literaturaren zubitegia

1.078 idazle / 5.183 idazlan
7.842 esteka / 6.435 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Naiara Gartzia
111 Akademia, 2024-12-31
Jule Goikoetxea:
«Etorkizunari aurre egiteko paradigma eta utopia berriak behar ditugu»

Ongi pasatzeko, baina batez ere bere pentsamendua islatzeko idatzi du Jule Goikoetxeak Politeismo bastarta - Lau egun Angela Davisekin liburua. Milurteko honi aurre egiteko paradigma berriak behar ditugula dio eta borrokaren bidez lortzen direla gauzak. “Kontua ez da baikorrak garen edo ez, hemen borrokatu egin behar da”. Etorkizun eder bat nahi dugulako.

Monoteismoari kritika egiten dio Jule Goikoetxeak (Donostia, 1981) Politeismo bastarta liburuan (Susa, 2014). Maiatzean Angela Davisekin Bartzelonan bizkartzain moduan igaro zituen lau egunen kontakizuna erabiltzen du bere pentsamendua helarazteko, Goikoetxearentzako filosofia hobeto bizitzeko arma bat delako eta pentsamendua, errealitatea hobetzeko bidea.

Liburua lau zatitan dago banatuta. Lehenengoa maiatzak 24koa da eta bertan Sara Ahmeden hitzaldian oinarrituta ideia bat jorratzen duzu.

Sara Ahmed izan zen lehenengoa hitzaldia ematen eta nik libururako bere zenbait ideia hartzen ditut, nire pentsamenduarekin eta ikerketa lerroarekin lotura estua dutenak. Berak esaten du nola gizon zuriak uste duen unibertsala dela, hau da, bera dela gizaki “normala”. Eta beste guztiak garela ezberdinak. Eta azaltzen du nola, adibidez, ez baldin bazara gizon zuria ez zaren horregatik definituko zaituztela: ez zara gizona, ez zara zuria... hor Ahmedek esaten duena da: unibertsaltasunaren paradigma amaitzen ari da, alegia, badakigu unibertsaltasuna dela hegemonia. Kontzeptu hori erabiltzen du eta horrek esan nahi du askotan esaten dugula zerbait unibertsala dela, baina finean oso partikularra da, partikularitate horrek populazio guztia irudikatzea nahi dugun arren. Ahmed diferentziaren aldekoa da.

Ze zentzutan?

Unibertsaltasun horrekin amai dezagun, dio, eta jar ditzagun mahai gainean berriro emantzipazio prozesu ezberdinak, zeinek ez duten eraman behar unibertsalitate horretara. Alegia, subjektu unibertsala esaten dugunean zertaz ari gara? Ari gara gizon zuriaz. Inperiotik europar zuriak beti uste izan du gizaki onena gizon zuri europarra dela. Ahmed bera arrazializatua da, bere ama edo aita pakistandarra da, Ingalaterran bizi arren, eta berak esaten du gizakia era askotakoa izan daitekeela eta ez dugula denak emantzipazio prozesu berdina jarraitu behar. Zentzu berean, gorputz ezberdinei buruz mintzatzen da, nola gorputz oso ezberdinak dauzkagun eta pentsatzeko modu ezberdinak. Bere ustez guztiek dute balioa eta ez bakarrik Europatik datozen ideiek edo Europatik datozen gizaki eredu horiek.

Bigarren egunean Shiva pentsalariaren hitzaldia ere sartu duzu.

Bai, zati txiki bat besterik ez da. Berak ikuspuntu dekolonial batetik modernitate europarrari kritika egiten dio. Berriro ere subjektu unibertsal horri buruz ari gara, dela inperioaren subjektua, zuria... esplikatzen du nola gure erreferentziak, hau da, aro modernoaren erreferentziak, hala nola Descartes, Bacon... gizon zuri hauek guztiak nola izan ziren inperialismoaren eta kolonialismoaren ideologoak eta gaur egun nola dauzkagun edo dauzkaten askok erreferente moduan. Berak zuzenean kriminal deitzen die. Nik nola antzeko pasarteak gehitzea.

Hirugarren zatian Angela Davisi honoris causa saria ematen dioten eguna txertatu duzu. Eleberri baten antza gehien duen zatia da.

