literaturaren zubitegia

1.078 idazle / 5.175 idazlan
7.841 esteka / 6.417 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Mikel Urdangarin Irastorza
Gara, 2025-02-15
Jon Urzelai Urbieta:
«Euskarak normaltasuna konkistatu behar du, baina karta guztiak hor jartzeak porrotera garamatza»

Musika zale amorratua da, fisikaria eta soziologoa izateaz aparte. Musika jaialdiei modu akritikoan begiratzen zaielakoan, “Su festak” liburua idatzi du.

Euskal eszena musikalean kriston martxa dabil azken boladan: talde esanguratsu batzuen agurra, beste batzuen itzulera, Mitoaroa, etenaldiak, musika jaialdi berriak... Zer ari da gertatzen? Zeintzuk dira oinarrizko joera eta korapiloak?

Jon Urzelaik (Zumarraga, 1990) horren bueltan luze eta zabal hausnartu izan du. Euskal Herriko eta munduko musika jaialdien azterketa kritikoa egin zuen “Su festak” liburuan, eta saiakeraren Euskadi Saria lortu zuen horregatik. Liburu horretako hari-muturrei tiraka, musika jaialdien inguruko hurbilpen orokor bat egin eta Euskal Herriko eszenan barna murgildu gara.

Musika jaialdiak gaur egun bogan daude, baina ez dira gaurko kontua soilik. Noiz, zergatik eta zertarako sortu ziren?

Nik mugatu beharra neukan zer den jaialdi bat, non jarriko nuen zero puntua. Eta iruditzen zitzaidan gaur egungo pop musika jaialdi handien iturburua 60ko hamarkadan topatu zitekeela, gerraosteko gizarte horretan.

Musikaren bueltako jende elkarketa handi horiek espiritu kontrakultural bat zeukaten. Kontrakulturaren garaiak ziren mundu anglosaxoian, Estatu Batuetan batez ere, eta hor musika kosmobisio zabalago baten barruko elementu bat gehiago da. Eta hor amets asko sartzen dira, gaur egunetik ikusita agian naif xamar batzuk ere bai, baina karga utopiko handi bat zutenak. Hor dago Vietnamgo gerra, askapen sexuala, ekologismoaren hasierak, droga psikodelikoak... eta hor, musika jaialdiak indar edo potentzial utopiko horren topagune bilakatzen dira.

Egia da gero pixka bat eteten dela ibilbide hori, 70eko kontrairaultza neoliberalarekin-eta kontrakulturaren eragin hori eteten delako, baina hor geratzen da hazi hori eta gero beste forma batzuk hartzen joaten da historian zehar.

Kontrairaultza neoliberal horretan, neoliberalismoa errebeldia, askatasuna eta bestelako kontzeptu kontrakulturalak bereganatzen ahalegindu zen.

Hor askotan irakurketa sinplista xamarra egiten da. Gaurko egunetik irakurtzen da: ‘Ah, hori guztia izan zen azken finean kapitalismoaren mesedegarri, funtzionala zitzaion’. Ez, hor bazegoen potentzial oso potente bat, eta horri eman zion neoliberalismoak erantzun bat, baina potentzial hori bazuen. Tartean, baita hasieran ez zeuzkan intentzioetarako ere: adibidez, produktuak saltzeko.

Eta gero, 2000ko hamarkadatik aurrera, jaialdietatik makro-jaialdietarako urratsa egin zen.

Bai, hor industriaren birmoldaketa bat gertatzen da, eta zerikusia du internetekin, eta napster-ekin. Lehen formatu fisikoak dirua ematen zuen, musikari batek dirua irabazi zezakeen diskoak saltzen, baina orduan jendea internet bidez musika deskargatzen hasi zen. Industriarentzat ikaragarrizko krisia izan zen 90eko amaierako eta 2000ko hasierako garai haietan.

Formatu fisikoaren gainbehera erabateko horretan, Spotify eredua etorri arte, zuzenekoetan jartzen da indarra. Orduan, musikariak askoz ere dependentzia handiagoa dauka zuzenekoekiko. Gainera, askoz ere prekarioagoa da, ez dauka koltxoi hori.

