literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Joxi Ubeda
Euskaldunon Egunkaria, 1997-04-15
Koldo Izagirre:
«Poesiaganako jarrera zurruna pittin bat aldaraztea da asmoa»

Poema liburu berria aurkeztuko du Koldo Izagirrek gaur arratsaldean Donostiako Udal Liburutegian bertan emango duen poesia errezitaldi bat dela medio. ‘Non dago basques’ harbour’ zortzi urte pasatu eta gero argitaratu duen poesia lan berria da. Izan ere, 1989an argitaratu baitzuen aurrekoa, ‘Balizko erroten erresuma’. Itsas giroan bizi den ume bat da ‘Non dago basques’ harbour’ poema bildumako protagonista, eta gazte egiten den arteko kezkak, gogoetak eta sentimenduak jasotzen dira liburuko 64 poemetan zehar. Horietako hainbat grabatu ere egin ditu Koldo Izagirrek, eta Susa argitaldariak Gaztelupeko Hotsak disketxearen laguntzaz ekoiztutako 30 minututako kasetean bildu ditu. Idazleak liburu berriaren inguruan datozen egunetan emango dituen errezitaldietan lortu ahal izango da kaseta.

Koldo Izagirrek hainbat errezitaldi emango ditu ‘Non dago basques’ harbour’ poema liburuaren inguruan. Gaur arratsaldeko 19:30etan izango da lehenengo aurkezpen ekitaldia Donostiako Udal Liburutegian, bihar Bilboko Likiniano liburudendan izango da eta hurrengoak Donostian, Iruñean eta Gasteizen.

Liburuan dauden poema ugariren egitura eta errima ikusirik kantatzeko egokiak direla esan daiteke. Koplak ere badaude tartean. Poemak idatzita eta liburuan argitaratuta egoteaz gain, datozen egunetan izango diren jendaurreko ekitaldietan errezitatuak izango dira, eta haietako batzuk kasetean grabatuta daude. Poemak modu horietan emateko eginak daude?

Normalean duen dimentsio laburragatik, poema egokia izaten da jendeari errezitatzeko. Poesia irakurle gutxi dagoenez, bide honetatik dozenerdiren bat zale gehiago egiten dugun. Bestalde, desberdintasun handia dago poemagintza batetik bestera, eta baita egile beraren poema batetik bestera ere. Astuna ere izan liteke zenbait poema errezitatzea. Horretarako egokienak iruditu zaizkidanak emango ditut, baina idazterakoan ez nuen inolako helburu pedagogiko edo entzungarririk. Geroztik sortu zen gauza da, Gaztelupeko Hotsak ekoiztetxeko lagunen ideia zahar bati helduta. Baina kantatzeko egokiak omen direlako horretaz, Joseba Tapiak esan zidan behin edozein testu dela kantagarri, testuak indarra baldin badu.

Poesiari beste dimentsio bat ematea izan da zure asmoa?

Ez, hori demasakoa da niretzat. Nahikoa lan badut nik poema on bat lortzen, poesia berritzen hasteko. Asmoa, orain, liburua kaleratua dagoelarik, askoz ere apalagoa da: poesiaganako jarrera zurruna pittin bat aldaraztea. Eta honek arriskua dakar, errezitalditik epaituko baitute askok liburua, eta maila ona eman behar jendaurrean... Ezin esango dut urduri ez nagoenik.

Itsas giroan, portuan, bizi den ume bat da poema liburu berriko protagonista. Umeak hazi eta gazte egin arte ikusten dituen gauzak, bere sentimenduak, penak eta ametsak agertzen dira poemetan, baita bere herriaren inguruko kezkak ere. Blues-ak ematen dute.

Horixe da poesia hain zuzen, inguru barneratu batek sortzen ahal duen errealitate berria. Posible da, bai, blues-ak ematea. Mirandek uste zuenaren kontra, beltzak ez dira frantsesak, pertsonak baizik, eta batzuek idazten ere badakite.

