literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Andoni Imaz
Berria, 2023-06-11
[iturburua]
Jon Urzelai Urbieta:
«Eszenaren bilakaerak kamustu egin dezake musikaren eragiteko ahalmena»

Musika jaialdi handien eredua indartu egin da Euskal Herrian ere. Horrek bultzatu du Urzelai kulturaren egitekoaz eta euskal nortasun garaikideaz gogoetatzera.

Musika jaialdiei eta haien azpiko korronteei begiratzea gaurko munduko gako orokor batzuk aztertzeko modu ona da, Jon Urzelai kultur kazetari eta soziologoarentzat (Zumarraga, Gipuzkoa, 1990). “Izan dezaketen zentzu erritual eta esanahi komunitario oro galtzen dute jaialdiek festibalizazioaren bidez, hiriko zenbait eremu ikuskizun etengabeen plaza bilakatzearen trukean”, idatzi du Su festak (Euskal musika jaialdiak XXI. mendean) saiakeran (Susa). Plaza horietatik aritu da, musikaz ez ezik, herriaz eta hiriaz ere: euskaltasuna eraikitzeaz, normalitatearen simulakroaz, hiri markez eta gentrifikazioaz.

Liburua argitaratu berritan sortu dute Herrian jaialdia Bizkaian, eta Boga Boga Donostian. Munduak arrazoia eman dizu?

Sentsazio hori izan dut gaiaren inguruko zerbait egiteko ideia eduki nuenetik hona. Herrian da nabarmenena, muturrerago eraman baitu liburuan esaten dena; Donostiakoa beste kontu bat da. Era berean, ez nau harritzen, joera agerikoa delako.

Zerk piztu zizun ideia hura?

Iruditzen zitzaidan fenomenoak kontuan hartzeko moduko dimentsioa zuela, eta ez zela bakarrik musikaren munduko zerbait, orokorragoa baizik. Joera indartu egin da: jaialdiak ugaldu dira, tamaina handitu dute, are esku gutxiagotan daude, inbertsio funtsak sartu dira... Hori nahiko denbora gutxian gertatzen ari da, eta ez dirudi geldituko denik.

Idatzi duzu kulturak bere muina galdu duela, jaialdi handien erroak ez daudela “gizarteko asmo edo gogo kolektibo garaikideetan”. Zer dira, bada, jaialdiak?

Liburuaren bukaeran, Maialen Lujanbioren Bizitza happening ageri da, eta horretaz ari gara: kultura kontsumorako zerbait bihurtu da, distantzia batetik begiratzeko zerbait, eta galdu da, neurri batean, kultura sortu egiten den eta parte hartzearen bidez eraikitzen den ideia. Eraiki egiten da, etengabe, bestela artifizio bat bilakatzen baita: ikuskizun bat.

Pop musikako jaialdi handiak oso adierazgarriak dira joera hori azaltzeko, jatorri utopiko bat izatetik gaur egun diren horretara arteko bidea argigarria delako. Zer diren? Ba, askotan, kontsumorako espazioak. “Musika bizitzeko” eta “esperientzia bat bizitzeko” tokiak dira, eta, nire ustez, bietan dira herrenak. Ez dira musika emanaldi bat bizitzeko tokirik aproposenak, inondik ere —baina ez dut askorik idatzi horretaz—; aisiaren eta entretenimenduaren merkatuan lehiatzen den beste esperientzia bat dira; emana datorkizu.

Deigarria da Bilboko BBK Liveren sorrerari buruzko pasartea: auto lasterketa baterako zirkuitu urbanoak ez zuen funtzionatu, eta instituzioetako arduradunek esan zuten musika jaialdi batekin ordezkatuko zutela.

Uste dut anekdota horrek dena esaten duela. BBK Livek betetzen duen funtzioa da ekitaldi entzutetsu eta jendetsu bat izatea, nazioartean arreta bereganatzeko. Lehenago saiatu ziren zirkuitu urbanoarekin, eta izan zitekeen beste zerbait, Tourrarekin gertatzen ari den moduan. Juan Mari Aburtok kanpainan azaldu zuen bere asmoa zein den: “Ahalik eta ekitaldi jendetsuenak ekarri nahi ditugu, Bilbok posizio bat izateko nazioartean, eta turismoa erakartzeko”. Hori da haren proposamen kulturala, eta hori da paradigma. Guggenheimek ireki zuen aroan, hori da kulturaren rola. Bilbo, euskal hiria denez, gauza horien probaleku garrantzitsuena da.