Eta horrekin paraleloki, mundu osoan, eta hemen ere nabarmena da, turismoaren, aisiaren eta hiri marken kontu hau guztia indartzen hasten da, eta musika jaialdiek ere rol bat topatzen dute hor. Eta instituzio publikoek ere esaten dute ‘gure helburuetarako hau interesgarria izan daiteke’. Orduan, pupurri hori dena nahasten da, eta horregatik hartzen dute duten indarra.

Hor oso adierazgarria da Bilboko kasua. Liburuan azaltzen duzunez, hiri marka jakin bat sortzeko, Epsilon Euskadiren bitartez lasterketa bat antolatu zuten aurrena. Horrek porrot egitean, BBK Live sortu zuten.

Bai, bai, berdin-berdin du. Hemerotekara jotzen duzunean, argi diote: ‘Bueno, honek ez du funtzionatu, zerbait behar dugu udan jendea erakartzeko’. Eta Epsilon Euskadik utzitako zuloan BBK Live sartzen da. Gero jaialdia gehiago edo gutxiago gustatu ahal zaizu, baina existitzen baldin bada, horregatik da: udan Europa edo mundu mailan kokatuko gintuen ikuskizun handi bat behar zuten, eta musika jaialdiak rol hori betetzen zuen. Gainera, sanferminen garaian da, kanpotik etor daitekeen bisitaria sanferminekin lotu dezake; hor pack oso bat dago.

Pack horretan, kontzertu sorta bat baino gehiago eskaintzen da, ezta? Bizi naturala, autentikoa...

Bai, BBK Livez ari garela, kontziente dira mendian eta inguru natural batean egiten dela, eta asko potentziatzen dute hori. Eta gero badago askotan erreferentzia esplizitu edo inplizitu bat garai kontrakultura horiei zuzendua. Nolabait, katarsi edo eldarnio kolektibo bat bizitzeko abagune bezala saltzen zaizkigu halako jaialdi handiak.

Hala ere, hor zerbait kolektibo identifikatzea benetan konplikatua iruditzen zait. Kontsumo hutsa dago hor, emanaldien plazeraz aparte. Ez dago bestelako ezer. Woodstocken, adibidez, garaiko sindikatu iraultzaile batzuek panfletoak banatzen zituzten Vietnamgo gerraren kontra, bazegoen karpa bat non fanzineak eta oktabillak banatzen ziren... Eta gaur egun BBK Liven daukazuna da Idealista edo Vueling. Hori da pixka bat irudikatzen duen gizarte eredua.

Gizarte eta musika eredu desorekatua aipatzen duzu: gutxi batzuen monopolizazioa eta askoren prekarizazioa. Klase ertaina desagertzear da kasu honetan ere.

Hori da, bada fenomeno global eta orokor bat, musikan ere gertatzen dena. Hor aldagai asko sartzen dira: batetik, musikaren formatu fisikoaren gainbehera, horrek ematen dizun koltxoiaren gainbeherarekin; interneten Spotify bezalako plataformek ere sustatzen dute irabazle/galtzaile dinamika hori... Durangoko Azokan bertan ikus daitekeen zerbait da, gaur egun zenbat stand dauden izen bakarrarekin. Musikan, batez ere, geroz eta gehiago da: diskoetxe klasikoaren kontzeptua historian geratu da, kolektibo txikiek ere hala moduz bizirauten dute...

“Bost izarrek diskoak sal ditzaten, gainerako guztiak figurante lanetan ari gara”, dio Beñat Goitia “Benizze”-k, Jakineko azken alean.

Jendea igual ez da guztiz ados egongo esaten duenarekin, baina konektatzen du, ze haserrean identifikatua sentitzen da, esateko: ‘Jo, hemen gaude asko ez garenak iristen, ez daukagula lekurik, eta badirudi ikur horiengatik hau oso ondo doala’. Eta uste dut adierazten duela muinean arazo bat dagoela.

Euskal Herrian geroz eta gehiago murgiltzen ari gara. Egin ditzagun bi pauso atzera, genealogia propioan arakatzeko. 60ko hamarkadan ere egin ziren zenbait jaialdi. Zeintzuk ziren antzekotasunak eta zeintzuk ezberdintasunak?

