Solasean
Atzerri liburua argitaratzear zela jo genuen Xabier Montoiarengana. Idazle eta musikari kasketa erantzi eta kazetariarena jantzi zezan eskatu genion, aspaldiko lagunari galdeketa zorrotza egin ziezaion. Bide luzea egin zuen gestioak, gorabehera handiak izan ziren, baina hementxe duzu azkenean.
Zerk eraman zaitu Atzerri idaztera?
Halabeharrak eta baldintzapen askok bat egiteari esker sortu da Atzerri. Egoera politikoa izan da baldintzapen horietako bat. Bat-batean atzera begiratzeko posturan aurkitu nuen nire burua. Gure herria askatzeko borroka beste aro batean sartu berritan, nire engaiamendua nola gertatu zen, zer nintzen edo zer izan nahi nuen begiratzen jarri nintzen. Garaitsu horretan berrartu nuen Eneko Olasagastirekiko harremana ere, Barrura begiratzeko leihoak proiektua zela eta. Iraganari behako bat ematera jarri eta hara!, zurrunbiloak hartu ninduen. Hizkiz hizki porlana zulatzen aritzeko grinak ere eraman ninduen idaztera. Ihesaldi literatura, kasu honetan ez errealitatetik at, baizik eta jendartera murgil egiteko. Ingurune antzu eta irentzaile honetatik zerbait eder eskaintzeko beharrez.
Zein izan da Atzerri idaztearen prozesua?
Prozesu gozatsua izan da. Ia berez sortu zaidan liburua. Kontakizuna, egitura, idazkera, abentura eder bat izan dira niretzat, baita inguruan izan ditudanentzat ere. Oraindik ere bada plazer iturri, irakurleen berriak jasotzen ditudan bakoitzean. Aise aritu naiz idazten, kontatu nahi nuenaren mugarriak finkatu ostean, askatasun erabatekoa eman diot nire buruari. Idazketan sufritzen hasten nintzen bakoitzean banekien oker nenbilela, eta bertan behera uzten nuen. Ez dut esan nahi liburua erditu bitartean tinta izerditu ez dudanik.
Zenbaterainoko garrantzia izan zuen egiazki Iban Zalduaren aipuak liburua abiarazteko orduan?
Aipu hori Istripu atalaren iturburuan dago. Eta liburuaren baitan Istripu-k garrantzia handia du kontakizunaren hari-mutur nagusia baita. Aipu horrek eramaten nau atzera begiratzera. Iraganarekin elikatzen dugu gure oraina. Idazle izan nahi nuen nerabezaroan, idazle izan nintzen gaztaroan eta gero idazteari utzi nion. Hori nola gertatu zen begiratu nahi izan dut liburu honetan. Euskal Herriaren askapen borrokaren ahalegin kolektibo horretarainoko nire ibilbidea berrikusi, aztertu eta eskaini. Murgil egin nuen uneraino. Zipriztin batzuek ere busti dituzte orriak. Eta amaitzeko, aipu horren galderari erantzun moduko bat, ezin dugu jakin zer izanen zatekeen euskal literatura Mikel Antza sasian desagertu ez balitz, bizitza orainaldian dago, etorkizunera begira, gertatutakoak gertatuta, igarotako denbora igarota, beste galdera bat da Atzerri, ezer ahantzi gabe: izan al naiteke oraindik izan nahi izan nuen idazle hori? Ba al dut zer eskaini euskal literaturari? Merezi ote ahaleginak?
Nobela eliptikoa dela esan zenuen aurkezpenean, gauza batzuk kontatu ezin direla iruditzen zitzaizulako.
