literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Ane Maruri Aransolo
Deia, 2023-11-04
Iņaki Irazu:
«Poesian hizkuntza bera da protagonista»

Iñaki Irazuren lan berria kalean da: Zakur zaunkak (Susa). Errukiaren saria poema liburuaren ostean ailegatu da “ekoizpen soziala”. 20 poema narratibok osatzen dute, eta gerra garaiko kontuak zein ondorengo urteetako istorioak irakur daitezke bertan: gerran jipoitutakoei buruzkoak edota ume desagertuen eta torturatuen ingurukoak ageri dira, besteak beste.

“Zakur Zaunkak” lanarekin inoiz utzi gabeko lekuetara eta inoiz agurtu gabeko jende batengana itzuli zarela diozu; zergatik?

Denon memorian bezala, nirean ere bizi dira betarteak, aurpegiak, bizi dira bozak. Behar bat sentitzen nuen nire barruan bizi diren istorio horiek, boz horiek, argitan jartzeko, idazteko, kontatzeko. Barruak eskatzen zidan memorian bizi diren kontu horiek ateratzea eta idaztea. Gainera, esango nuke, barruko hitz horiek ere eskatzen zidatela gordeak izatea; Zakur zaunkak poeman esan bezala, aterpe bat eskatzen zidaten. Liburuak nire barruko beharrari erantzuten dio, baina baita nire barruan bizi diren hitz horien eskaerari ere.

36ko gerratik abiatuta, Euskal Herrian gertatzen diren istorioak landu dituzu. Zergatik aukeratu duzu garai hori?

Gurea delako. Gure gurasoek gerraostea bizi behar izan zuten. Ni gerra ostean jaio nintzen. Hori esanda, gehituko nuke, nire bizitzako bizipen horietatik idatziak izan diren kontu hauek ez dietela bakarrik Euskal Herriari eta garai hari erreparatzen, baita beste leku eta denbora batzuei ere; izan ere, gaur bertan gerta litezke liburuan ageri direnak, eta esanahi bat bildu dezakete, denbora horretatik at dagoena. Esango nuke atenporalitate bat gordetzen dutela istorioek, iraganekoa geroan ere ematen delako.

20 olerkitan, denetariko gaiak jorratu dituzu: gerran guardia zibilek jipoitu zutenetik hanka bat lurrean duela lo egiten duen aitonaren istorioa, esku luzeegiak zituen apaizarena, poliziek hildako militantearena edota tortura geletatik igaro direnena. Markatutako bizitzak, alegia.

Poema narratiboak dira, ez dira ipuinak. Liburua ez da saiakera bat. Liburuan gertaera batzuk kontatzen dira, eta gordinak dira. Badaude tonu arinagoa dutenak ere, baina, oro har, badago gogortasun bat istorioetan. Artean zein denon bizitzan bi momentu nagusitzen dira: batetik, behar dugu paradisua gogoratzen digun zerbait, edertasuna irudikatzen duena; baina, bestetik, jakin behar dugu non bizi garen. Liburu honek bigarren behar horri erantzuten dio.

Hausnarketa bat bultzatu nahi izan duzu? Oroimen kolektiboan eragin?

Ez nuke esango memoria ariketa denik, baina memoria gordetzen du, bai, liburuan badagoelako jasotzea merezi duen kontakizunik. Baina poesia egiterakoan, zergatik jaiotzen da poema bat nire baitan? Zerk eragiten du? Liburu honetan, esaterako, poema guztiek dute ezusteko bat: zerbait entzuten da, berezia den zerbait ikusten da... Eta horrek harridura eragiten du. Horrek bultzatu zuen idazketa. Hasieran ia-ia ez nuen asmo bat, bultzada bat zen: berez ateratzen zitzaidan. Hori eginda, memoria gordetzen du, liburua ez delako gauza intimista bat.

Poemen lerro gehienak bi kolpetan irakurtzen dira. Zergatik erabaki duzu joko bikotasun hori lantzea?

Aurreko liburuan ere horrela izan zen. Berez ateratzen zaidan erritmoa da. Tipi-tapa doan kontakizuna da, erritmo hori daukana.

Kontalari lasai baten tonutik landu duzu. Zer dela eta?

Tonu narratiboa erabili dut oraingoan ere. Izan ere, gauza konkretuak kontatzen dira, ez abstraktuak. Kontaketa bat da, ez da lirika, ez da otoitza. Gertatze jakinak dira ageri eta harridura horiek gauza konkretuak eragiten dituzte. Alde horretatik erraz irakurtzen da, eta erritmo bat jarraitzen du. Baina kontuan hartu behar da poesia dela, ez direla ipuinak.

Poesia narratiboan badagoela zerbait berezia diozu: lengoaiaren papera.

Lengoaiak poesia guztietan dauka garrantzia. Nahiz eta Zakur zaunkak poesia narratiboa izan, poesiaren berezitasuna dauka. Hau da, nobelek edo beste genero batzuek ez bezala, poesian hizkuntza bera da protagonista, protagonismo gehiena daukana.

Azala Alain Urrutiak egin du. Nolakoa izan da prozesua?

Azalaren eraikuntza prozesu polita izaten da. Azal hau zintzoa da, eta bat dator liburuaren mamiarekin. Badu zerua, arbola, paisaia, lanbroa. Badu bidezidorra ere. Zidor hori adierazgarria da, norberaren barruko askapena irudikatzen duelako. Gainera, liburuaren barrura sartzeko eta istorioak ezagutzeko bidea ematen du.

Liburu bat "gu" baten emaitza dela uste duzu. Ekoizpen kolektiboa da hau ere?

Nik egin egin dezaket poema bat, baina inork ez badu aintzat hartzen, ez da behar bezala jaiotzen. Liburu bat egiteko talde bat behar da, irakurleak behar dira, ilusioa behar da, baita merkatu bat ere. Liburu bat “gu” baten emaitza da. Gauza bat da paper batean idaztea, eta beste gauza bat da idatzitako hori norbaitek aintzat hartzea eta horrek bidea egitea.

 

Bilaketa