Solasean
Lasarten-Orian jaio zen 1975ean, baina Donostian bizi da. Zuzenbide ikasketak izanagatik ere, idaztea du ogibide. Nobela, poesia, narrazio laburra, saiakera, gidoia... landu ditu. “Twist” (2011, Susa) bere laugarren nobela da. Aurretik “Belarraren ahoa” (2004, Alberdania), “Pasaia blues” (1999, Susa) eta “Beluna jazz” (1996, Susa) ditu idatziak.
“Istripu dultze” moduan ulertzen ditu Harkaitz Canok sariak; espero gabe iristen diren zerbait direlako eta literaturarekin zerikusirik ez dutelako. Berak espero ez arren, “Twist” (Susa) nobelak Euskadi Literatura Saria -asteartean banatuko dira Bilbon- eskuratu zuela jakiterako bolo-bolo zebilen Canoren izena kiniela guztietan. Bigarrenez eskuratu du Euskadi Saria, 2005ean “Belarraren ahoa” (Alberdania) eleberriarekin lortu baitzuen.
“Twist”-ek Beterriko Liburua saria eta Euskarazko Narratibako Espainiako Kritikaren Saria ere jaso ditu. Nobela mardula da. 80ko hamarkadako gerra zikinak bere lagun Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi ondoren, euren lagun Diego Lazkano idazleak ezin ditu ahaztu. Errua, traizioa, adiskidetasuna... harilkatzen ditu Canok fikziozko istorio honetan, baina pertsonaia horiek sufritzen dituzten gertakariak oso ezagunak zaizkigu euskaldunoi, Lasa eta Zabalaren larruan.
“Lan honen hasierako kapitulua euskal literaturaren antologia batean sartzeko modukoa” dela esan du Euskadi Sarirako hautatu zaituen epaimahaiak.
Eskertzen dut, egia da lehenbiziko kapitulu hori izan dela maite edo gorroto izatekoa. Jende askok, bereziki literatur zaleek eta profesioko jendeak, estimatu du liburu guztian gehien kapitulu hori. Eta gero badago beste irakurle mota bat, erabat ulergarria ere, bertan geratu dena eta erabaki duena aurrera ez egitea. Kapitulu honek badituelako bere zailtasunak eta bere ezaugarriak. Ari gara lurpetik ateratzen ari den norbaiten istorioa kontatzen eta lurpetik ateratzea konplikatua da, eta konplikatua den heinean kapitulu horren idazketa eta irakurketa ere izan daiteke iluna edo lisergikoa edo amesgaizto batekoa... Azkenean narratzailea eta pertsonaia ari dira esnatzen, ari dira euren burua nor diren gogoratzen, bere burua berrosatzen, berpizten. Eta ni ez naiz inoiz berpiztu, baina iruditzen zait oso ariketa zaila izan behar duela. Eta ariketa horrek ematen dio kapitulu horri horrelako enpaste berezi bat.
Bigarren pertsonan idatzi duzu, gainerako kontakizunetik bereizten da.
Narratzailea ere bere buruaren bila ari da. Hau da, narratzailea zuzentzen zaio berpizten ari den horri, baina beharbada zuzentzen ari zaion hori bere burua da; hori berak ere ez daki. Eta hori da hor dagoen mekanismoa. Gogoratu nor zaren, zer ari zaren kontatzen, eta esnatu ahala hori kontatu.
Mina aipatu izan duzu zure sorkuntzarako abiapuntu gisa. Zein zen zure mina?
Mina asko azpimarratzen dut. Niri interesatzen zaidan literaturak badu jatorrizko min bat. Nik mina diodanean ez da min fisiko ez min espiritual bat derrigorrez. Da min bat izan daitekeena obsesio bat, kezka bat... Eta hortik inguruko beste istorioetara zabaltzen doa. Horrek ez du esan nahi orrialde gozagarririk edo jostaririk ez duenik. Baina jatorrian badago min bat. Bazen Joseph Brodsky-ren saiakera bat, “El dolor y la razón”: Minarekin pasatzen da extremoa denean, edo min handia pasatzen duen jendearekin oso zaila dela arrazoitzea. Hau da, arrazoiak eta min extremoak elkar ukatu bezala egiten dute. Baina badago jendea, min horri buelta ematen asmatzen duena eta arrazoitzen duena, eta min horretatik zerbait baikorra ateratzeko gai dena. Niri bereziki, minetik abiatuta, ariketa hori interesatzen zait. Nire kasuan fikzioaren bidez egiten saiatzen naiz hori. Baina egia da ere ariketa hori egiten duen jendea badagoela, hezur eta haragi. Eta iruditzen zait jende horri arreta berezia eskaini behar zaiola.
Fikzioa erabili duzu, baina Soto eta Zeberio oso ezagunak eta gertukoak egin zaizkigu gehienori. Esan daiteke fikzioan babestu zarela?
