literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Naiara Garzia
111 Akademia, 2023-03-31
[iturburua]
Harkaitz Cano:
«Gizarte bezala fikzioari ahalmentzen dioguna oso estua da»

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975) euskal kulturak eman duen idazlerik poliedrikoena da. Hitzarekin zerikusia daukaten ia arlo guztiak jorratu ditu 19 urterekin bere lehenengo liburua argitaratu zuenez geroztik. Kameleoi bat bailitzan, ipuinak, nobelak, poesia, liburuak, komikiak, antzerkiak, gidoiak… idatzi ditu. Argitaratu duen azkeneko lana soneto liburu bat izan da (Pozaren erdia, Susa). Honen eta literaturaren inguruan mintzatu gara berarekin.

Irati Jimenezek Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar, 2021) saiakeran dio Euskal Herriko idazle profesionalenetarikoa zarela.

Horren nire moldakortasunarekin dauka zerikusia neurri batean. Nik 15 urterekin noizbait izatea amesten nuen idazleak eta bihurtu naizenak ez daukate zerikusirik, kontakizunarekin edo hitzarekin zerikusia daukaten arlo ia guztiak ukitzera eraman nauelako bizitzak: dela antzerkia, dela musika… Uste dut politikarientzat diskurtsoak idatzi ez beste, ia denetarik egin dudala, idazketarekin lotuta dagoena. Ikasi dut, eta ikasi ahala gustatu zait, besteek kontakizunaren zer zati duten faltan imajinatzea edo nigandik zer espero duten, eta haiek artikulatzeko zailtasuna dituztelarik nik horretan laguntzea. Badago, baita ere, besteen obsesioen zerbitzura jartzea, niretzat betidanik izan dena oso interesgarria, zure obsesioak murrizteko modu bat delako. Bere baitara biltzeko joera izan dezake idazle batek, bere proiektuak, bere istorio pertsonalak dituelako; baina zergatik dira horiek inportanteenak? Nik nire obsesioak moldatu eta aldatu egin ditut besteen obsesioekin kutsatzen joan naizen heinean. Eta nire idazle bilakaeraren errealitatea hori izan da. Ona edo txarra, ni era horretako idazle bihurtu naiz.

Idazle poliedrikoa zara, beraz. Lasa eta Zabalari buruz idatzi duzu, Julio Cortazar berpiztu duzu ipuin batean, Donostiako Zinemaldirako gidoiak egin dituzu, antzezlanak, orain sonetoak argitaratu berri dituzu...

Hor bi gauza daude. Gauza bat da idazle bezala nik egingo nukeena edo egiten dudana, niretik. Adibidez, soneto liburua: paranoia bat da, 111 pertsonek irakurriko dutena. Pandemia garaian eduki nuen sasoi bati dagokio hori, non forma horretan esperimentatzen hasi nintzen eta nire burua harritzen, gero eta zailagoa dena. Hori ere bilatzen dut. Egin ez dudan eta egiten ez dakidan zerbait bilatzen dut.

Zu oso erronka zalea zara.

Ez dakit erronka den hitza. Ez da kirol-erronka bat, beharbada gehiago da esploratzailearen espiritu hori, beti esaten dena. Hau da, iparrorratzarekin edo maparekin idatz dezake idazleak. Maparekin idazten dutenek ibilbide bat trazatzen dute, badakite non geratuko diren eta zein izango den etapa bakoitza. Eta bestea iparrorratza duen idazlea da. Eta iparrorratza duen idazleak badaki norantz doan, baina ez daki nondik joango den. Ni bigarren hori naiz, hori gustatzen zait niri. Idazten hasten naizenean 3 gauza badakizkit eta 7 ez. Hor egon nahi dut, eta horra naramaten proiektuak gustatzen zaizkit. Beste gauza bat da azken hamar-bat urteetan egin dudana eta bitxia iruditu zaidana, alegia, Euskal Herriarekin eta benetako gertakari edota pertsonaiekin lotutako lanak egin izana, batzuk nik hautatuak eta beste batzuk enkargatuak. Bi antzezlan egin ditut: bata Egunkariaren itxieran oinarritua eta bestea Zaldibarko hondamendian. Idatzi ditudan azken bi nobela luzeei dagokienez, bata Lasa eta Zabalaren kasuan oinarritua dago eta bestea, Imanol Larzabal kantariaren bizitzan. Santi Brouardi buruzko pelikula baterako gidoia egiteko enkargua egin zidaten, baina azkenean komiki bat izan zen. Beraz, alde batetik badago nik egingo nukeena eta, beste aldetik, badaude inguruko jendearen nahi eta beharretatik jasotzen ditudan enkarguak, eta horiek egin ahala ni ikasten joan naiz.

