literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.165 idazlan
7.841 esteka / 6.395 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Natxo Velez
eitb.eus, 2024-12-08
[iturburua]
Beņat Sarasola:
«Boterearen hitz eta estrategiak asumiturik ezin da merezi duen obra bat idatzi»

Donostiar idazleak “Coca-Cola bat zurekin” eleberria argitaratu du, Frank O’Hara estatubatuar poeta eta arte komisarioaren bizitzaren lorratza jaso eta anplifikatuta.

Frank O’Hara estatubatuar poeta (Baltimore, Maryland, 1926 — Mastic Beach, New York, 1966), ”Having a Coke with You” O’Harak Vincent Warren maitaleari eskaini zion poema (“Coca-Cola bat zurekin hartzea are dibertigarriagoa da Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze, Baionara joatea baino”, hasten da) eta, O’Hara bertako arte komisario zela, MoMA New Yorkeko museoak 1960an Espainiako artista garaikideei eskaini zien erakusketa: hiru zutabe horien gainean eraiki du Beñat Sarasolak (Donostia, 1984), dokumentazio lan eskerga baten ondoren, Coca-Cola bat zurekin (Susa argitaletxea) bere bigarren eleberria, Deklaratzekorik ez estreina apartaren ondorengoa.

Toki-denbora horietatik, Sarasolaren begirada zolia arte sistemaren inguruabarretara, botereak (kasu honetan frankismoak Luis Gonzalez Robles arte komisarioaren eskutik) arteaz egiten duen erabilerara eta, berbarako, Oteizaren motibazio artistikoetara eta ideologiara iristen da, argiro, baina baita O’Harak Vincent Warren maitalearekin duen harremanera ere, eta harekiko lilurak bere bizitza nola zeharkatzen duen erakustera ere.

Coca-Cola bat zurekin lana zorrotza da errealitatearekin, leialki biltzen ditu egunkariko lerroburuetan eta artxiboetan zuri-beltzez jaso zirenak, baina are zorrotzagoa da irakurle ernearekin, horietatik abiatuta grisak marrazten dituenean, Sarasolak hitz eta formula kaltegabe eta kamustuak zorroztu eta, O’Harak bere poemetan bezala, gauza txikietan “ideia, printza eta uneen kolpea jaso eta tinko tekleatzen” duenean, teknikoki eta estilistikoki betegina den eleberrian.

Sarasolarekin hitz egin dugu.

Deklaratzekorik ez zure lehen eleberria, aurrekoa, testuinguru gertukoan girotuta dago: irakurle askorentzat hurbilekoak diren toki-garaietan. Bigarren hau, ordea, urrun kokatu duzu: 1960 inguruko New Yorken nagusiki. Nola neurtzen da zer, zenbat eta nola esan, kontakizunaren inguruabarrak irakurleari gerturatu baina, aldi berean, ez gogaitzeko? Norengan pentsatzen da irakurle inplizito gisara?

Egia esan, halako gauzak nahiko intuitiboki erabakitzen ditut idatzi ahala. Esate baterako, Deklaratzekorik ez nobela gaztelerara itzuli zenean konturatu nintzen balizko irakurle espainiarrarentzat aski ezberdinak izango zirela hainbat kontu, baina hori ez dut kalkulatzen idatzi bitartean.

Bestetik, ez zaizkit testuinguratzeak gehiegi gustatzen literaturan; hau da, normalean, ez zait gustatzen narratzaile batek hitza hartu eta azalpen zuzenak ematen hasten denean historialari bat edo kazetari bat balitz bezala. Nahiago dut pertsonaiek, ekintzek eta espazioek hitz egin dezaten.

Hori esanda, imajinatzen dut irakurle inplizitu moduan euskarazko irakurlea dudala buruan, eta horren barruan, hori ere oso anitza baita, zorionez, irakurle jakin bat, baina, esan bezala, ez naiz oso kontziente.

Frank O’Hara estatubatuar poeta, “Having a Coke with You” O’Hararen beraren poema eta O’Hara bertako arte-komisarioa zela MoMA New Yorkeko museoak 1960an Espainiako artistei eskaini zien erakusketa dira eleberriaren hiru zutabeak. Zelan agertu zitzaizun parera hiru hanka horietako bakoitza eta zergatik iruditu zitzaizkizun nobelagai?

