literaturaren zubitegia

1.078 idazle / 5.183 idazlan
7.842 esteka / 6.435 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Iņigo Terradillos
111 Akademia, 2024-12-31
Beņat Sarasola:
«Fikzioaren bitartez, askoz ere modu sakonagoan eta sentsorialagoan murgil daiteke irakurlea garai zehatz batean»

Beñat Sarasola idazlearen bigarren eleberri hau Frank O’Hara poeta eta arte komisario estatubatuarraren bizitzan oinarritzen da. O’Hararen poema bat irakurri ondoren bururatu zitzaion liburu hau idazteko ideia. “Donostia, Irun edota Hendaia aipatzen ditu poema horrek. Irakurri nuenean harrituta geratu nintzen eta Euskal Herriaren aipamenaren zergatia aztertzen hasi nintzen”.

Frank O’Hara poeta eta arte komisario estatubatuarraren munduan murgiltzen du irakurlea Beñat Sarasolaren (Donostia, 1984) Coca-Cola batzurekin (Susa, 2024) eleberriak. Batetik, Vincent Warren dantzariarekin zuen erlazioaren bidez, poetaren alderdi pertsonala erakusten du. Bestetik, 1960. urtean, New Yorken Espainiako artelanekin zabaldu asmo zuen erakusketaren bitartez, kontraste handiko bi mundu deskribatzen dira: New Yorkeko abangoardiako artistena eta itxura modernoa eman nahi zuen 60ko Espainiarena. Tartean azaltzen dira Chillida eta Oteiza.

Erraza egin al zaizu pertsonaia errealekin fikzioa egitea?

Nobela bat idazten duzunean, sinesgarritasuna nola eman izaten da gakoa. Kasu honetan, batez ere, O’Haran oinarritzen da istorioa. Oteizak eta Chillidak, esaterako, beraien ahotik ez dute gehiegi kontatzen. O’Hararen kasuan, ordea, narratzailea nolabait bere buruan sartzen da eta bere begietatik ikusten ditugu pasarte asko.

Eta nola lortu duzu benetakoa den pertsonaia hori horrelako xehetasunez irudikatzea?

Urte asko daramatzat haren poesia, gutunak eta berari buruzko lanak irakurtzen. Egindako lan horren ondorioz, ia-ia bere buruan sartu nintzen, edo nik hori imajinatu nuen behintzat. Eta, azkenean, bere munduan sartuta zaudenean ez zaizu hain zaila egiten hortik begiratzea. Horretarako, bere poesia oso lagungarri egin zait, bere esperientzietan oso oinarrituta baitago. Etengabe agertzen dira bere lagunak, bere ingurua eta egunerokoan egiten duena. O’Hararen pertsonaiarekin jolasteko abantaila bat nuen, gainera, euskal irakurleen gehiengoak ez duela gehiegi ezagutzen. Oteizarekin edo Chillidarekin zailagoa da hori egitea, ezagunak direlako.

Zergatik Frank O’Hara eta bere bizitzan oinarritutako eleberria?

20 urte nituelarik poesia idazten hasi nintzen, eta orduan izan nuen O’Hararen lanaren berri. Bere poesia interesatzen hasi zitzaidan. Esaterako, nire lehenengo poema liburuan badago poema bat bere idazteko moduan nabarmen inspiratua. Eta bigarren poema liburuan ere bada beste bat. Baina orduan ez zitzaidan bururatu berari buruz liburua idaztea. Gerora topatu dudan bere poema batetik sortu zen ideia. Donostia, Irun edota Hendaia aipatzen ditu poema horrek, eta hain zuzen liburuaren izenburua ere bertatik hartua da. Poema irakurri nuenean harrituta geratu nintzen eta aztertzen hasi nintzen Euskal Herriaren aipamenaren zergatia. Bada, New Yorken egin zuten erakusketarena jakin nuenean, saiakera bat egitea izan zen nire hasierako ideia, baina gero askoz ere interesgarriagoa egin zitzaidan fikziora eramatea.

