Solasean
Hamahiru urteko etenaren ostean, hirugarren poesia liburua ondu du Xabi Bordak: Urtu aurretik. Etzi, 19:00etatik aurrera, lan horren aurkezpen berezia egingo dute Bordak berak eta Felipe Murillok Dinamoan, liburuan jasotako hainbat poemaren errezitaldiarekin. Bordari 2022ko apirileko Uztarria aldizkarian egindako elkarrizketa da hau.
Formazioz ingeniaria izanagatik, Xabi Bordak (Azpeitia, 1981) bazuen barnean nolabaiteko hutsunea. Halaxe, letrekin, literaturarekin, topo egin zuen bidean, eta harrezkero, hiru poesia liburu kaleratu ditu: Birika zatiak (Susa, 2004), Gulliverren lokarriak (Elkar, 2009) eta orain gutxi jaio den Urtu aurretik (Susa). Tarte horretan, Jotakie musika taldearen historia jasotzen duen liburu bat ere kaleratu zuen. Inprentatik atera berri den Urtu aurretik eskuetan, azken lanaren nondik norakoak aletu ditu.
"Ez genekien nola iritsi ginen haraino / eta larriagoa / inork ez zuen ideiarik handik nola atera". Zure liburuko lehen poemako hitzak dira. Etsipen kutsua dute...
Bai, hori izango da libururen zain inportanteenetakoa: balantzaka ari den eta erortzera doan ingurune batean sentitzea, zerbait gertatzear den sentipena izatea eta ez jakitea nola iritsi zaren horra. Derrepente kontzientzia hartzea, eta sentitzea egunerokotasunean ezer ez dagoela ziurtatuta, bermatuta. Sentimendu hori nagusitzen da: bat-batean, kontrolatzen ez dudan egoera batean nago; uste dut zain hori, sentipen hori, dagoela liburu guztian. Ziurgabetasun hori presente dago hasieratik, eta liburu guztian mantentzen da hari bezala.
Urdaileko zirimola, kezkak, egonezina... Egungo errealitateak sortutako egonezin sentipena presente dago une oro.
Bai. Azkenean, bizi dugun errealitatea pikutara doan sentipena inoiz baino nabariagoa da garai hauetan: pandemia batetik gatoz, eta horren aurrean, denok sentitu gara dudaz nahiz kezkaz beteta, kontrolatzen ez dugun egoera batean. Etxean sartu gintuzten, eta handik irteterako, gerra bat daukagu Ukrainan eta beste ziurgabetasun egoera batean gaude. Ia-ia konstante bat bilakatu da ziurgabetasun hori. Uste dut hala izango zela lehen ere: ezin dugu ahaztu gu ere gerra batetik gatozela. Ez dut nahi pentsatu gure aitona-amonek zer bizi izan zuten, baina antzeko zerbait izango zen sentipen aldetik. Ziurgabetasun hori hor egon da betidanik. Are gehiago, esango nuke, momenturen batean egoera kontrolatzen dugula pentsatuz bizi izan bagara, errealitatea baino irudikeria gehiago izan dela.
Koronabirusa, ixten ari diren enpresak, klima aldaketa... aipatzen dira olerkietan, eta horri lotuta, errealitateari ihes egiteko nahia ere bai.
Bai, hori dena atrezzoa da; hau da, agertokia. Hori da olerkietan dauden subjektu denak dauden mundua, mundu ezegonkor bat, eta hor barruan sortzen diren sentimenduei edo gauzei erreparatzen zaie poemetan: dela maitasuna, dela elkartasuna edo dela anaitasuna. Errealitateari ihes egiteko nahia baino gehiago, akaso ulertzeko nahia da. Aipatu dugun lehen poema horretan, ohartu gara egun batetik bestera airean lehertuko den egoera batean gaudela. Eta orain, zer? Hor nola biziko gara? Nola laguntzen diogu elkarri? Nola bilatzen dugu elkar eszenatoki horren barruan? Halako galderei erantzuten zaie poemetan. Ihes egiteko baino, esango nuke, alde batetik, mundu aldakor batean bizi garela onartzeko nahia dela, eta bestetik, horren inguruan sortzen diren kezka denei bidea irekitzen zaiela.
