literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Asier Zaldua
Goierriko Hitza, 2023-05-05
[iturburua]
Jon Urzelai Urbieta:
«Musika jaialdien esangura soziala goitik behera aldatu da»

Jon Urzelaik (Zumarraga, 1990) ‘Su festak’ saiakera argitaratu du Susa argitaletxearekin. Musika jaialdiek azken mende erdian Euskal Herrian izan duten egitekoa aztertu du.

Ze ikasketa egin zenituen?

Fisika ikasi nuen unibertsitatean eta ondoren Soziologia ikasi nuen UNEDen.

Oso ikasketa ezberdinak dira.

18 urterekin zaila izaten da aukeratzea. Zalantza asko nituen eta Fisika aukeratu nuen zerbait aukeratu beharra zegoelako. Burugogorkeriagatik bukatu nuen. Ez nuen gorroto, baina ez zen nire karrera. Soziologiaren harra nuen eta Fisika ikasketak bukatu bezain laster Soziologia ikasteari ekin nion. Zientziak beti gustatu izan zaizkit, baina Soziologia bokazionalagoa dut.

Non lan egiten duzu?

Bigarren Hezkuntzako irakaslea naiz Alegian. Zientzietako irakaslea. Nire ustez, institutuko mailan fisika oso polita da. Hortik aurrera gogorregia da. Zientzia interesatzen zait, baina ikuspegi soziologiko batetik.

Aurkeztu berri duzun hau zure lehen ikerketa lana al da?

Bai. Musika kazetari bezala ibili izan naiz eta gai hori ez dela behar bezala sakondu iruditzen zait. Ez da musika jaialdiei buruzko behar bezalako irakurketarik egin, gaur egunetik begiratuta. Musika jaialdiei buruz asko idatzi da, baina 1960ko eta 1970eko hamarkadakoak, Ez Dok Amairu, RRV… Baina gaur egungo festibalak beste gauza bat dira. Horien inguruko irakurketa faltan sumatzen nuen.

Egungo jaialdiak “beste gauza bat” direla diozu. Zergatik?

Milurtea hasi zenetik 23 urte pasa dira eta denbora horretan gauza asko gertatu dira. 1970eko hamarkadan Euskal Herria eztanda politiko batean zegoen, mobilizazio sozialak oso indartsuak ziren eta musika hor txertatzen zen. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, pop jaialdi handiak jaio zirenean, kontrakultura estatubatuarra oso bizirik zegoen. Egun, ez dago halako mugimendu sozialik, baina musika festibalak badaude. Harreman hori galtzen den heinean, jaialdiak beste zerbaitetan bihurtzen dira. Musika emanaldiak izaten jarraitzen dute, baina esangura soziala erabat aldatu da.

Zertan bilakatu dira?

Kontsumoan oinarritutako esperientziak dira. Esperientziak saltzen dira. Sarreraren truke, esperientzia bat eskaintzen dizute. Bakana. Jatorrizko jaialdien asmoa bestelakoa zen: esperientzia komunitarioak eskaintzen zituzten. Asmo iraultzailea izan zezaketen ospakizun komunitarioak ziren. Gaur egun, entretenimendu hutsa izateaz gain, negozioa eta instituzioek hauspotutako zerbait dira. Turistak erakartzeko, garapen urbanistikoa sustatzeko… hauspotzen dituzte. Merkatuaren logikaren baitan soilik ulertzen den zerbait.

Nola egituratu duzu liburua?

Erronka izan da. Ez nuen jaialdi bakoitzari buruzko atal bat egin nahi. Liburuak hiru ardatz nagusi ditu eta ideia nagusi horien inguruan egituratu dut esan behar nuen guztia. Liburuak hitzaurrea, hiru kapitulu mamitsu eta epilogoa ditu. Hiru kapituluak Basoa (erro kontrakulturalen asmoa zein zen eta hori nola aldatu den), Herria (jaialdiek euskaltasunarekin izan duten lotura) eta Hiria (kulturak hiriak munduan kokatzeko eta hiri eta nazio markak sortzeko duen funtzioa) dira.

Ze harreman izan dute jaialdiek euskaltasunarekin?

Jaialdi batzuk euskaltasunarekin oso lotuta egon ziren. Gaur egun halakorik ez dagoela dirudi, baina jaialdiek euskaltasuna moldatzen jarraitzen dute. Bilbon Basque Fest izeneko jaialdi bat dago. Iragarkietan harri-jasotzaileak ageri dira, Guggenheim ondoan dantza tradizionalak jartzen dituzte, musika ere badago… Aste Santuan turistak Bilbora erakartzeko artefaktua da. Euskaltasuna jendea erakartzeko gauza exotikoa eta folklorikoa bilakatzen da. Hori Euskal Herria Zuzeneanekin (EHZ) kontrajarri dut. EHZk jaialdiek euskaltasuna berritzeko zuten asmoa mantentzen du.

Liburuak epilogoa du. Ze ondorio atera duzu?

Askotan jende kopuruaz, argiztapenaz, izarrez… hitz egiten da. Garai bateko festibalek beste era bateko irakurketak bazituzten, gaur egungoek ere edukiko dituzte. Ze funtzio betetzen duten aztertu beharko dugu. Euskaltasun kontrakulturala sustatzen duten jaialdiak badaude oraindik, baina instituzioetatik bultzatzen direnek ikuspegi merkantilista dute. Gainera, bestelako proiektuak oztopatzen saiatzen dira. Bilbon gaztetxe bat esistitzea ezinezkoa egiteraino, adibidez. Instituzioek bultzatutako jaialdiak su hori itzaltzeko modu bat dira. Nire helburua liburuak horri guztiari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko balio izatea da.

 

Bilaketa