten zerbitzura jartzea da.

Nolakoa da esplorazio hori?

Saiatzen naiz ulertzen: nola sentitzen dut garai jakin hau? Nola bizi nuen bizitzen ari nintzen unean? Batzuetan, materiala pilatzen dut: zerk inguratzen gintuen, zein musika entzuten genuen, zer jaten genuen, zer zen ezberdina etxe batean eta bestean, zerk harritzen ninduen, zer esaldi iltzatu zitzaizkidan… eta hori oharretan dago. Oharrak hartzean bai, baina idaztean ez naiz gogoratzen ari, ni berbizitzen ari naiz, berriro dauzkat 15 urte, baina 15 eta 40 ditut aldi berean.

Gaur podcast batean entzun dut pertsona narratibo guztiak direla lehenengo pertsona. Hau da, hirugarren edo bigarren pertsonaren atzean ere beti dago lehenengo pertsona bat. Kontatzen diren istorio guztien atzean dago humano bat, berak filtratzen du errealitatea deitzen diogun anabasa multiple hori. Askotan bilaketa lan handia egiten dut, baina ez dakit gero zer gertatuko zaidan bidean.

Zehaztasuna eta egunerokotasuna lantzen dituzu: zorriak kentzea, lapikoari azpia hartu, zoru erradiatzailedun etxebizitza, “Maisons du Monde”-ko mahaia, “Pyrenaica”, optometristaren kontsulta...

Oharretan detaile horien bila joaten naiz. Pertsona jakin baten materia zein keinutan konkretatzen da? Zer esango genuke bere usainaz, munduan egoteko moduaz, besteengana hurbiltzeko eta urruntzeko manerez… Sentsazio hori nola ekartzen da hitzetara? Belarri edo landa lan hori nire idazketaren parte handi bat da, beldurrik gabeko eremua, desegokia izateko espazioa.

Hizkuntzari dagokionez ere egin duzu bilaketa lan bat, erregistro jakin bat bilatzen ipuin bakoitzari. Garrantzitsua da zuretzat?

Ahalegindu naiz bakoitzari bere unibertso linguistikoa sortzen, pertsonaien hizketa ere modu espezifiko batean tratatzen ipuin bakoitzean. Bat badago bizkaierarekin zipriztinduta, beste bat gipuzkera jakin batekin, beste bat euskañolarekin… Hitz egiteko moduek ere ezaugarritzen dituzte pertsonaiak, beren janzkerek edota egiten dituztenak beste.

Ni hitzetara oso kateatuta geratzen naiz: gauza bat da zer esaten dugun literalki, eta beste bat da esaten dugunaren azpitik esaten duguna. 20 asmo oso ezberdinekin esan dezakegu ‘oso polita zara’. Batzuetan, azpikoa entzun ez bagenu bezala egiten dugu, azaleko geruzarekin bakarrik geratzen gara erosoagoa zaigulako, hala ez dugulako pentsatu behar bestearen intentzioaz, bestearen intentzioak gugan errebotatzen duen moduaz, erantzun behar geniokeenaz… eta orduan, erreflexuz, ‘eskerrik asko’ esaten dugu. Baina, agian, benetan gertatzen ari den elkarrizketa beste bat da; ba, hori bera ipuinetara eramaten ahalegindu naiz. Lengoaiaren posibilitate horietan arakatzen aritu naiz.

Gizakiok gure artean komunikatzeko hitza erabiltzen dugu modu askotan. Eta iruditzen zait liburu askotan dela hizkuntza zukutzen. Liluratu egiten naute hizkuntzaren plano ezberdinak solturaz konbinatzen dakiten idazleek.

Liburuaren amaieran badago ohar bat Azala sormen espazioan bi egonaldi egin dituzula zehazten duena. Garrantzitsuak izan dira egonaldi horiek zuretzat?

Izugarrizko esker ona sentitzen dut. Lasierra herrian dagoen sormen espazioa da Azala, landetxe bat da, aldi berean, sormen egonaldietarako baliatzen dena. Sortzen ari garenean asko ematen du norbere eremutik irten eta beste leku batera joateak. Nire kasuan, umeekin bizi naiz, eta, lehen aldia zen 13 urtean inguruan 24 orduz isiltasuna neukana. Bi aldiz joan nintzen, bost egunez, eta banuen txabola bat sukaldearekin, baso eder-eder bat, paseatzeko tokia… Danelek [Sarriugartek] esango lukeen bezala, “ematen dizu bihotzean beroa”. Baldintza materialen inguruan ez dugu askorik hitz egiten, baina asko eragiten diote lanari.

Azalan sortzaileari ez diote kobratzen. Hain eskertuta egon nintzen, Getariara itzulitakoan proposamena egin bainuen Udalean antzeko zerbait martxan jartzeko, eta bigarren urtea da idazleentzat egonaldiak martxan dituguna. Baliabide turistikoak musu truk jartzen dira idazleen eskura, eta sortzen da giro literario bat. Iruditzen zait izugarria litzatekeela horrelako sare bat martxan jartzea.

 

Bilaketa