Momentu batean, bikote harreman bat loratzera doala dirudi, baina beti sortzen da zalantza: ba ote da, ez ote da? Denean eragiten du ezegonkortasun horrek.
Bai. Poemetan asko bilatzen da agertoki hori; eguneroko bizimodua apurtzen duten ertz ezberdinak lantzen saiatu naiz liburuan. Eta askotan, hor daude dudak. Izan ere, ezegonkortasuna badago gizartean edo familia barruan ere, komunitate barruan. Ezegonkortasuna ez dute klima aldaketak edo pandemiak soilik eragiten, ez dira gauza handiak bakarrik errealitate horren eragile. Mundu txikian ere gertatzen dira gauzak, mundu txiki horretarako handiak izan daitezkeenak. Horrelako egoera batzuekin ibili naiz jolasean.
Xabi Bordari etsipena eragiten al dio gaur egungo munduak?
Ez. Kezkak dauzkat, beste edozeinek bezala, baina gehiago izan da jolas moduan egindako zerbait. Adibidez, 2020ko apirilean, etxean geundenean, zera galdetzen nuen: "Nola iritsi gara egoera honetara derrepente?". Baina poemetan asko dago jolasetik. Fikzio dezente sartu dut liburuan; ez dira denak niri gertatutako gauzak, ezta gutxiago ere. Ezegonkortasun egoera hori nolabait poemetara ekartzea bilatu dut, eta nik bizi edo sentitzen dudana baino interesgarriago egin zait hasierako zain horri heldu eta haren inguruan egon daitezkeen kontuak arakatzea, ikertzea, fikzio asko sartuta. Ni ez naiz etsita dagoen pertsona bat, baizik eta alderantziz. Etsipen horri buelta eman nahian, jolasean bezala aritu naiz, guzti honetatik poema polit batzuk atera nahian.
Zer momentutan idatzitako poemak dira liburuan jaso dituzunak?
Kuriosoa da. Azken liburua idatzi nuela hamahiru urte izango dira. Harrezkero, ez dut asko idatzi. Ez zait gustatzen idaztea. Zera esan nahi dut: ondo sentitzen naizenean ez dut idazteko gogorik izaten, eta gaizki sentitutakoan ere ez. Horregatik, ez dut produkzio oso handia izan. Bizitzako beste fase batzuetan nenbilen, eta ez diot hari horri tira egin. Dena den, azken urtean poema gehiago egiten hasi nintzen, eta bilatu nuen tiratzeko hari bat. Eta behin hor sartu nintzenean, 2021eko udan harrapatu nuen aurrera segitzeko olatua. 2021ean dago idatzita poemen ehuneko handi bat, eta azken urteetan berreskuratutako poemaren batzuk ere badaude. Baina ez nuke esango azkeneko hamahiru urteetako poema bilduma denik, azken urteko lanak dira. Horregatik daude olerkiak lehen aipatu ditugun gai horietara lotuago.
Non idatzi ohi duzu?
Idatzi aurretik, buelta bat ematera irtetea eta makina martxan jartzea gustatzen zait. Etxera itzultzerako, ideiaren bat edo zeozer biltzen dut, eta gero, hori paperean jarri. Idazteaz aparte, lan egiten dut, eta beste hainbat kontu ere izaten ditut eguneroko martxan; beraz, kostatu egiten zait idazteko denbora hartzea. Hala ere, asteburuetan nahiz oporretan harrapatu dut puntu bat poemekin zentratzeko, eta hori aprobetxatu dut.
Zientziako elementuen presentzia nabaria da olerkietan. Zergatik baliatu dituzu elementu horiek?
