Solasean
Arrakasta erdietsi zuen lehen nobelarekin. Baina Bilbao-New York-Bilbao liburuak zalaparta dezente ere eragin zuen. Gehiegi aukeran. “Esango banu ez zidala eragin gezurretan ariko nintzateke”, aitortu digu. “Baina pilotariek egiten dutena egin dut Mussche nobelan: jokatu. `Ongien dakizun moduan jokatu eta gozatu´, agindu nion nere buruari. Eta hori egin dut”. Alegia, gozatu egin duela Mussche liburua idazten. 36ko gerraren zein II. Mundu Gerraren itzala handia bada ere, giza harremanen gazi-gogoan sakondu du beste behin ere Kirmen Uribek.
36ko gerran abiatzen da Mussche nobela. Baina gerra bera islatzea ez da narrazioaren helburu nagusia.
Gerrari buruz asko idatzi da, ikuspuntu osagarrietatik gainera. Abiapuntua hori izan arren, ez nuen 36ko gerran oinarritu nahi. Betidanik interesatu izan zait gure historiako garai hura, baina beste alde batetik kontatu nahi nuen. Hau da, nor zegoen bestaldean, Euskal Herritik kanpo, gu laguntzen? Nobela honetan laguntzaile horien bizitza kontatu nahi izan dut. Gaur egun ere beste hainbeste daudelako. Ume errefuxiatuak hartzen dituztenak, Saharakoak edo beste tokietakoak... Horrelako jendearen istorioa kontatu nahi nuen.
Mussche nobelako protagonista nagusiei ordea, 36ko gerrak baino II. Mundu Gerrak eragingo die zuzen-zuzenean.
II. Mundu Gerra bere krudeltasun osoan ageri da. Nobelak badu antibelizistatik asko. Nire tradizio antimilitaristak pisua izan du. Primo Levyk oso era xumean kontatzen ditu gerra hartako kontuak, garbi-garbi eta inolako emoziorik gabe. Eta nik ere horrela kontatu nahi izan dut nobela honetan. Ikaragarrizko eszenak daude liburuan. Idazten ari nintzenean oilo-ipurdia jartzen zitzaidan, baina modu lauan kontatu nahi izan dut, inolako emoziorik sartu gabe. Eta horrek gerraren krudeltasuna areagotu egiten duela uste dut.
II. Mundu Gerrako hainbat pasarte kontatu ditut, ia ezezagunak direnak. Robert Mussche nola hiltzen den, esate baterako. Gertaera hura ez da oso ezaguna, isildua izan zelako aliatuen partetik. Eta aliatuen krudeltasun hori ere kontatu nahi nuen; nolako bonbardaketak egin zituzten... Baina horrelakoak isilarazi egin zituzten eta ez da horretaz hitz egin duela gutxi arte. Sebald idazlea izan zen hori aldarrikatzen hasi zena.
Ontzi britainiarrak dira Habana (Euskal Herriko umeak erbestera eraman zituen barkua) Bilbotik ateratzen lagunduko dutenak eta ontzi britainiarrak izango dira Cap Arcona barkua bonbardatuko dutenak. Bitxia, ezta?
Kontu desatseginak isilarazteko joera dute garaileek.
Historiak asko isilarazten du eta Mussche nobelan tentsio hori nabarmena da. Datuak eta zifrak daude.
Hiru protagonista ditu nire nobelak eta horien eszena humanoei garrantzia handia eman diet, eguneroko bizitza nola bizi zuten islatu nahi nuelako. Eta gerrak nola zapuzten dituen hiru protagonisten bizitzak. Bat hil egingo da, baina beste biak ezingo dute bizitzan aurrera egin.
II.Mundu Gerra bukatzen denean, Mussche idazlearen emazteak (Vic izenez eleberrian) ikusten duenean ari direla presoak itzultzen, pozik ikusten ditu familiak herrian. Baina berak esango du," jendea pozik dago baina ni ezin naiz pozik egon, zeren nire senarra ez da iritsi". Eta sentsazio hori uste dut jende askok bizi duela horrelakoetan. Pozik noraino, norbait falta zaizunean.
Dena den, elkartasunari egindako gorazarre ere izan daiteke Mussche.
Bai, hala da. Ematen du balio horiek ahaztuta izan ditugula eta horregatik ekarri nahi nituen liburura elkartasuna, eskuzabaltasuna... Uste dut ahaztuta izan ditugula azken urteotan. Ederra da Robert Musscheren eskuzabaltasun hori baina baita bere emazte Vic-ena ere; senarra Musschek Erresistentziakoekin joan behar duela onartu egiten duelako. Edota Vic-ek zein ondo gordetzen dizkion aitaren gauza guztiak alabari. Alabak ondoren idazleari berari (Kirmen Uriberi) uzteko. Eskuzabaltasunak lotzen du liburua.