Hainbat poematan agertzen den urpekontzi batean lan egiten duen Günter alemana gerrako galtzailea da. Bere gerra edo egoera Gerra zibilaren edo euskaldunen gerraren metafora da?

Günter-ek ez du kapitulazioa sinatuko. Derrotatua da, ez bentzutua. Jarraitu egiten du bere gerra, bere herrian goizetik gau kontzientzia onera etorri den gizarte faltsua eskandalizatuz. Hain satanizatuak gaude euskaldun batzuk ze, malditoen artean bilatu behar ditugun heroiak. Angiolillo protagonista duen nobela ari naiz burutzen.

Non dago basques’ harbour (Non dago euskaldunen portua) liburuko poemek euskaldunak noraezean dabiltzala adierazten dute?

Erantzunik gabeko galdera da. Nik behintzat ez dut behar. Hasperen bat izan liteke, baina ez galdera. Paradoxa bat.

Joxe Azurmendi, Joseba Sarrionandia, Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarrirekiko zorra aipatzen duzu poema banatan. Nondik norako zorra?

Azurmendiri asko zor diogu. Susak haren Manifestu Atzeratua argitaratu zuen duela hiru urte, separata batean. Poema hura premonitorioa izan zen, harrigarri luzidoa. Konfesio kolektibo bat. Poema haren espirituan sortu zait niri Komunikatu Atzeratua, amorrazio bat. Hainbat mezu bidaltzen dizkigu Sarrionandiak bere liburuetan, hainbat oihu triste eta gozo; nik-ere mezu bat bidali nahi izan diot euskaldun erratuari. Otamendik eta Aranbarrik lehenagoztik garaturiko ideia eta irudiek eman didate bide poemak egiteko. Poeta bat beti dago zorretan bere hizkuntzako poeta nagusienganako.

Nola antolatu dituzu datozen egunetako errezitaldiak? Zer egingo duzu?

Entzulego posiblea ez beldurtzeko, bi ohar: lehenengoa, ez dudala kantatuko; bigarrena, ez dela errezitaldi lehorra izango, saiatuko naizela gustagarri egiten. Entzun ahala ulergarri diren erritmoak hautatu ditut, eta aldiberean liburu osoaren ikuspegi bat eman dezaketenak.

Maiatzaren 8ra arte izango diren zortzi ekitaldi horiez gain gehiago egiteko asmorik?

Editoreak darama egutegia, morroi hartua nauka.

Kaseta nola banatuko da?

Errezitaldian salduko da, grabatzeko asmoa zutenek kopia txukun bat eduki dezaten. Horixe da helburua, ez besterik. Oso tirada laburra egin dugu, eta ez dugu handituko. Publizitatea dirudi, baina ez dugu asmo komertzialik kasetarekin. Poesia liburu bat promozionatu nahi dugu.

Laster liburu bat ateratzekoa zara gaztelaniaz, Incursiones en territorio enemigo.

Pamiela editorialaren eskaera bat izan da. Txema Larreak, Aranazek, Tere Irastortzak... engainatu egin ninduten nik kanporako erdaraz idatzia edo hitzaldietan emana publikatzeko. Engainatu, animatu... haiei zor zaie liburua. Gure hizkuntzaren eta literaturaren inguruko gogoeta xume batzuk besterik ez dira, zer esanik ez, gazi-gozoak.

Etsaiaren lurraldean ibili zara?

Gero eta gutxiago menderatzen dudan hizkuntza batean egin behar izan nituen lanok, alde batetik. Bestetik, entzulego espainola, katalana, galegoaren aurrean ezagutarazi. Ez da erraza euskaldunon saudadea adieraztea, gurekiko topikoak haustea. Inork gutxik daki zer den minorizatua egotea bere herrian bertan, bere alderdian bertan, bere familian bertan... Euskaldunekiko solidaritatea non dago Europan? Bretainan, beste inon ez. Adierazgarria da.

 

Bilaketa