Nobela eliptikoa da borrokan engaiatu nintzenez geroztikoek arlo pertsonal hertsia gainditu eta beste lotura eta ondorio batzuk dituztelako. Norbanakoa eta taldeari buruzko aurre hausnarketa dago liburua moldatzeko orduan. Nolabait esateko “Antzaren ibiliak” agertzen dira, ez besterik, eta klandestinitatean girotutako pasarteetan muga hori gainditzen dudanean isilpean gorde beharrekorik ez salatzeko moduan egiteko kontu handiz ibili naiz. Ez dakit zifretan neurtu daitekeen, zer den kontagarria edo kontatzea merezi duena. Batez ere, zertarako kontatu, hori da kontua nire ustez. Zeintzuk min eta arrazoi azaleratu nahi ditugun, zein helbururekin. Sasiko pasarteak atzerrian kokatu ditut, berariaz, lehen lerroa dei genezakeenetik aldenduta. Ez dut uste gehiago hurbil gaitezkeenik oraindik. Are gutxiago fikzioaren bidetik. Atzerri-k hartzen duen denbora tarte horretan gertatutakoak garrantzi eta eragin handiko kontuak dira Euskal Herriaren historian, gutako bakoitzaren bizitzan. Ez dut uste literaturaren bidetik heldu behar diogunik, baizik aurrez aurre, mozorrorik gabe, zintzotasunez.
Idazle izan zena berriz idazle bilakatzea, horra nobelaren hari nagusietakoa, nagusiena ez bada. Jadanik lortu duzu idazle sentitzea?
Irakurleengandik jasotako iritziekin idazle sentitu naiz, bai. Herrenik handiena euskararen ezagutzan daukat. Idazten ari nintzela ohartzen nintzen, nahiz eta askatasun osoz aritu, muga bat nuela, ez nintzela gai nahi nuen guztia adierazteko. Joskera eta hiztegi aldetik hutsuneak ditudala jabetzen naiz. Nahiz eta ahalik eta giro euskaldunenean bizitzen saiatu naizen, atzerrian eta kartzelan benetan zaila da. Hizkuntza erabiltzen ez bada, atrofiatu egiten da. Ikustaldietan edo etxartean, kideekin baino ez dut euskaraz hitz egiteko aukera. Frantziako Maison d’Arrêteetan asko jota hiruzpalau ordu pasatzen dugu ziegatik kanpo, gainontzeko denbora isilean bakarrik ematen dugu. Erdalmortu honetako euskal ur tantak Berria eta ordu zehatzetan Euskadi Irratia dira. Bi urte eta erdiz beste euskal presorik gabe bakartuta eduki gintuztenean, funtzionario, polizia eta epaileekin euskaraz egiteko erabakia hartu nuen, beste kideekin elkartu gintzaten eskatzeko ez ezik euskara entzuteko. Aurtengo urrian bederatzi urte beteko ditut baldintza hauetan. Beraz, etengabe ari naiz idazteko darabildan tresnaren mantenu lanetan.
Protagonista nagusiaz gain, beste zenbait pertsonaia ere ageri da kontaketaren hari desberdinetan, sasian bizi direnak. Zure alter egoak al dira horiek ere?
Badute niretik zerbait, noski, baina ez dira nire alter egoak. Protagonista nagusia ere ez da zehatz-mehatz nire alter egoa. Nintzen gaztearekin kontu batzuk kitatzeko ere baliatu dut liburua. Kokoteko goxo batzuk emateko.
Atzerri irakurri duten batzuentzat nolabaiteko memoria liburua da. Beste batzuentzat, aldiz, ipuin liburua. Liburuan bertan, esku artean duena nobela bat dela esaten zaio irakurleari. Seguru al zinen hasieratik nobela bat idazten ari zinela?
Nik ez dut nobela idazteko metodorik ezagutzen. Tira, nobela bat idatzi asmoz hasi naizen bakoitzean amaitzeke utzi izan dut. Aurrerago bertan behera utzitako eraikin horietako baten edo besteren lehengaiak baliatu izan ditut, beren lekua aurkitu dute naturalki, Goldorak atalak Atzerri-n bezala, sortzez beste nobela bateko zati izanik. Zorrotz errespetatu beharreko araurik ez dago nobela bat idazteko. Ospitalekoak-ekin ere, baina batez ere Atzerri-rekin nobela deritzon genero horrek askatasun erabatekoa eman dit niri. Are gehiago, aski mugapen baditut bestela espetxeko egunerokotasunean. Erabateko libertatea eman didan eremu bat aurkitu dut, arnasa egiteko. Beraz, ez nintzen nobela idaztera jarri, idaztera baizik, eta idatzitako kontakizunek beren lekua aurkitu zuten egitura baten baitan. Helmugara iristean Atzerri nobela zela esan zidaten, eta ni oso poztu nintzen idatzitakoak lehen irakurleengan sortzen zuenarekin.
