literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
Montse Arregi
Euskaldunon Egunkaria, 1998-12-02
Iņigo Aranbarri:
«Diskurtso poetikoa narratiboagoa da, eta horretan eragina izan dute errezitaldiek»

Poesiara itzuli da Iñigo Aranbarri Harrien lauhazka liburuarekin, Aurreko poesia liburua kaleratu zuenetik bederatzi urte eta hainbat gogoeta zein esperientzia igaro dira, eta horiek guztiek bere lanean isla dute. Susa argitaletxearen eskutik Joseba Jaka beka jaso ostean , kaleratutako poesia liburuan bidaia bat kontatzen du egileak, etxetik mugitu barik egin daitekeena.

Zapataren oihana aurreko liburuaren ondotik, lurra irabazi ezinik dabiltzanak dituzu berriro hizpide.

Beno, egia esan, abiapuntua ez dira egungo poemak. Batzuk 91-92an egindakoak dira. Poemek hartu duten egituraketan zerikusi handia izan dute Europan bertan bizi izan ditugun zenbait gatazkak, eta baita mundu guztian izan direnak ere. Ondorioa ikaragarria da. Gerrarik gabe, Bosnia, Txetxenia, Kosovo... guretzat ez lirateke existituko. Ongizatearen gizarteak ez du harako biderik egin. Eta ez du egingo. Errukia da saltzen dena. Eta honek nekez du zerikusirik gatazkaren aurpegiekin. Hor badago barrendu beharreko distantziaren teoria bat, ezinaren inguruan bildua. Azken batean, bakoitza den tokikoa da, eta horren zama ikaragarria da. Lurraren indarra.

Gai berbera errezitaldietan ere landu izan duzue, ezta?

Bai. Zenbait errezitaldi eman izan ditugu, bai Otamendirekin, Izagirrerekin, Edorta Jimenezekin eta abar. Lau bat esperientzia diferente izan dira urteotan, betiere enfoke ezberdinarekin, baina gai hori beti oso presente egon da. Lurrarena oso kontzeptu interesantea izan da, aberriarena baino gehiago. Hasieran, lan honen proiektua bekarako aurkeztu nuenean Lurgabetuen urratsetan izena zeukan. Kanpoan dagoen diskurtso bati erantzuteko apustu bat zen, hau da, utzi euskalduna izateari eta izan zaitezte denak bezalakoak dioenari erantzutekoa. Neurri batean badago ahalegin bat urruntzeko norberaren lurretik, kanpotik ikusi eta bueltatu.

Urrundu, kanpotik ikusi eta itzuli. Bidaia horretan zu zeu zara bidaiari?

Bai. batez ere ni neu, kolektibizatze hori hainbestean ez dut topatu. Gai zail bati ikuspegi pribatu eta subjektibo batetik heldu nahi izan diot. distantziamenduaren teoria norberaren baitara ekarri.

Zu zeu, beste lan batzuetan baino ageriago gelditu al zara?

Bai, ze hor kontatzen diren poema gehienak esperientzia pertsonaletan oinarrituta daude. Hala ere, orain arte egin dudan poesiaren aldean badago beste biluzketa prozesu bat, bideak berak eman duena. Azken poema liburua duela 9 urte atera nuen eta egon da poetikan aldaketa bat. Lehengo poemak agian analitikoagoak ziren, hotzagoak. Hemen beste kode bat erabili dut.

Aldaketa horretan eraginik izan al du errezitaldietan aritzeak?

Zalantzarik gabe. Errezitaldiak eskatzen dizu poema narratiboagoa izatea, erritmo luzeagokoa izatea, behin bakarrik entzutekoa baita. Nolabait, egon da entzuleekin eta orain irakurleekin konektatzeko ahalegin handiagoa. Lehengo bidea ez dut uste osorik ahaztuta dagoenik. Baina diskurtso poetikoa narratiboago bihurtu da, erritmo aldetik luzeagoa, eta horretan eragin handia izan du errezitaldietan ikasitakoak.

Harrien lauhazka liburuko poemak elkarri lotuta daude, eta ez da beraz, bilduma hutsa.

Aurreko poema liburuetan ere saiatu naiz guztiei nolabaiteko lotura ematen. Agian sinbolismo aldetik zegoen lotura nagusia, eta kasu honetan sinbologia bera baino gehiago, puzzle beraren osagaiak direla esango nuke. Gainera, bidaia itxurak beti ematen dio liburuari batasun bat. Badira baita jolas txikiak bertso-lerroen artean, batasun hori bilatzen dutenak. Alde horretatik liburu koherentea egin nahi izan dut. Poema bilduma bat baino gehiago poema liburua da proposamena.

Aranbarriren harriok, ba al dute zerikusirik Arestiren harriekin?

