literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Txani Rodríguez
El Correo, 2023-07-14
[iturburua]
Eider Rodriguez:
«Oso gutxi hitz egiten da alkoholismoari buruz»

Eider Rodriguezen azken nobela, Eraikuntzarako materiala, hainbat hizkuntzatara itzulia izan da .

Bide luzea ari da egiten Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) idatzitako lehen nobela. Susa argitaletxeak argitaratu zuen, 2021ean, eta aurten Literatura Random Housek plazaratu du gaztelaniaz, Material de construcción izenburupean, bai eta Edicions del periscopi argitaletxeak ere, katalanez, Materials de construcció. Nobela ausart honek maitasun aitortze erabat bitxia erakusten du: alaba batek bere aita alkoholikoari egiten diona; aitaren eraikuntza eta deseraikuntza bat. Rodriguezek ahots narratibo berria dakarkigu oraingoan, baina betiko dotoreziaz, zorroztasunaz eta sakontasunaz.

Kostatuko zitzaizun istorio hau idazteko erabakia hartzea…

Bai, idaztea, behin erabakia hartuta erraz idatzi nuen, eta ateratzen zaidan aditza da erraz “idatzi zen”, pixka bat inpertsonalki ateratzen zait. Behin erabakia hartuta bakarrik atera zen ia-ia. Hiperbolikoa dirudi, baina neurri batean horrela izan zen. Ez dut esan nahi egon nintzenik ezbaian, erabakia hartu ala ez hartu pentsatzen, gehiago izan zen inoiz ez nuela kontenplatu hau nik idatziko nituen gauzen artean, baina momentu batean, ipuinak idazteko inpultsoa etena nuela, gorputzak eskatu zidan hau idaztea, eta hor bai, editorearekin izan nuen solasaldi batean esan nion gogoa nuela aitari buruz idazteko. Idazteko esan zidan hark. Erabakia baino gehiago, hortik etorri zen baimen moduko zerbait.

Entzun dizut esaten liburu hau idatzi duzula jakin nahi zenuelako zer dagoen “mozkor” hitzaren atzetik.

Hori da; dauzkagun hitzekin komunikatzen gara, eta badaukagu fantasia bat pentsatzera eramaten gaituena hitz horiek esan nahi dutela guk esatea nahiko genukeena, baina oso gutxitan da horrela; beraz, erabiltzen ditugun hitzak oso alferrak eta oso lausoak dira beti. “Emakumea” edo “askatasuna” edo “mozkorra” esaten dugunean ez gara gauza handia esaten ari, eta idazlearen lana askotan hori da: hitz handi horien atzetik dauden argi-ilunak azalaraztea. Nik, kasu honetan, esaldi batean arakatu nahi izan dut: zer esan nahi dut “nire aita mozkor bat da” esaten dudanean?

Aitaren alkoholismoak aita-alaben arteko harremanak markatzen ditu.

Liburuak hartzen du aitaren eta alabaren arteko harremanaren berrogei urte, bizialdi oso bat, baina berrogei urte horietan ez dute elkarrizketa erdi normal bat ere eduki; eta liburu honen idazketak nahi zuen zor hori kitatu, eta dialogo fantasiazko edo ezinezko hori nolabait burutu.

Hainbat material eta baliabide erabili dituzu nobela hau idazteko.

Erabili dut alabaren lehenengo pertsona, aitarena ere bai, gutun bidezko kontakizuna, eta bigarren eta hirugarren pertsonak. Saiatu nintzen ez izaten ahots bakarreko kontakizun bat, eta ni izatea idazten duena. Erabiltzen ditut egunkari txatalak, erabiltzen ditut zerrendak, oharrak eta oso intimoa den ahots bat beste ahots aseptikoen ondoan. Horrela erreproduzitu nahi nuen nolakoa izan daitekeen harreman hori segun eta zein lekutatik begiratzen diogun. Toki diferentetatik eman nahi nuen harreman horren berri.

Zure ahots narratiboa ez da ipuinetan ezagutu dizuguna bera.