Kasu honetan zer ikasi duzu?

Enkargu horiek egin ahala ikasi dudana da gizarte bezala fikzioari ahalmentzen dioguna oso estua dela. Begira dezagun mundu anglosaxoira, Boris Johnson. Boris Johnsonek dimititzen duen egunean jada BBC telesail bat egiten ari da bere istorioa kontatuz, fikzioaren erremintekin, posible den modu bakarrean. Hemen hori egiten saiatuz gero, nire pertzepzioa da fikzioaren askatasunari ahalmentzen zaion edo diogun tartea estuagoa dela, eta ez dakit zergatik, baina mundu anglosaxoi zabalean ulertzen da fikzio bezala kontatzen den horrek libertade asko hartu behar dituela istorio horrek funtziona dezan. Horregatik, Joseba Larratxe, Unai Iturriaga eta hiruron artean atera dugu komikia, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar, 2022), Mikel Laboaren bizitzan inspiratuta dago, baina western bat bezala hasten da: Mikel Laboa asto baten gainean doa basamortuaren erdian, hori da hasiera. Jendearen obsesioa honakoa esatea da: baina hori gertatu zen? Kontatzen dudan guztia ez zen gertatu, baina dena da egia. Dena da egia, nobela baten barruan edo komiki baten barruan irakurtzen duzun bitartean. Hor da egia. Beste egia mota bat da, niretzat zuk egia deitzen diozun hori baino garrantzitsuagoa. Zergatik? Zuk deitzen diozun hori ezinezkoa delako. Eta nobela bat posible da, hori da gure profesioaren muga, anbizioa eta baita aukera ere. Zuk egia hitzaren ondoan jar dezakezu koma bat, puntu eta koma, jar dezakezu galdera ikurra, baina azken puntua ezin duzu jarri. Hori da egia: azken punturik onartzen ez duen gauza.

Idazten jarraitzeko zure gasolina zein da?

Idazkuntzaren profesionala naizen aldetik, niretzat garrantzitsua da erakartzen nauten proiektuetan lan egitea, jakina; baina alternantzia ere inportantea da, genero aldetik. Zaldibarko hondamendiaren inguruko azkeneko antzezlan horretan entseguetara joaten nintzen, eta nire lanaren zati handi bat zen kentzea eta haiek inprobisatutakotik edo haien irristadetatik sortutako istripuetatik edo inspirazio uneetatik arrantzan egitea. Eta zuzendariarekin negoziazio jarraitua mantentzea. Lana egiteko eta idazteko beste modu bat da, ez daukana zerikusirik ordenagailu aurrean egotearekin, estruktura bat artikulatzen. Antzoki barruan gauzatzen den idazketa bat da. Lanerako beste modu bat da hori guztia, baina horrelako lan intenso baten ondoren ezingo nuke jarraian beste bat hasi sistema berarekin.

Zu erabat lanean ari zara. Idazle askok, aldiz, atsedenaldiak behar izaten dituzte. 

Dena zuretik egiten baduzu izaten da hori. Kasu horretan ezin duzu urtero liburu bat atera baldin eta zure esperientzia ez bada ez dakit nolakoa, edo Livingstone doktorea ez bazara, edo Neil Armstrong. Gure bizitzak nahiko aspergarriak dira. Niri istorioak topatzea ahalmentzen didana da nigandik datozen horiek beste batzuekin tartekatzea, eta orduan ikustea, baita ere, zein den zure papera leku bakoitzean.

Gehien idaztea kostatu zaizun liburua zein da?