Bada nobelan pasarte bat, oso gustuko dudana. Herman Thiery idazlearen semearekin izandako elkarrizketa. Galdetzen zaionean, “zuk uste duzu Robert Mussche heroia zela?”, berak baietz esaten du. “Eta zein da heroiaren alde ilun hori?”, eta Thieryren semeak erantzun, “bere ingurukoen bizitzak zapuztu egiten dituela”. Nobelan badago eskuzabaltasuna, badago elkartasuna, baina zulo handi bat uzten du atzean eta niri gustatzen zait nobeletan bi alde horiek azaltzea, alde baikorra eta alde ilunagoa.
Nobela honen bitartez Mussche idazle flandiarraren berri izan dugu.
Flandesen ez da hain ezaguna, Herman Thiery bai. 100 urte jaio zela ospatu berri dute eta sekulako gorazarrea egin zaio Thiery-ri.
Nire nobelan, Robert Musschek idazten duenean Flandesko hizkuntzari buruz, hor ni naiz. Gogoeta horiek balio dezakete gure hizkuntzarentzat. Bere hizkuntzako literatura ez da akaso alemanaren edo frantsesaren mailakoa izango. Baina bere auzoko langile jendeak bere hizkuntzan literatura egiten duenean, ba munduan bere tokia aurkitzen du. Eta nitaz ere gauza bera esan daiteke. Nik neure burua munduan ikusten dut euskaldunen hizkuntzan literatura eginez.
Liburuaren aurkezpenean aipatu zenuen eta deigarri egin zitzaidan oso: biografia modukoa egitea baino, fikzioa idaztea eskatu zizun Robert Musscheren alabak.
Alabarentzat biografia zerbait hila delako, gorazarre moduko bat, ez gehiago. Berak nahiago zuen zerbait bizia egitea: bere aitaren inguruko liburu bat egin eta liburu horrek bizia edukitzea. Alabak argi ikusten zuen biografia batekin mugak jarriko lizkiokeela idazleari, eta berak nahiago zuen idazlea libre sentitzea. Nobela eder bat idaztea eta liburu hori jendeak irakurtzea, ezta?
Alaba oso intrigatua dago orain, zer nolako itxura eman ote diodan bere aitari. Horrek kuriositatea sortzen dio. Berak ere ez zuelako aita ezagutu, oso denbora laburrean ezagutu zuen baina ez zen akordatzen bere aitarekin. Objektuak, liburuak… hori dena zuen eta hortik irudi bat sortu du. Eta Musscheren alabak nahi zuen nik beste irudi bat sortzea, beste aita bat, eta hori ederra da.
Eta fikzioaren bitartez, bere aitaren inguruko istorio bat itzuliko diozu trukean.
Nobelan eszena gehienak asmatuta daude, baina azkenean asmazio horrekin bizitza ematen diezu pertsonaiei, hurbilagotu egiten dituzu… Hori da fikzioaren magia. Ez du bizitza sortzen, ze hori ezin da, baina literaturak halako bizitza ilusio bat sortzen du.
Robert Mussche ari zaigu hizketan baina Kirmen entzuten gara. Uste hori gailendu zaigu maiz. Hori da jokoa azken batean, ezta?
Nire estiloak badu ezaugarri hori, errealitatea eta fikzioa nahasteko joera hori. Nik filmak egingo banitu, erdi dokumentalak eta erdi fikziozkoak izango lirateke. Literaturan ere hori egiten saiatzen naiz. Pertsona errealak hartzen ditut, pertsonaia gisa fikziora eramateko. Hori konpromiso bat da azken batean; errealitatera lotzeko dudan joera hori eta pertsona errealak erabiltzeko joera hori. Baina ez naiz bakarra estilo horretan.
Bilbao-New York-Bilbao nobelarekin alderatuz, pertsonaiak lantzen ahalegin handiagoa egin duzu oraingoan.
Bilbao-New York-Bilbao nobelan, idazle bat doa hegazkinean eta bere pentsamendua agertzen da. Eta pentsamenduak jauzi asko ditu, alde batetik bestera egiten du, aurrera eta atzera, pertsona batetik bestera… Zortzi ordu horietan pertsona hori pentsatzen ari dena kontatzen da.
Baina Mussche ez da pentsamendu nobela bat. Mussche narrazio bat da. Idazle batek lagun bati egiten dion narrazio bat eta horregatik da askoz linealagoa eta edozein narrazioetan bezala, pisu gehiago dute pertsonaiek.
