literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Edurne Elizondo
Euskaldunon Egunkaria, 1998-11-19
Jon Alonso:
«Egungo artean zaila da ona eta adar jotzea bereiztea»

Joseba Jaka bekari esker, Camembert helburu, Toulouse-Lautrec mende bat geroago liburua plazaratu berri du Jon Alonso idazle iruindarrak, Susa argitaletxearen eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren eskutik. Eleberriz mozorrotu du idazle nafarrak bere lan berria, “irakurleen arreta errazago erakartzeko”. Toulouse-Lautrecen Camembert koadroa hartu du Alonsok idazlanaren ardatz. Lautrecen lagun François Gauziren arabera, garaiko pintoreen fama neurtzen zuen Salon edo aretoan sartzeko margotu zuen pintoreak Camembert koadroa, “bere buruari traizio eginez”. Epaimahaiak, ordea, ez zuen gustuko izan Lautrecen lana. Lautrecen margoa aztertu ez ezik, arteari buruzko gogoeta orokorra egin du Alonsok.

Egindako lanaren emaitzarekin kontent da Jon Alonso idazle iruindarra; ‘Camembert helburu’ plazaratu ondoren, irakurleen iritzia jasotzeko unea iritsi zaio orain. Atzo goizean, Nafarroako komunikabideen aurrean aurkeztu zuen egile iruindarrak liburua, eta, arratsaldean, jendaurrean. Aurretik, Egunkariaren galderei erantzun zien.

Idiaren eraman handia saiakera, lehendabizi, Katebegi galdua eleberria ondoren, eta, orain, Camembert helburu, eleberriz mozorrotutako saiakera; zer dela eta nahasi dituzu bi generoak? Irakurlearen arreta errazago erakartzeko?

Bai; hasieran nire ideia saiakera egitea zen, baina ez oso saiakera akademikoa, hala ere; narrazioarekin zerikusirik izanen zuen saiakera egin nahi nuen. Liburua taxutzen hasi, eta konturatu nintzen saiakera eleberriaren elementuekin nahasiz gero emaitza hobea izanen zela, eta errazago lortuko nuela jendeak saiakera irakurtzea, aspertu gabe.

Saiaketak mozorrotu egin behar dira irakurleak ez aspertzeko, beraz?

Saiakerak, batzuetan, aspergarriak izaten dira, errua bi aldeena da, idazleena eta irakurleena. Alde batetik, saiaketak egiten dituzten idazleek uste dute edozeinek ulertzeko moduko gauzak esaten badituzte ez direla onak, eta, beraz, sekulako idazlan astunak egiten dituzte; bestetik, irakurleak ere badu errua, irakurketa batzuk arreta gehiago eskatzen zutelako, eta irakurlea, askotan, ez dagoelako horretarako prest. Hori dela eta, gaur egun saiakerak oso jende gutxik irakurtzen ditu.

Albino Museoan Henri de Toulouse-Lautrecen lanak ikusteak eragindako emozioak bultzatu omen zintuen margolariaren inguruko idazlana egitera; nola iritsi zinen Lautrecengana?

Ez naiz pinturan aditua baina beti izan dut pintura ikusteko zaletasuna. Duela hiru urte frantseseko ikastaro bat egiten ari nintzen, eta asteburu batean, alboan zegoen Albiko Museora joan nintzen. Museo handia da, eta hainbat buelta eman ondoren, halako gustua hartu nion, eta hortik abiatuta hasi nintzen pintoreari eta bere garaiari buruz irakurtzen. Urte berean edo hurrengoan, gainera, Madrilen March Fundazioak Lautrecen erakusketa egin zuen, eta hura ikustera propio joan nintzen. Konturatu nintzen saiakera bat egiterik bazegoela, eta Joseba Jaka bekaren berri izan nuenean, proiektua aurkeztu, onartu, eta lanean hasi nintzen.

Zeintzuk dira saiakera honen bidez zehaztu nahi izan dituzun Toulouse-Lautreci buruzko ildo nagusiak?

