Solasean
2016an abian jarri zenetik, 13 liburu argitaratu dira Lisipe bilduma feministaren baitan. Jule Goikoetxearekin hitz egin dugu, proiektuaren helburuez, argitaratutako liburuez, irakurleen harreraz eta etorkizunaz, besteak beste.
Oihana Etxebarrietaren eta Zuriñe Rodriguezen Borroka armatua eta kartzelak lanarekin abiatu zenuten bilduma. Liburu haren hitzaurrean idatzi zenuen, Afrikako esaera zahar baten arabera, "lehoiek hitz egiten ikasten ez duten arte, historia ehiztariek idazten jarraituko dutela". Lehoiei hitza hartzen laguntzeko helburuarekin sortu al zenuten proiektua?
Bai, hori da. Lehoia istorio horretan animalia ehizatua da, desjabetutako animalia, ez du hitzik, ez du bere istorioa kontatzeko aukerarik, eta, beraz, desjabetuak izan diren gorputz horien inguruan dugun gauza bakarra, askotan, ehiztarien hitza da: patriarkatuaren kasuan, gizonen hitza; horregatik, hezkuntzan ematen diren erreferentziak gizonak dira. Gizonek asmatu dituzte zientzia, artea, kultura, ekonomia politikoa, emantzipazioa, Historia, autoritatea eta kalitatea. Badirudi gizonek asmatu dituztela emakumeak ere, gizonak direlako patriarkatuan garaileak, eta garaileek idazten dute Historia. Hortaz, helburua da lehoiak hizketan jartzea eta kontatu digutena garailearen hitzak direla argi uztea.
2016an proiektua aurkeztu zenutenean esan zenuen "pentsamendu liburu sorta" izango zela, "jada gai hauez hitz egiteko masa kritikoa baitago". Masa kritiko horrek zer-nolako bilakaera izan du gurean azken urteetan?
Aurreko olatu feministari esker eta, noski, hogeigarren mendeko borroka ezberdinei esker —tartean, borroka sozialista, nazio askapen borroka, deskolonizazio prozesuak...—, bidea egin zen emakumeak eta beste hainbat subalterno zientzian, lan ordainduan, ekonomian, artean, unibertsitatean sartu ahal izateko, masiboki, alegia, ahots apurra eta bizirauteko soldata bat lortu ahal izateko, ordura arte gizonen konplementu bat izatera behartuak baitzeuden, legez ere, ez soilik ekonomikoki eta politikoki. Horren ondorioa da orain dugun produkzio feminista. Borroka horiei esker, gaur egun emakume askoz ere gehiago ditugu Euskal Herrian teoria sortzen, zientzia sortzen, artea eta kultura produzitzen. Horrek pentsamendu feminista sortzea helburu duen masa kritikoa eman digu denboran jarraitutasuna duen proiektu bat abiarazteko.
Elkarren artean oso ezberdinak diren liburuak kaleratu dituzue, diskurtso eta gai zeharo ezberdinak jorratzen dituztenak: politikaren eraldaketak, pentsamendu heterozuzena, bertsolaritza, literatura, ezagutza, elkarlana, euskaltzaletasuna eta feminismoa, zaintza lanak, algararen erauzketa, emakume nekazarien egoera... Zein da lan horiek guztiak lotzen dituen haria? Nola aukeratzen duzue zer argitaratu? Zelakoa da zuen lan egiteko modua?
Denak lotzen dituena heteropatriarkatu kapitalistaren kritika da, eta, menderakuntza horrek dimentsio anitz dituenez, dimentsio desberdinak jorratzen ditu liburu bakoitzak. Aukeraketa nik egiten dut, bildumaren editore nagusi moduan, baina, gero, edizio lanetan laguntza handia daukat, SUSAko gainontzeko langileekin egiten baitut prozesu hori, Josu Landarekin, Mikel Elortzarekin eta SUSAko editore nagusiarekin, Leire Lopezekin. Zintzoa izatearren, edukia nik bakarrik moldatu dezaket, nik eta autoreak, noski [barreak].
Orain arte 13 liburu argitaratu dituzue. Gehien-gehienak jatorrian euskaraz sortuak, baina tartean bi itzulpen ere badaude, lau itzultzaileko talde berberak euskarara ekarriak biak: Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena eta Nancy Fraserren Kapitalaren lantegi ezkutuak. Wittigen liburuaren hitzaurrean, Danele Sarriugartek honako hau dio: "Lisipe bildumako aurreko bi liburuetan, gutxi-asko hemen eta orain gertatzen ari direnei begira jarri ziren autoreak [...] Wittigek, berriz, zehatz-mehatz gure ez den baina gure ere baden beste nonbait bati eta beste noizbait bati esango lieke orain eta hemen. Eta hala ere, zelako indarrez astintzen dugun burua, baietz eta baietz, hari irakurtzen dizkiogunean, argi, zurian beltz, izan bagarenez geroztik gorputza ziztatu diguten izendapenei buruzkoak". "Beste nonbait" eta "beste noizbait" horiek ezagutzea gureak hobeto ulertzeko modu bat ere bada?