Aldez edo moldez zeure burua nobelako protagonista kokatzeak ez al du exhibizionismorako arriskua? Deserosotasunen bat sortu al dizu horrek?
Badu exhibizionismorako arriskua, bai, nire buruaz ari naizen neurrian. Hirugarren pertsonan pertsonaia mozorrotzeko hautua ere banuen nik, ez dut egin, nire ustez esan nahi nuenak lehen pertsonaren zintzotasuna behar zuelako. Kontakizuna aurrera doan heinean bigarren eta hirugarren pertsonaren errekurtsoa erabili dut, nintzen harengandiko urruntzea nolabait islatzeko. Presoari kartzelan bere intimitatea erauzten zaio: gutunak fotokopiatu eta irakurri, ikustalditik itzuleran eta ziega miaketen ostean biluzarazi; niri dagokidanez, Détenu Particulièrement Signalé (DPS) gisa sailkatuta naukaten neurrian, zaindariek kaier batean idazten dute niri buruzko guzti-guztia, nolako aldartez jaiki naizen, nola itzuli naizen ikustalditik, norekin mintzo naizen, noren gutuna jaso dudan, gutunik jaso ez dudan egunean zapuztu ote naizen, nori idatzi diodan. Horretara ez naiz ohitzen, deserosotasuna eta amorrua eragiten dit, umiliazioa da aldiro. Hondartza nudista batean biluzik egotea eta jantziak banan-banan eta mehatxupean emanez larrugorritan gelditzea ez dira berdinak. Gaurko gizarteko farfaila eta mozorrokeriaren aurrean, non hitzek berek ere gardentasuna galtzen duten, biluztasuna baino antidoto hoberik ez dagoela uste dut. Norberak bere baitarik hitz egin behar du, bere egia esan behar du, zintzoki, bestek berdin egin dezaten espero gabe, besterengan ikusi uste ditugun maltzurkeria eta jukutriak azpimarratzen eta salatzen denbora eman gabe.
Ez al zaizu meta-literatura nekagarri samarra gertatzen, honez gero?
Meta-literatura nahitaezkoa zuen Atzerri-k idazle edo idazle-gai bati buruzkoa den neurrian. Erreferentzia izendatuak eta ezkutukoak daude liburuan, baina ez dut uste liburua ulertzeko ezinbestekoak direnik, apaindura gisa edo begi-kliska gisa daude, girotzeko eta protagonistaren literaturarekiko harraren berri emateko. Nahi bada, idazleen munduan ate-joka dabilen denbora luzeko langabetuaren kredentzialak erakusteko ahalegin erridikulutzat ere har daitezke Atzerri-n agertzen ditudan idazleen aipamenak.
Céline maiz ageri da. Atzerri zure gauaren azken muturrerainoko bidaia dela esan liteke?
Ez. Inolako loturarik gabeko pertsona izan behar da horretarako. Ez da nire kasua. Nik konpromiso oso argiak ditut eta konpromiso horiek ezartzen dizkidaten mugak ere oso argi ditut. Célinek egin zuena egiteko jendarteagandiko urruntasun eta ausardia handia ere behar da. Eta oso-oso idazle ona izan, hizkuntza menderatu. Gurea bezalako jendarte txiki batean ez dakit horrelako zerbaiterako aukera eta beharrik dagoen. Ez gaude hain lazgarriki bakarrik, mundu guztiarekin puntu horretaraino suminduta eta gorrotoz beteta. Gainera, euskararen baitan erabateko erosotasunez ibili beharko litzateke, irakurleagandiko hurbiltasuna galdu gabe jendarteko erregistro desberdinak erabiliz. Euskal Herriari gagozkiolarik bertako hiru hizkuntzen erabilpena lotsagabe eta diglosikoa kontuan hartu, mugak erakutsiz eta hautsiz. Ez dakit interesik lukeen, ezta zein funtzio beteko lukeen horrelako obra batek.
