Solasean
Agertoki gainean lantzen duen ahozkotasunari arnas berria eman dio Miren Amurizak literaturara ekarrita. Bide berrien bilaketa da ‘Pleibak’. Jone eta Polly, elkar ‘galdu’ duten lagunak ditu protagonista. Dolua. Asko du minetik eta egunen batean elkarren begiradak gurutzatuko diren desiotik.
‘Pleibak’ bigarren nobelarekin aurkeztu da berriz Miren Amuriza euskal literaturaren plazan. ‘Basa’-ren ondoren hizkuntza erregistro partikular baten bila abiatu zen. “Bada koska bat estutzea, ahozkotasunera hurbiltzera eta hizkuntza zikintzera. Nik nahi dut kontzientzia osoz hizkuntza apurtzea une batzuetan eta zaintzea bestetan. Uste dut erregistro literarioaren hautuak ahalik eta doituen egon behar duela kontatzen ari zaren istoriora. Hartu ditudan erabakiak liburu honi dagozkionak dira, beste batean beste batzuk hartuko ditut. Egin dira mila saiakera —Danele Sarriugarteren ‘Erraiak’ eta Uxue Alberdiren ‘Ukitzen gaituen ura’, tartean—. Iruditzen zitzaidan arduraz jokatuta ere euskaraz bazegoela non esploratua. Eta sortzaileoi dagokigu hori egitea. Beste kontua da eduki behar dugula hizkuntza egitura sendoa eutsiko diena apurdura horiei: hizkuntza politika, soziolinguistikan eta irakaskuntzan jende formatua izatea... baina gure lana txispa ateratzea da”, argitu du liburuan erabilitako hizkuntzaz.
Egoera soziopolitikoa
Hizkuntza bilaketak ekarri zuen garai historiko bat. Eta horrek berak, egoera soziopolitiko jakin bat. “Zeinek gorpuztuko zuen ahozko erregistroa? Nerabe batek. Horrek ekarri ninduen gure gaztarora. Eta berarekin zekartzan kontestua eta hor zabaltzen diren meloiak. Gertatzen den guztia sinesgarria eta pertinentea izateko kontestua ahalik eta ondoren ezaugarritzen saiatu naiz. Bataren baserria, bestearen etxea, giro politikoa... usaina”.
Pleibak. Zurea ez den ahots bati hitza jartzea da. “Gorputza eta mugimendua beste bati jartzea”, esan du Amurizak. “Esaten den moduan idazten dugu”, zehaztu du. Haurtzaroarekin zuzenean lotzen du idazlea. “Pleibak-ak egiten genituen, gure umezaroa hori zen. Ez genekien euskaraz, erderaz edo ingelesez ari ginen, batez ere dantza zen. Oso geuretzat geneukan hitza zen. Behin eta berriz kantan atzera eta aurrera egitea review-play. Eta plantak egitea. Britney Spears behin eszenatokian erori eta musikak jarraitu. Nik ere horrela bizi nuen bizitza. Teatroa”.
Sortzaileak ez du erraza izaten buruan duen horretara hurbiltzea. Lortu duelakoan dago Amuriza. “Behin horra iritsita ’hemendik aurrerago joan nahi dut’ pentsatzen duzu, beti findu daiteke gehiago egindakoa, baina beste nonbaiten izango da. Gauza bat da zer nahi duzun eta bestea zer ahal duzun. Lehen nobelaren esperientziaren ondoren, orain kontzienteago izan naiz bien arteko distantziaz”, dio.
“Dibertitu” egin da bidean. Onena da ume-umetatik ezagutzen nauen lagun batek esan didala ‘jendeak pentsatuko du zu bi pertsonaia horietako bat zarela eta nik badakit zuk bestearengandik ere asko daukazula’. Izan da askatzeko bidea. 13-14 urterekin, bakoitzak bere rola jokatzea hain inportantea den garaian, oso garbi neukan zein paper jokatzen nuen, Pollyren antzekoagoa: ikasle fina, bertso eskola, euskaltzalea, militantea... Lagunak hasten zirenean ‘Operación Triunfo’ telebistako saioaz hitz egiten ez nekienaren plantak egiten nituen, adibidez. Hori gogoratzeak asko dibertitu nau”.
