Bere lehen liburua aurkeztuko du gaur ‘Goenkale’ telesail ezagunean Xatur-en rola jokatzen duen Abelin Linazisoro bikoizle eta aktoreak. ‘Axun’ da Linazisororen eleberriaren izenburua, eta Susa argitaletxearen eskutik plazaratu du liburua zumaiarrak. Aurkezpena eguerdiko 12.30etan egingo da gaur, Donostiako Udal Liburutegiak San Jeronimo kaletik sartuta duen sotoan. Abelin Linazisororen ‘Axun’ eleberriarekin batera, beste eleberri bat ere aurkeztuko du Susak: Patri Urkizuren ‘Zoazte hemendik’.
‘Axun’ bere lehen liburua den arren, Abelin Linazisororen literaturzaletasuna ez da atzo goizeko kontua. “Gaztetan literaturzale amorratua nintzen”, kontatu digu, “baina ondorengo urteetan, politika zela eta ez zela, beste era bateko liburuak irakurtzen hasi nintzen”. 60ko hamarkadaren amaieran kartzelan sartu zutenean, irakurri ezezik idazteko lehen saioak ere egin zituen.
Urteak aurrera egin ahala ere zaletasunari eutsi dio Linazisorok. “Orain dela urte batzuk, alabei ipuinak kontatzen hasi nintzen, eta emazteak esaten zidan ipuin haiek idatzi egin beharko nituzkeela. Nik ez nuen, ordea, neure buruarengan konfiantzarik horretarako”. laz izan zuen gaixoaldi batek jarri zuen azkenean Abelin Linazisoro idazteko bidean. “Gerraosteko oinazearen memoria historikoa berreskuratu beharra dagoela iruditzen zait, ez delako askorik agertu ez zineman eta ez literaturan. Amari, izekori eta garai hura bizi izandako beste hainbat pertsonari egindako grabazioak nituen, garai hartako kontuekin. Gaixo nengoela idazten hasi nintzen, bizkarrezurreko minez, gora begira. Ipuin bat idatzi eta Julene Azpeitia sariketara aurkeztu nahi nuen, baina ez nuen garaiz amaitu eta ipuin hura, uste ez nuen bidetik, eleberri bihurtu zen.
Liburua argitara eman baino lehen, Koldo Izagirre eta Josu Landaren aholkuen laguntza izan zuen gero Abelin Linazisorok, eleberria biribildu eta hobetzeko.
Maitasun istorio bat da ‘Axun’, baina “fondo abertzalea” ere baduela diozu.
Langile abertzale bati gertatutako amodio istorioa da. Zineman edo lileraturan maitasun istorio gehienak lanbide liberalak dituztenen kontuak dira. Nik apropos aukeratu dut langilea. Baina hala ere ‘Axun’ ez da nobela soziala, nobela lirikoa da, sentimentala.
Denborapasa hutseko liburua da, ala badu beste zerbait gehiago?
Irakurtzen duenak esan beharko du hori. Ez dakit lortu dudan ala ez, baina nik ahaleginak egin ditut ‘Axun’ denborapasa hutsa baino zerbait gehiago izan dadin.
Ba al dago idazle jakin bat edo batzuen eraginik zure idazteko moduan?
Izatekotan ere, inkontzientea. Euskal literaturan, nik bene-benetan gustukoak Sarrionandiaren ipuinak ditut. Zoragarriak iruditzen zaizkit. Atxagaren ‘Obabakoak’ ere bai; gero egin dituenak ez hainbeste... Hasieran, berriz, Gabriel Aresti, Xabier Lete eta garaiko euskal idazleak irakurtzen nituen... Kanpoko literaturan, Garcia Marquez, Neruda, Cortazar, Carpentier, Dostoievski... Baina ez dakit nire liburuan horien arrastorik ageriko den.
Zure lehen liburuarekin batera idazle berria dugu plazan. Idazten jarraitzeko asmoa al duzu?
Nahikoa zalantza badut. Kontakizun labur bat idazten ari naiz orain; amari, izekori eta beste batzuei grabatutako zintekin ere hasi nintzen zerbait egiten. ‘Axun-ek’ harrera ona badu neure buruarengan konfiantza handiagoa izango dut.
Xaturrek lagunduko al dio Abelin Linazisorori liburuak saltzen?
Liburu hau langabezian nengoen garaian argitaratu izan balitz, betiko bi katuk baino ez zuten jakingo liburuaren berri. Baina ‘Goenkale-k’ oso arrakasta handia du, eta harrituta nago egun hauetan zenbat elkarrizketa egiten eta zenbat argazki ateratzen ari zaizkidan. Hori guztia Xaturrengatik da.
Bere garaiko semea
Egokitu zaion garaiaren berri zuzena ematen du ‘Goenkale’ telesailean Xaturren rola jokatzen ikusten dugun aktorearen biografiak. 1942an Zumaian jaioa da Abelin Linazisoro, hau da, gerraosteko garaian. “Nahiz eta gu kalean eta oso kontent ibili, beti jolasean, eskolan oso gaizki pasatu genuen, oso garai gogorra izan zelako”.
Hamalau urte zituela hasi zen lanean, eta baita bere kezka sozialei irtenbidea ematen ere, JOC (Juventud Obrera Católica) langile mugimenduan militatuz. Mendirako eta irakurtzeko zaletasun handia zuen garai hartan Abelin gazteak, baita zinemarako grina ere, eta 60ko hamarkadan antzerki mugimenduetan ere parte hartu zuen.
Kezkak eta konpromezuak ETAko fronte kulturalean sartzera bultzatu zuten 1968an, eta hurrengo urtean bertan preso sartu zuten. Burgos. eta Jaengo kartzeletan egonaldi bana egin behar izan zuen (19 hilabete guztira), baina aurretik komisaldegian pasatu zituen bi asteak dira Linazisororen bizitzako oroitzapenik ilunenak. “Zisko eginda utzi ninduten, oinak izorratuta eta oso gaizki”.
Kartzelatik irten zenean, langile mugimenduan parte hartu zuen Abelin Linazisorok. “Klandestinoak izan arren, sindikatuek langile mugimendua beren erara maneiatzen zutela ikusirik, taldeetan antolatu eta langileari ahalik eta autonomia handiena ematen saiatu ginen. Batzarre mugimendua asko indartu zen garai hartan”.
80ko hamarkadako lehen urteetan langabezia zer den ezagutzea egokitu zitzaion Abelin Linazisorori, eta “etxekoandre lanetan” hasi zen. “etxeko lanak egin eta alabak zaintzen”. AEKn irakasle izan ondoren, bikoizle gisa hasi zen lanean 1986an. Baina arlo honetan ere lana gutxitu egin zen, eta Abelin berriro ere lanik gabe geratu, harik eta iaz ‘Goenkale’ telesailerako aktore lanetan hasi zen arte. Oraingoa da Abelinek egundo izan duen lanik lasaiena. “Tailerrean bederatzi ordu egitea askoz ere gogorragoa da”, dio, duda arrastorik erakutsi gabe.