Udaberrian, gainera, O’Harari buruzko antologia bat argitaratuko da, zuk euskaratua.

Bai, eta horrek ere balio izan dit bere munduan murgiltzeko, bere hitz egiteko edo sentitzeko moduan sakonduz. Esaterako, bere maitaleari, Vincent Warreni, idazten dizkion eskutitzak oso adierazgarriak eta bereziak dira, elkarri guztia kontatzen baitiote. Garai hartan, noski, komunikazioa ez zen gaur egungoa eta eskutitzen bidez batak besteari egiten zuten guztia kontatzen.zioten. Oso eskutitz politak dira.

Zalantzarik gabe, joko handia ematen duen pertsona zen O’Hara.

Bai. Alde batetik, bere poeta alderdia daukagu. Modu bat-batekoan idazten zuen. Poeta bezala, dena den, gerora egin zen ezagunagoa. Horrekin batera, oso pertsona soziala izan zen, New Yorkeko abangoardiako artearekin zuzenki lotuta zegoena eta garai hartako margolari garrantzitsuenekin harremana zuena. Bere bizimoduari dagokionez, esan daiteke ez zela oso ohikoa. Bere lagunekin eta inguruarekin harremantzeko modua berezia eta modernoa zen.

Bitxia da pertsonaia berezi horrek eleberrian frankismoko zenbait elementurekin izan zuen harremana ikustea.

Bai. Oso interesgarria egiten zitzaidan horrelako pertsona aurreratu bat lan kontuengatik frankismoko funtzionario ‘kasposo’-ekin tratuetan aritzea. Kontraste hori nahiko nabarmena da eta errealitatean horrela gertatu zen. Erakusketa hura MOMAk antolatu zuen (Museum of Modern Art) eta frankismoko pertsonaiak saiatu ziren etengabe eskua sartzen gauza guztietan, hala nola artisten eta obren aukeraketan edo argitaratuko ziren testuetan. Oso kezkatuta zeuden Espainiako egoerari buruz esango zutenaz. Azken batean, MOMAri garai hartan boladan zeuden Espainiako artisten lana erakustea interesatzen zitzaion eta frankismoari, berriz, bere itxura ‘modernoa’ mundura zabaltzea. Interesen bateratze horretan, bien arteko desberdintasunak eta tentsioa nabari dira. O’Harak berak esaten zuen ez zituela gertuko sentitzen espainiarrak.

Arteari begiratuta, nolako garaia zen?

Garai hartan Estatu Batuetan espresionismo abstraktua zegoen gorenean, Jackson Pollock edota Willem de Kooning bezalako artisten mugimenduarekin. Eta, O’Hara hor barruan zegoen. Espainian, neurri batean, horrekin gertu samar sentitzen zen beste arte mota bat zegoen, informalismoa deiturikoa. Mugimendu horretan kokatzen dira Antoni Tapies edota Chllida bera. Estatu Batuetan boladan zegoen artearengandik gertu zegoelako-edo, Espainiako arte berri hura ere ondo kokatu zen mundu mailan.

Ordurako Chillidak eta Oteizak eginda zuten euren ibilbidea.

Bai. Oteizak ordurako eskultura utzia zuen. 1957an Sao Pauloko Bienalean sari nagusia irabazi eta gutxira eskultura egiteari utzi zion eta arkitekturarekin loturikoetan murgildu zen gehiago. Chillidak 58an irabazi zuen Veneziako Bienala eta ordutik aurrera oso ezagun egin zen mundu mailan. Hain justu horregatik, ordurako izen bat bazutelako, eta beste hainbat arrazoirengatik, ez zuten interes berezirik New Yorkeko MOMAko erakusketarekin.

Nola izan zen New Yorkeko erakusketaren antolaketa?