Irakurketa kritikoa
Oso desberdina litzateke liburua Pollyren ahotsean. “Bai, izango zen antzerakoagoa beste kontakizun batzuetatik. Pollyren ahotsak zer konta dezakeen entzuten dut nire barruan eta nire inguruan eta horren oihartzunak badaude. Ez ninduen hainbeste jartzen. Bestalde, irakurketa kritiko samarra egiteko gu izan ginenarena interesgarriagoa zen beste aldea, Jone entzutea eta zulotxoa ikustea atzean”, esan du.
Izan ere, autokritika egiteko baliatu du Amurizak nobela. “Orduan egin genuena epaitzeak ez dauka zentzurik eta gainera ez doa inora. Gertatu zena gertatu da. Baina horrek ez du esan nahi irakurketa kritikorik egin ezin duzunik. Denori gertatu zaigu. ‘Nik mina egin nizun, zuk mina egin zenidan’, sartzen gara buklean, nor izan zen lehena... Ez dago pertsona onik eta txarrik. Batzuetan apurdura horien atzean ez dago erantzun garbi bat zer gertatu zenari buruz”, egin du hausnarketa.
Amurizak xehetasunez deskribatzen ditu pertsonaien gelak... haurtzaro eta gaztaroan unibertsoa izan diren espazio intimoak. Bi nesken gurasoek ere protagonismo dezentekoa dute liburuan. “Pollyk zapalduaren lekuen kokatzen du bere burua euskaldun bezala... baina ez da konturatzen dauzkan gurasoengatik, etxean dauzkan liburuengatik Jonek baino baldintza hobeak dauzkala. Gu eskolan 3 urtetatik 16 urtera arte denok elkarrekin egon ginen eta teorian baldintza berdinetan. Zergatik batzuk, kasualitatez, Unibertsitatera joan ginen eta beste batzuk ez? Igual ez zen gaitasunen arabera, bakoitzaren zirkustantziek zeresan handia dute. Saiatu naiz bi pertsonaia itxura batean kontrajarriak eraikitzen eta kontatzen ze zirkunstantziak eraiki duen bakoitza”, azaldu du.
Pendiente geratutako konbertsazioak
Literaturaren edertasuna. Liburuari esker aspalditik pendiente zituen elkarrizketa batzuk edukitzeko aukera izan duen galdetu diogu. Iraganeko kontuak argitzeko. Baietz berak. “Nerabezaroa ixtearen sentsazioa izan dut haietako batzuekin hitz egin ondoren; hunkigarria izan da”, aitortu du.
“Errazago identifikatzen dugu biolentzia eta botere harremana etxetik kanpo edo inguru ez-politizatuetan gertatzen direnean”, esana du. Sakontzeko eskatu diogu. “Hau ez dut nik deskubritu. Ni hona iritsi banaiz da beste askok eta askok zabaldu dizkidatelako begiak bai idatzi dutenagatik eta batez ere egunerokoan eskua altxatu dutelako. Bi pertsonaien inguruan eta baita gaur egun ere, errazagoa da lokalean ‘mamada’ bat egiteagatik tipa bati ordaindu diotelako kantzelatzea, zure kide majoarekin gauza bera egitea baino. Ni oso leiala izan naiz beti aita sinboliko eta ez sinboliko guztiekin, kosta zait apurtzea. Hasten zarenean alfonbra altxatzen...”.
Libururako propio sortutako hizkuntzaz zer ote dio Xabier Amurizak, aitak? “Liburua ez doa horretara baina besteak beste horrekin ere apurtzen du. Pentsatzen nuen ‘aitari hau ez zaio guztiz ondo irudituko, orduan jarri egingo dut’. Begirada hori aitarengan pertsonifikatu arren, ez naiz neure aitaz ari, orokorrean baizik: gure aita politikoak, aita kulturalak... ‘Euren gustukoa bada, ez naiz ari egin nahi nuena egiten’, nioen neurekiko”, kontatu du.