Beharbada, Fakirraren ahotsa. Aldez aurretik idatzi nuen Soto eta Zeberioren Twist, hau da, Lasa eta Zabalari buruz. Hori ez zen erraza idazteko, baina kontua zen oso gazterik hil zituzten bi pertsonaiei buruz ari garelarik, fikziorako neukan tartea askoz handiagoa zela. Libreago sentitu nintzen. Ez dira bi pertsonaia publiko beraien familia girotik kanpo, eta horrek tarte handiagoa uzten zidan. Aldiz, Imanol Larzabalen kasuan, helduaroan hil zen pertsona bat da, ibilbide luzekoa, jende askok dauka bere ideia, bere bibentzia, bere aurreiritzia, bere dena, eta horrek esan nahi du jendea hari buruzko liburura joaten dela berak buruan duen Imanol baten bila; eta batzuek topatzen dutela eta beste batzuek, ez. Eta horrek zerikusia dauka lehen aipatzen nizun estutasun horrekin: liburu bati edo literaturari eskatzea, nolabait, konplikatua den zerbait, nobela bat epaitzea epaiketa bateko instrukzio epailearen argumentazioa balitz bezala, eta niretzat hori ez da batere literatura. Literatura hasten da ez epailea, ez notarioa, ez kazetaria, ez kantaria iristen ez diren leku horretan. Hor. Justizia ez zait interesatzen batere. Lotsa, bai; asko. Epaile batek ez du lotsa epaitzen, ez da bere lana. Idazle batek lotsaren zergatiak azter ditzake, pertsonaien jokamoldeetan aztarrika aurkitzen du bere lehengaia, adibide bat jartzearren.

Egunkariaren inguruko antzezlana idatzi dugu, Lasa eta Zabalari buruzko eleberria… Estatu mailan ez zara deserosoa?

Bai. Horregatik ez naiz arrakastatsua, besteak beste, kalitate literarioaz aparte. Ni oso idazle ezberdina naiz hemen eta Madrilen. Madrilen, hasteko, ez naute ezagutzen. Eta litekeena da hain zuzen ere horrekin lotzea, gai politikoak jorratzen dituen idazle batekin. Eta nik nire denboraren erdia baino askoz gutxiago dedikatu diot horri. Baina egia da hemen ere horrek beste oihartzun bat duela. Idazten duzu Neguko zirkua (Susa, 2005) eta, tira, literaturaren gaineko literatura da eta gustatuko zaizu edo ez. Baina idazten duzu Lasa eta Zabalari buruz, eta bat-batean horrek fokuan jartzen zaitu. Gizartearen momentu bateko gose edo behar bati ere erantzuten dio horrek eta, hala, asko zurrupatzen du eta asko baldintzatzen du, baita zuk idazle bezala gizartean duzun pertzepzioa ere.

Sariak irabazteko garrantzitsua da harreman batzuk jorratzea edo outsider bat izan zaitezke eta sariak irabazi?

Horrek guztiak lan bat eskatzen du. Hori da nire iritzia, nik usaintzen dudana Frankfurteko azokara joan izan naizenean, adibidez. Ikusten duzu badaudela zirkuituak. Nik uste dut badaudela irabazi behar dituzun adiskidetasun batzuk; harreman sareak egitea da, azken batean. Zu munduko outsiderrena izanda ere ingelesez idazten baduzu, jada ez ara outsiderra. Hau da, Salinger. Izan zaitezke munduko pertsonarik inkomunikatuena, txabola batean bizi, baina zure argitaletxea non dago? New Yorken, ezta? Ados. Orduan, beharbada baimena eman diezaiokezu zure buruari Salinger izateko. Nik, ez. Ni beti izango naiz Salinger. Beti izango naiz zokoan, bazterrean eta ikusezin dagoen pertsona bat hizkuntza arraro batean idazten duena. Hortaz, nire burua ikusezin egiten saiatzea absurdoa da, dagoeneko bai bainaiz.

Baina zuk hainbat sari irabazi dituzu, tartean, 2018ko Espainiako Kritikaren Saria. 

Hori epaitzeko euskaraz irakurri du norbaitek. Normalean hemengo kritikariak egoten dira bertan. Horiek botoa ematen dute. Datu horiek ez dauzkat, baina konbentzituta nago Euskal Herrian irakurle komunitate bat, jarraitzaile batzuk badauzkadan bezala, nik ez daukadala irakurle komunitaterik Espainia. Nik irakurle komunitate bat gaztelaniaz izatekotan, hemen daukat.

