literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Peru S. Gamarra
El Correo, 2012-11-24
[iturburua]
Harkaitz Cano:
«Idazle baten zeregina arriskuak hartzea da, lokatzetan sartzea»

Idazle batek edozein gairi buruz idatz dezake, baina, normala denez, batzuk errazago landuko ditu beste batzuk baino. Idazle horietako asko, adibidez, eroso sentitzen dira asmatutako nobela bat idazten, aldiz, arazo handiak izaten dituzte errealitatean gertatu diren zenbait egoera liburu batean jasotzen. Normala da. Ezinezkoa da gauza guztietan ona izatea. Horregatik, askotan ez dute arriskatzen. Segurtasun horretan askoz ere erosoago sentitzen dira. Aurrekoak funtzionatu badu, zergatik aldatu? Irakurle kopuru bat lortu badut, zertarako arriskatu? Hala pentsatzen dute askok. Honela zaila da aurrera egitea.

Badira, halaber, idazleak egun batean arriskatzea erabaki eta apustua galdu zutenak. Ezinezkoa da denek aurrera egitea. Hala ere, hau ez da Harkaitz Canoren kasua izan. Duela gutxi jaso du Euskadi Literatur Saria "Twist" eleberriarengatik eta Territoriosekin bildu da azken lan horren gainean hitz egiteko. Liburu honek, zalantzarik gabe, Euskal Herrian egon daitekeen gai zailenetako bat ukitu du: 80ko hamarkadan bizi izan zen gerra zikinarena, hain zuzen ere. Istorioaren mamiaren abiapuntua hori da, nahiz eta fikziozko pertsonaiak erabili dituen. Berak argi du: “Idazlearen zeregina arriskuak hartzea da”.

Lehenik eta behin, zorionak! Espero al zenuen Euskadi Literatur Saria lortzea?

Egia esan, ez nuen inolaz ere espero. Gainezka eginda nago zentzu horretan. Sarien kateaketa hau ezuste bat izan da niretzako.

Zer esanahi du honek zuretzako?

Zure lankideen oniritzia izatea oso garrantzitsua da. Euskadi Saria hori da azken batean. Idazle batzuek beste idazle bati ematen dioten aitortza. Baina honen aurretik ere, kritikaren eta irakurleen oniritzi hori jaso nuen eta asko baloratzen dut. Esker onez hartzen dut hau guztia. Gainera, sariaren parte materiala ez da gutxietsi behar, honi esker datorren urtean hilabete batzuk hartu ahal izango baititut irakurri eta deskantsatzeko.

Zergatik uste duzu eman dizutela? Zer da epaimahaiak baloratu duena?

Epaimahaiak egin zuen arrazoiketa horretan, liburuaren lehen zatia aipatzen da eta bereziki baloratzen da. Bestalde, nahiz eta nobela bat izan, nik uste "Twist"ek baduela karga poetiko handia ere. Gero bada gauza bitxi bat literaturatik haratago doana. Irakurleekin askotan ibili izan naiz solasean antolatzen diren literatur txoko horietan, eta horiek askotan esan didate liburuan agertzen ez diren zenbait gauza beraiek jarri dituztela liburuan. Bakoi-tzak bere esperientziak izan ditu eta jendea liburuarekin identifikatuta ikusteak asko pozten nau.

Jaso dituzun kritiketatik, ba al dago baten bat bereziki gogoratzen duzuna?

Ezetz esango nuke. Hainbeste hilabete lanean aritu zarenean, zaila da kritika batek ezustean harrapatzea. Hala ere, esan beharra dago, nahiz eta liburua ez gustatu, hemen egiten diren kritikak oso errespetuzkoak direla. Horren aurrean idazleok lerro artean irakur- tzen ikasi behar izan dugu. Askotan esaten ez diren gauzek dute garrantzi gehien.

Eta tokatu al zaizu honelakorik irakurtzea?

Bai, noski. Hala ere, ida- tzizko prentsaren kritikarekin baino jendearen jarrerarekin geratzen naiz. Irakurle batzuek lehenbiziko atalarekin asko disfrutatu dute, eta beste batzuk, ordea, ez dira gai izan hortik pasatzeko. Arrisku hori egongo zela susmatzen nuen, batez ere ukitzen nuen gaia zaila zelako.

Zaila da mundu guztia pozik izatea?

Bai, argi dago. Nik uste dut idazle batek beti arriskatu egin behar duela. Gure zeregina arriskuak hartzea da. Lokatzetan sartzea, alegia.

Gerra zikina, adiskidetasuna, sexua? denetarik du liburu honek. Nola kalifikatuko zenuke "Twist"?

Zaila da kalifikatzea. Esango nuke adiskidetasuna eta nortasunaren bilaketa direla liburuaren zentroak. Egia da, baita ere, gerra zikinarena askotan aipatzen dela, eta gainera hori da liburuaren abiapuntua, baina "Twist"ek nortasunaren eraikuntzari buruz asko hitz egiten du. Horretaz, gaztelerazko bertsioa bukatu dugunean konturatu naiz. Pertsonaiak etengabe ari dira euren nortasun propio hori bilatzen.

 

Adiskidetasuna

Zuk esan bezala, adiskidetasunak ere pisu handia du nobela gogor honetan. Gai zaila da aztertzen dena, baina azkenean zapore ona geratzen zaio irakurleari. Nahita bilatu al zenuen efektu hori?

Bai. Nire ustez liburuak ez luke bestela zentzurik izango. Kontuan hartu behar dugu desagerpen latz horien atzean hogei urteko gazte batzuk zeudela. Adin hori, gainera, bizitzaren erpina dela esango nuke. Euren arteko bromak, adiskidetasuna eta barruan zeukaten bizitzeko gogoa ahal bezain ongi islatu nahi nituen. Badakit orrialde gutxi direla, baina toki estrategiko batean egoteak euren efektua biderkatzen du eta azkenean zapore on hori geratzen zaio irakurleari.

Gaur egun ere egoera berezi bat bizi dugu. ETAk hiltzeari utzi dio, baina orain hau guztia kontakizun batean edota bat baino gehiagotan bildu behar da. Egunero ari dira komunikabideetan kontu honi buruz. Zein da literaturaren papera zure uztez?

Kontakizuna egiten joango gara, baina urteak beharko ditugu. Ezin dezakegu egun batetik bestera kontakizun bat idatzi. Ez ginateke denak ados egongo. Nire ustez, mosaiko erraldoi bat egin beharko dugu eta bertan ahots txiki asko sartu. Literaturak honetan asko lagundu dezake. Batez ere fikzioaren bitartez. Honi esker, hau guztia bizi izan duten pertsonen esperien- tziak lehen pertsonan kontatu ahal izango dira. Hori da fikzioak daukan abantaila nagusia. Gainera, ikuspuntu ezberdin asko erabiltzeko aukera ematen du.

Ba al duzu lan berririk buruan edo oporretarako garaia da?

Idazle batek ez du inoiz oporrik hartzen! (barreak). Buruan baditut zenbait ideia baina ez dakit zeini helduko diodan. Badaukat nobela labur bat erdi idatzita. Umorez idatzitako gezurti baten istorio labur bat da. Aspaldi daukat hor aparkatuta eta hartuko dudan hurrengoa izango dela uste dut.

 

Bilaketa