Guztiaren abiapuntuan poema hori dago, eta galdera bat: O’Harak zergatik aipatzen du Euskal Herria poeman? Hortik tiraka eraiki dut nobela guztia.

Kausalitatez edo ez, kontua da O’Hararen bizitzan garai bereziki interesgarria izan zela hura: MoMAn ardura garrantzitsuagoak hartzen hasi zen (hura izan zen, hain justu, bere lehen lana erakusketa bateko komisario-zuzendari moduan) eta Vincent Warrenekin amodio harreman betean zegoen, zeina bere poema onenetako batzuen (“Having a Coke with You” barne) inspiratzaile izan baitzen. Gurutzaketa horietatik eraiki nuen nobela, armazoi egokia iruditu zitzaidan.

Nobelagai, berez, edozer izan daitekeela iruditzen zait. Batzuen ustez, istorio batzuk bakarrik dira nobelagai, baina, niri interesatzen zaidan literaturan, istorioarekin eta bilbearekin egiten diren amarruak erabat bigarren mailako kontuak dira. Serie baten gidoia egiteko ezinbestekoak izango dira, baina literatura beste zerbait da nire begietara.

Demagun: Samuel Becketten trilogia, Georges Perecen Les Choses edo Margarite Durasen Les Petits Chevaux de Tarquinia irakurtzen duzu, eta ohartzen zara ia edozerekin egin daitekeela nobela on bat. Besterik da horretarako talentua duzun edo ez; baina hori bestela ere berdin. Norbaiti entzun nion behin egia pixka bat gordetzen duen hiperbole bat: “Idaztea da munduko gauzarik zailena”.

O’Harak bizitza labur, bizi eta epikoa izan zuen, baina bere poesia oso intimoa da, gauza txikietan aurkitzen du “ideia, printza eta uneen kolperako” oihartzuna bere lirikak. Zuk ere O’Hara intimo bat irudikatu duzu istorioan, gertakari arranditsuetan gehiegi endredatzeko tentazioari muzin eginik. Zergatik azpimarratu duzu eremu gertuko hori?

Alde batetik, idazmolde hori asko interesatzen zaidalako idazle moduan: detaileei erreparatu, keinuei, giroei… Literatura irakasle bat izan nuen, Jordi Llovet, esaten zuena idazle batek egin behar duena dela literatura ona irakurri eta begiratzen ikasi (eta ahazteko idazketa-manualak eta halakoak), eta erabat ados nago.

Zentzu horretan, pertsonaia fikziozkoekin edo “errealekin” lan egin, estrategia narratiboa antzekoa zait niri. Baina uste dut horrek, berez erabaki formal-estilistikoa den horrek, sekulako inplikazio politikoak ere badituela. Adibidez, kasu honetan, letra larrizko pertsonaia eta gertakari historikoei beste begirada bat ematen diela, askoz ere begirada interesgarriagoa niretzat. Ahaztu egiten da maiz, baina niretzat erabaki horietan dago lan baten kokapen politikoaren funtsa.

Erretorikoki, mezu politiko iraultzaile bat helaraz dezakezu, baina, zure estrategia literarioak arranditsuak eta populistak baldin badira, egiten ari zarena erabat kontserbadorea da.

Eta horrek lotura du, baita ere, biografiaren kontuarekin. Begirada zabal-azaleko batetik idazten baduzu pertsona “erreal” bati buruz, pertsona baten bizitza sintetizatzen ari zara baieztapen ziur aski sinplista eta injustuen bidez. Aldiz, begirada mikroan, detaile txikietan, jartzen baduzu, beste norabait egiten duzu jauzi eta pertsona horren biografia hutsetik harago joan zaitezkeela uste dut.

Artea eta sorkari artistikoaren inguruabarrak sakonki jorratzen dira nobelan, artearen erabilera politikoa esate baterako, frankismoaren aldetik. Zergatik izan du eta du botereak artea erabiltzeko (esanahiz husteko bada ere) joera hori?