Bai, astelehen goizean Pompeu Fabran honoris causa ekitaldia izan zen eta arratsaldean Generalitatearekin bilera egin genuen. Egia da egun horretan daudela elkarrizketa pila bat, gainera taxi asko hartu behar ditugu, eta hor izandako elkarrizketak ere hor daude... zentzu horretan zatirik dibertigarriena hori da. Askotan aprobetxatzen dut Angelak esandakoa horren gainean nik daukadana azaltzeko. Arratsaldean, Generalitatean izan ginen. Nik White House katalana deitzen diot eta bertan bilera egin genuen. Hori ere dibertigarria izan zen, ministroak, lehendakaria... nik hori guztia kontatzen dut. Egun horretan katalanak eta euskaldunak ere asko azaltzen dira. Azken finean Angelari Kataluniaren egoera azaltzerakoan aprobetxatzen dut katalanen inguruan eta Kataluniako independentzia prozesuaren inguruan nire iritzia emateko. Umorea erabiltzen dut erabat eta egia da zati hau tabernako elkarrizketa moduan idatzita dagoela.

Angela Davis erreferente bat da mundu mailan.

Bai, baina nik miresten dut Davis, Ana Maria eta Marina hoteleko garbitzaileak miresten ditudan moduan, emakume borrokalariak miresten ditudalako. Hasieran pixka bat urduri nago eta liburuan horrela azaltzen dut, zeren nik bera ezagutzen dut, baina ez gara inoiz egon. Kontua da 'ez dakidala nolakoa izango den eta niri gustatzen zait humanitatea, baina ez naiz bereziki pertsona zalea. Gero oso ongi joan zen, bera oso enpatikoa da eta oso gertukoa. Azken finean militante bat da. Militante politikoek daukaguna da, normalean, enpatia politikoa daukagula eta Davis horregatik da niretzako erreferentzia bat baita jendetzarentzako ere, militante politiko moduan, ez modu akademikoan. Berak elkarrizketetan indarra jartzen du konpromiso politikoan eta esperantza politikoan,-esperantza ulertuta diziplina moduan eta borroka politikoan.

Liburua zure pentsamendua islatzeko idatzi duzu. Zergatik?

Bai, baita ongi pasatzeko ere, baina batez ere nire pentsamendua islatzeko. Pentsamendu zientifikoa espezifikoa da, ez zaio jende guztiari ailegatzen, oso hizkuntza zehatza erabiltzen baitugu. Ni saiatzen naiz, prentsan idazterakoan ere, zientzietan erabiltzen dugun hizkuntza horretatik at beste erregistro batzuk erabiltzen. Politeismo bastarta delakoa dago lotuta Angela Davisen pentsamenduarekin, Ahmedekin, Shivarekin eta abar. Nik politeismo bastarta deitzen dudana da gutxi gorabehera Angelak intersekzionalitatea bezala aipatzen duena, ez da berdina, garapenak egon direlako, baina lotuta daude.

Pentsamendu monoteistari kritika egiten diozu.

Bai, horregatik izena du Politeismo bastarta. Oso erraz uler daiteke. Guk monoteismoa lotzen dugu jainkoekin. Alegia, monoteismoa hasten da akabatzen dituztenean beste jainko guztiak, politeistak, alegia, kultura politeistak, eta orduan dena murrizten dute jainko bakarrera, izan judutarrak, kristauak edo musulmanak. Hor sortzen dira gizarte monoteistak. Baina orduan ez da bakarrik erlijioa aldatzen. Erlijioa aldatzen da gizarteak aldatzen direlako, guk asmatzen baititugu jainkoak. Hor gertatuko dira eraldaketa asko eta perspektiba monoteista geroz eta gehiago zabalduko da.

Zer eragin dauka horrek bizitzako beste alderdietan?

Esan nahi du gure gizartean oraindik ere dena kausa batera murrizteko ohitura daukagula, adibidez, gauza txar bat gertatzen denean beti behar dugu maltzur bat, bat eta bakarra, adibidez dirua, edo lehen zen aita santua. Kausa ona gertatzen denean ere gauza bera gertatzen da, izan jainkoa, egia, erregea edo legea. Maitasunean berriro ideia bera daukagu, kasu honetan monogamia deitzen diogu. Zientzian ere gauzak dira edo egia edo faltsua, gauza bakar batek ezin du aldi berean egia edo faltsua izan. Moralarekin ere hori gertatzen da. Gure moralak izan behar du unibertsala, bat eta bakarra. Testuingurua da: hau ongi iruditzen bazaizu, iruditu behar zaizu beti ongi, ez orain bai eta gero ez. Pentsamendu horiek guztiak dira monoteistak. Kosmobisio modernoak nahi du dena ikuspuntu horretara murriztu.

Honen aurrean zer dio politeismoak?