Nik uste kasu honetan fikzioa dela errealitatea azpimarratzeko modu bat. Fikzioa esaten dugunean, fikzioaren mekanismoa, fikzioaren sistema, ez du esan nahi derrigor irudimenezko mundu batera goazenik. Fikzioa izan daiteke modu bat errealitatea azpimarratu edo errealitateari adierazkortasun berezi bat emateko. Kronika edo dokumental batek ezin du hori egin. Baina fikzioak egin dezake hartu errealitatea eta hornitu indar berezi batekin. Kasu honetan, pertsonaiak fikziozkoak dira, baina pertsonaia horiek pairatzen dituzten gertaera asko benetan gertatutakoaren oso antzekoak dira. Nire apustua da aprobetxatzea fikzioaren abantailak, baina gero badago errealitatearen pisu hori atzean, zuk aipatzen zenuena, eta horrek ahalmentzen du enpatia, erantzukizuna, kezka...
Errealitatetik oso gertu daude pertsonaia eta datu asko. Baina fikziozko pertsonaia horiei izaera zuk sortu diezu, ez duzu errealitatera jo pertsonaia horiek sortzeko.
Hor bi aukera neuzkan. Bat zen nobela dokumental bat egitea. Eman dezagun, Javer Cercasek egin zuena “Anatomia de un instante”-n edo Truman Capotek “Odol hotzean”-en. Hartu izen eta abizenak, hartu gertaerak, hitz egin epaileekin, lekukoekin, kazetariekin... Beste bide bat zen fikzioa egitea. Eta nik nire burua ez dut gai ikusten lehenbiziko hori jorratzeko. Denbora luzea behar izan nuen sistema topatzeko. Fikzioaren bidez bai, baina minaren terreno sakratuan gabiltza oinez, ezin dugu edozein modutan oinez ibili eta hori kezka handia zen niretzat. Idazten hastea ahalmendu zidana zen konturatzea fikziozko pertsonaiei buruz idatzi behar nuela, fikziozko pertsonaia horiek zirela ispiluak eta ispilu horietan gertaerak islatuko zirela. Garbi neukan oso izaeran ez zutela zerikusirik izango Lasa eta Zabalarekin, nahiz eta gero zoriak bere lana egiten duen batzuetan nahi gabe.
Senitartekoekin, ordea, izan duzu harremanik, ezta?
Bai, baina harreman hori a posteriori izan da. Eduki nuenean aukera benetan haiek nolakoak ziren jakiteko ez nuen nahi izan. Ez zen hori nire apustua. Niretzat oso interesgarria izan da ezagutzea bai Rosario Lasa eta bai Pili Zabala, baina hori liburua idatzi eta argitaratu ondoren izan da. Lehenago ezagutu banitu, beste bidea hartuko nuen, beste nobela bat izango zen. Ez dakit hobea edo okerragoa. Gero etorri da harremana eta, egia esan, sariak aipatzen dira, baina saria izan da Pili ezagutzea, eta Rosariorekin email truke bat izan nuen. Oso interesgarria izan da niretzat ikustea beraiek liburuaren ze irakurketa egin duten, nola oso ondo ulertu duten fikzioa izan arren. Beraien historiaren parte bat hor dagoela baina fikzioa dela aldi berean, eta beraien irakurketa egiteko orduan oso eskuzabalak izan dira, hain zuzen ere, ez delako erraza minaren territorio horretan manejatzea. Hori niretzat pozgarria izan da.
Nobelan, Diego Lazkano protagonistak bere lagunen kasu artxibatua berriro ireki nahi duenean, familiarenganako hurbilketa bat dago eta hauek badute erreparo pixka bat. Zu ez zintuen erreakzio horrek kezkatzen?
Kezka hori banuen eta aukera hori ere banuen buruan. Hainbat jenderekin hitz egin nuen eta esplikatu nien nik zer egin nahi nuen. Azkenean erabakia, eztabaidagarria hori ere, urruntzea izan zen izaerari zegokionez. Hau da, nik erabili dudan minaren zatia, badakit hau esatea oso delikatua dela, baina min publikoaren zatia da. Manejatu ditut garaiko egunkariak, sumarioko zatiak, epaia publikoa da, deskargatu dezakezu Internetetik... hori manejatu dut. Hor beraien izaerari zegokion ezer gutxi dago. Hori dena erabaki nuen fikzioa izatea. Aurkezpenaren egunean galdetu zidaten ez al diren urte gutxiegi pasa fikzioa egiteko horrekin. Nire erantzuna da, eztabaidagarria hori ere, 30 urte pasa direla. 30 urte gutxi dira herri batentzat, baina idazle batentzat asko dira, nik ezin nuen itxoin gehiago. Urgentzia hori baneukan istorio hau nire erara kontatzeko. Horrek ez du ukatzen beste liburu gehiago egin daitezkeenik gertaera hauen inguruan eta egingo dira. Eta beharbada, izango dira dokumentalak edo beste era batekoak. Eta Pilirekin hitz egin ondoren, ikusten dut berak kontatzeko duen moduagatik baduela liburu bat, berak berea, edo beraiena. Gai bat hartzeak ez du agortzen gertaera hori eta hori ederra da. Hau da ahots batek egiten duen aukera bat.