Hiri ereduaz ere aritu zara. Kulturak balio du gentrifikazio prozesuak abiatzeko, ezta?

Bilbo eredu izan da nazioartean, zeren hiri guztiak saiatzen dira hori egiten, baina suposatzen da Bilbo dela funtzionatu duten kasu bakanetako bat: ongi ateratzen denean, hau gertatzen da. Alternatibak behar ziren industriaren gainbeherari aurre egiteko, eta, garai hartan, klase sortzailearen narratiba gailendu zen. Errezeta hori ezarri den hirietan, gentrifikazioa fenomeno orokortua izan da: herritarrek joan egin behar izan dute hirien zentroetatik; gertatzen ari da oraindik. Neil Smithek zioen haussmannizazioa modernitatearen ezaugarri izan zen bezainbat dela gentrifikazioa postmodernitatearen ezaugarri. Hemen hartutako eredu ekonomikoaren ondorio saihetsezin bat da. Kultura auzo batzuei aura bohemioa emateko erabiltzen da, eta hori berariazko politika batzuek eragiten dute. Hirian jaialdia ere hor txertatzen da.

Last Tour promotoreak antolatzen du festibal hori, Euskal Herriko jaialdirik handienak bezala. Ekosistema horretan, monopolio arriskua dago?

Jaialdi handiei dagokienez, uste dut Hego Euskal Herrian hala dela. Ez daude denak haien esku —Boga Boga, adibidez—, baina bai gehienak eta garrantzitsuenak, eta konplizitatea behintzat badute instituzioekin. Gainera, adarkatzen ari dira: badute Oso Polita diskoetxea, Liburuak editoriala, areto bat irekitzera doaz... Eta adierazgarria da zer artista dauden Oso Polita etxean: Euskal Herriko artista ezagun asko [Zetak, Chill Mafia, Ezpalak...]. Uste dut aldagai hori berria dela euskal musikaren eszenan, zeren eszena hori oso modu militantean, independentean eta politizatuan eraiki izan da atzo goizera arte. Irudipena dut horrek guztiak kamustu egin dezakeela musikak hemen izan duen eragiteko ahalmena.

Zuzenekoen industriak eusten dio musikaren negozioari. Zer eragin du horrek?

Horrek, paradoxikoki, zuzenekoen ekosistema ahultzen du, ekitaldi handien dependentzia sortzen duelako. Askoz ere osasuntsuagoa litzateke, nire ustez, sare trinkoago bat izatea. Eta esan beharra dago Euskal Herrian, zorionez, badugula bat, beste toki askotan baino pluralagoa. Ez dakit zenbateraino jabetzen garen gaztetxeen sarea erabateko anomalia dela, eta inoiz ez dela izango komertzialki bideragarria Tolosan [Gipuzkoa] areto handi bat edukitzea, edo Beran [Nafarroa] ez dakit zer kontzertu antolatzea. Kulturaren demokratizaziorako ikaragarrizko tresnak dira.

Bestelako jaialdien esperientziak ere aztertu dituzu: Gernikako Lekuek, Ibaiertzean, EHZ...

Gernikan [Bizkaia] hiru areto autogestionatu elkartu eta zerbait antolatzea... Ba, hain zuzen, hori da jaialdi bat. Ibaiertzean adibide egokia da Hirian-ekin kontrajartzeko, herritarrak protagonistatzat hartzen dituelako, eta besteek ez dutelako inongo asmorik hori egiteko. Herrian-ek zer tresna emango dizkie Mungiako [Bizkaia] eta Lekeitioko [Bizkaia] herritarrei haiek gauzak egin ditzaten? Kanpotik datorren artefaktu bat da: sartzen da, badoa, eta kito.