Egon daiteke keinu bat Arestiren harriei, revised moduko bat, haren heriotzaren 25. urtemuga gainean dugula. Baina munduko literatura guztia dago harriz josia. Harri bizidunak dira beti, lurra gai bizi eta bizigai bilakaturik. Hitz egiten duten harriak, negar egiten dutenak, mina salatzen dutenak... Ez da dudarik elementu indartsua dela. Eta oihartzunez betea inondik ere.

Joseba Jaka beka jaso zenuen liburua landu ahal izateko. Saria baino hobea al da beka?

Idazleen aldetik beti planteatu izan da laguntza sistema lehiaketarena baino egokiago dela. Lehiaketa batean saridun izatea ona izan daiteke, baina beken sistema justuagoa da. Idazleari gehiago laguntzen dio. Proiektu bat aurrera ateratzen laguntzen dizute. Idazlearen aldetik ona da, konpromiso bat hartzen duzulako lana epe batean bukatzeko. Bekarik gabe, seguru naiz denbora gehiago emango nukeela liburua osatzen.

Literatura konprometitua al da egiten duzuna?

Beldur handia ematen dit hitz horrek, normalean gutxiesteko erabiltzen delako. Lore bati buruz idazten duenak, esaterako, beste mota bateko konpromisoa izango du. Beraz, ez zait gehiegi gustatzen terminologia bera, eta uste dut esperientzia nahiko txarra izan dugula Euskal Herrian berba horrekin.

Batzuetan militantea deitu izan zaio, bestetan konprometitua, eta beti poesiaren beraren kaltetan. Oso erabilera okerra egiten da, oso adjektibo arriskutsua iruditzen zait. Normalean poesia panfletarioarekin lotzen da, eta uste dut oso urruti gaudela horretatik. Justu panfletismotik hanka egiteko ahalegin bat egoten da.

Azken aldian poesia idazle gazteak ugaritzen ari direla dirudi.

Ahots berri asko dator poesiara, eta hori beti da aberasgarria. Egoera politiko berriaren aurrean gazteek poesian egin dezaketen ekarpena interesgarria izango da oso. Diskurtso berrien garaia da heltzeko dagoena.

 

Bidaia baten atalak

Zazpi atal ezberdindu daitezke Iñigo Aranbarriren liburuan; bidaiek izan ohi duten ihes egite, deskubrimendu, herrimin eta itzuleraren osagaiak dituztenak, besteak beste. Bidaian urruntze bat ikusten da hasieran. “Lurrak hiltzen gaituen momentu horretatik badaukagu. neurri batean, urrundu beharra”, dio idazleak. Liburuan aurrera egin ahala, hainbat arazo planteatzen ditu egileak, “ez gu gure buruarekiko bakarrik, besteekiko ere; besteekiko zein harreman daukagun, zelan planteatu izan ditugun zenbait gauza nazioartean... Iheslaria. bere herritik urruntzen dena, jabetzen da badagoela ezin bat aurrera egiteko, ez bada atzean utzi duen beldur hori gabe”.

Aranbarriren hitzetan, esperientzia asko ditugu, hizkuntza aldetik bertatik, guk bezala munduan askok ere; hor badago ezinaren poetika bat, liburuaren erdian edo”. Itzuleraren ideia agertzen da liburuaren azken zatian. ”Ez da orain asmatutako zerbait; bada liburu bat nik asko maite dudana, Aime Cesaire poeta martinikarraren Sorterriratze baten koadernoa. Itzultzen zarenean ezin horrekin segitzen duzu”, deritzo poetak. Bidaia fiktizioa dela, eta herritik atera gabe egin daitekeela nabarmendu du.

Zazpi atalotan banatutako poemetan joko asko dagoela dio Aranbarrik. “Lurrik gabeko herria esatea gauza ebidentea da, harantzago joan behar zela pentsatu nuen. Irudi aldetik, esaterako, oso esperientzia ona daukagu: lurrik ez dugula eta gure hildakoei ere askotan lurrik ez zaiela ematen. Hor egon da Lasa eta Zabalaren kasua, abiapuntu bezala, oso poema narratiboa. aipatu gabe, baina uler daitekeela uste dut”. Liburuan aurrera eginda, hizkuntza bera komunikaziorako traba izan daitekeela agertzen da. “Ez hizkuntza euskara, poesia bera izan daiteke traba, ez dugulako garbi esaten esan behar dena, askotan poesiari egiten zaion akusazioa gogora ekarriz. Jendeak esloganak nahi ditu, eta poesiak horietatik oso urrun egon behar luke. Bada beste gogoeta tipo bat esloganetatik oso urrun dagoena”, azaldu du idazleak.

 

Bilaketa