literaturaren zubitegia

1.078 idazle / 5.183 idazlan
7.842 esteka / 6.435 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Ion Orzaiz
111 Akademia, 2024-12-31
Unai Elorriaga:
«Bizitza ezin da sailkatu: gu ez gara nobela bat, ipuin bat edo poema bat. Gu gara dena»

Modu independientean irakur daitezkeen hogei ipuinek osatzen dute Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburua eta hauen bitartez benetan existitu zen gizon baten bizitza jasotzen du Unai Elorriagak, bere bir-birraititerena. Istorio hori kontatzeko, narratzaile eta erregistro asko erabili ditu.

Herri txiki bat Amalfiko kostaldean. Haurrak jolasean. Zerri bat eta putzu sakon bat. Gaixotasunak eta heriotza. Gurdi bat basoaren erdian. Kaleko txorien txioak Dresdenen. Belaontzi bat itsasoa zeharkatzen eta ur azalean barreiatutako partiturak. Bizitza bat.

Puzzle baten antzera, mahai gainean zabaldutako pieza txikiekin ondu du Unai Elorriagak (Algorta, 1973) bere zazpigarren eleberria: Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Susa, 2024). Atal bakoitzak Pasqualeren bizitzaren zati txiki bat erakutsiko dio irakurleari, irudi osoa agerian geratu arte.

Nor izan zen Francesco Pasquale?

Gure amaren birraitite zen. Nire bir-birraitite, beraz. Familian bagenekien jatorri italiarreko arbasoak izan genituela, gure abizenetako bat Gervasi delako. Behin, urrutiko senide bat gerturatu zitzaidan, nik ordura arte ezagutzen ez nuena, eta hizketan ari ginela Italiako familiaren gaia atera zen. Esan zidan ikerketa bat eginda zuela gure bir-birraititeri buruz, eta pasako zidala. Orduan hasi nintzen Francesco Pasqualeri buruzkoak irakurtzen. Ikerketan jasotako datu asko baieztatuta zeuden, herrietako elizen artxiboetan-eta, baina beste asko konjeturak eta hipotesiak ziren: zergatik joan zen Bilbotik Durangora eta handik Bermeora? Ezin ziur jakin. Eta hutsune horiek baliatuta, iruditu zitzaidan hor nobela bat zegoela.

Historiaren zuloak literaturarekin bete zenituen, beraz.

Hori da. Zer egin zuen gizon hark benetan? Zergatik ibili zen alde batetik bestera? Emakume batengatik izan zen? Lanagatik? Bada, auskalo. Baina irudimena dantzarazteko modu polita iruditu zitzaidan hori irudikatzen saiatzea.

Dena den, liburua ez da biografia bat eta ez dago gisa horretan planteatuta, ezta?

Ez. Liburua nobela bat da eta ipuin liburu baten gisan ere irakur liteke. Hori ere horrela planteatu nuen hasieratik: idatziko dut nobela bat, idatziko ditut ipuinak, poesia, saiakera apur bat... generoak nahastuko ditut. Azken batean, pertsona baten bizitza da, ume denetik hiltzen den arte, eta hor denetik sartzen da. Bizitza ezin da sailkatu: gu ez gara nobela bat, ipuin bat edo poema bat. Gu gara dena.

Besteak beste, XIX. mendeko Italia eta Alemania azaltzen dira liburuan. Zaila izan al da liburua girotzea?

Gogoa nuen XIX. mendean murgiltzeko, baina, oinarrian, geure buruaz ari naiz. Maitasuna, heriotza, familia, politika eta halako kontuak antzekoak dira beti, eta liburu hau beste era bat da hori kontatzeko. Nik bizi izandakoak hartu ditut abiapuntutzat. Gurea kontatu, XIX- mendean gertatu izan balitz bezala.

Hala ere, horrek dokumentazio lana eskatzen du, ezta?

Bai, baina lan hori ez da izan bereziki zaila, aurreko eleberriekin alderatuta. Irakurri ditut Italiari buruzko testuak, garaiko musikariei buruzko biografiak eta artikuluak... Prozesua ez da izan oso konplikatua. Ez dakigu Francesco Pasquale nola bizi zen XIX. mendean, baina imajina dezakegu zer sentitzen zuen gauza batzuen edo besteen aurrean. Adibidez: atal batean azaltzen da nola zeharkatzen duen baso bat, eta hori deskribatzeko, berdin dit basoa XIX. mendekoa den edo gaur egungoa. Etxe barruko kontu asko ere imajinatu egin ditut. Hala ere, beste detaile batzuk deskribatzeko, bai, beharrezkoa izan zen apur bat ikertzea: esate baterako, nik imajinatu nuen Francescok itsasontziz egin zuela bidaiaren zati bat. Eta zenbat denbora behar zen garai hartan Genovatik edo Napolitik Bartzelonaraino iristeko? Baditut marinelak diren lagunak eta haiengana jo nuen aholku bila. Esan zidaten faktore askoren araberakoa izango zela kontua: belaontzi batean etorri zen? Zenbat bela zituen? Zelako eguraldia izan zuten? Eta haizea, nolakoa? Tira, hori guztia aintzat hartuta, bost eta bederatzi egun arteko bidaia irudikatu genuen.

