literaturaren zubitegia

1.078 idazle / 5.183 idazlan
7.842 esteka / 6.435 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Amaia Igartua
111 Akademia, 2024-12-31
Miren Amuriza:
«Militantzia politikoak arrakala bat baino gehiago sortu zituen gure garaian eta giroetan»

2000ko urteetan nerabe izandako bi andreren istorioa kontatzen du Miren Amurizak Pleibak eleberrian, lagunetako baten ikuspuntutik. Ahozkotasuna bilatu du hizkuntza idatzian eta bitasuna saihestu du pertsonaiak eta garaia islatzeko.

Harremana hautsi zuten orain dela urte nahikotxo. Edo hautsi zen, poliki-poliki apurtzen joan zen, harik eta bat-batean Jonek eta Pollyk lagunak izateari utzi zioten arte, mugarririk gabe, gatazka erabakigarririk gabe. Hausturatik hainbat urtera, adiskideak ziren garaietako oroitzapenak berreskuratuko ditu Jonek, eta Pollyri aurpegiratuko dio baztertua izateak eragin zion mina eta onartuko dizkio, halaber, berak egindako hanka sartzeak. Nerabezaroari heldu dio Miren Amurizak (Berriz, 1990) bere azken eleberrian: Pleibak (Susa, 2024). 2000. hamarkadaren inguruan izan ziren nerabe Jone eta Polly, eta garai hartako arrastoak, erreferentziak eta gatazkak islatu ditu Amurizak hala kontakizunean, nola hizkuntzan.

Basa-n (Elkar, 2019), istorioa izan zen abiapuntua eta gero etorri zen forma. Pleibak-en, hizkuntza ezarri duzu aurrena. Erabaki horrek nola baldintzatu du kontakizuna?

Hizkuntza erregistro jakin bat lantzeko gogoa nuen. Sentsazioa nuen euskaraz bazegoela non esploratua. Ahozkotik ahalik eta hurbilen egongo zen erregistro bat nahi nuen nik, eta gazte hizkerarekin lotua. Baldintzatu baino gehiago, esango nuke hautu sorta horrek mugatu egin duela istorioa eta lagundu didala bai ahots hori gorpuztuko zuten pertsonaiak bilatzen eta eraikitzen, bai testuingurua ezaugarritzen.

Orainaldiko Jonek hitz egiten du eta nerabezaroko Jone ere agertzen da. Hizkuntzaren aldetik, hautu ezberdinak egin dituzu bi ahotsak markatzeko?

Hizkuntzari dagokionez, ez nuke esango diferentzia handirik dagoenik kontatzen ari den momentuaren eta nerabezaroko garaiaren artean. Jone helduaroan dago, geroan dago, baina definitu gabeko garai batean: ez dut zehazten zer adinetan, zer momentutan. Gaztea izaten jarraitzen du, noski, eta lotuta jarraitzen du orduko hizkera hartara. Jonek eta Pollyk beren nerabezaroa bizi zuten dena hil edo bizikoa balitz lez, eta distantzia hartzeak laguntzen zidan ikuspuntu kritikoago batekin begiratzen momentu hartan gertatutakoei. Alde horretatik, Joneren hizkuntza erregistroa osatzeko, malguago jokatu dut lexikoarekin eta lizentzia gehiago hartu ditut erdaretatik, bai gazteleratik, bai ingelesetik datozen espresioak eta berbak ekartzeko, batzuetan. Baina hori konpentsatzeko, zorrotzagoa izan naiz sintaxiarekin, eta saiatu naiz euskararen jatorrizko egiturak mantentzen.

Bat-batekotasuna oso presente dago, ez bakarrik hizkuntzari dagokionez, baizik eta oroitzapenak berreskuratzeko moduan ere. Zelan kudeatu duzu Joneren memoria?

Istorioak hiru geruza ditu: kontatzen den momentua —definitu gabeko garaia—, eta nerabezarora eta haurtzarora behin eta berriro egiten dituen saltoak; haurtzaroko zati horiek beste kolore eta argi bat daukate. Niri asko laguntzen dit irudietan pentsatzeak eta gerora konturatu naiz momentu asko daudela pentsatuta eszenatik bertatik, edo iruditik. Justu bat-batekotasunaren kontrara: idazten dudanean oso antolatua eta maniatikatxoa naiz, ez dut idazten etorri ahala, lehenengo eskema bat egiten dut, gero eskemaren eskema garatua, eta horren gainean idazten dut.