Karga utopiko hori konpartitzen zen, hor beste mundu bat posible zela sinesten zen. Eta musika horren bitarteko izan zen hemen ere. Gure erreferente nagusienetakoak Ez Dok Amairukoak dira, eta inork ez dizu esango horiek kontzertu solteak zirenik. Hor bazegoen herri baten nahia, asmo oso batzuk gorpuzten zituzten musikari haiek.

Agian ez zen hippyen kontu bat, Estatu Batuetan izan zen bezala, baina hori ere bazegoen, eta Bob Dylan entzuten zuten. Euskal Herria ez zen irla isolatu bat. Gainera, esango nuke Euskal Herrian beste inon gutxi bezain lotuta egon dela politika eta musika. Herri baten ikuspegi konkretu baten gogoa behintzat musikarekin lotzen da, nabarmen, eta kontzertuak ere bai, denbora luzez.

Gero zuk bi mugarri nagusi aipatzen dituzu: Rock Radical Vasco eta Negu Gorriak. Hor ze segida eta ze eten daude?

Nik uste dut hori dela guk geure buruari hamaika aldiz kontatu diogun historia. Ez da nik asmatu dudan zerbait, inola ere, eta agian mugatzailea izan daiteke, beste mila gauza ere bazeudelako.

Hor badago nahi kontziente bat ere jarraitzeko continuum kontrakultural hori elikatzen. Eta egiteko moduei dagokienez, Negu Gorriaken garaian badaude Esan Ozenki eta diskoetxe jakin batzuk. Gaztetxeei buruz beti 80ko hamarkadaz hitz egiten da, eta egia da eztanda hor izan zela, baina finkapena eta zirkuitu alternatibo batzuen egonkortzea 90eko hamarkadan gertatzen da. Horren entzutetsuak ez ziren talde batzuk zirkuitu horretan egonkortu ziren, eta gaur arte iraun duten harreman sare indartsu batzuk sortu ziren.

Kuriosoki, 2000ko hamarkadatik aurrera ez da identifikatzen belaunaldi baten ahotsa den talde bakarrik.

Batzuetan niri etsigarria ere egiten zait beti horren bila ibiltzea. Niri ez zait bereziki interesatzen, gainera. Behar hori daukagula dirudi, herri bezala edukitzeko gure ikur hori, beraiekin identifikatzeko balioko diguna eta izango dena bitarteko bat gure asmo horiena.

2010eko hamarkadatik aurrera, ETAren su-etenarekin eta abar, paradigma baten haustura dago. Eta nik hor normaltasun gogo edo saiakera bat ere ikusten dut, erabat sanoa ere izan daitekeena.

Nik uste, 2010eko hamarkadan inon topa badezagu halako ikurrik, feminismoaren olatuarena Anari litzatekeela. Beste formatu oso diferente batean, ez da ikur ultramasibo bat, baina erreferente bat beharko bagenu, hori izango litzateke. Eta gaur egun totum revolutum kurioso batean gaude.

Politikan, bertsolaritzan eta beste hainbat esparrutan bezalaxe, musikan ere “gu” trinkoago bat pluralizatu egiten da, akaso?

Bai, eta batzuetan ikusten dut nostalgia bat horrekiko, eta hori ere ez dut gehiegi konpartitzen. Ze askotan batasun mugatzaile bat ere bada. Pluraltasun horrek ez dauka zertan txarra izan, kontua da ea engaiamendu politikodun taldeak eta korronteak ote dauden. Eta uste dut azken urteetan ari dela indartzen, ez agian nazio ikuspegitik, baina bai musika egiteko moduari dagokionez-eta, badagoela kritika orokor bat, eta hori bai ari dela sortzen: zirkuitu horien indartze eta aldarrikatze bat... hori nik ikusten dut.

Normaltasun gogoa aipatu duzu lehen. Herrialdeka horretarako aukerak ezberdinak dira, ordea.