Pasarte eta deskribapen askotan irudimena erabili duzula diozu. Sapri herri italiarreko giroa ezin hobeki islatuta dago, adibidez.

Esan izan didate, bai. Ahalegina egin nuen Mediterraneoko giroa islatzen, lasaiagoa, eguzkitsuagoa eta motelagoa. Umeak jarri nituen atal horretan jolasean eta horrek ere laguntzen du, beste erritmo batean bizi direlako: badute denbora jolasteko, herrian hara eta hona ibiltzeko... Italiako kostaldeko herri txiki patxadatsu bat irudikatu nahi nuen, pasarte horietan ekintza gehiegi sartu gabe, baina gero ez dakizu irakurleak nola interpretatuko duen hori.

‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’ izenburu indartsu eta iradokitzailea da. Hasieratik izan zenuen buruan?

Ez, ez... Liburuaren idazketaren erdialdera bururatu zitzaidan. Izenburuek badute marketin puntu bat eta, idaztean, ahalegina egiten dut arreta piztuko duten formulak bilatzen. Irakurleengan zerbait mugituko dutenak. Efektu hori bilatu nahian, zenbait aukera ibili nituen, eta azkenean, izenburu hori hautatu nuen. Luzeegia, agian, baina irakurleari galderak planteatzen dizkiona.

Nobelaren egiturak puzzle baten antza du, eta atal bakoitza pieza bat litzateke. Azaleko ilustrazioak horixe bera irudikatzen du, ezta?

Bai, lagun bati eskatu nion azaleko irudia, Alex Orberi. Esan nion gustatuko litzaidakeela liburuan zehar azaltzen diren elementuak agertzea azalean ere, eta uste nuen collage moduko bat egingo zuela. Ipuin bakoitzeko elementuen zerrenda ere eman nion: piano bat, biolin bat, itsasontzia, gurdia, Francescoren argazki bat... Eta nire harridurarako, elementu horiek guztiak marraztu eta puzzle bat egin zuen haiekin. “Ideia da puzzle hau apurtzea eta piezak nahastea”, esan zidan. Ideia bikaina iruditu zitzaidan.

Puzzle izaera horrekin bat eginez, atal bakoitzak ezaugarri propioak ditu eta protagonista ezberdinak, egoeraren arabera.

Bai. Horren oinarrian dagoen ideia da pertsona bat ez dela beti bere bizitzaren protagonista. Ni neu izan naiteke nire bizitzaren protagonista batzuetan, hitzaldi bat ematen badut edo sari bat ematen badidate, baina beste edozein unetan, protagonista izan daiteke nire alaba, izan daiteke nire emaztea, nire lagun bat edo ama, unearen arabera. Eta, nahiz eta nire bizitza izan, momentu horietan ni izango naiz ikusle bat edo bigarren mailako pertsonaia bat. Francesco Pasqualerekin ere gauza bera gertatzen da.

Estilistikoki ere, atalak zeharo ezberdinak dira euren artean: batzuk orainaldian idatzita daude, beste batzuk iraganean; badira lehen, bigarren edo hirugarren pertsonan kontatutakoak, edo denak batera...

Urteetan ikasi ditudan teknikak dira. Horrek ez du esan nahi une oro guzti-guztiak aplikatu behar ditudanik. Saiatzen naiz teknika bat edo bestea erabiltzen, istorioak eskatzen duenaren arabera. Adibidez, liburuan badago ipuin bat eskizofrenia duen musikari bati buruzkoa. Kasu horretan, idazle bezala interesatzen zait irakurleek ikustea, alde batetik, pertsonaia horrek zer sentitzen duen eta zer aditzen duen buru barruan; eta bestetik, kanpokoek nola ikusten duten. Polita iruditu zitzaidan gauza bera kontatzea barrutik eta kanpotik, pertsona bere osotasunean erakusteko. Hortaz, narratzaileak batzuetan lehen pertsonan kontatzen du istorioa, bere buruari kontatuko balio bezala, eta beste batzuetan, hirugarren pertsonan. Liburuan, narratzaile eta erregistro asko erabili ditut, horrexegatik: istorioek momentu bakoitzean hala eskatzen zutelako.

Liburu bukaerako eskaintzak berak ere bat egiten du nobelak planteatzen duen jokoarekin, XIX. mendeko ortografia arauen arabera idatzita baitago...