O’Harak aukeratu zituen bai artistak bai eta lanak ere. Gonzalez Robles espainiar komisarioak etengabe egiten zion presioa, baina azken erabakia O'Hararena zen. Garai hartan gatazka egon zen hainbat artista espainiarrekin, Tapies edota Saura, kasu, frankistek antolatutako erakusketetan ez zutela parte hartuko hasi baitziren esaten. Euren artea frankismoa mundu mailan zuritzeko erabiltzen zutela sentitzen zuten. Tentsio horren erdian kokatzen da New Yorkeko erakusketa. Tapiesen kasuan, esaterako, erakusketan erakutsi ziren bere obrak bilduma pribatu batekoak ziren. Oteizarenak ere beste galeria batetik eraman zituzten eta bera ez zen ohartu ere egin, eta ondoren haserretu egin zen. Chillidaren obra asko ere bilduma partikularretakoak ziren.

Gonzalez Robles aipatu duzu. Liburuan bere lekua duen pertsonaia da. Historian ere horrelako papera izan al zuen?

Pertsonaia interesgarria da. Frankismoko funtzionarioa zen eta usaimen ona izan zuen artearen munduan. Bere sustapenez hasi ziren Bienaletara artista abstraktuak eramaten, eta arrakasta izaten hasi ziren. Bera hil aurretik, 2000. urte inguruan publikatutako elkarrizketa batean, ukatu egiten du frankismoak artea erabili izana bere itxura zuritzeko. Aipatzen zuen bere borondatez bultzatu zirela ekimenak eta ez zegoela halako estrategia politikorik. Ziur asko ez zen Franco beraren burutik ateratako estrategia izan, baina nabarmena da Frankismoak bere osotasunean artea erabili zuela kanpora begira itxura zuritzeko.

Liburuan aditzera ematen da Bienalak nolabait hitzartuta zeudela. Horrela al da?

Oso interesgarria da Gonzalez Robles beraren ikuspuntutik nola kontatzen den hori. Espainiako pabiloiaren arduraduna bera zen, eta berak aukeratzen zituen Bienalerako artistak. Eta epaimahaian ere parte hartzen zuen nazioarteko beste kide askok. Hor gatazkak eta negoziazioak egoten ziren, botoen banaketak tarteko. Azken batean, guk jasotzen duguna lehiaketen ondorengoa da, alegia, irabazleen izena. Baina ezin dugu ahaztu, orokorrean, baita literatur sarietan ere, sariak ezustekoen ondorio izaten direla eta ez hainbeste bikaintasunak horrela agintzen duelako. Artista onak ziren Oteiza eta Chillida, zalantzarik gabe. Baina, zergatik saritu zituzten beraiek eta hainbat espainiar artista une horretan? Ziur asko ezusteko arrazoi askorengatik ere bai. Hori iradokitzen da nobelan.

Xehetasunez kontatzen dira, bai pertsonaiak nolakoak ziren bai eta garai hartako gertakizunak ere. Dokumentazio lan handia dago atzean, ezta?

Bai. Horretarako, nagusiki bi artxibotan egin nuen lan. Batetik, MOMAkoan, eta bertan erakusketari buruzko dokumentuak, O’Hararen dokumentuak, eskutitzak... denetarik topatu nuen. Eta, bestetik, Alcala de Henaresen (Madrid) dagoen Archivo General de la Administración deiturikoan. Bertan ere erakusketari buruzko informazioa topatu nuen, baina kasu horretan, espainiarren ikuspuntua zuena. Horretaz gain, Estatu Batuetako unibertsitate batean O’Hararen eskutitzak topatu nituen. Oteiza museoan eta Chillida Lekun ere zeozer egin nuen.

Hainbat idazkera mota tartekatu dituzu, eta horrek nolabait erraztu eta arindu egiten du irakurketa.