Atzerriaz eta kartzelatu aurreko garaiaz diharduzu. Aurreko liburuetan (Ospitalekoak, Bakarmortuko kronikak...), bestalde, kartzelaz aritu zinen, zein izango da erabiliko duzun hurrengo gaia? Jarraituko al duzu zure biografiari lotutako beste kontuekin?
Atzerri-n ere kartzela sartu zait ba! Eta nahiz eta ihes egiten saiatu, presoen ametsetan bezala azkenean harrapatu nau. Ez dakit zein izango den hurrengo liburuaren gaia. Atzerri tartean sartu zenean banituen bestelako proiektuak idaz-lantegian. Ez dakit zer nolako aukera izango dudan idazten jarraitzeko, nire bizipenen berri emango dudan, mugak muga, gaitasunik izango dudan Euskal Herriaren iraganari begiratu sakonagoa emateko, gogoa dudan arren.
Atzerri-n Salgari aipatzen duzu eta zuregan literaturarekiko maitasuna pizteko idazle horrek izan zuen garrantzia. Salgari aspaldiko kontua da zuretzat (gogoan dut aspaldiko Susa batean egin zenuen haren itzulpentxoa), baita geroago aipatzen duzun Pellot pirata ere. Ba al duzu aurrerantzean horretaz idazteko asmorik?
Hain zuzen ere, Pellot piratari buruzko eleberri bat idazten ari nintzen Mont-Blanc Palacera eraman gintuztenean. Nahiko aurreratuta nuen eta nire asmoa zen Donostiako piratei ematea, beren abordajean parte hartuz, inbidiaz ikusten baititut egunkarietan argazkiak. Piraten ipuin bat eskatu zidan behin ilobak eta eleberritxo baten luzera hartzen hasi zitzaidan, pertsonaiak, korapiloa... Badut proiektu horri ere heltzeko gogoa, baina horretarako piratek bahitu eta itsasontziko sotoan giltzapetu beharko nindukete I’m the Pellot eleberria bukatu arte!
Azken urteotan argitaratu dituzun liburu guztiak, nolabait, zure bizipen pertsonalei oso lotuak direla esan daiteke. Gaztetakoak, aldiz, asmakizun hutsezkoak ziren gehiago, fantasia handiagokoak. Aldaketaren bat ikusten duzu orduko eta oraingo fikzionatzeko ahalmenaren artean?
Gaztetako kontakizun asko ere bizipen pertsonalei oso lotuak zeuden, nahiz eta orduan, lotsagatik edo, gordeago zeuden kontakizunaren baitan. Adibidez lehen bildumako ipuin guztietan dago bizipen pertsonalekiko lotura zuzen-zuzena. Odolaren usaina-n ere badago halakorik. Asmakizun hutsezko kontakizunak bururaino eramateak erakarmen txikiagoa du nigan gaur egun. Bururatzen zaizkidan ideiak guztiz garatu gabe bazterrean uzten ditut. Nire buruari galdetzen diot, literatura zer da? Errealitatetik ihesa, errealitatearen isla, errealitate mozorrotua? Azken errean, asmakizunaren atzean, ametsen artean bezala, bizipenak egon ohi dira beti. Idazlea irudimenaren atzean mozorrotzen da, esatera ausartzen ez dena esateko. Egia delako ere bere buruaz etengabe hizketan ari den pertsona, idazlea berez den hori, jasangaitza izan daitekeela.
Ikusten al duzu liburu hau beste hizkuntza batean? Ba al duzu erdaratzeko asmorik?
Idazten ari nintzela erabateko askatasuna eman nion nire buruari. Erdaren eta beste kulturen loturetatik aske idatzi nuen. Atzerrian urte luzeak eman ditudanez, zeharka begiratuz ohartzen nintzen bertan agertzen diren kontu asko gure euskal komunitatetik kanpo ulertzeko zailak izango liratekeela, guk manejatzen ditugun klabeen azalpenak beharko liratekeela. Idazterakoan hitz-jokoekin eta idazkera moldeekin ere jolas egin dut. Horrek erdaretan nola eman dezakeen ezin dut irudikatu. Nik ez dut erdaratzeko asmorik, baina euskal irakurlearentzat beren-beregi idazten ez dudan neurrian, literatura maite duenarentzat baizik, esperientzia polita litzateke itzulpenarena.