Nik uste, artea bera baino gehiago, arte-munduko hainbat elementu baliatzen dituela botereak batik bat: artistak eta beren itzala, arte instituzioak, boladan dauden edo prestigioa duten mugimenduak, arte-munduaren distribuzioa, arte kritikaren kontrola…

Arteak berak uste dut ez duela erabilpen politiko askotarako ematen, bere eragina askoz ere zeharkakoagoa eta aurreikusezinagoa eta luzeragokoa baita. Hau da, artista edo idazle batek pentsatzen badu artelan bat eraikitzen ari den bitartean bere lana politikoki mugarria izango dela, demagun, eraldaketa politikorako, bitik bat: edo oso ingenuoa da edo oso nartzisista.

Horregatik, arteaz eta haren eragin politikoaz hitz egiten denean hobe genuke arte-sistemaz hitz egin eta ez hainbeste arteaz beraz. Kasu horretan, adibidez, nazioartean arrakasta izaten ari zen mugimendu bat (informalismoa) baliatu zuen frankismoak bere irudia nazioartean zuritzeko, baina hori erlazionatuago dago testuinguru jakin batekin artearen beraren ezaugarriekin baino. Askotan ikusi dugunez, botereak (ia) edozein arte-mota asimilatzeko eta berera ekartzeko gaitasuna du.

Uste dut gaur egun handizkatu egiten dela artearen beraren eragin politikoaren tamaina. Adibidez, norbaitek uste du azken urteotako ultraeskuinaren oldarraldian artelanek rol mugarria izan dutenik? Zer ari gara artelanen esanahiekin obsesionatuta, bien bitartean politizazio prozesuetan sekulako eragin zuzena eta azkarra duten espektakulu-estrategiak suelto dabiltzanean egunero gure burmuinak matxakatzen?

Horretarako balio badu, beste helburu batzuetarako ere balioko du arteak, ezta? Eleberrian, Oteizak, esaterako, “armatzat” aldarrikatzen du hitza, eta hau gehitzen du: “arteak ez bagaitu inarrosten, zertarako jarraitu antzerki honetan?”. Zer da hitza zuretzat?

Nik uste inarrosaldi horiek lehen aipatu dudan artelanen eragin zeharkako horrekin dutela zerikusia.

Literaturaren kasuan, nire ustez ezinbestekoa da hitzaren inguruko hausnarketa kritiko bat egitea, hau da, obrak berak hizkuntzaren erabilera eraldatzaile bat proposatzea nolabait. Boterearen hitzak eta estrategia formalak bere horretan asumiturik ezinezkoa da merezi duen obra bat idaztea. Eta zaila da zeren sistemak, etengabe, hain justu klixeak eta formula higatuak bultzatzen ditu, lehen kolpean ezagutzeko modukoak direnak eta inarrosaldirik eragiten ez dituztenak, nolabait.

Norbaitek esan zuen obra bakoitzak hizkuntza propio bat sortu behar duela, eta uste dut, bere xumean, hori dela idazle batek egin dezakeen ekintzarik politikoena. Ez da horrekin Neguko Jauregia hartuko, baina horretarako daude kaleak.

Denboran atzera eta aurrera egiten du kontakizunak, eta narrazioa, elkarrizketak, O’Hararen egunerokoa, bakarrizketak, prentsa-artikuluak, poemak, material grafikoa, Becketten Happy Days antzezlanaren txatal bat eta artxiboko materiala tartekatzen dira. Nola landu duzu liburuaren erritmoa eta zer helbururekin atondu duzu liburua artefaktu transtestual gisara?

Aurreko erantzunarekin loturik, liburu bakoitzak bere forma bilatu behar duela uste dutenetakoa naiz, eta liburu honen forma, neurri handi batean, idatzi ahala joan nintzen ontzen. Hau da, kontua ez zen hasi “material ugari erabiltzen dituen liburu bat idatziko dut” pentsatzen; modu horretan aurrez planifikatutako liburu bat nekez egongo da gero ondo artikulatua.