Sari honek badu bigarren zati bat, itzultzearen baldintzarena. Ari zarete itzultzeko asmotan?
Bai, itzulita dago. Gerardo Markuretak itzuli du eta nik lagundu diot azken ataletan. Orain berrikusten ari gara, azkeneko irakurketa ematen, eta bukatutzat emango dugu laster. Otsailean argitaratuko da gazteleraz, Seix Barralek argitaratuko du, Bartzelonakoa eta argitaletxe handi samarra. Gaztelerazko argitalpen honen aurrean, badaukat batetik kuriositatea, jakiteko beste merkatu batean, beste kontestu batean, nola irakurriko den edo zein interpretazio egingo den. Eta bestalde, erreparo pixka bat ere badaukat, ez dizut ukatuko. Baina, ziur aski, gertatu daitekeena da... bazen poema bat Carmelo Iribarrenena “edozer gerta daiteke eta gerta daiteke ere ezer ez gertatzea”. Hau da, indiferentzia erabatekoa. Ikusiko da.
Beste publiko bat gai honetara hurbiltzeko aukera ere izango da.
Egia da beharbada gu gehien fijatzen garen kontuetan beraiek agian ez direla fijatuko. Belaunaldiekin ere badoa hori. Literatur txokoetan asko ibili naiz eta oso diferentea da 80ko hamarkada oso gogoan daukan belaunaldi bateko jendearen interpretazioa edo duela aste pare bat tokatu zitzaidan 16 urteko neska baten irakurketa, 1996an jaiotako neska batena. Ez du zerikusirik, bera ez da gogoratzen eta nobela moduan irakurtzen du. Aldiz, garai hori oso presente daukan jendeak sentitu du errealitatearen intrusioa eta intrusio gehiegizkoak eragotzi dio nobela irakurtzea nobela bezala. Hori izan da nobelaren trabetako bat generazio batentzat. Asko identifikatu dutela ustez, zenbait pertsonaiaren atzean zeuden oinarriak. Fikziozkoak ziren denak, baina batzuek batekin identifikatzen zuten, besteek beste batekin. Azkenean, Frankestein bat dira, hartu ditut baten fisikoa, bestearen hitzak... Hori da fikzioaren abantaila. Adabaki horiekin egitea zure txorimaloa.
Sari banaketa Bilbon izango da; egun horretan ere izango dituzu pentsatu eta esan ezin diren gauzak?
Uste dut ez dagoela aukerarik pentsatutakoak esateko ere. Azken urtetan modalitate pila bat daude, eta esan digute minutu bat edo bi dauzkagula hizketarako. Idearik ez daukat zer esango dudan, baina askotarako denbora ez du emango.
Iragarri zenigun gezurti konpultsibo baten inguruan izango dela zure hurrengo nobela. Nola daramazu?
Utzita eduki dut, baina jarraitzen dut. Ez dut argitalpen datarik, baina nahiko nioke horri heldu. Oso diferentea da eta gogotsu nago jarraitzeko. Ustez behintzat umore handiz idatzia, umore beltza tarteka, fartsa estilo batean. Nobela labur samar bat izango da. Gezurti-damutzaile-konpultsiboa du protagonista. Bere funtzionamendua da gero gezur hori egia bilakatzea bere damua konpentsatzeko.
Beste mila gauzatan ere aritzen zara.
Emanaldiak, literatur txokoak, prentsa kolaborazioak, hitzaldiak, ikastaroak, errezitaldiak... Azken literatur txokoa joan den larunbatean izan nuen Ondarroan goizeko hamar eta erdietan. Ederra da, baina anormala da, esango nuke beste literaturatan ez dela gertatzen. Niretzat lasaitasun handia izan zen konturatzea jende guztiak behar duela testu bat: politikariak, artistak, kantariak... Deskubritzea idaztetik bizi ahal izango duzula gauza ederra da. Beste gauza bat da literaturatik bizitzea.
Durangoko Azokari begira jarriak gara jada. Nola aurreikusten duzu aurtengo edizioa?
Aurten ez daukat libururik eta ez dakit zer egingo dudan. Mexiko D.F. eta Guadalajarako azokara goaz astebeterako, hura ezagutu eta ikusteko zer den. Espainolez idatzitako lanen azokarik handiena da. Durango hasi aurretik iritsiko gara eta ikusiko dut.
Badago kezka, krisiak nola eragingo ote duen. Idazleen artean zer komentatzen da?
Normala da, nik entzun dut stand bakoitzaren prezioa oso garestia dela eta argitaletxe txikiek arazoak dituzte. Jendeak egun osoa egon behar du eta liburu asko saldu behar dira stand-a amortizatzeko. Durango azkenean liburu eta disko azoka bat da; liburuena, ez literarioena. Helburua saltzea da. Literaturak baditu beste plaza batzuk patxadatsuagoak, beste eztabaida batzuetarako aukera ematen dutenak. Zelebrazio bat ere bada. Aspaldiko lagunak ikusteko eta irakurlearekin hitz truke bat egiteko ere izaten da.