Bai, azken pare bat hamarkadetako esperientzia interesgarrienak bilatze aldera, Nafarroara eta Iparraldera jo behar izan dut, eta hori ez da kasualitatea. Hor normaltasuna, instituzionala behintzat, ez da horren finkoa, euskaltasun hori beti zalantzan dago, eta orduan, beti eraikitzen egoteko grina hori mantentzen da. Eta agian horregatik egon gara azken urteetan Iruñera begira, eta EHZ, adibidez, erreferentea da aspalditik. Balizko normaltasun hori bereziki EAEn ikusi da.

Eta, horren aitzakian, “basque” aurrizkia duten jaialdi ugari. Hor zer esan nahi du “basque”-k?

Euskalduntasun mainstream-ik baldin balego, 90eko hamarkadan kontrakulturala zen. 2010ean, lehen aipatutako aldaketarekin, “Basque Country” marka sortzen da, eta marka hori instituzioen aldetik beste euskaltasun atsegin eta erakargarri bat sustatzeko da, turismoaren merkatuan lehiatzeko. Eta musika horretarako erabiltzen da. Adibidez, Basque FEST egiten da Bilbon, non harri-jasotzaile batekin argazkia atera dezakezun, edo harria zuk zeuk jaso... elementu folkloriko horiek erabiltzen dira, ez eraikitzen jarraitzeko, baizik eta elementu exotiko eta fosilizatu bezala, bisitarien aurrean galako janzteko.

Eta nolabait hori izan da kulturaren erabilera hemen azken hamarkadetan: atzerriko begirada erakartzeko tresna bat. Eta politika instituzional guztiak horretara bideratuta egon dira.

Normaltasunaren eta transgresioaren arteko tenkan, honakoa diozu: “Eztandak (kontra)instituzionalizatu ezean jai du eta gehiegizko egonkortzeak, berriz, jaia izorra dezake”.

Askotan eztanden bila gabiltza, eta beharrezkoak dira, baina eztandak eztanda zerbaitegatik dira: amaitzen direlako eta esplosiboak direlako. Hori ezin da mantendu. Adibidez, esaten denean ‘gaztetxeen mugimendua ez da garai batekoa...’. Ez, eta hala ere zirkuitu egonkortu bat mantentzen da, eta hor dago meritua. Adibidez, Arrasateko gaztetxean egotea ostegunero kontzertu bat, baldintza onetan, talde esanguratsuekin. Hori ez da eztanda baten isla, segur aski Arrasateko gaztetxeak 90eko hamarkadan askoz ere eztanda handiagoa izan zuen, baina garai hotzetan hori instituzionalizatzeko kapaz izatea ikaragarria da. Eta horretan ere fijatu behar da.

Baina, era berean, giro hotza da eta eztandak nahi ditugu. Orduan, beti hor gabiltza, joko horretan. Ez dauka erantzun errazik.

“Oreka” azpiatalean sumatu daitekeenez, tentsio horrek kultura eta hizkuntza gutxitu bezala ere zeharkatzen gaitu: batetik, Gorka Urbizuk iradokitzen duenez, euskarak normaltasuna ere konkistatu behar du; bestetik, baina, normaltasun horrek hamaika muga ditu.

Ez dakit honek erantzun definitiborik daukan. Uste dut ezin dela ukatu izen handiak behar ditugula, gaur egungo garaiak horiek baldin badira. Baina, era berean, garai hauen logiken kontra gabiltza, eta hori ere eraitsi nahi dugu. Orduan, hor tranpa zail bat dago: bai, euskarak normaltasuna konkistatu behar du, baina euskararen karta guztiak normaltasunean jartzeak porrotera garamatza.

Ezin duguna egin, behintzat, akritikoki gurtzea da. Horrelakoak behar baditugu, ados, baina kontziente izanez zer diren eta zer sustatzen ari garen. Joko horretan erabat akritikoki sartzeak ez garamatza inora, ze, hasteko, euskal kultura ezin da oinarritu logika merkantilista batean bakarrik, zenbakiek ez baitute ematen: ez dago nahikoa kontsumitzaile hori mantentzeko. Esan nahi dut, euskal eszena, musikariak edota editorialak baldin badauzkagu, lan boluntario ikaragarria egin delako da, era militantean egin delako. Hori horrela da eta, segur aski, horrela izan beharko da beti. Orduan, ezin dezakezu partida hori jokatu eta irabaziko duzula pentsatu. Baina, era berean, errealitatea da porrot monumental batean gaudela. Ni irakaslea naiz, eta nire ikasleek euskarazko musika entzuten badute, izar handiena entzuten dute, ez dago ia beste ezer.