Gerra giroa dago atzean, baina pisua pertsonaiei eman nahi nien eta pertsonaien arteko harremanei, gorabeherei… Hiru pertsonaiak modu anitzean erretratuak daudela iruditzen zait eta pozik nago horregatik.
Garai ezberdinetan bada ere, ezintasunei aurre egiten lan handiak izango dituzte hiru protagonistek.
Robert Mussche oso inplikatua dago gizartea hobetzeko ahaleginean baina harreman pertsonaletarako ez du dohain handirik. Badu gatazka bat hor. Vic ezagutzean gainditzen ditu zailtasun horiek. Baita sexuan ere. Uste dut nobelan sexua ere oso inportantea dela.
Herman Thiery-ren barne gatazka ere hor dago. Idazle izan nahi du eta idazlearen anbizio horiek jartzen ditu Robert Mussche lagunaren gainetik.
Vic izango da (Mussche-ren emaztea) pertsonaiarik osoena edo zentzudunena. Baina zentzu horiek zapuztu egiten dira bakarrik geratzen denean.
Gustura nago pertsonaia guztiak alde askotarikoak direlako.
Bi zati bereizi daitezke nobelan. Errealitatean gertatu zen bezalaxe, nobelako kontakizunak ere argitasunetik ilunera egingo du.
Nobelaren lehen zatian, artean Herman Thiery eta Robert Mussche gazte direla, egoera argitsu bat islatzen da. Paradisuan daude biak, bizitzan ez dago beste kezkarik.
Baina nobelaren bigarren partean ikusten da gauzak ez direla hain sinpleak. Robert gerrak hilko du eta Herman noraezean ibiliko da bere helduaroan… Gizakian zuten sinesmen hori galdu egingo dute biek.
Arrakasta handia izan zuen zure lehen nobelak baina ika-mikarik ere eragin zuen. Nola gogoratzen dituzu zalaparta egun haiek?
Esango banu ez zidala eragin gezurretan ariko nintzateke. Ez ziren urte errazak izan. Ni euskal kulturakoa sentitzen naiz, gaztetatik. Eta bapatean, halako zurrunbiloan aurkitzen zarenean gauza batzuk min egiten dizute eta ez da erraza eramaten. Baina arrakastaren bideak zabaltzearen alde txar bat hori dela ikasi dut. Hori ere onartu egin behar dela.
Plazarako bidea hartzerakoan beti gerta daiteke, egiten duzun hori batzuentzat gustuko ez izatea.
Bai, eta egia esan gauzak askoz lasaiago hartzen ditut orain, eta onartu egiten ditut kritikak. Garai hura igaroa ikusten dut eta gustura nago nobela berriak Durangon izan duen harrerarekin.
Tirabirak tirabira, irakurlego zabal bat zenuen zain. Mussche da horren adibide garbia, ezta?
Bai, hor ematen du ez duela eraginik izan. Irakurlea inteligentea da eta badaki gauzak neurtzen. Eta idazleok ere ikasi behar dugu horretan.
Bilbao-New York-Bilbao euskarazko nobela salduenen artean dago. Ez dakit presiorik sentitu ote duzun Mussche idazteko orduan.
Nik idazten gozatu egiten dut. Presio hori egon badago, baina behin idazten jartzen zerarenean desagertu egiten da. Eta Musscheren kasuan esango nuke erabat desagertu dela.
Beharbada, Bilbao-New York-Bilbao nobelan presio gehiago sentitu nuen, baina Musscheren kasuan erabat desagertu da. Pilotariek egiten dutena egin dut: jokatu. Ongien dakizun moduan jokatu eta gozatu. Eta hori egin dut Musscherekin. Gozatu egin dut liburua idazten.
Bilbao-New York-Bilbao hamabi hizkuntzatan eman da argitara. Musscheren itzulpenak ere bidean izango dira akaso?
Gaztelaniara, katalanera eta galegora itzuliko da eta frantsesez ere argitaratua izango da beranduago.
Poesia liburu bat prestatzen ari zinela uste genuen. Baina nobela batekin agertu zara Durango Azokan. Kirmen Uribe poetaren zaletuek noiz arte itxaron beharko dute?
Idazten ditut poemak eta, barru barrutik, beti izango naiz poeta. Agertuko da noizbait poema liburua. Baina tira, 12 urte beranduago atera du liburua Rikardo Arregik. Behar bada nik ere 12 urte beharko ditut hurrengoa ateratzeko, kar, kar, kar.