Politeismoak esaten duena da bizitza bera ezin dela gauza bakar batera murriztu, berriro ere intersekzionalitatearen kontzeptutik abiatuta, feminismo dekolonialetik eta beste hainbat feminismotatik. Hemen kausak, berdin du zer esplikatzeko: gizakia, gizartea, mundua... ezberdinak izan daitezke eta anitzak. Zentzu berean, menderakuntza sistema ezberdinak daude eta egin behar duguna da horiei aurre egiteko alternatiba ezberdinak pentsatu eta ez bakarra. Hau esaten dut erlazionatuta lehen esan dudanarekin, ze normalean unibertsaltasunaren eta monoteismoaren pentsamendu horrek uste du nola gaiztoa bakarra den, estrategia bakarra egon behar duela gaiztoari aurre egiteko. Eta guk esaten duguna da: ez, ez dago era bakar bat, era asko daude. Inperioak orain arte esan duena da: gure era da onena. Berdin zait izan ongizate estatua, iraultza, familia eredua... Nik liburuan esaten dudana da bizitza oso anitza dela eta menderakuntza sistema ezberdinen aurrean, askapen prozesu ezberdinak behar ditugula.

Azkeneko zatian umorea asko erabili duzu.

Azkeneko zatian, asteartean, agertzen dira asko hoteleko garbitzaileak, goizean ez daukat ezer eta aprobetxatzen dut beraiekin gehiago hitz egiteko eta beraien egoera aztertzeko. Hor jainkotu egiten ditut hoteleko garbitzaileak, Ana Maria eta Marina jainkosa bilakatuz, zeren ni liburuan jainkoak sortzen noa, horregatik da Politeismo bastarta. Angela Davis, esaterako, etorkizuneko jainkosa da, Shiva bizitzarena... . Jainko bat zer da? Botere egituratua. Guk behar ditugu gure kontrabotere egituratuak, gure kontrajainkosak. Eta gainera esaten dut, gaur jainkosa zara baina bihar igual ez. Kontrabotereak sortzeko egiturak sortu behar ditugu, eta egiturak dira ere egitura diskurtsiboak.

XXI. mendeari aurre egiteko egitura diskurtsibo berriak behar ditugu, beraz.

Bai, liburuan nik esaten dudana da era umoretsu eta literario batean, egin diezaiogun aurre datorren milurteko berri honi, XXI. mendeari. Orain arteko paradigmek eman dute eman behar zutena, ideia politak egon dira, ilustrazioan, esaterako, har dezagun behar duguna eta aurrera. Liburu guztia hori da. Hemen borrokarik gabe ez dago inorentzako ongizaterik, eta hori azaltzeko erabiltzen ditut, besteak beste, Angela Davis eta hoteleko garbitzaileak. Baina borroka hori aurrera eramateko eta etorkizunari aurre egiteko paradigma eta utopia berriak behar ditugu. Zientzian ere eraldaketa handi bat ematen ari da, paradigma osoak aldatzen ari dira eta beste aro batean sartzen ari gara. Aro berriak hasten dira poliki eta hamarkadak behar izaten dira, batez ere populazioa konturatu arte, baina hor gaude. Aldaketa hau 70eko hamarkadan hasi zen eta beste aro batera eramango gaitu. XX. mendera arte iritsi diren utopiek ez dute balio, horregatik dago ezkerra krisian.

Nola sortzen dituzu ideiak?

Niri ideiak buruan ateratzen zaizkit errealitatean jasotzen dudan horretatik guztitik, ez bakarrik irakurtzen dudan horretatik, baizik eta bizi dudan horretatik, kontutan izanda ere nire inguruan dauden emakumeak ere direla politizatuak, militanteak... nik haien bidez ikasten dut. Nik idazten dudan ia guztia da orain eta hemen behar dugulako. Alegia, nik estatu feministaz lehen hitzaldia eman nuenean duela 10 urte, eskatu egin zidatelako izan zen. Nire ustez nik egiten dudana askotan da itzulketa moduko bat, niri egin dizkidazue galderak, eman didazue materiala, bizipenak... eta hortik nik aterako dudan hori izango da erabili ahal izateko. Normalean idazten dut jendeak nik esandakoa erabil eta praktikan jar dezan. Ni filosofiatik nator, baina ez naiz logikan espezializatu eta hori zerbaitengatik da. Ni teoria politikoan espezializatu nintzen, nire ustez pentsamendua delako hobeto bizitzeko eta gauzak hobetzeko.

Etorkizunari begira zein da zure iparrorratza?

Guk nahi duguna da etorkizun eder bat. Kontua ez da baikorrak garen edo ez, hemen borrokatu egin behar da, borrokaren bidez lortzen baitira gauzak.

 

Bilaketa