Solasean
Bere bosgarren poema liburua aurkeztu zuen gaur zortzi Donostian Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarrak: ‘Lur bat zure minari’. Aldez aurretik pentsatutako ardatz nagusi baten inguruan idatzitako poemak dira Susa argitaletxeak kaleratu duen liburukoak. “Zain lirikoa” ezezik, “zama zibila” ere badute, egilearen hitzetan, Otamendiren poema berriek.
Jose Luis Otamendiren bosgarren poema liburua da Susa argitaletxeak plazaratu berri duen ‘Lurbatzure minari’. ‘Egunsenti biluzia’ (Ustela, 1980), ‘Azken undinaren kaira’ (Usteia, 1983), ‘Zainetan murrailak’ (Susa, 1987) eta ‘Poza eta gero’ (Susa, 1990) dira aurreko laurak. Bada alderik orain arteko liburuen eta liburu berri honen artean. Gai horixe izan dugu egilearekin izandako solasaldiaren hasiera.
Zure liburua aurkeztean, liburu honetan “poetika berri baten bila” saiatu zarela esan zuen Iñigo Aranbarrik. Zer aldaketa dago aurrekoetatik liburu berri honetara?
Aldakela bilatu eta aurrerapausoa egiteko ahalegina egon da behintzat nire jardunean. ‘Poza eta gero’ liburuan ere ahalegindu nintzela uste dut, baina beharbada liburu haren zama lirikoa aurreko lanetakoekin estu lotua zegoen artean ere. Liburu berri honetan ere bada zama lirikorik, baina alderdi zibil eta dialektikoek aurrekoetan ez zuten indar bat hartzen dute.
Erritmoaren eta musikaltasunaren aldetik ere bada aldaketarik. Aurreko liburuetan erritmo labur eta biziagoak landu nituen. Honetan, aldiz, askoz ere kadentzia luzeagoak daude, joera narratiboagoak ikusten dira, egitura errepikapenak, irudi metaketak... Eite diskurtsiboagoa du, oro har, liburu honek aurrekoen aldean. Hala ere, beste alde batetik, biluztasun bat, espresio ekonomia bat bilatzeko ahalegin bat ere badago.
Aurreko liburuak baino “egituratuagoa” dagoela ere esan zuen Aranbarrik liburu berriaz. Hau da, ez dela poema solte batzuk biltzen dituen liburua, aurretik pentsatutako ideia nagusi bati jarraituz idatzitako poema bilduma baino.
Ez da inondik ere enkarguko lana, noski, baina bai neuk neure buruari enkargatutako lan bat. Poema guztiak aurretik pentsatutako ideia bati jarraituz idatziak dira. Aurreko liburuetan, poemak idatzi, eta, pila bat osatzen zenean, haien artean aukeraketa bat egin ohi nuen, nahiz eta gero, jakina, konponketa batzuk eginez, batasun bat ematen nien poema guztiei. Liburu honetan, aldiz, aldez aurretik pentsatutako ardatz nagusi baten arabera idatzi ditut poemak.
Ba al duzu azaltzerik zein izan den ardatz nagusi hori?
Geure historia pertsonalaren nola sozial-politikoaren isla den arrakalatze, dislokatze edo zatitze afektibo zein zibila ageri da: ibaiaren bi alderdiak, zubiak, ibaiak beherantz daramatzan itoak; samurtasuna, memoria, aurrera begirako itxaropenak...; geure barne eten eta hausturek mindutako liburua da, geure miseria eta gabezia guztiak aintzat harturik barne nazio baten osaketa planteatzen duena, bizitzeko lur baten bilaketa, eta horrek sortzen dituen kontraesanak... Barne eta kanpoko indarren arteko dialektika ere ageri da: barne lurrak kanpoan izan ditzakeen proiekzioak eta alderantzizkoak, frontoi joko hori: pilota bularretik atera eta gero errebotean errestoa jarri behar. Batzuetan neure buruari ezinezkoa den saio bat ez ote diodan eskatu ere pentsatu izan dut.
Arazoen agerpena era problematikoan egin nahi izan dut. Kritiko izan behar badugu, geure buruarekin kritiko izatetik hasi behar dugula iruditzen zait. Nahiz eta garbi izan ibaiaren zein aldetan nagoen, beti ari naiz ibaiaren bestaldeari begira, ibaiari berari begira, urak daramatzan itotakoei begira, denok asumitu beharreko ondare baitira guztiak. Inmobilismoak eta jarrera jakobinoek ez garamatzate inora;.izango bagara, gure min hauentzat lur bat eratuko badugu, zerbait egin beharra dugu, egonean egonda jai dago eta.
Hizkeraren inguruko ahalegin bat ere bada. Naturarekin estu lotutako hitzak daude batetik, alderdirik intimoenarekin lotuta; eta, bestetik, gora-behera politikoekin zerikusia duten hitzak, fetitxe moduan funtzionatu ohi dutenak: bakea, demokrazia, maitasuna... Politikoek eman ohi dioten fetitxe zama kendu eta fetitxe horiek desmuntatzeko ahalegina dago liburuan, topikoetatik ihes egin eta hitzak birdefinitzea baita poesiaren zereginetako bat.
Errealitate politiko eta sozialei begiratzen dien poesia den neurrian, Koldo Izagirreren ‘Balizko erroten erresuma’ liburuak zabaldutako bidearen jarraitzailetzat jo al genezake ‘Lur bat zure minari’?
Asko markatu gaituen liburua da, dudarik gabe, Koldo Izagirrerena. Iñigo Aranbarriren ‘Dordokak eta elurrak’ liburuak ere antzeko arazoa planteatzen du, askoz era estetizistagoan bada ere. Badira erreferentzia gehiago ere: Joxe Azurmendi, Arestiren eta Arestiren ondorengo poesia...; baita kanpoko erreferentziak ere: Maiakovskiren poemetako iruditeria, Aime Cesaire, Ben Jelloun, Derek Walcott, Dinescu... Zama zibilarekin batera, zain lirikoa ere badu liburuak, eta horretan aipatutako liburuek ezezik azken urteotan plazarik plaza, herririk herri, edo eskolaz eskola egin ditugun poesia irakurtaldiek ere eraginik izan dutela iruditzen zait, tonu diskurtsiboagoa lantzeko joeran batez ere.
Bost poema liburu argitaratu dituzu baina bestelako libururik ez. Ez al duzu beste jenero bateko libururik argitaratzeko tentaldirik izan?
Bost urte eman ditut poema liburu hau idazten, eta, gauza hauek segurtasunez esaterik ez badago ere, oraingoz behintzat nahikoa hustuta sentitzen naiz eta berriro poesia idazten hasi arte denbora dexente pasatuko delakoan nago. Dena dela, beste jeneroren bati heltzeko balorea eta kemena falta izan zait orain artean, diziplina handiagoa ezarri beharko nioke neure buruari horretarako. Ipuin batzuk idazteko tentaldia badut, eta litekeena da ipuinekin jolasean hastea, lasai, presarik gabe. Lehen ere idatzi izan dut ipuin bat edo beste, eta ea oraingoan modu sistematikoagoan ekiten diodan.