Baina, Joneren ahotsari dagokionez, badago batbatekotasuna: gertakari bat kontatzen hasten da eta moztu egiten du bat-batean, justu zerbait erabakigarria datorrenean, eta aurrerago heltzen dio berriro...

Ba pozten naiz. Ze ahozko diskurtso bat da eta nik uste ahozko kontakizun bat imitatzen zaila dela. Askotan, neuk ere egin izan ditut probak eta akatsak: batzuetan ematen du ahozko kontakizun bat bere horretan paperera ekartzeak funtzionatu beharko lukeela, baina paperean erregistroa beste bat da. Baina idatzitik abiatuta, linealegia ere ezin du izan, eta horregatik joan-etorri horiek.

Joneren senideek bizkaiera erabiltzen dute. Mundu ezberdinak irudikatzeko ere erabili duzu erregistro hori, distantzia bat erakusteko Joneren eta haren senideen artean?

Bai. Azkenean, hizkuntzaz ari garenean, hitz edo esaldi batek ez du balio bakarrik daukan esanahi konkretuagatik, baizik eta horrek hiztunari buruz, garaiari buruz edo kontestuari buruz ematen dizun informazio guztiagatik ere bai. Badago salto txiki bat Jonegandik bere aitxitxe-amamengana. Egia esan, beldur pixka bat ematen zidan, batetik, zatitxo horiek ondo ulertuko ziren, eta, bestetik, ez ote ziren izango pintzelkada dekoratiboak bezala, partxeak. Literaturan ez hainbeste, baina ikus-entzunezkoetan, adibidez, sentsazioa izan dut euskalkian hitz egiten duten pertsonaiak estereotipo batzuetara lotuta joaten direla eta euskalkia izaten dela tokea, puntu exotiko bat emateko zera hori. Ez nuen hori nahi inondik inora. Orduan, oso neurtuak dira aitxitxe-amamen hitzartzeak, euren kodea hori delako —hitz gutxikoak eta esaldi laburretakoak direlako—, baina baita beldur horregatik ere.

Liburuaren aurkezpenean, “kode nahasiak” aipatu zenituen: besteak beste, baserria, institutua, lokalak eta txosnak. Guztiak dira inportanteak Joneren eta Pollyren nortasunaren osaketan. Sozializazioan zelan eragin diete leku horiek?

Oso giro desberdinak agertzen dira. Eta desberdinak diot eta ez kontrajarriak, ze batzuetan joera daukagu gauzak oposizioan ulertzeko: baserria eta kalea, txosnak eta lokalak edo lonjak... Saiatu naiz hori saihesten, giro bakoitza bere argiekin eta bere ilunekin deskribatzen, baita erakusten ere haien izaeretan nola eragin duen. Alde batetik, Jone kontalaria egongo litzateke: lokalera eta diskotekara joan nahi du, itxura batean berdin zaio bere inguruan gertatzen ari dena; eta beste aldetik, gune politizatuetan mugitzen den Polly dago. Saiatu naiz giroen eta bi pertsonaien alde biak ematen.

Bitasuna saihestu duzu, baina kontrastea badago.

Bai. Uste dut bizitzako fase guztietan, baina batez ere nerabezaroan, oso markatuta dagoela gu eta besteak hori. Atzera begirakoa bada autokritika bat ere, ze oso erraza zen bereizketa, bestea-ren komeni zitzaigun aldea bakarrik ikusita. Kontraste handia agertzen da, jakina, itxura batean giroek ez daukatelako zerikusirik, baina operatzen duten legeak bietan dira berdinak. Sistema heteropatriarkalak zeharkatzen ditu biak eta klaseak markatzen ditu: Jone zergatik da den modukoa? Zer familiatatik dator? Eta Polly? Ni, 15 urterekin, ez nintzen horretaz kontziente, eta uste nuen eskolan ibili ginenez 3 urtetik 16 urtera ikaskide berak, talde berean, baldintza ustez berdinekin, denok genituela karta berdinak, eta ez nuen ulertzen nola garai hartan gu lotu ginen kausa batzuetara eta beste batzuk ez. Orain ulertu dut bakoitzaren atzean zer eraikuntza egon den.

Jonek ere ulertu du eta bere iraganaren berrirakurketa egiten du?

