literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Juan Luis Zabala
Euskaldunon Egunkaria, 1997-10-24
Antxon Gomez:
«Basapiztiak galtzearekin batera gure kulturaren zati bat galdu dugu»

Bere lehen liburua aurkeztu zuen atzo eguerdian Donostian Antxon Gomez idazle gasteiztarrak: Susa argitaletxearen eskutik plazaratu berri duen ‘Abere, madarikatuak’ ipuin bilduma. Basozaina izaki, basoa eta basoko animaliak gertutik ezagutzen ditu Gomezek, eta basapiztiak dira liburuko narrazioetako protagonistak.

“Euskal Herriko basapiztien inguruko hausnarketa literarioa” da Abere madarikatuak ipuin bilduma, Antxon Gomezek atzoko aurkezpenean azaldu zuenez. “Horretaz aparte, basapiztia horiek gure kulturan izan duten garrantziaren aldarrikapena ere badago liburuan”, esan zuen Gomezek. “Animalia horiek Euskal Herritik desagertu direnean, gure kulturaren zati bat ere desagertu da, horien inguruan sinesmenak, mitologia bereziak eta gisa horretako kontu asko sortu baita mende askotan”.

Hiruki gisa irudikatu zuen liburua egileak. “Hiruki horren barruan, basanimaliak daude punta batean, basanimalia horien eta gizakien arteko harreman gatazkatsuak beste batean, eta bi punta horien arteko lotura gisa basanimalia horien inguruko sinesmen eta abarren mundu mitologikoa”.

Dokumentazio lan handia dago liburuaren oinarrian, Gomezek azaldu zuenez. Gaiaren inguruko liburu ugari irakurria da Gomez, eta, horretaz gain, urte luzeetan basozain izateak eman dion esperientzia ere oso baliagarri izan zaio. “Informazio asko jaso dut, bai neuk bizi izandako gertaeren bidez eta bai lankideei, baserritarrei edo ehiztariei entzundako kontuen bidez”. Liburuan kontatzen diren kontuetako batzuk benetan gertatuak direla esan zuen Gomezek, “kaleko irakurleari horrelako gertaerak Euskal Herrian gertatzea harrigarria irudituko bazaio ere”.

Sei ipuin ditu liburuak eta zazpi basapiztia dira protagonista. Ipuin bakoitzean basapiztia bat da protagonista, eta, guztien arteko lotura gisa, putre txuria guztietan ageri da. Honako hauek dira liburuko sei ipuinen izenburuak: Patariaren itzulera, Ortzadar-amuarrainak lapurtzen zituen igaraba, Bardeetako tigretxoak, Hartz orazionea, Zilarrezko azkonarra eta Irlandako itxas-txakurra. Basapiztia bakoitzaren marrazki bat ere aurkituko du liburuan irakurleak. Andoni Vechio izan da marrazki horien egilea. Azaleko irudia ere Vechiok egina da.

 

Sei ipuin, zazpi animalia

Liburuan ageri diren animaliei buruz banan-banan mintzatu zen atzoko aurkezpenean Antxon Gomez. Otsoa “maitasun eta gorroto handia pizten dituen animalia” dela esan zuen; igaraba, berriz, “bihurri eta sinpatikoa”; Gepardoari buruz mintzatzean, Euskal Herrian gepardo basatiak izan zirelako susmoak badaudela ekarri zuen gogora, eta susmo horietan oinarritu dela Bardeetako tigretxoak ipuina idazteko. Hartzaren zein azkonarraren inguruan sinesmen ugari dagoela esan zuen; esaterako, azkonarraren atzaparrak begizkoaren kontrakoak direlakoa edota azkonarraren larrua zorte onaren ekarle delakoa. Itsas-txakurrekin “lotura afektibo handia” sentitzen duela esan zuen, azkenik, Gomezek, eta Irlandan itsas-txakurrei begira denbora luzea iragan izan duela ekarri zuen gogora.

Antxon Gomez 1964an jaio zen, Gasteizen, eta Pagoetako parkean egiten du lan, basozain. Gomezekin batera, Susa argitaletxearen ordezkari Gorka Arrese izan zen atzoko aurkezpenean. Antxon Gomezen bestiarioan animaliak ez daudela “humanizatuta” azpimarratu zuen Arresek, animaliak agertzen badira ere ez dagoela fabularik.

 

Bilaketa