Formazioz, ingeniaria naiz, eta aurreko poema liburuan —Gulliverren lokarriak— hasi nintzen terminologia zientifikoarekin jolasten. Beti gustatu izan zaizkit bi adarrak, bai zientziak eta bai letrak, baina momentu batean aukeratu beharra dago, eta zientzien bidea hautatu nuen nik. Dena den, ingeniaritza ikasten hastean, sekula baino gehiago irakurtzen hasi nintzen, eta gero, idazten. Agian, falta hori sentitu nuen: zientzien adarra aukeratu nuenez, lantzen nituen ikasgai denak zientziari lotuta zeuden, eta nire barruan bete beharreko hutsune bat zegoen. Orduan, literaturan murgildu nintzen. Literatuaren munduan, ordea, presente izan dut zientzia. Hain zuzen ere, bigarren liburua idazterakoan, zientzietatik barneratuta nituen kontzeptuekin jolasten hasi nintzen. Zientzietako kontzeptu horiek letretako mundura eraman al nitzakeen aztertzen hasi nintzen, poemetan zer eragin zuten probatzen. Gustatu egin zitzaidan emaitza, eta Gulliverren lokarriak liburuan dezenteko pisua izan zuen baliabide horrek. Azken lanean, bide hori agortuta ote zegoen zalantza neukan, baina poemak idatzi ahala, ikusten nuen ezetz, hau da, bazegoela oraindik ere poema polit batzuk ateratzeko aukera, eta beste zenbait eremutako terminoekin batera, zientziei lotutakoak ere lagungarriak zirela. Ohartu nintzen iturria bazegoela oraindik, eta horri tiraka jarraitu nuen.
Joaquin Beltrani eskainitako poema bat ere badago liburuan.
Liburuaren prozesuan murgilduta nengoenean, azken poemak jarraipenarekin eta intentsitate handiarekin idazten ari nintzela, banerabilen buruan desagertuen hezurrak bilatu beharraren ideia; hildakoa ikusi behar hori, kontzeptu bezala. Uste dut justu une hartan esan zutela Joaquin Beltranen hezurren bilaketa lanak eten egingo zituztela. Gai hori oinarri hartuta, poema bat idatzi nuen, baina duda gelditu zitzaidan, egoera oso delikatua baliatzen ari nintzelako poema baterako. Zentzu horretan, iruditu zitzaidan aukerarik duinena olerkia hor azpian gelditu zenari eskaintzea zela. Momentu hartan beragatik sentitu nuena adierazteko modu bat da. "Ezin dituzue bilaketa lanak utzi, segitu beharra dago derrigorrez, ezin da esan 'bukatu da'. Ez baduzue bilatu lehenengoan, segi berriz ere bilatzen", pentsatu nuen. Orduan bai sentitu nuen etsipena, eta olerkia omenaldi txiki bat ere izan da.
Olerki gehienak etsipenaren hariak lotzen baditu ere, esperantzari bidea zabaltzen zaio liburuaren amaieran. Honako hau dio poema batek: "Bagoiaren kristaletatik irristatzen / irribarreak trukatuz bagoaz norabaitera / posible ote da arindura hau betirako gordetzea". Badago aldaketa bat bukaera aldera, ezta?
Bai, hasieran aipatu dugun etsipen hori badagoen arren, uste dut badagoela esperantza puntu bat ere. Batzuetan zaila ematen du, baina bilatu nahi da irteera bat. Beti pentsatu behar dugu bukaera hori iritsiko dela. Badira esperantza puntu hori gordetzeko poemetara ekartzen diren elementu batzuk.
Aurrez beste bi poema liburu argitaratutakoa zara: Birika zatiak eta Gulliverren lokarriak. Zertan da desberdina Urtu aurretik?
Denak nik idatzi baditut ere, garai ezberdinetan eginda daude, oso egoera pertsonal ezberdinetatik. Gulliverren lokarriak idatzi nuenetik hamahiru urte pasatu dira, eta ordutik asko aldatu da nire bizitza: urte horietan guraso egin naiz —hiru seme-alaba dauzkat—; ordura arte ikaslea nintzen, eta orain hamabi urte daramatzat lan munduan sartuta... Nahi edo ez nahi, uste dut asko aldatu naizela. Zentzu horretan, poemei begira ere, uste dut aldaketa bat egongo dela. Badaude hari komunak, zientziako terminologiaren erabilera edo estilo pertsonala, esaterako. Baina ahots hori ere moldatu edo aldatuko zen denboraren eraginez.