Literaturan, garrantzitsu irizten diozu hizkuntzaren mugak apurtzeari, hizkuntza harago emateari?
Bai. Idazten ari nintzela, Koldo Izagirrek elkarrizketa batean esandakoa nuen begien aurrean. Besteren artean zioen: “Milaka istorio horiek baino, istorio bakarra mila moldez. Literatura hori da. Bestea probabilitate kalkulua da”. Kontakizunak eskatzen zuenari adi jarri ninduen Izagirreren muturreko jarrera horrek, nobela klasiko bati ihes egin eta nire baitakoa narratzeko orduan aske izaten lagundu zidan. Eta bide horretan nire mugekin topo egin eta muga-pasoan ibili naiz.
Nola ikusten duzu euskal literatura gaur egun? Zer du eskas, zer soberan?
Nagoen egoeran, ikuspegi nahiko murritza dut. Gorabehera nagusienak jarraitzen ditut. Irakurtzen dudana baino gehiago irakurri nahi nuke eta hori jada bada zerbait. Horrek esan nahi du, gaur egun literatura zaleak euskaraz argitaratutako literaturarekin biziraun dezakeela, argitaratzen den kopuruak eta kalitateak erdarazkoen menpe modu autonomoan bizitzeko adina ematen du. Arazoa da ez dutela zirkuitu propiorik, kolonizatuta gaude. Horrela oso zaila da literatura sistema sendo bat osatzea.
Azken aldian, bertsolariek lortu dutenarekin inbidiaz alderatzeko joera dago, bertsolariek ordea ez dute konpetentziarik beren esparru propioan, bakanak dira. Euskal idazleak mundu guztiarekin konpetitu behar du, eta gainera munduko hizkuntza nagusienen arteko biren menpe dagoen merkatu batean. Euskal literatura, bertan sortua edo itzulia, sustatzeko lehentasunezko ahalegin berezia eta handia egiten ez den bitartean, liburu on asko eta asko oharkabean pasako dira berriz ere, eta gure literaturaren aurrerabideak herren. Plangintza zehatza eta eremu propioa garatu behar ditugu. Tarteka auzo literaturetara jotzea ona da, noski. Euskal literatura garatuko bada gaurko portzentajeak itzulikatu behar dira, idazleen ekoizpenarekiko irrika egon behar da. Irakurle taldeen ugaltzea seinale ona da, baina ahalegin hori biderkatzeko modua asmatu beharko dugu.
Nola ikusten duzu zure burua euskal literaturaren barruan? Eta zure belaunaldia, tropela alegia?
Alde batetik, berriz etorritako bat bezala. Bestetik, hasiberri zaildu bat bezala. Idazten hasi nintzen garaiko belaunaldiaren bilakaera zeharka baino ez dut jarraitu, tamalez. Idazle batzuen lanak irakurri ditut tarteka, baina ez ikuspegi osatua izateko adina. Beraz, ezin dut orokortu.
Zer irakurtzen duzu azken aldian?
Egoerak baldintzatzen du nire irakurketa. Aspaldian ez dut bete nire irrika kutunenetakoa, liburu denda batean sartu eta liburuen artean ibiltzea, hautaketan. Lagunek ekartzen edo igortzen dizkidaten liburuak irakurtzen ditut. Kideek jasotzen dituztenak. Tarteka eskatzen dut interesatzen zaidan libururen bat; ez nahi adina ordea. Asko dira irakurri nahi nituzkeenak baina eskuetara iristen ez zaizkidanak. Hala ere, beti ari naiz bizpahiru liburu irakurtzen. Denetarik irakurtzen dut horrela, eleberriak gehien bat, euskaraz eta frantsesez. Orain adibidez, Wuheren Les Survivants eta Ernesto Praten Hiru ilargi laurden irakurtzen ari naiz. Horrekin batera, Amurizaren Euskara batuaren bigarren jaiotza aztertzen nabil eta Espainiaren XIX. eta XX. mendeetako historia ikasten ari naiz.