Bai, horixe bera. Ezinbestekoa da beste noizbait, beste nonbait eta beste horiek ere ezagutzea gu garena, egiten duguna eta egin nahi duguna ulertu, eraldatu eta emantzipaziorantz bideratzeko. Wittig feminista materialista da, eta feminista materialistak ehizatuak izan diren horietakoak dira; ia denak ehizatu dituzte, baina ez dituzte lehoi guztiak akabatu: hemen gaude gu. Zientziaren eta ezagutzaren historian, esan moduan, gure hitza ezabatzeko milaka dispositibo patriarkal daude, hamaika forma eta koloretakoak. Eta Lisipe bildumaren helburuetako bat da diskriminazio eta bazterketa dispositibo horiek nola funtzionatzen duten azaltzea. Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik-ek mekanismo horietako asko biluzten ditu, eta horren aurrean zer egiten dute gizon askok (ez denek, hori ere argi utzi nahi dut)? Indiferentzia eta isiltasuna. Alegia, liburuak aipatzen duen bazterketa eta menderakuntza patriarkalaren mekanismo ohikoenetakoa, indiferentzia, arma patriarkal bortitz moduan erabiltzen dute behin eta berriro egikaritzen duten menderakuntza erakusten zaienean. Eta ezin dira hortik atera. Guztiok ikusi dugulako nola erabiltzen diren isiltasuna eta indiferentzia bortizkeria eta bazterketa areagotzeko. Eta horrek amorrua sorrarazten die. Eta orduan hasten dira mugimendu anti-feministak. Gu pozik. Ondo egin dugun seinale.
Lisipe (Susa) eta Eskafandra bildumei (Jakin/Elkar) eta Katakrak argitaletxearen liburuei esker, besteak beste, inoiz ez bezalako liburutegi feminista daukagu euskaraz: Mari Luz Esteban, Marina Sagastizabal, Uxue Alberdi, Nancy Fraser, Angela Davis, Virginie Despentes, Silvia Federici, Judith Butler, bell hooks... Nolako harremana duzue elkarrekin proiektu horietan lanean ari zaretenok?
Katakrakekoekin ez dut erlaziorik. Aldiz, Jakin/Elkar eta beste hainbat editore eta argitaletxe feministarekin bai. Ez soilik profesionalki: oso gertukoak gara, lagunak, aliatuak, mugimendu feministako kideak dira, elkarrekin Euskal Herri feministaren alde borrokatzen gara, eta patriarkatuari eraso egiten disfrutatzen dugu. Hori elkarrekin egin behar dugu; bestela, zertarako?
Zer-nolako harrera izan dute zuen liburuek, oro har? Hasierako helburuak lortzen ari al zarete? Lisipe bildumako lanen inguruan hausnarketarako eta eztabaidarako espazioak ere sortzen dira askotan, ezta?
Gure helburuak lortzen ari gara, eta espero baino askoz gehiago ari gara saltzen. Helburuei dagokionez, irakurle zirkuitu bat dagoela uste dugu, liburu guztiak ondo saltzen direlako, hau da, irakurle leial bat dago, ia ale guztiak erosten dituena, eta horiek mugimendu feministako kideak dira. Baita irakasle eta ikasle asko ere, unibertsitatean sartu ahal izan dugulako, zenbait irakasgaitan, eta zenbait eskolatara ere iritsi da Lisipe, klaseetara. Beraz, hedapenari dagokionez, oso pozik. Bestetik, edukiari dagokionean, Lisipe liburuetan ateratzen diren ideiak gero militantzian, bileretan, komunikatuetan, jardunaldietan eta konferentzietan entzutea ikaragarria da; batez ere, eremu desberdinetan gertatzen delako hori: euskalgintzan, adibidez, Lorea Agirreren eta Idurre Eskisabelen Trikua esnatu da liburua erreferentzia bat da; aldiz, mugimendu autonomoko zenbait talde feministetan Wittig da erreferentzia, edo Bilguneren bi liburuak (Ezagutzaren matazak eta Araka ditzagun gure bazterrak); antropologiaren inguruan dabiltzanentzat, Mari Luz Estabanen liburua; bertsolaritzan, Uxue Alberdirena...
Eva Perez-Ponsen Erresistentziarako gorputzak: bollerak da oraingoz argitaratu duzuen azken lana. Zer duzue esku artean orain? Zein dira Lisipe bildumaren etorkizuneko erronkak?
Orain bi itzulpen ditut esku artean, hurrengo urteetarako, biak ala biak feminismo materialistaren ingurukoak. Baina aurten, udazkenean, June Fernandezen liburua aterako dugu, haurdunaldi subrogatuaren inguruan.
Eta datorren urtera begira, hizkuntzalaritzaz, euskaraz, diskurtsoaz eta feminismoaz arituko den liburua dugu esku artean. Urtean bi ateratzen ditugu normalean, baina beharbada datorren urtean hiru aterako ditugu. Hurrengo hiru urteak ditut programatuak. Aurrera goaz.