Musikak, eta jaialdiek, beren pisua izan dute euskal identitatearen errotzean. XX. mendearen bigarren erdiko mugarriez idatzi duzu: Ez Dok Amairu, Euskal Rock Erradikala, Negu Gorriak... Ordutik, baretze bat sumatzen duzu?

Uste dut garai interesgarri batean gaudela, beti bezala. Gustatzen zait Xabier Gantzarainen aipua [2018koa]: “Zer eskatzen du euskal gizarteak? Oporrak”. Esango nuke oporraldi hori bukatzen ari dela, ezbaian jartzen ari dela baretze hori, modu batean edo bestean. Gaiak merezi du zirriborro kolektibo bat. Gauzak aldatzen ari dira, demografiagatik, hasteko: krisi demografikoarekin eta etorkinen etorrerarekin gizartea erabat aldatu da, eta hori ontzat ematea besterik ez dago. Espazio horretan, politikoki ere aldatuko dira gauzak, eta horren lehen adierazlea da hezkuntza legearen katramila. Indartzen ari da euskal nortasun onbera posible bat, eta badu bere zentzua. Euskaltasunak, nahi eta nahi ez, zalantzan jarri beharko du ezarritakoa, denbora guztian bere burua berrasmatu beharko du, baina, kultura normalizatua izango bada, egitura homologagarri bat ere izan beharko du. Hala ere, denok dakigu hori ezinezko samarra dela, etengabe kontra eraiki beharko den identitate bat dela euskaltasuna.

Euskal musikan, Berri Txarrak-en azken aroak marka lezake beste mugarri esanguratsu bat. Esan duzu MTVko kontzertuaren inguruko eztabaida ez zela interesgarria izan. Zergatik?

Gertakari jakinen arabera kontatzen da askotan historia, eta horrek errazten du irakurketa bat, baina dena askoz ere konplikatuagoa da. Berri Txarrak-ek ibilbide luzea eta arrakastatsua izan zuen, eta sorrerako testuingurutik amaierakora arteko trantsizioa beste inork baino hobeto adierazten du. 1990eko hamarkadan sortu zen, euskal talde gehienak rockaren bueltan aritzen zirenean, hitz engaiatuekin, eta euskaltasun atseginago baten garaian amaitu zuen bere ibilbidea. Kantu batzuk izan ziren polemikoak-edo, popa, euskal normalitate bat iradokitzen duen heinean, problematikoa izan zelako garai batzuetan. Nik esaten dut saiatu zirela hori modu koherentean egiten: oreka bilatzen zoru labainkorrean. Azken talde masiboa izan da; euskal rockean, zalantzarik gabe, eta euskal musikan, ikusteko dago.

Gaur egun, ez da harritzekoa gaztetxeetan, jaialdi txikietan eta EHZn jotzen duen talderen bat ikustea BBK Liven; adibidez, Ezpalak eta Merina Gris. Eszena lausotzen ari da?

Oraintxe, egoera nahiko lausoa da, eta oreka prekario bat dago; uste dut ezin dezakeela askorik iraun. Kontua da gaztetxe batzuk areto oso onak direla, eta, sarrera jarrita, ekitaldi bat daukazula, alokairurik ordaindu gabe. Interesgarria da hor eustea egiteko beste modu batzuei. Last Tourrera joate hutsak ez du esan nahi berez galdu egingo duzunik beste eszena batzuekin duzun harremana.

EHZko kartela izan liteke euskal musikaren kontsentsuzko joera baten ordezkari? Balizko euskal mainstream-a, bere neurrian?

Horrek pixka bat adierazten du euskal normaltasuna zer terminotan eraikitzen den: balizko mainstream hori boluntarioz eraikitako festibal militante batean sortzen da; Nafarroa Behereko herri txiki bateko zelaian daukagu gure plaza nagusia. Ramon Saizarbitoriak esan zuen bezala, uste dut euskaltasunaren berezko anormalitate horrek ematen digula espazio bat merkatuaren erabateko morrontzatik kanpo bestelako gauza batzuk probatzeko. Euskal kultura ere ez da errentagarria izango inoiz; biziko bada, derrigorrez edan beharko du iturri kontrakulturaletatik.

 

Bilaketa