Euskaraz idazten edo abesten duen artista arrakastatsuek gaztelaniaz egingo balute, famatuagoak izango lirateke. Esan dizute noizbait?

Oso famatuak izango lirateke, eta izango lirateke besteak bezalakoak. Eta ez lukete beteko komunitatean betetzen duten lekua. Eta ez lukete gozatuko haragi bizitan bere kantuen traiektoriaren gaineko segimendu goxo eta narratiba gertuko hori. Askotan ez gara kontziente horretaz. Txikia izateak baditu bere mugak, demografikoak, ekonomikoak, baina zure komunitatean betetzen duzun paperaren kontzientzia askoz ere zorrotzago bat daukazu. Zertarako zaude munduan eta zertarako idatzi edo kantatzen duzu? Horretaz jabetzea.

Uste duzu euskal literatura gure mugetatik harago ezagutarazten ari dela? Estatuko merkatua gu ezagutzeko prest dagoela neurri batean?

Bai, egia da askoz ere itzulpen gehiago egiten direla euskaratik gaztelaniara, apurka-apurka sistematizatzen ari da; autore batzuek arrakasta komertziala izan dute, beste batzuek arrakasta kritikoa, beste batzuek biak lortu dituzte, eta oso ondo funtzionatzen ari da. Baina uste dut inportanteena ez dela hori. Askotan kanpoko proiekziora enfokatu gara, baina gure ahalduntzeak gure komunitatetik etorri behar du, eta gure komunitatea hizkuntza da. Eta hor badago oraindik ere nozitzen dugu konplexu bat: islandiar batek 300.000 biztanleko horizonte bat dauka, 300.000 dira hiztunak, eta bere literaturak badauka arazorik Islandiatik ateratzen ez bada ere? Ezetz esango nuke. Zergatik guk bai? Anglosaxoi bati gutxi asko berdin zaio itzulia izate edo ez, beraientzako ez da hain inportantea. Guretzat garrantzitsuagoa da biziraupenagatik, ekonomiagatik, homologazio nahi batengatik. Ados. Niri gertatu zaidan gauzarik politenetarikoa da polonierara edo kroaziarrera itzulia izatea, baina ez itzulpenagatik beragatik edo hedaduragatik, baizik eta horrek zure buruaren ezagutza handiagoa ematen dizulako, beste era batera irakurtzen zaituen irakurle bat daukazulako hizkuntza berri baten ispiluan. Eta ispilu guztiak dira deformanteak, baina zure burua bada ispilu deformatu askoren baturaren ondorio. Gauzak horrela, liburu bat aurkeztera Bulgariara joaten zarenean, zure liburua bulgarieraz irakurri duen kazetari bulgariar bat topatzen duzu, eta egiten dizkizun galderak ezberdinak dira, eta horrek derrigortzen zaitu gauza berriak pentsatzera. Eta horixe da itzulpenaren funtsa. Ez da hainbeste zure lana zabaltzea, baizik eta zure lanaren zabaltze horren oihartzunak zugan eragiten duena.

Pandemian idatzitako sonetoak bildu dituzu Pozaren erdia zure azken liburuan. Lan intimistagoa da, beraz.