Bai, azkenean, ni material autobiografikoaz baliatu naiz liburu hau idazteko, eta ipuinak idazten ditudanean fikzioa da erabiltzen dudana; komatxo guztiekin, baina fikzioa. Nahi nuen ahotsa diferentea izatea, baina ezinbestean aterako zen ezberdina; ez da hainbeste hautu bat, baizik eta istorioak berak eramaten zaituela ahots bat edo beste bat hartzera.

Liburuak beste galdera hau uzten digu: nola maite mindu gaituen hori?

Norbaitek pentsa dezake galdera hori ikerketaren hasieran egiten dela. Hau da, liburu bat idazten duzula galdera bati erantzuteko, eta norbaitek pentsa dezake hori dela liburuaren abiapuntua, baina justu kontrakoa izan da: bidean agertu den galdera da hori. Lehen, “mozkor” hitzari buruz aipatuta dudan gauza bera gertatzen da “maitasun” hitzarekin ere: zertaz ari gara maitasunaz ari garenean? Zer da maitasuna? Garai eta kulturen arabera aldatuz doa, baina beti daukagu hitz berbera. Kasu honetan, aita-alaben arteko harremana nolakoa den deskribatzerakoan “maitasun” hitza zegoen jokoan, eta nire lana izan da maitasun horren parterik ilunenak ere erreskatatzea. Liburu osoan zehar hitzen zulotik hitz horien esentzia ateratzeko nahia dago.

Eraikuntzarako materiala izenburu oso egokia iruditzen zait irakurketa literala eta sinbolikoa daukalako. Nondik nora bururatu zitzaizun?

Maialen Lujanbiorekin berriketan nintzen, eta ari nintzen esaten liburua bukatua nuela baina ez nuela izenbururik, eta hark liburuaren joan-etorri asko ezagutzen zituenez, holaxe esan zidan: ba hortxe daukazu izenburua, Eraikuntzarako materiala. Alde batetik, aitak eraikuntzarako materiala saltzen duen enpresa bat du, eta oso presente dago lanbide hori eta eraikuntzaren eremua; eta beste aldetik, jakina, metaforikoki egiten dio erreferentzia harremanen eraikuntzari, bai eta aitaren eraikuntza eta deseraikuntzari ere.

Nola izan da irakurleekin izan duzun harremana gaia zein den kontuan hartuz?

Diferentea izan da euskarazko edizioan, eta gaztelaniazko eta katalanezkoan. Nik uste dut distantzia geografikoa zenbat eta handiagoa izan nire eta irakurleen artean, orduan eta askatasun handiagoarekin irakur daitekeela liburua. Orokorrean, izugarri ona izan da. Jende asko gerturatu zait eskertzera, beren inguruan ere adikzioren bat egon delako, eta kontatu didate zein zaila izan den isiltasun horretan bizitzea, oso gutxi hitz egiten delako zenbait adikziori buruz, adibidez, alkoholismoari buruz. Edatea hain dado sozialki onartua, muga noiz gainditzen den zaila da esaten; horregatik, heroinari buruz baino zailagoa da alkoholismoari buruz hitz egitea. Alde horretatik, oso pozik nago, ikusi dudalako jende askok nik idatzitako hitz horietan aurkitu duela bere burua. Idazleok hain ohituta gaude bakarka eta bakarrik idaztera, norbaitengan oihartzun egiten badute gure hitzek harrigarria suertatzen zaigu. Eta, gero, Espainian eta Katalunian, pixka bat ezberdin irakurri da, literaturatik gehiago, baina oso pozik nago irakurleek nola irakurri duten ikusita.

Zer ekarpen egin dizu beste hizkuntza batera itzulia izateak?

Niretzat oso pozgarria da beti itzulpena. Liburu bat, idatzi duzuna Hendaian, Donibanen, Irunen, euskaraz eta gainera hain egoera intimo bati buruzkoa, beste koordenada espazial batzuetatik irakurtzeko aukera izatea asko gustatzen zait. Esaten den topikoa da behin idatzita ez dela zurea, baina oso horrela sentitzen dut nik, eta joera daukat gainera idatzi ditudan liburuetatik aldentzekoa, eta hizkuntzak ere distantzia bat harrarazten dizu zuk idazten duzun horretatik. Orain galegoz publikatuko da, eta jakin-mina daukat ea nola irakurriko den beste hizkuntza eta koordenada horietatik.

 

Bilaketa