Batzuen ustez erromantizismo gehiegizkoa ageri da liburuan, batez ere emakumeak agertzen direnetan (ikasle poloniarrarena, hondartzakoa).
Harrituta utzi nauzu. Ez nekien erromantikoak zirenik pasarte horiek. Are gutxiago erromantikoegiak izan zitezkeenik. Maitasuna agertzen delako? Erromantizismoa baino gehiago bi pasarte horietan prezeski hautuaren gaia da nagusia niretzat, sentimenduei atakarik jarri gabe bizitzea edota norbaitenganako edo zerbaitekiko konpromisoagatik aukera pasatzen uztea. Ikasle poloniarra badoa protagonistari literatura utziz opari Pariseko bakardadean. Istorioa guztiz bestelakoa zatekeen baldin eta bien arteko harremanean urratsik egin izan balute. Marc-ek ordea, dagoeneko literaturaren besoetan, etsi egiten du hondartzako sirenaren deiaren aurrean, nolabaiteko zorion betea erdiesten du, maitasuna eta literaturak bat eginik.
Emakumeen tratamendua ez omen da emakume batzuen gustukoa izan. Zer diozu horren gainean?
Pixka bat estralurtar sentitzen naizela horrelako aipamenen aurrean. Esan behar nuen gizon batzuei ere igual ez zitzaiela gustatuko gizonen tratamendua. Zentzuz erantzuteko, zehazki zer den gustatu ez zaiena jakin behar nuke. Ez dakit. Ondorioztatzen dut norbaitek liburuan agertzen diren emakumeak aztergai hartu dituela eta horren arabera egin duela juzkua. Leku txarrean uzten ditut emakumeak? Jaso ditudan iritzien artean ez zait halakorik iritsi. Nik ez dut emakumeengan edo gizonengan pentsatuz idazten. Niretzat, munduan, jendartean, pertsonak daude. Eta pertsonen artean denetarik dago. Gainera, ahaleginik egin badut, generoen inguruan ditugun topikoak apurtzeko izan da. Saiatu naiz pertsonek generoaren mozorropean gordetzen duten errealitate gizatiar hori era biluzian agertzen, onerako eta txarrerako.
Zalduaren arabera liburuak duen elipsirako joera garapen nobelistikoaren kontra doa. Ados al zaude?
Hor kanpoko mundu birtualerako irismenik hemen ez dudan arren, badakit Zalduak kritikaren bat egin diola liburuari, Fresnesen nengoela Txalaparta irratian hark egindako kritikaren puntu bat irakurri baitzuten. Liburuak ez du elipsirako joera. Liburuak kontakizunetik kanpo uzten du arlo oso-oso bat, Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokarekin zerikusi zuzena duen guztia. Atzerri-k kontakizunetik at uzten duen hori literaturaren bidez kontatzen hastea erruzkoa litzateke nire ustez; bai bederen gaur egun, zauriak odoletan eta gatazkaren konponbiderako urratsak egiteko horrelako erresistentzia dagoenean. Literaturarenera iritsi baino lehen beste geltoki batzuk egin behar ditugu guztiok. Gauza mingarri asko gertatu da, asko sufritu da eta sufritzen da oraindik. Nik bederen ez dut nire burua ikusten kartzelako ziegan lubakiko gertakizunei buruz literatura egiten. Literaturak aldiz bete dezake funtzio bat, esanez, “adi!, hemen badugu kontu potolo bat konpondu behar duguna, ahantzi behar ez duguna, denon artean irtenbidea eman behar dioguna, albait lehen”. Zeregin oso delikatua da hori ordea, bai konfrontazioaren protagonista zuzenentzat eta baita albotik begira egon direnentzat. Gatazka gaitzat duen artea, izan zinema, literatura edo beste, gatazka gainditzeko eta zauriak sendatzeko ikuspegiz egitea da aurrean dugun erronka. Konfrontazioa elikatuko ez duen artea egiten ikasi behar dugu.