Idazkuntza lan bakarti eta isolatu bezala margotu da orain arte. Bada literatura lan kolektibo bezala aldarrikatzen duenik gurean. Amuriza ere hauen artean dago. “Gure belaunaldiko idazle emakumeak horrelaxe funtzionatzen dugu. Uxue [Alberdi], Nerea [Ibarzabal], Ane [Labaka] bertsotatik gatoz elkarrekin. Egiteko modu batzuetatik gatoz. Feminismotik gatoz, baita. Mini-aliantza asko daude eratuta. Beste idazle batzurekin ere bai, Danele [Sarriugarte], Kattalin [Miner]... Denok daukagu bestea egiten ari denaren berri. Eta elkar laguntzen gara. Egiten ari garena da hori balioan jarri eta hala egiten dugula esan. Ez da erabaki kontzientea izan, ez dugu bilerarik egin erabakitzeko baina gure praktika erreala hori da. Garai batean egon zitekeen idazle bakartiaren irudia, iluminazio ‘divino’ hori niri ez zait iritsi! [irribarrea] Zorionez lagunak hor daude eta eusten digu elkarri”, kontatu du.
Errelato berriak
Literaturan, zineman, bertsolaritzan... pixkanaka ematen ari den ahots aniztasuna jarri diogu hizpide. “Askotan esaten da ez-gizonen ahotsak agertu ahala eszenan aniztu egin direla kontakizunak. Nik esango nuke batez ere konplejizatu egin direla. Gizonezkoek urteak daramatzate emakumeak erretratatzen, baina zein estereotipo mota? Ze interesen arabera? Errelato horiek lehenengo pertsonan ekartzeak dakar beste konplexutasun bat. Gurasotasuna bizitzeko moduaren barruan egon daitezkeen milaka kontraesan agertzen dira, esaterako. Zuk era batean biziko duzu, besteak beste batean, eta fikzioari aportatzen dio esploratu gabeko eremu zabal bat. Eta bueltan, errealitateari ekartzen dio erreferente sorta askoz zabalagoa”, adierazi du.
Aurrera begira ikusten du zer egina. “Bertsotan azken hilabeteotan tokatu zitzaidan Gisele Pelicoten gaia eta egun batzuk lehenago beste neska bati. Bai, gaiak oholtzan gaude baina zergatik jarraitzen duzue emakumeoi jartzen horrelako gaiak? Etxeko lanak denok ditugu egiteko. Koska bat dago gai hauek plazara ekartzean eta jakina, behar da, baina ez da gure ardura bakarrik”, gaineratu du Amurizak.
Sorkuntzari emana
Garai bateko irakaskuntza zereginak alboratuta, sorkuntzari emana bizi da azken urteotan. “Autonomoa naiz. Idazketa tailerrak liburutegietan, lan txikiak, enkarguak han eta hemen... Azken hilabeteotan asko ari da hitz egiten euskaraz diziplina desberdinetako langileon baldintza kaskarrez”. Beñat Gaztelumendik egindako gogoeta aipatu du. “Gure jardunak, bertsolaritza eta idazletza, prekarioak direla baina kontu handiz erabili beharreko terminoa iruditzen zaiola dio, prekarietateak esan nahi dituen beste gauza askok ez digutelako eragiten. Asko gustatu zait”.
Bere hautuaren berri eman digu. “Nahi dudalako nago hemen, eta ahal dudalako. Badakit honek funtzionatuko ez balu edukiko nituzkeela beste bide batzuk baldintza onetan, lan egonkorra izateko. Eta honetan jardun dezaket badaukadalako sare bat, egitura egonkor samar bat, beste askok ez daukana. Ez nintzateke geratuko egun batetik bestera kalean. Horren kontzientzia edukita ere ez du kentzen bi jardun prekario direla eta suposatzen duela tentsio konstate batean bizitzea, tetris-a egiten. Epe ertaineko aurreikuspenekin bizitzera ohitu naiz. Behin eta berriro, ziklikoki, erabakia mahai gainean jartzen eta neure buruari galdetzen ‘honetan jarraitzeko moduan nago?’. Momentuz erabakiari heltzen diot baina kontziente naiz edozein momentutan alda litekeela”, argitu du.