Ni ez naiz inoiz interesatu izan poesia neurtuaz duela urte gutxira arte. Nire poesia idazteko modua guztiz kontrakoa izan da. Batzuetan zabarkeriaren mugaraino eramaten nuen, poesia oso desordenatua idatziz; lerroa mozteko modua ez zen batere armonikoa nire poesian, eta horregatik gutxi idatzi dut. Aldiz, genero bezala eta irakurle bezala gehien estimatzen dudanetako bat da, poesia delako leku bat berriro apurtzera zaramatzana, eta sintetikoa izatea lortzen duzunean ohartarazten zaituena: nahikoa zen 15 lerrorekin. Hori gauza ikaragarria da. Pandemia baino urte batzuk lehenago nahiko liluratuta utzi ninduen antzezlan bat ikusi nuen. Aktore batek bere bizitza kontatzen zuen baina aitzakia bezala Shakespeareren soneto bat zerabilen. Zazpi boluntario eskatzen zituen, esertzen ziren zazpi horiek eszenarioan, eta bakoitzak sonetoko bi lerro ikasten zituen: zazpiren arte hamalau lerroko sonetoa. Eta antzezlanaren bukaeran antzokira joan ginen guztiok sonetoa buruz ikastea lortu zuen. Zerbait oso erakargarria ikusi nuen hor. Bat-batean arreta jarri nion, eta handik urte batzuetara, pandemia garaian, jende askok gurutzegramak egiten zituen bezala, zerbaiti heldu behar baikenion, nik diziplina zorrotz horri ekin nion. Oso adiktiboa den zerbait da, hori ohartarazi zidaten, sonetoak egiten hasten bazara utzi, garaiz utzi, esaten zidaten. Baina egia da badagoela hor zerbait, ehunka urte iraun duen egitura batekin dialogatzen duzulako, zerbaitegatik, oso ondo diseinatutako estruktura bat da. Soneto bat Rolls Royce batekin konparatzen duzu, esaten duzu, zeinen ondo dagoen pentsatua dena. Bada, sonetoen barruan sartu nintzenean izan nuen nik sentsazio hori. Zeinen ondo dagoen pentsatuta! Bai errimen alternantzia, erritmoa, pausak non egin ditzakezun, non ez, zergatik… mundu bat da. Hala, egunero soneto bat idazten topatu nuen nire burua.

Zu ezagutzeko hori irakurri behar da?

Ez dakit; azkenean, liburuak ispilu baino mozorro dira. Bada Oscar Wilden liburu bat, La decadencia de la mentira izenekoa. Bertan esaten zuen berak duela jada 130 urte, literatura dekadentzian sartu zela ez zelako gai gezurra ondo esateko, esan nahi dut gezurraren plazeragatik eta artearen plazeragatik eta ez, inor engainatzeko. Hainbeste gustatzen zaidan esaldi hau berea da: eman iezadazue maskara bat eta egia esango dizuet; bada, eman iezadazue soneto bat eta egia esango dizuet.

Xabier Amurizak aldizkari honi eskainitako elkarrizketa batean esan zuen: “Errealitateak eman ez didan eta eskatu ezin diodan garaipena literaturan lor dezaket”. Zuk libururen bat erabili duzu horretarako, zure zorrak kitatzeko?

Nik uste dut liburu bakoitza dela neurri batean aurreko liburuarekiko kontu kitatze bat. Aurrekoan Jon Bilbaoren liburu aurkeztu genuen. Bera itzultzailea ere bada, eta esaten zuen itzultzen zuen heinean, —eta uste dut hala dela— bera konturatu dela maisu handienek ere badituztela beraien beheraldiak edo haiek uste bezain ondo idatzi ez dituzten zatiak. Hortaz, itzultzaile batek hori ikusten duelarik, aldi berean itzultzailea idazle bat izanik, bere buruari esaten dio: hauek horrelako uneak edo kontraesanak edo beheraldiak badauzkate, zer ez ote dut edukiko nik? Beraz, iruditzen zait beti dagoela asegabetasun gradu bat gure buruari aitortzeko prest gaudena baino altuago idazten ditugun liburuetan. Hurrengo liburua niretzat beti da aurrekoan ilun geratu zaigun edo lortu ez dugun edo ihes egin digun edo gure buruan hobeto zegoen zerbait horren bila joateko aitzakia. Gasolinari buruz hitz egiten zenuenean lehen, beharbada erantzuna da nire gasolina nire asegabetasuna dela; alegia, idazten ari zarelarik noiz edo noiz lortzen duzu orrialde bat, esaldi bat, paragrafoa bat eta esaten duzu: a, hemendik da, baina nahiko nuke hor sintonizatuta segi. Eta ez duzu lortzen. Liburuak guztiak dira kontu kitatze bat zerbaitekin, normalean zure buruarekin eta askotan zure aurreko liburuarekin. Eta oraindik baditut familiaren baitako hainbat istorio kontatu ditudanak, baina agian ez nahi bezain ondo, edo bila nabil nola kontatu. Eta beharbada batzuk hor daude 15 edo 20 urtez, eta batzuk kontatuko ditut eta beste batzuk ez.

 

Bilaketa