literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Andoni Imaz
Berria, 2023-07-04
[iturburua]
Miriam Luki:
«Belo batekin bizi gara, gizarteaz platonikoki maiteminduta»

Argialdiak liburuaren barneko bederatzi ipuinek, protagonistek eta agertokiek mundu garaikideko beste horrenbeste “perturbazioren” lekukotasuna ematen dute, Miriam Luki idazlearen esanetan.

Bere ipuinetako pertsonaia bat izan zitekeen Miriam Luki (Urretxu, Gipuzkoa, 1973): inguruan sumatzen dituen itzalei literaturaren bidez argi egiten tematuta dabil, munduaren “perturbaziotik” erabat ihes egin ezinda. “Idaztea artisau lana da; sormena bai, baina teknika ere bai”. Azken urteetan ondutako eta biribildutako bederatzi ipuin jaso ditu Argialdiak liburuan, “kooperatiboa eta komunitarioa” ere izan den prozesu baten ondoren, inguruko irakurleei esker. Haren lehen liburua da, eta Susak argitaratu du.

Argialdia izeneko ipuinak eman dio izenburua bildumari, liburuko azkenak, baina esan liteke narrazio guztiek dutela beren argialdia, ezta?

Beste ipuinetan ere badago logika bat, aparte baina aldi berean sortu zena. Badute hari bat: izan daiteke argialdia, iluminazioa, baita errebelazioa ere. Batzuetan, ematen du argialdia pertsonaia batena dela, baina beste batena izan daiteke. Beloa kentzea da jolasa, batez ere. Horregatik nekien Argialdia azkena izango zela: argialdia fantasiosoa da ipuin horretan, ikusten dugun aldi berean gertatzen da. Errebelazio horiek gertatu egiten dira edo gertatzen ari dira denboran, eta, halako batean, pertsonaiari beloa erortzen zaio, ez nahita, baizik eta zerbaitek eraginda.

Zeren bila jo duzu horra?

Oraindik belo batekin bizi gara, gizarteaz platonikoki maiteminduta bezala, nahiz eta gaur egun badakigun ez duela funtzionatzen. Uste dut pandemiak izan zuela bere eragina, belorik gabe geratu ginelako, modu batera edo bestera. Orduan, belorik gabe geratzen garenean, nola gaude?

Perturbazio hitza erabili izan duzu liburuko egoerez aritzeko. Bere onetik ateratako mundu bat ageri da ipuinetan, edo pertsonaiak beren onetik ateratzen dituena, behintzat...

Bai, uste dut edozein eratara esanda funtzionatzen duela, eta dialektika hori badago: ezin gaitezke aparte egon bizi garen mundu horretatik, are gehiago guk mundu hori egiten dugulako. Orain arte, Mendebaldean, bizi izan gara mundua lazo batekin bilduta baldin balego bezala, baina arrakalak begien bistan daude. Non dago gizartea? Non dago babesten gintuena? Hurkoa ere ez dakigu non dagoen. Kontsumoa da gure opioa. Hori bistan geratzen denean...

Seinalatu egin behar?

Arteak izaera politikoa behar du beti. Garai batzuek ez dute horrenbeste eskatzen —hori eufemismo bat da, saldu digutena—, eta arte tontoa egin daiteke, gizartea bizi delako ustez egoera idiliko batean. Uste dut gaur egun artea derrigortuta dagoela politikoa izatera. Nik ez dakit testu hauek politikoak diren, baina perturbazio horren testigantza utzi nahi dute, hori bai. Erakutsi zer kontatzen diogun geure buruari, eta zer komunitateari —kasik hilotz dagoen komunitate horri—, pentsatuz gure pultsioetan ez garela hain ezberdinak. Eta pultsioak ez dira bakarrik txarrak, ahaztuta gaude horrekin: gregarioak gara, enpatia izateko gaitasun handia dugu, ohitzeko ere bai...

Ipuinek pertsonaien momentu bat harrapatzen dute, narrazioak ez du digresiorik eta atzera-aurrerarik.

Egoera bat hartu, tipula baten moduan zabaldu, geruzak erakutsi, eta berriro biltzea bezala da. “Tori, hor duzu, baina nik esan dizut zer dagoen hemen”. Hau esanda ematen du XIX. mendeko nobelaz ari naizela, baina liburuak badu giza ariman arakatzeko xedea.

Gainera, pixka bat kokoteraino nago gugatik pentsatzen duten horiez: estimulagarriagoa da irakurleei pentsatzen uztea.

Protagonistak emakumeak dira, emakume langileak: laneko keinuak ageri dira, harategian, sukaldean zein zahar baten gorputza garbitzen ari direla. Hori nabarmendu nahi zenuen?

Uste dut lanaren eredua ere auzitan jartzeko modukoa dela. Egiten dugun lanak, eredu horrengatik, gure bizitza definitzen du, neurri handi batean. Behin [Belen] Gopeguiri irakurri nion pertsonaiak egiten dutenaren bitartez kontatu daitezkeela, eta uste dut hori egin dudala, momentuan jabetu gabe. Eta, egiten duten horretan, lanak sekulako tokia hartzen du. Hori ere bada gure garaiaren zeinu bat. Paseoa ipuineko emakumea harakina izatea ez da kasualitatea, horrek ematen zidalako aukera bera erakusteko labana hartu, eta krak! egiten. Dendetan eta ostalaritzan dabiltzanek bezeroekin duten harremana ere potentea iruditzen zait, gestionatu beharrekoa. Ofizioa beti da esanguratsua: zer egiten dugun bizimodua ateratzeko.

Pertsonaiak beren inguruaren bidez deskribatzeko, baliagarria zaizu gauzak zerrendatzea?

Alde batetik, espazio itxiek segurtasuna eman didate. Ez naiz ausartu kanpora ateratzera, nolabait esateko. Esperimentu hori egiteko daukat [irribarrez]. Bestetik, detaileen mundu hori gustatu egiten zait, erreparatu egiten diedalako, eta gauza esanguratsuak aurkitzen ditudalako. [Soufflea ipuinean] Kozinatzen ari denaren sukaldea ez dut deskribatu, baina bai bere lana: ia-ia souffle bat egin daiteke ipuinari jarraituz [barrez].

Inbasioa ipuina protagonistaren bakarrizketa bat da, etenik gabeko zaparrada baten modukoa. Nola landu duzu hori?

Ipuin horretan, hau izan zen nire erronkarik handiena: sinesgarri egitea protagonistari burua handitzen ari zaiola. Fantasia puntu bat ere badu. Akordatu nintzen [Guy de] Maupassanten ipuin batekin. Ez da izango irakurri diodan onena, baina flipatu egin nuen: altzari guztiak etxetik ateratzen zaizkio banan-banan soziopata eta gauzen zalea den pertsonaia bati, denak beren hanken gainean. Eta nik sinistu egin nion. Orduan, joan nintzen irakurtzera nola egin zuen. Eta, noski, pertsonaiak sinistu egiten du. Ba, nireak ere sinistu egin behar zuen.

 

Bilaketa