Sartzen da berriro ere bukle horretan. Pollyrekin berriz topo egiten duenean, guztiz itxi gabe zegoen zauri bat zabaltzen zaio. Adiskidetasun harremanei buruz ari garenean —eta hori da liburuaren ardatz nagusietako bat—, niri askotan gertatzen zait hasten naizela atzera begira eta ez zait iruditzen ni naizela ona eta zu zarela txarra, edo alderantziz. Minak bi aldeetara daude: egun batzuetan, kontzientzia karga izaten dut nik eragin dudan minagatik eta, beste batzuetan, triste jartzen naiz niri egin zidaten minagatik. Baina ahal genuena egiten genuen denok eta bi hauen kasuan ere hori ikusten da. Ja berdin da nor izan zen lehenengoa: min bat dago, apurtu zen, eta tristura horren gainean aritzen da Jone.

Militantzia politikoa ere sozializaziorako bide bat da? Lagunen aldentzeko motiboetako bat da, behintzat.

Bai. Eta izan zitezkeen beste mila arrazoi, baina, guk bizi izan genuen garaian eta giroetan, militantzia politikoak arrakala bat baino gehiago sortu zuen: batzuetan hausturaraino iritsiko zen, beste batzuetan ez... Gauza horiek ere denborarekin ikusten dira. Momentu hartan, nik hala ikasi nuen, eta hala erreproduzitu nuen: nirekin ez bazaude, nire kontra zaude. Pentsatu gabe, beharbada, norbait beste aldean dagoela ez interes faltagatik, baizik eta beldurragatik, edo benetan beste era batean pentsatzen duelako. Eta, era berean, ez dut transmititu nahi militantzia giroan dena zela beltza eta bortitza. Pollyri militantziak ematen dio beste jende bat, beste zirkulu batzuk, beste irekitasun bat, kontzientzia sozial bat hartzeko aukera, kritikotasuna lantzeko aukera...

Ematen du institutua bereziki mingarria izan zela Jonerentzat. Hitz egiten duenean baserriaz, txosnez, lokalez... badaude alde txarrak, baina baita alde onak ere. Institututik, ordea, badirudi ez duela gauza onik gorde.

Bai, frustrazioarekin bizi du. Esaten du gauza ez zela ez zuela ikasi nahi, edo ez zeukala grinarik, baizik eta bete bizitzako zirkunstantziak momentu hartan ez zirela errazenak, eta eserita eta isilik egotea bakarrik oso konplikatua zela berarentzat. Errazena da ikasle bat bidetik pixka bat ateratzen denean, nabaritzen dugunean tentsoago edo urduriago dagoela, gurutze bat jartzea eta etsitzea. Eta Jonek horren mina dauka: berarekin behar baino lehen amore eman zutela.

Hala hasten da kontakizuna: “Ez nuke jakingo hau guztiau noiz hasi zen esaten”. Zalantza iradokitzen duzu hasieratik bertatik.

Askotan, atzera begiratzen duzu, eta gaur erantzun bat daukazu eta bihar beste bat. Azken urte hauetan asko hitz egiten eta teorizatzen ari da laguntasun harremanei buruz, feminismotik batez ere ekarpen handia egin da, baina harreman mota hori eta, batez ere, haren haustura berbalizatu barik eduki dugu orain gutxira arte. Bikote harremanen kasuan, oso argi dauzkagu haustura baten performancean sar daitezkeen aukerak, baina lagunen kasuan, batzuetan zu zoaz hortik eta ni hemendik eta inork ez daki zer gertatu den, baina urtebete daramagu elkar ikusi gabe. Noiz gertatu zen? Joneren eta Pollyren arteko harremanari dagokionez, noiz gertatu zen haurtzarotik nerabezarorako saltoa? Jonek zerrendaketa egiten du: “Noiz utzi genion Goenkale ikusteari? Noiz meriendatzeari?”. Mugarri bat da: ez da merienda bukatzen dena, baizik eta umezaroa. Amaiera batzuekin momentuan gara kontziente, eta beste askorekin, ez.

Une batean, Jonek esaten du: “Nik gauzak esplikatzen ez dakit”. Eta, hainbatetan, Polly den zu horri esaten dio idatz dezala berak istorioa, badaukala zer kontatu. Irakurlea fida daiteke narratzaileaz?

Hor dabil bueltaka. Bizkor doa, batzuetan gauza bat esaten du eta beste batzuetan beste bat. Niretzako joko interesgarria da, eta interesgarria da ere ikustea zer autopertzepzio daukan: ez daki gauzak esplikatzen, baina momentu askotan ikusten da Jone askoz kontzienteagoa dela Polly baino errealitatean gertatzen diren gauzei buruz. “Zuk liburu gehiago irakurri dituzu, baina nik kalea daukat, bizitza daukat”. Zilegitasun edo balio handiagoa ematen diegu jakintza mota batzuei; nik eman izan diet eta hanka sartu dut askotan.

 

Bilaketa