literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Amagoia Mujika
Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-25
Harkaitz Cano:
«Pertsonaiei aurpegi ezagun bat jarri ezean, ezin hitzik jarri haien ahotan»

Erakunde armatu bateko kideak —Olatz, Marta eta Pataki—, eta Cesar Telleria ertzaina ditu protagonista Harkaitz Cano idazle lasartearrak Pasaia Blues lan berrian. Bi istorio osatzen dituzten pertsonaia horiek Pasaian elkartuko dira. Nobela poliziako kutsua duen istorioa da, Susa argitaletxearen eskutik argitaratutakoa.

Hemen eta gaur kokatutako istorioa dela diozu.

Aurreko nobelan tronpeta jole beltz baten istorioa kontatu nuen, euskal oinordekoak bazituen ere. Lagunek beti esaten zidaten zergatik ez nuen zerbait errealistagoa egiten, hemen kokatutako gertakariak idazten. Nik ere banuen halako kezka bat horren inguruan, eta gertukoa eta errealagoa zenari buruz idaztea pentsatu nuen. Hemen kokatua da, erdi poliziakoa, poliziako faltsua.

Beluna Jazz New Yorken kokatutako istorioa hemen idatzi zenuen. Ordea, Pasaian kokatutako istorio berria New Yorken idatzi duzu.

Horrela gertatu da, eta ez dakit zergatik. Ingurukoek esan izan didate ea ezin dudan idatzi nagoen lekutik nagoen lekuari buruz. Orain arte ez da horrela izan, baina, besterik gabe, ez da arrazoi berezirik egon hori egiteko.

Istorioa erreala bada, pertsonaien gorpuzkera eta istorioaren beraren argudioa errealitatean oinarriturikoak al dira?

Arian-arian sortuz joan dira pertsonaiak, baina niretzat aurpegi zehatz bat dute. Aurpegi ezagun bat izan ezean ezin baitut idatzi, ezin dut hitzik jarri haien ahotan. Badute aurpegi bat niretzat, baina irakurlearentzat beste bat eduki behar dute. Ezezagunak direnez haientzat, nork berea imajinatuko du. Horrez gain, hainbat kontu erabili baditut ere argudiorako, nobela bat da, fikzioa, alegia.

Istorioa bi hari nagusitan banatzen duzu.

Hari bat fisionomista baten istorioa da. Berez Ertzaintzaren barruan dago, baina detektibe berezi bat da, dabilena hiriz hiri jendearen bila. Argazki katalogoak bidaltzen dizkiote, eta katalogoetakoen bila aritzen da kalean. Beste haria Pasaiako etxebizitza batean bakarturik dauden bi emakumek osatzen dute; komando bateko kide dira, eta horiek daramaten bizitza da haria. Ertzainaren katalogo batean azalduko dira, eta Pasaiara joan beharko du haien bila.

New Yorken idatzi duzu. Pasaiak ba al du hiri horren ukiturik?

Agian eragin klimatikoa dago. Euskal Herrian ohikoa dena baino hotz handiagoa egiten duelako eleberri honetan. Bestelako eraginak beharbada izango ditu, baina ez agerikoak. Han nengoela nobela poliziako asko irakurri nituen, baina bestalde, ez da nobela poliziakoa oso-osoan, tranpatxo batzuk egiten ditugu.

Zein helbururekin egin duzu liburua?

Azken batean entretenigarria izatea nahi nuke. Kutsu poliziako faltsuaz eta intriga apur bat sartuz lortu nahi dena. Irakurleari dagokionez, ez dut irakurle konkretu batengan pentsatzen idazterakoan. Badakit irakurriko nauen horrek ez nauela ezagutzen, eta beraz, ezin dut idatzi niretzat eta nire lagunentzat idatziko nukeen kodean. Saiatzen naiz edozein irakurlek ulertuko duen kodeekin idazten.

Jazz-aren eta blues-aren ondoren izango al da hirugarren doinurik?

Ez. Nire asmoa ez zen trilogia bat egitea. Datorrenera begira hainbat ideia badauzkat. Jaka Fundazioaren beka dut hurrengo lanerako, eta poema liburua izango da. Asmoa dut New Yorkeko istorio batzuk kontatzeko, han idatzitako zenbait ekarri ditut nirekin, osatu behar ditudan arren.

Idazteko modua errepikatuko duzu, beraz: han hemengoari buruz, eta hemen hangoa idaztea, alegia.

Bai, nonbait. Hango istorioak gordetzen joan naiz, eta horiek kontatuko ditut, besteak beste.

Zer ekarri duzu New Yorketik?

Umildade puntu bat. New York-eko Kennedy aireportura jaitsi bezain laster ikasten hasten den zerbait. Hasieran hizkuntza aldetik nituen umiliazio txiki horiekin, eta beste hainbat gertaerarekin, nia bere tamainara egokitzen da, instant batean. Eta pilak kargatzeko oso aproposa izan da. Metroan sartu, azken geltokiraino joan, han dagoena ikusi eta ibilbide horretan bi ipuin idazteko adina material topatzen duzu.

 

Jazz-a eta gero blues-aren sonean

Harkaitz Canok aurreko nobelaren (Beluna Jazz) jarraipen gisara aurkeztu du Pasaia Blues eleberria. Aurrekoa Jazz zen, tronpetajole bat agertzeaz gain, istorioaren egituran ere eragina duelako: jazza musika esaldi nagusiaren errepikapenaren gainean egiten den inprobisazio melodia izanik, istorio hartan egitura nagusi baten inguruan jira-biraka aritzen da Cano. Orain, berriz, blues-a ere egitura forma bati erantzutera dator. Pasaia Blues-ek sei atal ditu: zai, zoi, bele, arma, tiro, eta azkena blues. “Epilogoa da nolabait blues atala, beste ataletako gorabeherak biltzen ditu”, dio Canok.

Blues-a hitz arriskutsua da Canorentzat: “Garai batean asko erabiltzen zen; oso modan zegoen poema bati edo ipuin bati jartzea. Beldur nintzen ez ote zen izango hitz erraz bat, komodin bat. Baina jazzari jarraipena eman nahi nion, eta azkenean, erabiltzea erabaki nuen”.

Hasieran, ordea, Dinamita Blues izena ezarri zion lan berriari. Hala ere, kontsultak egiterakoan hainbat txantxa egin baitzizkioten, dinamita kendu eta istorioa kokatzen den lekuaren izena jartzea erabaki zuen.

 

Bilaketa