Zergatik Urtu aurretik?
Klima aldaketarena da ezegonkortasun egoera honen adibide handienetako bat: poloak urtzen ari dira, glaziarrak ere bai... Hortik tiraka sortutako izenburua da. Ematen du mundua aldatzera doala, pikutara doala, baina dena popatik hartzera joan baino lehenago, dagoena dago. Urtu aurretik zer topatzen dudan, zer ikusi dudan; hori jasotzen du izenburuak.
Jotakie musika taldearen historia jasotzen duen liburua izan ezik, poesia liburuak dira argitaratu dituzun guztiak. Zergatik atsegin duzu genero hori?
Ez dakit. Hasi poesiarekin egin nintzen, eta poesiarekin segitu nuen. Sortzerakoan, ohitura handiagoa daukat poesiara jotzeko. Alde batetik, iruditzen zait beste edozein generok diziplina nahiz denbora gehiago eskatzen duela; nobela bat edo ipuinak idazteak, esaterako. Eta nik ez dut topatu izan diziplinarako indar hori, askoz ere solteago ibili izan naiz. Baina, bestetik, irakurtzeko momentuan ere, asko gustatzen zaidan generoa da poesia, eta gainera, esango nuke gero eta gehiago jotzen dudala poesia irakurtzera. Beraz, gustu kontua ere bada, ez da bakarrik denboraren ekonomiari lotutako aukeraketa. Mundu horretan eroso sentitzen naiz, poesiaren barne arauetan jolasteko gogoa dut. Agian, beste zenbait generok baino aukera handiagoa eskaintzen du poesiak jolaserako, tranpak egiteko... Noski, beste generoak gutxietsi gabe. Badakit beste generoetan oihartzun handiagoa lortzen dela, baina ez dut uste bigarren mailako genero bat denik poesia. Ni gehien betetzen nauenetakoa da.
Marraztu ere egiten duzu, ezta?
Bai, gustatzen zait marraztea. Ez da beti praktikatu izan dudan jarduera bat, azken urteetan deskubritutako zerbait da. Gure etxean asko margotu izan da: osabak, anaiak, izebak... Eta nik ere eduki nuen halako gogo bat probatzeko, umeekin-eta jolasten nuen bitartean. Azken urteetako deskubrimendu pertsonala izan da: gustatzen zait, nahiz eta orain arte aritu izan naizen diziplinekin ez daukan zerikusirik. Margotzeak esperimentatzeko askatasuna ematen du. Momentuz, gustura nabil margotzen, eta uste dut gelditzeko etorri dela afizio hori.
Duela hamahiru urte kaleratu zenuen azken liburua. Beste hamahiru igaroko al dira hurrengoa etorri aurretik?
Ez nuke nahi. Hori nahiko garbi daukat. Hamahiru urte pasatu dira, baina esango nuke egoerak eraginda pasatu direla: hau da, umeak hazten ibili naiz, eta horrek lotura handia dakar. Gauza batzuei eman diet lehentasuna, eta horrek ez dit lagundu literatur sorkuntzan. Nahi dut pentsatu kaleratu dudan azken lana badela mugarri bat nire ibilbidean, hemendik aurrera denbora gehiago bilatuko dudalako literaturari edo beste kontu batzuei eskaintzeko. Ez nuke nahi beste hamahiru urte pasatzerik.
Urtu aurretik liburuaren zenbait aurkezpen egingo dituzu datozen hilabeetan. Noiz eta non izango dira saioak?
Bai, Felipe Murilloren laguntzarekin, aurkezpen errezitaldi batzuk egingo ditut. Hotsak eta hitzak nahastuz, liburuko zenbait poema irakurriko ditugu saioetan. Honako hauek dira hitzorduak: apirilaren 21ean, Azpeitian izango gara, Dinamoan; maiatzaren 5ean, Bilboko Biran; maiatzaren 6an, Iruñeko Zaldikon; eta maiatzaren 19an, Zarauzko Garoa liburu dendan.