literaturaren zubitegia

1.078 idazle / 5.175 idazlan
7.841 esteka / 6.417 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Begoņa del Teso
El Diario Vasco, 2025-02-04
[iturburua]
Jule Goikoetxea:
«Materiak eraman gaitu amebak izatetik jainkosak izatera»

Zarauzko Susa argitaletxeak badu bere web orrian, doan, denentzako irekia, Parte Zaharreko Morgan jatetxean familia errekuerdoak dituen Maite eta “Goiko”-ren alaba den Julek idatziriko azken liburua, “Politeismo bastarta”. Debalde irakurtzea posible bada ere, kronika fikzionatu-nobelatu hori ari da azkar agortzen. Martxoan aterako da gaztelaniaz. Baita katalanez ere. Iaz plazaratutako bere azken-aurreko hausnarketak honako izenburua du, “Idealism and biologism in Social Reproduction Theory: a Materialist critique”. Angela Davis iraultzaile leiendazkoaren bizkartzain, aholkulari, gidari, laguntzaile gisa eman zituen egunetako erreportaje horri filosofiaz gaindi, teoriaz aparte, umore izugarria dario. Baita jendea ustekabean harrapatzeko desira ere. Bizitzeko eta borrokatzeko grina ere bai. La Bella Eason izan ginen kontu-kontari, bermuta eta infusioak tartean.

“Agur jaunak”-en bertsio berria dirudi...

!?

“Denok gire, gara, gera, materiak eginak”...

Baita hartz inurrijalea ere.

?!

Zera esan nahi dut, ez da ez jainkorik ez goi mailako izaki (arra, zuria) ilustraturik gu denok sortu gaituenik. Egia materiak eta materialismoak fama txarra dutela eta haien gainean eta gainetik Arrazoia jartzen dela askotan baina mintza gaitezen argi, Arrazoia ere materia da. Ez da zerbait etereoa. Gorputzean daukagu Arrazoia. Bestalde, hartz inurrijalearen etsenpluarekin zera adierazi nahi dizuet, inork ez zuen sortu mutur luze hori, derrepentean, paradisuan. Ez, gu jainkosak izatera ekarri gaituen materiak berak hasierako ameba hartatik eraman zuen hartz inurrijalea bizirauteko behar zuen mutur hori izatera.

Horri heltzen badiogu, ondorio majo/arraro batera iritsiko ginateke... Hartz inurrijalea eta hirurok anai-arrebak gara!

Bai horixe. Badakizu zenbat urte dituen nire beso honek?

1981ean jaio zinen, beraz...

8.000 urte.

Ez du ematen.

Materiak denbora hori guztia pasa du beso hau sortzen. Errealitate horrek, ondo pentsatuz gero, multiespezietara garamatza.

Multiespeziak?

Ez zu ez ni ez gara soil-soilik gizakumeak.

Hara!

Alde batetik, izan diren ameba horren ondorengo guztien ondorengoak gara. Era anitzez eboluzionatu zen ameba haren ondokoen ondokoak...

Baaale. Tradizio handiko beste euskal esaldi biribil horietako baten beste bertsio berritua...

Zeinena?

“Izan zinetelako gara”.

Egia. Baina ez naiz bakar-bakarrik gure giza genealogiaz ari...

Banengoen ba.

Gurekin batera, gugan, bakterioak eta birusak bizi dira. Gure gorputzean beste hamaika, ziento baten arrastoak daude. Ez gara espezie bakar bat anitzak baizik.

Igual horrexegatik gaude monoteismoaren kontra eta politeismoaren alde. Are gehiago politeismoa, liburuan aldarrikatzen duzun bezala, bastarta bada.

Horrexegatik bai, baina hortik jarraitu aurretik, aipa ditzagun “holobionteak”, mesedez.

“Holobionteak”? Zure kronika filosofiko makarra horretan 97. orrialdean agertzen dira: “Indibidualismoak ez du irudimena sustatzen”. Eta irudimena behar dugu holobionteak sortzeko, zuk esanda. Nik jakin badakit EITBko podcast ausart batek “Holobiontea” duela izenburu.

Nik orrialde horretan Wikipedian begiratzeko gomendioa egiten dut. Eta euskarazko Wikian irakurriko duzuna, hauxe: “Unitate ekologikoak osatzen dituzten espezie desberdinak elkartuz sortutako entitateak dira”.

Eta?

Ba Paradisua eskaintzen duten (mono)teismo guztiek ez dutela imajinazio nahikoa hori imajinatzeko. Beraz, ezin dute ez jainkosarik ez amebarik sortu. Bai ordea existituko ez den paradisuaren promesarekin jendea lelotu.

Juduen, kristauen, musulmanen paradisuaz ari zara? Denak izango omen gara bertan zoriontsuak eta igualak.

Ari naiz ezinezkoak diren utopia guztiek (erlijiosoak, komunistak, kapitalistak, anarkoak, feministak eta abarrak) agindutakoaz. Inoiz ez gara berdinak izango boterea anitza baita eta gure artean, paradisuan ere, sortuko dira beti menderakuntza modu berriak, Gaitasunen asimetriak eragiten du boterea. Eta botere horrek botere gehiago metatzeko aukera ematen badizu... zuk menderatuko duzu asimetrian geratu dena.

Beldurtu beharko nintzateke?

Ez. Bizitza basa bezain ederra da. Biolentzian eta biolentziarekin izan gara, denok, munduratuak. Hori onarturik, jarrai dezagun borrokan. Baina ez paradisua lortzearren baizik eta borroka gustuko dugulako, behar dugulako. Jainkosa-multiespezie holobionteek borrokari heldu behar/nahi/ahal dugu. Bizitza guztiona delako. Etorkizuna nahi dugu eta Etorkizun hori tematia da Paradisurik ez dago, etorkizuna bai.

Horretaz guztiaz aritzen zara liburuan. Umorea galdu gabe. Eta tiro, tiro, tiro gehienen kontra.

Alde ere. Anitzak eta bastartak diren, garen, denon alde.

 

Bilaketa