literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Juan Luis Zabala
Euskaldunon Egunkaria, 2000-11-03
Pablo Sastre:
«Nahiago dut hizkuntza sakratuari traizio egitea, neure buruari baino»

Susa argitaletxearen eskutik, bere hamaikagarren liburua plazaratu berri du Pablo Sastrek: ‘Henriren irudia’. Bilaketa baten kontaketa da nobela berria: Xan, pertsonaia nagusia, bere aspaldiko lagun Henriren bila, haren auzunera heltzen delarik abiatzen da kontakizuna. Narratzaile gisa, aspaldian, “sinplearen, eroaren, ergelaren ikuspuntua” interesatzen zaiola adierazi du Pablo Sastrek.

Hemezortzi urte dira Pablo Sastrek bere lehen liburua plazaratu zuenetik: Mugarria nobela. Harrezkero beste hiru nobela eta sei ipuin liburu zituen argitaratuak Susak Henriren irudia plazan jarri baino lehen.

Nola sortu zen Henriren irudia idazteko ideia?

Nire Itzalaren ertzean liburuko ipuin bat, Ez beste guztiak izenekoa dago nobelaren oinarrian.

Amets giroan dago kontatua nobela, eta Franz Kafkaren Prozesua ekartzen du gogora zenbait alderditan: liburuko giroa, aurkitzen dituen emakumeek Xanengan sortzen duten lilura, topaketa harrigarriak...

Zuk aipatutako elementu horiek ez dizkiot, uste dut, zuzenean inori ere zor, oso nire baitakoak dira. Hala ere, “oso nire baitako” horretan kaleko edo mendiko eta familiako bizikerekin batean, hainbat irakurketa ere sartu egiten dira, eta irakurketa horietatik toki preferentziazko batean, duda gabe Franz Kafka dago; beharbada bereziki liburu honetan. Hala ere Prozesua baino Gaztelua aipatuko nuke: Xan K bezalatsu dabil, beti norbait edo zerbaiten bila, ez baitu atzematen...

Onirikoa ez ezik, nobela intuitiboa eta poetikoa da, iradokorra...

Poetikoa? Milesker, halaxe nahi nuke. Egia da liburu hau oso neure barrukoa dela, eta hain zuzen ere, baliteke zuk esaten duzunez sugerentea, hortik aurrera ez dut ezer esan nahi izan; liburua irakurri duten lagun batzuek esan edo galdetu didatenei esan diet, ez dut mezu bat edo adierazteko premiarik izan, hor direnak, gai niretzat inportante baten inguruan antolatuta, dira nire... irudiak? ametsak? fikzioak? dena delakoak.

Zein da zuretzat inportantea den gai hori?

Gaia da “bestea”: beste nia, ni arrotza, beti present dagoena, izan gabe dena, paseoan bakarrik dabilena, batzuetan begiratu egiten didana.

Mezu garbi bat emateko asmorik gabe idazten duzula diozu. Baina idazterakoan behar da motibazio bat, motor bat.

Aspaldi honetan sinplearen, eroaren, ergelaren perspektiba interesatzen zait bereziki.

Kafka eta beste zein idazleren eragina du Henriren irudia-k?

Kafkaz gain, badira azken urteetan (hamabost urte bete nituenetik honako urteetan, esango nuke) irakurri eta gozatu eta baino zerbait gehiago utzi didaten liburu batzuk, horietarik asko aipa nitzake, zeren-eta bakoitz-bakoitzak zer-edozer uzten baitizu, eta badira esate baterako berrogeita hamarren bat liburu “nire klasikoak” direnak, hala ere liburu honetarako, ideia-emaile bezala, bereziki Sadegh Hedayat eta Juan Rulfo aipatu nahi ditut.

Zure aurreko liburua aurkeztean, Xabier Mendigurenek esan zuen “esateko modu propio bat” duzula: ahozko hizkeratik hurbilekoa. Horri eutsi al diozu nobela honetan ere?

Ezin diot narrazio guztietan estilo berberari eutsi, den kontalariak eta diren pertsonaiek kondizionatu egiten dute, hala ere, oro har, saiatzen naiz ahozko hizkeratik ez sobera urruntzen, askotan nire ahozko hizkeratik, prezisatu behar dut, dialekto nahikoa berezia baita. Horrek, askotan, aukera lexiko zenbaitentzat eztabaidagarri batzuk hartzera eramaten nau, espainolezko hitzak eta beste, nire baitako logikan baizik ez direnak agian ulertzen. Nahiago, beti ere, hizkuntza sakratuari traizio egin, neure buruari baino.

Zertan du zure liburu berriak aurrekoen antza eta zertan da bestelakoa?

Erreka bera da, orain harri koxkor batzuekin topo egiten dut, orain igel batek salto egiten du nire buru gainetik.

Irakurtzen al duzu azken urteotako euskal narratiba? Zer iritzi duzu?

Ez naiz euskal narratibaren irakurle metodikoa. Irakurtzen ditudan aleetan, berriz, oro har, sorpresa gutxi hartzen dut. Normala da, ze irakurri baldin baditut esaterako Babel, Kristof eta El Hakimen liburu bana hurrenez hurren, eta laugarrena bertoko bat hartzen badut, ba, horrek ez dit, entenditzekoa denez, besteak bezain besteko inpresiorik egingo. Dena dela, uste dut gure mailan, poliki-poliki, ez txarto ari garela.

 

Bilaketa