Zalantzak izan nituen nola kontatu istorioa. Franken eta Vincenten arteko harremanak pisua izan behar zuela iruditzen zitzaidan. Garai hartan, justu, bere poesia onenak eta ezagunenak Vincenti eskainiak dira. Oso maitasun istorio ederra, laburra eta sutsua izan zen, eta hori kontatzea interesgarria iruditzen zitzaidan. Harreman honen pasarteekin museoko kontuak, askotariko dokumentuak eta abar nahasten dira. Hori guztia nola kokatu asmatzea muntatze moduko bat izan da.

Hasieratik horrela irudikatu al zenuen kontaketa?

Nahiko hasieratik erabaki nuen saltoka kontatzea. Horrek aukera ematen zidan bestelako dokumentuak txertatzerakoan logika kronologiko bat jarraitu behar ez izatea. Alde horretatik, suspensea gehiago dago istorioa kontatzeko moduan, zein hurrenkeran, eta ez hainbeste edukian. Irakurlea istorioa osatzen joaten da, pixkana pieza desberdinak kokatuz.

Bestalde, erraz kokatzen du irakurlea garaian eta ulertzen laguntzen du garaiko testuingurua. Literatura, beraz, baliabide bikaina izan daiteke horretarako.

Fikzioaren bidez pertsonaia bat une zehatz batean zertan ari den pentsatzen edota zer ari den sentitzen konta dezakezu. Hori, soilik, fikzioaren bitartez egin daiteke, ez baitago inon dokumentatua, zuk asmatu behar duzu. Fikzioaren gaitasun horren arabera, askoz ere modu sakonagoan eta sentsorialagoan murgil daiteke irakurlea garai zehatz batean.

Nola deskribatuko zenuke zeure burua idazle bezala?

Ez naiz Frank O’Hara bezalakoa. Ez naiz hain bat-batekoa. Bera oso gazte hil zen, ezustean, istripu baten ondorioz. Eta ondoren, bere lagunak bere etxera joan zirenean argitaratu gabeko poema ugari topatu zuten. Idatzi ahala edozein txokotan uzten zituen poemak. Nik ez nuke esango bera bezala naizenik. Gutxieneko egitura bat izaten dut hasieran, kapituluen antolaketa edo hezurdura modukoa, kapitulu bakoitzean zer kontatuko dudan azaltzen duena. Eta pertsonaia nagusiak ere argi samar izaten ditut. Horretatik abiatu eta lehenengo idazketa egiten dut. Hori tonuarekin bat egiteko baliatzen dut eta, ondoren, bigarren eta hirugarren idazkeran, idatzi ahala gauzak osatzen eta aldatzen joaten naiz. Esaldi batean zaudenean hartzen diren erabakiak dira liburu bat interesgarri egiteko gakoak. Fede handia dut idazkeran bertan. Beraz, gutxieneko egitura horretatik abiatuta, idazkerak nora eramaten nauen, hor saiatzen naiz indarra jartzen.

Nolako irakurlea zara?

Nahiko orojalea naiz. Literatura mota desberdinak irakurtzea gustuko dut. Idazkeran saiakera dagoela ikustea gustatzen zait, eta hausnarketa dagoela liburuaren beraren formaren inguruan. Harrituko nauen zerbaitekin topo egitea ere bilatzen dut literaturan. Istorio onak egunero daude, baina niretzat ez da hainbeste istorio ona edo txarra izatea, baizik eta istorio hori irakurlearengana nola iristen den.

Frank O’Harak nola erreakzionatuko lukeela uste duzu bere pertsonaia nola irudikatu duzun ikusita?

Ez dut sekula pentsatu. Ez nago ziur zer pentsatuko lukeen. Alde batetik, oso pertsona sutsua zen eta ez zuen bereziki zaintzen bere ibilbidea poeta bezala. Ez zen handigura zentzu horretan. Beraz, agian, lotsa puntu bat sentituko luke liburuarekin. Uste dut espero gabeko zerbait bezala hartuko lukeela. Baina, sutsua zenez, agian ilusioa egingo lioke.

 

Bilaketa