Testuinguru horretan, “Mitoaroa” gertatu da. Mugarritzat jo da. Zuk nola ulertzen duzu?

Nik uste badela denok batuko gaituen erreferente edo ikur horren behar baten isla. Eta iruditzen zait eskaintzen ez dituen gauza batzuk ikusteko gogo bat dagoela, agian. Uste dut ez dugula ahaztu behar Mitoaroa ez dela “24 ordu euskaraz” edo ez dakit zeren aldeko herri-ekimen bat. Ez, Mitoaroa Zetaken kontzertua da, eta Zetakek erabiltzen du parafernalia hori guztia Zetaken kontzertu baterako. Orduan, hor ikustea herri asmo bat edo halako zerbait pixka bat fortzatua iruditzen zait. Ikuskizuna izan daiteke interesgarria edo ez, baina Pello Reparazen ikuskizun bat da, bere gustu eta asmoen arabera egositakoa.

Ni txundidura horrek harritzen nau. Ez diot inori irakurri egin duen horren inguruko irakurketarik. Orduan, emozionatu gaituena zera da: ‘Bale, guk ere gauza ikaragarri handiak egin ahal ditugu, eta gainera gure elementuekin’, baina gure elementu horiek ez berrasmatuz, baizik eta tradiziotik hartuz, besterik gabe.

Alternatibak pentsatze aldera, sortzaileentzako “mapa egonkor justuago bat” aldarrikatzen duzu. Nola elikatzen da hori?

Lehenengo, gogoa eduki behar da horretarako. Igual gogorra da horrela esatea, baina uste dut ez dagoela bereziki gogorik, ez behintzat beharko lukeen indarrarekin.

Uste dut kultur politikak turismoaren eta aisiaren merkaturako begi horiekin diseinatuta daudela, eta ez horrenbeste artistaren edo musikariaren baldintzei begira: Urdaibaiko Guggenheim bat egitera doaz, Azkuna Zentroko Alhondigan gertatu dena... Hori aldatzeak sare egonkorrago bat eskatuko luke, ez ekitaldi handien mende egongo dena, eta horrek plan publiko kontziente bat eskatzen du. Beti aipatzen da intermitentziaren kasua Iparraldean eta Frantzian. Lanarteak ere, adibidez, eskari argiak dauzka.

Nik uste ikuspegia artistarengan zentratzeko gogo hori edukitzea dela gakoa, batez ere. Hori eginez gero, pausoak etorriko lirateke.

Krisi ekosozialean, makro-jaialdiak ekologikoki ere jasangaitzak direla diozu. “Luxuzko pobreziarantz”, nolako kultura behar dugu?

Ni aurreko batean Joseba Irazoki ikusten egon nintzen Ordizian. Atzerritik ez dakit zein artista datorrelako ez da kontzertu hori baino hobea izango, inondik ere. Edo zuk zeuk antolatzen duzun kontzertu bat zure lagunekin... intentsitate hori ez dizu emango sarrera bat erosita ikusiko duzun kontzertu batek.

Azkenean, askotan asetzen zaituena proiektu kolektibo baten barne sentitzea da. Eta gaur egungo gizartearen hutsunea da dena daukagulakoan ez daukagula ezer: ez daukagu proiektu kolektiborik eta harreman sare trinkorik. Eta nahiz eta nahi duzuna nahi duzun tokian erosi eta inoiz baino kontzertu gehiago ikusi, ez zaituzte horrenbeste asetzen. Orduan, hori sinetsi beharra daukagu: ikuskizunaz haragoko atxikimendua dagoenean, eta zerbaiten parte zarenean, benetan horrek asetzen zaitu.

 

Bilaketa