Aldez aurretik, aitortuko dut ez zaidala batere gustatzen eskaintzak idaztea, jendeari bost axola zaiolako nori eskaintzen diozun liburua. Hori esanda, honako hau idaztea berezia izan zen niretzat. Gure kuadrillako lagun bati, Unairi, AEA gaixotasuna diagnostikatu zioten: Alboko Esklerosi Amiotrofikoa. Betidanik irakurri ditu nire liburuak, eta lagun handia da. Liburu bat argitaratzen nuen aldiro, hura sinatzeko eskatzen zidan, eta nik ezetz: “Zertarako sinatuko dizut liburua, egunero elkar ikusten badugu? Zertarako nahi duzu nire sinadura?”. Bion arteko broma moduko bat zen, baina, edonola ere, sekula ez diot libururik sinatu. Azken liburu hau argitaratu nuenean, ordea, hari eskaini nahi nion, baina ez nuen gauza nabarmenegi bat egin nahi. Ez zezala pentsa hari eskaintzen niola, soil-soilik, gaixorik dagoelako. Hortaz, bururatu zitzaidan estilo ariketa bat egitea, XIX. mendeko eskaintza luze bat balitz bezala, jende askori zuzendua: amari, aitari, honi eta besteari... Baina, funtsean, Unairi eskainita dago: “Ez esateco guero inoz ez dotsutela libururicfirmeu, zantar orrek”.

Irakurri al zuen?

Bai, eta asko gustatu zitzaion, beraz, bete du helburua eskaintzak.

Orain dela 24 urte argitaratu zenuen zure lehen eleberria, “SPrako tranbia” (Elkar, 2001). Atzera begira, nola ikusten dituzu gaur egun idazle gazte horren lehen urratsak?

Galdera polita da, baina ez da erraza horri erantzutea. Argi neukan ez nuela liburu askorik argitaratu nahi. Idazle batzuek, 27 urtetan, beste horrenbeste liburu idatzi ahal dituzte. Liburu bat urtean behin, edo are gehiago. Ez nuen hori nahi. Iruditzen zitzaidan, liburu gehiegi idatzi eta argitaratuz gero, ilusioa ere galduko nuela. Argitaratzea, argitaratze hutsagatik. Eta uste dut ondo eutsi diodala asmo horri: zazpi liburu atera ditut guztira, Tartea utzi dut proiektu baten eta hurrengoaren artean: gogoeta egin, gauzak ondo pentsatu... Une horretan barruan neukan guztia eman diot liburu bakoitzari, eta... [barre txikia atera zaio] pozik nago, ez naizelako izan idazle astun horietako bat.

Arrakasta itzela lortu zenuen “SPrako tranbia”-rekin...

Bai, oraindik orain deitzen didate liburu horri buruz hitz egiteko, jende askok berriki irakurri duelako lehen aldiz. Bitxia da, gerora idatzi ditudan liburu batzuk askoz hobeak direlako nire ustez, baina ez dute hainbesteko arrakastarik edo oihartzunak izan. Oso-oso gazte nintzelarik idatzi nuen: 24-25 urterekin, unibertsitate ikasketak amaitu berritan. Are, nobela idazteko lehen ideiak karreran bertan bururatu zitzaizkidan. Oso gaztetxoa nintzen, eta nabari da. Gaur egun, liburua hartu eta iruditzen zait ume baten idazkera duela. Gauza batzuk gustatzen zaizkit eta beste batzuk goitik behera aldatuko nituzke. Argi dut gaur ez nukeela nobela hori publikatuko.

Lehen nobela horrek izanen zuen magia edo elementu bereziren bat, dena den, hainbeste irakurle hunkitzeko...

Bai, bai, hala da. Gaur egun ere jende askok esaten dit nobela irakurri duela eta ikaragarri gustatu zaiola. Eta asko pozten nau horrek, baina liburuak ez du aparteko misteriorik. Oso nobela sinplea da eta agian soiltasun horrek ematen dio indarra. Hurrengo nobelak konplexuagoak izan ziren egitura eta estilo aldetik, eta agian azken honekin, “Francesco Pasqualeren bosgarren arima”-rekin, sinpletasun horren parte bat berreskuratu dut, modu literarioago batean. Irakurle mota askori gustatzeko moduko nobela da hau ere, eta biek ala biek badituzte hainbat elementu komunean. Jasotzen ari naizen feedback eta erantzunengatik esango nuke bi liburuek sorrarazten duten inpresioa antzekoa dela.

Presioa nabaritu duzu inoiz, “SPrako tranbia”-ren arrakastari segida emateko?

Ez, ez, inolaz ere ez. Beti izan dut argi literatura zer den niretzat:. disfrutatzeko espazio bat. Hasieratik ulertu nuen ez nintzela literaturaz biziko eta ez nintzela aberastuko. Gozatzeko idazten dut, munduan gehien maite ditudan gauzetako bat delako irakurtzea eta idaztea. Sortzea. Betetzen nauen gauza bat da istorioak sortzea, eta hortaz, ez dut idazten arrakasta edukitzeko edo milaka lagunek irakurtzeko. Hori ere baldin badator, ederki, baina ez nau baldintzatzen.”

 

Bilaketa