literaturaren zubitegia

1.066 idazle / 5.134 idazlan
7.836 esteka / 6.342 kritika / 1.828 aipamen / 5.568 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Zihara Jainaga
Deia, 2024-06-08
June Fernandez:
«Haurdunaldi subrogatuari buruzko iritzia emateko behar handia dago mugimendu feministan»

Haurdunaldi subrogatuen inguruan estereotipo jakin batzuk zalantzan jarri behar direla uste du June Fernandez kazetariak eta horretarako, hainbat feministaren iritziak bildu nahi izan ditu “Aingeruak eta neskameak” saiakera liburuan.

Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak bildu ditu June Fernandez (Bilbo, 1984) kazetariak Susa argitaletxearen Lisipe bilduman argitaratu berri duen Aingeruak eta neskameak saiakeran. Ezagutza alor eta ildo politiko desberdinetako Euskal Herriko hemeretzi feminista elkarrizketatu ditu liburua osatzeko. Dogmekin apurtzeko eta bi muturren artean ez lerratzeko nahia agertu du bertan.

Eztabaida polarizatuekin obsesioa duzula diozu liburuaren hasieran, eta azken urteotan pil-pilean dagoen gai bati heldu diozu oraingoan: haurdunaldi subrogatuak. Zerk erakartzen zaitu?

Oro har, esperientzia pertsonalagatik, eta LGTBI komunitatearen kide naizen aldetik, asko interesatzen zaizkit ugalketa industriaren eta familia ereduen gaiak. Zenbait diskurtso feministaren aldetik, praktika hau emakumeen esplotazioan, eta umeen salerosketan oinarrituz gaitzetsi egiten da. Euskal Herriko Mugimendu Feministan, aldiz, eztabaida sakonak eman eta pluraltasun handia dagoela ikusi da bestelako edota kontrako iritziak agertu arren, zigorrak ez diren beste irtenbide batzuen alde egin izan delako. Gaia bereziki erakargarria egiten zait konplexutasun handia eta ertz pila bat dituela iruditzen zaidalako. Hala, liburuan dilema bioetikoak, juridikoak, politikoak zein sozioekonomikoak planteatu ditut.

Azalean gelditu gabe, gaiaz sakontasunean eta ñabardurak kontuan hartuz hitz egiteko beharra dagoela nabarmendu duzu. Zein ekarpen egin nahi zenuke?

Mugimendu feministaren baitan azken urteotan eztabaida sakona ematen ari da, baina gizartean zein komunikabideetan polarizazioa ikusten da. Alde batetik, haurdunaldi subrogatuen bidez guraso izandakoen testigantza pertsonalak daude, eta bestetik, oso kontrako diskurtso politiko feminista nagusia dago. Iruditzen zait ekarpen bat dela Euskal Herriko 19 feministari elkarrizketa sakonak egitea, askotariko posturak planteatuz feminismoak, antikapitalismoak eta antiarrazakeriak egiten duten kritika ezagutzera emateko, eta kontrako diskurtsoan esaten diren potolokeria batzuk zalantzan jarri eta kontraesanak agerian uzteko.

Iritzi ezberdinak biltzen ditu liburuak. Zeri erreparatu diozu?

Kazetaritza lan bat den heinean, elkarrizketatuen iritziak bestelako iturriekin kontrastatu ditut. Batzuk gaian oso adituak dira, Itziar Alkorta zuzenbide zibileko irakaslea da, adibidez, gaian adituenetako bat. Ianire de la Calva eta Josebe Iturriozek, bestalde, mugimendu feministaren baitan askotan parte hartu dute mahai inguruetan eta buelta asko eman dizkiote gaiari. Horrez gain, gai honetan espezializatuak ez diren beste aditu batzuk ere bilatu ditut haien espezializazioa jasotzea interesatzen zitzaidalako: Josune Femandez adopzio internazionaletan aditua, esaterako. Zenbait kasutan, elkarrizketatuek estereotipo batzuk zituzten buruan eta nik bibliografia bidez eta guraso elkarteekin hitz egin ondoren, ikusi dut estereotipo jakin batzuk zalantzan jarri behar ditugula.

Zure iritziak zein pisu du saiakera honetan?

Iritziak esplizituak egiten dira hitzaurrean eta epilogoan, dogmekin apurtzeko eta bi muturren artean ez lerratzeko nahia agertu dut bertan. Halaber, gure iritziak oso biografikoak direla azpimarratu dut, nire prozesu biografikoan, adibidez, une jakin batzuetan argiago ikusi ditudalako kontrako edo aldeko argudioak. Liburuan zehar inpartzialagoa izaten saiatu naiz eztabaida elkarrizketatuek eta bibliografiak gidatuz, baina uste dut ez dela kazetaritza objektiboa existitzen eta oso argi ikusten dira nire filiak eta fobiak.

Liburua idatzi ahala aldatu al da zure ikuspuntua?

Ikuspuntua bost minuturo aldatzen dut, baina liburua idazteko mugarri izan zen joan den urtean Bilboko Azkuna Zentroan haurdunaldi subrogatuen bidezko gurasoek antolatu zuten kongresu bat. Kongresu horren helburua herritarrei erregularizazioaren aldeko mezu bat helaraztea zen, eta sarreran kontrako jarrera dutenak zeuden. Deseroso sentitu nintzen batzuekin zein besteekin, baina haurdunaldi subrogatuen industria eta ugalketarena, oro har, nahiko problematikoa iruditzen zaidan heinean gurasoak zein umedunak entzuteak aurreiritzi pila bat apurtu dizkit.

Nori zuzendutako liburua da?

Publiko potentziala feministak dira, denek agian ez dute aukera izan mahai inguru eta topaketetan parte hartzeko eta behar handia dago jarrera agertze bat sendotzeko. Horrez gain, haurdunaldi subrogatu bidezko gurasoentzat, eta orbita horretan dauden profesionalentzat oso interesgarria izan daiteke. Are gehiago, jaso izan duten diskurtsoa askotan oso bortitza da haiekiko eta esan izan didate sendagarria egiten zaiela jakitea mugimendu feministan hori ez dela jarrera bakarra. Bestalde, Susako editoreak aurkezpenean nabarmendu zuenez, gai honek oso zehatza iruditu arren liburuan fokua asko zabaltzen da eta gakoak ematen dira hainbat konturen inguruan pentsatzeko.

Literaturari dagokionez, gaiak zein tratamendu izan du?

Liburuan atal bat eskaini diot fikzioa aztertzeari, eta deigarria da euskal literaturan ia ez dagoela gai honekiko aipamenik; aipamen bakarra Garazi Arrularen *Lurraz beste* ipuin bilduman aurkitu dut. Horregatik gonbita egin nahiko nuke, azkenean distopia baita etorkizun posibleak aurreikusteko bide bat. Neskamearen ipuina dugu horren adibidetzat.

 

Bilaketa