Toulouse-Lautreci buruz asko idatzi da, eta banekien ez nuela ezer berririk deskubrituko, dena egina baitago. Lautrecek oso fama txarra zuen hasieran, hil eta berehala, batez ere, erabiltzen zituen gaiak erabiltzen zituelako: putetxeak, alkohola eta abar. Lautrecen kontra kritika asko izan zen, eta, aldi berean, beste batzuk bere alde egin zuten. Haiek lortu zuten, 1922. urte inguruan, Albin museo bat egitea, eta, handik sortu zen Lautrecen irudia garbitu nahi zuen kritika lerroa. Tartean ziren Maurice Jayant eta Arsene Alexandre; haiek jarri zuten, batez ere, gaur egungo lerro kritiko indartsuenaren oinarria. Horri ezer gaineratzea zaila da, baina iruditzen zait, orduz geroztik 70 urte igaro direnean, haiek esandakoa beste hizkera batez esateko aukera badagoela, kritika lerro hura hasi zenez geroztik izan direlako arteari buruzko beste aditu batzuk, beste datu batzuk ekarri dituzten adituak, esate baterako Ernst Gombrich. Kontua da, beraz, kritika hori berrikustea eta eguneratzea. Horrekin batera, arteari buruzko gogoeta orokorra dago liburuan.

Liburua idatzi ondoren, zein da arte modernoari buruzko zure pertzepzioa?

Liburuan ez naiz horrenbeste gaur egungo arteari buruz mintzatu; hala ere, iruditzen zait, neurri batean behintzat, gauza faltsua edo artifiziala dela. Gaur egun, merkatuak izugarri agintzen du, diru asko mugitzen du, eta horrek goitik behera baldintzatzen du arte modernoa. Bestetik, beste osagarri bat dago, exegesia; autoreak zerbait egin nahi izan omen duenean, gero ondotik badator kritikoa, esatera benetan zer egin nahi duen artistak.

Orduan, exegesia da, azken finean, arteari balioa ematen diona, eta exegesi hori, askotan, konprenigaitza, hutsala da, ez du barrutik ezer. Gaur egun gaitz hori du arteak. Ez arteak bakarrik, gainera; neurri batean, gauza bera gertatzen da literaturarekin, eta poesiarekin batez ere.

Literaturaren eremuan ere merkatuaren aginpidea nagusitzen-da?

Bai. Artearen alorrean exegeziaz hitz egitean, adibidez, beste horrenbeste esan daiteke poesiari buruz. Hori zergatik gertatzen da? Behar estetikoak izan badira, baina horrenbeste gauza ikusi eta egin direnean zaila da bide berriak aurkitzea. Gero eta zailagoa da bereiztea zer den ona, zer den ahalegin jator, zintzo eta langilea, eta zer den adar jotze hutsa. Horrek erakusten du nahiko absurdua ere badela; hori izan daiteke ondorioetako bat, artea absurdua dela, baina artea absurdua bada ondorengo ondorioa litzateke bizitza bera absurdua dela esatea, gu ere absurdu garela, eta hori oso gai sakona eta nahasia litzateke.

Euskal Herriko erreferentziak ageri dira liburuan; zer asmorekin?

Batetik, tramarekin zerikusia zutelako sartu ditut, eta, bestetik, liburua gurera ekartzeko, alderatzeko hemengo orduko giro piktorikoarekin, eta horri buruzko gogoeta egiteko. Lautrecek harreman gutxi izan zuen Euskal Herriarekin, baina, egon, egon zen Euskal Herrian; Donostian hainbat aldiz, bai eta Miarritzen eta Hondarribian ere. Gainera, Zuloagaren ezaguna ere bazen Lautrec.

 

Itzulpengintzaren garrantzia

Idazle ez ezik, itzultzaile da Jon Alonso ogibidez. Egunotan, hain zuzen ere, Jose Saramago idazle portugaldarraren Historia do cerco de Lisboa euskaratzen ari da iruindarra; euskaraz irakurri ahal izanen dugun Saramago Nobel saridunaren aurreneko liburua izanen da, eta, ziurrenik, Lisboa setiatu zutenekoa izenez bataiatuko du Jon Alonsok.

Camembert helburu liburua idazten aritu den bitartean, apur bat bazterrean utzi du Jon Alonsok Jose Saramagorena; bere idazlana plazaratu eta jendaurrean aurkeztu ondoren, ordea, portugaldarraren obra euskaratzeari ekingo dio idazle nafarrak, berriro ere. “Urtebeteko epea dut liburua bukatzeko, baina lehenago amaitu nahiko nuke. Camembert helburu bukatu eta gero, lan horri eutsiko diot berriz ere”.

Saramagok literaturako Nobel saria eskuratu izanak euskarazko itzulpenari, agian, bultzada emanen diola uste du Jon Alonsok; hala ere, idazle portugaldarraren estiloa

euskaraz irakurtzea “gogor samarra” izan daitekeela onartu beharra dago egile nafarraren ustez. “Horrek, dena den, ez nau ni gehiegi kezkatzen; itzulpena egitea, niretzat, ariketa oso interesgarria izaten ari da, eta, halaber, iruditzen zait, itzultzen den literatura guztiak fruitu asko emanen duela denborarekin”.

 

Bilaketa