Horregatik, liburuaren izaera kontuan izanik, banekien material “errealak” eta fikziozkoak nahastuko nituela, baina idazten hasi arte ez nekien zehazki nola egingo nuen. Horren barruan, zuk esan bezala, forma eta jatorri ezberdineko material dezente dago. Kontua pastiche batean ez geratzeko kezka nuen, bai, eta horretan zatiak muntatzeko lana garrantzitsua izan da, besteak beste, zuk aipatu bezala, erritmoa zaintzeko. Material ezberdinen sakabanaketa ondo pentsatu, material grafikoen txertaketa nola egin, itzulpenak nola sartu… Esango nuke sakabanaketa hori lotzen duen habe nagusia Franken eta Vincenten arteko harremana dela.

Estilo zuzeneko elkarrizketak ingeleserako keinuz zipriztindu dituzu, itzulpen literalak tartekatuta (kaka sainduamaitatuko nuke!ezti bokatiboa, Biderik ez!Ene jainkotasuna…). Jolas horretaz haraindi, izan du eraginik liburuko pertsonaia guztiak ingelesez eta gaztelaniaz aritzeak, berez?

Bai, berez atera zitzaidan jolasa izan zen. Azkenean, ingelesezko material askorekin egin dut lan, eta neure buruan bi hizkuntzak (eta baita gaztelania ere) nahasten joaten ziren.

Bestetik, nobelaren zati batzuk AEBn idatzi nituen eta, zenbaitetan, pertsonaiak ingelesez hitz egiten imajinatzen nituen, batez ere halako forma kolokialetan. Orduan, pentsatu nuen jolas hori prozesuaren beraren arrasto bat izan zitekeela, eta bestetik, kolore berezi bat eman ziezaiokeela liburuari, jatorrizko-itzulpen zubi horren testigu moduan.

Badu, neurri horretan, itzulpen literalegiaren kutsu hori, esango nuke garai batean egiten ziren itzulpen motei keinu bat-edo, eta oihartzun hori ere gustatzen zitzaidan. Kode naturalista batetik zentzurik ez duen erabakia da, baina ez nuen eta ez dut kode horren arabera idazten.

Eleberrian, O’Harak denbora gutxi du idazteko, eta sortzeko manera oso kaotikoa du: paper muturretan barreiatuta uzten ditu poemak mesanotxean, lan-mahaian… han-hor-hemen. Zuk, ostera, dokumentazio lan eskerga egin duzu, eta bi idazketa egonaldi, Teruelen eta AEBn. Nolakoa izan da dokumentazio lan hori eta nola idazten du Beñat Sarasolak?

Sekulako zortea izan dut dokumentazio lan hori egiteko. Beka bat eta unibertsitate-ikerketarako laguntza bat izan ditut, eta horiek gabe liburua ez litzateke azkenean izan den modukoa izango.

Ikerketa aldi oso gorabeheratsua izan da, aldi oso intentsoak eta lasaiagoak tartekatu ditut; orotara, hiru urte inguru hartuko zituen. Dokumentazio lana, nagusiki, MoMAko artxiboan egin dut, eta Administrazioaren Artxibo Orokorrean, Alcala de Henaresen, baina baita beste iturri batzuk baliatuz ere. Material asko jaso dut lan horretatik, eta gauza gehienak kanpoan geratu dira.

Idazteko egonaldiak egin nituenerako, artxibo lan gehiena eginda nuen, eta idazteko baliatu ditut egonaldiak. Zentzu horretan, erronka izan da material hori hondoan izanda funtsean fikziozkoa den nobela baten begirada garatzea.

Durangoko Azokari gagozkiola, Landako inguruan zein sortzailerekin “Coca-Cola bat hartzea” izango zen “dibertigarriagoa Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze, Baionara joatea baino”?

Kar-kar. Bada, jende askorekin hartuko nuke trago bat, noski, baina Coca-Coletara ez, ni Euskoletera noa orain.

Lagun zaharrekin eta ez hain zaharrekin egoteko aukera izaten da Durangoko Azoka, eta, niretzat behintzat, hori izan ohi da haren gauzarik onenetakoa. Ez dut izenik botako injustua ez izategatik eta inor ez uzteko kanpoan.

Bakarra botako dut bakarrik: Mikel Pagadi. Euskola nire kontu, konbinazioa berak hauta dezala.

 

Bilaketa